Antxon AGUIRRE SORONDO
Alberto Saavedra Maestro
Tailerra: Armenon-Ville
Martutene auzoa
DONOSTIA
Posta elektronikoa: aldosada@hotmail.com
Hiztegiaren arabera, eskultorea eskulturaren artea lantzen duena da, eta eskultura muskulua irudikatzearen artea da, material egokia moldekatuta edo tailatuta, pertsonen irudiak, animaliak edo bestelakoak egitea.
Emandako definizioak kontuan izanda, gaur gure atalera datorkigun artista-artisaua eskultorea da, horretan aritzen delako.
Gaur egun ospe handia dute irudi hiper-errealistek. Nork ez ditu ezagutzen Ron Mueck, Duane Hanson edo Mark Jenkinsen kaleko irudi harrigarriak?
Gaurko pertsonaiak irudi hiper-errealistak, alaiak eta fantastikoak egiten ditu. Irudimenezko mundua sortzen du, eta bertan batzen ditu errealitatea, nortasun ukituak eta ironia. Emaitza artelana da.
Gure artista Donostian jaio zen, 1951ko urriaren 6an. Bost anaia-arreba dira eta bera bigarrena da. Gurasoak Alberto eta Concepcion ditu. Aita automobil-elektrikaria zen.
Alberto, Aldo lagunentzat, aita jesuitarren San Inazio ikastetxeko ikaslea izan zen. Handik gerora, elektrizitatea, dekorazioa eta delineazioa ikasi zituen. Madrilgo arkitektu baten laguntzaile ere ibili zen. 1977an Donostiara itzuli zen eta KILI-KOLO tailer-denda ireki zuen, artisautzakoa. Antzerkigintza gustuko zuelako eta artisau abila zelako, eszenografiak, irudiak, txotxongiloak... egiteko enkarguak izan zituen.
1987tik eszenografiak, txotxongiloak eta era guztietako irudiak egiten ditu museo, denda, azoka eta erakusketetarako.
Eskultura-eskolak eman izan ditu Frantzian eta Italian.
Seme bakarra du, Juan Carlos Saavedra, eta baita 3 urteko biloba polita ere, Irati.
Gustukoena tamaina naturaleko giza irudiak egitea du.
1990ean Donostiako Santo Tomas Lizeorako Tragantua erraldoia egin zuen. Ahoa eta begiak mugitzekoak zituen eta barruan txirrista egin zion, umeak ahotik sartu eta txirristan behera ibiltzeko.
Milango Escalako erreplika handia egin zuen. 28 palkoetan 40 ikusle egin zituen, dena ondo argiztatua. Gaur egun ere, Europako musika klasikoko jaialdietan, atzealdea apaintzeko erabiltzen dute.
19 urte eman ditu Donostiako Beldurrezko Zinema Asterako irudiak sortzen: munstroak, neskato madarikatuak, armiarma iletsuak, eskeletoak, Drakulak, lurtarrak, erraldoiak, ipotxak, eta bestelako hamaika irudi. 2008an 12 egin ditu “giza fenomenoak” izenekoak, orain dela ehun urte zirkuan aritzen zirenen antzekoak.
Donostian, Antiguo auzoko Olarain Egoitzarako figurak egin ditu, Ignacio Ugarteren koadroan oinarrituz. Gaur egun bigarren seriea egiten ari da, baina oraingo gaia Victoria Eugeniaren gangako pertsonaiak dira, Donostian.
Tamaina naturaleko dinosauru ugari egin ditu, besteak beste, Errioxako museoetarako eta Oiartzunerako.
Sarako lezean On Jose Migel Barandiaranen irudia egin zuen tamaina naturalean. Baita neandertalen eta cromagnonen 15 irudi ere, jarrera askotan: margotzen, sutondoan, silexa tailatzen...
1993an 40 irudi egin zituen benetakoak ziruditenak, jende normalarenak, hurbilekoak. Europan zehar egindako ehun ekitalditik gora girotzeko erabili zituzten. Lurtarrak ziren, eta gaur egun Eivissan daude, Europako diskotekarik handienean.
Oraintsu, Donostiako Itsas Museoko Andres Urdanetaren irudia egin du, Ordiziako elizgizona eta esploratzailea. Estatuak 1,75 m-ko garaiera du eta poliesterrez eta beira-zuntzez dago eginda. Izan ere, 2008an Ordizian jaio zeneko 500 urte bete dira.
Artistaren irudiak ondorengo tokietan ere badaude:
· Santa Polako Museoa (Alacant).
· Etnologia Museoa (Bilbo).
· Arkauteko Museoa (Vitoria-Gasteiz).
· Orozkoko Museoa (Araba).
· Ilustrazioaren Museoa (Valentzia).
· Ardoaren Museoa (Zaragoza).
· Harrizko Monasterioa (Zaragoza).
· Oliteko Jauregia (Nafarroa).
· Liburutegi Nagusia (Bilbo).
· Internacional Festeen (Gante. Belgika).
· Riverