Produktu guztiak desberdinak direnez, prezioak ere desberdinak dira. Baina, gutxi-gorabehera hauexek dira:
· Lanparak-aplikeak, kristalezkoak, tailatutako egurraren gainean: 135-247 €.
· Liburuentzako apalategiak, tailatutako zuraz egindakoak, 135 €.tik aurrera
· Beirazko belarritakoak: 3-5 €
· Beirazko edo/eta egurrezko zintzilikariak 3, 4, 5, eta 6 €.
· Kako-altzariak: 84-133 €.
Antxon AGUIRRE SORONDO
Beñat Oilokiegi Saldise
Donibane kalea, 76
PASAI DONIBANE / GIPUZKOA
Tel. 943 51 86 90
Mugikorra: 655 376 927
Posta elektronikoa: benatoi@euskalerria.org
Weba: www.blogari.net/xenua
Gure atalean urte asko daramatzagu zura lantzen duten artisauen eta artisten berri ematen, elementu planoak edo bolumendunak lantzen dituztenak, produktu abangoardiakoak edo tradizionalak egiten dituztenak.
Beira erabiltzen duten artisauez ere aritu izan gara, beirateak, beira puztua, beira fusina edo beira termo-deformatua egiten dituztenez.
Baina oraingoan, eta lehendabiziko aldiz, bi elementuekin lan egiten duen artista eta artisaua ezagutuko dugu. Zura eta beira oso diferenteak dira baina gure artisauak benetan era bitxian lantzen ditu biak: zura, taila, trintxa eta gubia bidez eta beira eztainuzko soldaduraz. Elementu biak batuta oso produktu berriak, nortasun handikoak eta artisauaren ukitudunak lortzen ditu, atentzioa ematen dutenak.
Beñat Oilokiegi Pasai Donibanen jaio zen 1971ko urriaren 15ean. Pasaiako Lizeoan ikasi zuen. Geroxeago, elektrizitatea ikasi zuen Zamalbideko eskolan, Errenterian, eta itsasontzien elektrizitatea Pasaiako Nautika Eskolan. Hori guztia egin eta gero, taila ikasi zuen Errenteriako Xenpelar Eskolan. Lanean hasteko beste ikasi zuela pentsatu zuenean, tailer txikia ireki zuen Pasai Donibaneko lokal batean. 2005etik gaur egungo denda-tailerrean ari da.
Taila eskolak ere eman izan ditu, bai Oiartzunen eta baita bere tailerrean ere.
Nire ustez, Beñatek sortzen dituen zurezko eta beirazko produktuak “imajinazioz betetakoak” dira. Produktuak, denak dira diferenteak, artistak hamaika forma desberdin sortzen dituelako zura eta beira nahastuz.
Beñati ez zaio simetriarik gustatzen. Bere lanak asimetrikoak dira, bai zurezkoak, baita beirazkoak ere. Bihurgune, hutsune, angelu, ebakidura, zura, beira, taila, kolore... ia dena du erabilgarri.
Artistak dioen bezala, lana bera da gidari, lanak berak esaten dio nondik jo, hurrengo pausoa zein den.
Ondorengo produktuak egiten ditu: kako-altzariak, liburuentzako apalategiak, erlojuak, ispiluak, kristalezko belarritakoak, etab.
Enkarguz taila klasikoa ere egiten du, simetrikoa edo/eta asimetrikoa. Markoak egiten ditu koadro, pergamino, ispilu, kutxa, errotulu edo testuentzat, bai etxerako bai tabernetarako, etab. Baina gertatzen dena da baten bat tailerrean sartu eta bere lanak ikusten dituenean asko gustatzen zaizkiola. Hori dela eta, Beñatek askatasuna izaten du nahi duena egiteko, nahi duen bezala lan egiteko.
Denda-tailerra Pasai Donibaneko ontziraleku aurrean dago, leku onean. Jende asko ibiltzen da eta erraz-erraz dute Beñat lanean ikusi eta dendan sartzea.
Baina artistaren pentsamoldea ezagutzeko, hitza emango diogu:
Artisau ibilbidea
Euskal Taila Tradizionala? (triangelu simetrikoak) egiten ikasi nuen 2 urtez. Euskal Taila Tradizionala euskal herritarrek euskal herrian egiten dutelako? Ni ere euskal herritarra naiz eta E. Hn lantzen ditut nire lanak, beraz nirea ere euskal taila da, tradizionala ez dakit, agian ez, berria delako? berria ahal da? ez dakit baina euskal herritar batek E. Hn egina bada, euskal taila izango da, hori ziur dakit . Adib. Zein da aldea ?: triangelu eta forma simetrikoak, triangelu eta forma EZ simetrikoak? eta hau ze taila mota da ? ?.
Taila guziak triangeluak dira, hiru aurpegi eta lau, bost ... aurpegikoak? hori beste kontu bat da. Ni horrenbeste simetriarekin zorabiatu egin nintzen, hasieran ez ziguten zerra (kaladora) erabiltzen uzten, irakasleak bakarrik erabili zezakeen, lehenengo lanak, karratuak edo plantillak ziren (ikasteko ondo dago) baina nire marrazki-formak (nahiz eta simetrikoak izan hasiera baten, nireak ziren) egiten hasi nintzenean, irakasleak erregela bat oparituko zidala esaten zidan eta nik, dagoeneko hiru (erregela, eskuadra eta kartaboia) banituela esaten nion eta berak ez bazituen moztu nahi, zerra niri usteko. Ikastaroa utzi ondoren, lerro zuzen eta simetria gero eta gutxiago egiten hasi nintzen, gaur egun enkarguz ez bada, batez eta horren emaitza, norberak epaitu dezala. Ondoren beirarekin hasi nintzen, denbora igaro ahala konturatu naiz (nik ez nekien) beiraren mundua, egurrarena bezain edo zabalagoa dela eta niri biak elkartu ahal izateak erakartzen zidan, beirarekin egiten dudana han-hemenka galdetuz baina batez ere frogak eginaz ikasi dut. Askotan galdetu didate, bai egur naiz beirarekin edo biak elkartzean ze “teknika“ erabiltzen ditudan edo zertan oinarritzen naizen lanak egiterakoan, nik ez dakizkit “teknika” horien izenak eta ez daukat jakin-min handiegirik (izenetan). “Teknika”, hau da, nik emandako pausoak (horrek denbora asko eramango luke) deskribatu ditzaket baina hoberena, norbaitek zerbait jakin nahi izatekotan, e-mail bat idatzi edo nire tailerrean (aurretik deitu, ez baitaukat ordutegi finkorik) edo beste nonbaiten topatu gaitezke, ni dakidana banatzeko prest nago, baita gauza berriak ikasteko ere, beraz elkar banatu ditzakegu “teknika” eta dakiguna, baita (naiz eta E-mail bitartez ez) kafetxo bat hartu ere, zergatik ez? Lanak egiterakoan zertan oinarritzen naizen galdetzen didatenean, nik ez dakit zehazki zer erantzun, eramaten lagatzen naizela erantzuten dut, eraman zerengatik? kontzientea? inkontzientea? 37 urtetan xurgatutako gauzetan? simetria apurtu nahia? kopiatu (nahiko kopiatu dut dagoeneko) nahi EZ izatea? auskalo baina ala da. Dendan sartzen den jendearen artean, egon ohi dira, bai taila bai beirazko lanak egiten ikasten ari direnak, denek esaten didate “sormen izugarria“ dudala eta beraiek ez zirela? gauza izango, nik egiten dudana egiteko, nik esaten diet ez dutela zergatik nik egiten dudana egin behar, hori kopiatzea litzateke eta hori dagoeneko asko egiten dute ikastaroetan (beraien esanetan dena kopiatzen omen dute) nik esaten diet sormena denok daukagula, bakoitzak bere erara, gizakiak bakarrak eta errepikaezinak garela (eskerrak) eta orduan gure sormena zergatik ez? esaten diet beraien sormena aske usteko (aurre-iritzi, besteek pentsatuko dutenaz etb..) eta konturatuko direla, beraiek ere “izugarrizko sormena“ daukatela, gonbidatzen diet urrats hori birritan pentsatu gabe ematera, gehienek ez didate sinesten baina ni ziur nago, hori ikastaroak ematerakoan (tailerrean eta Oiartzunen) ikusi dut, “teknika” ikasteko kopiatzea erraxagoa da (nahiko lan ikastearekin) baina “teknikan” pixka bat aurreratu ahala, gure gauzak sortzen hasi gaitezke, kopiatzeari utzi gabe, beti egon daiteke beste batek egindako atsegin dugun lan bat, honen ondorioa; nahiz kopiatuz edo sormena landuz “teknika” ikasten da eta EZ gera zorabiatzen beti gauza berdinak errepikatzen, EZ utzi inori zure sormena oztopatzen, sormenari buruzko norberaren kanpotik datozen maiseatzeak (kritikak) gehienetan, ez beti, inbidia besterik ez dira izaten eta hobe da norberak bere inbidia bizkar gainean eramatea.
Normalean zurean bertan marrazten du irudia, zuzenean.
Tailerrean ez dagoenean, zerbait etorriz gero burura, apuntatu egiten du ahaztu baino lehen. Gero, egin ahala, aldatzen joaten da. Hasieran pentsatuta zeukana eta emaitza ez da bera izaten, aldatu egiten da. Produktua egin ahala joaten da sortzen.
Beira lantzen duenean, lehenengo kartoi mehean marrazten du, eta gero patroi moduan erabiliko du.
Egurra tailatu eta gero, amaitzeko, linazi-olioaren geruza bat jartzen dio. Olioari koloragarri pixka bat, judea-betuna eta/edo pigmentuak botatzen dizkio.
Gehienetan haritza erabiltzen du, egur preziatua eta gogorra delako. Gainera oso ondo ikusten zaizkio hariak, ondo tailatzeko ezinbestekoa dena. Hala eta guztiz ere, bestelako egurrez ere baliatzen da: pagoa, gereziondoa, lizarra, etab.
Beirari dagokionez, beira-xaflak erosten ditu, nahi dituen koloretakoak.
Ondorengo tresnak erabiltzen ditu: Gubiak, mazoa, zerra, karrakak..., tresna arruntak.
Tresnak berak zorrozten ditu, zulagailu elektrikoari jarritako zorroztarriaz.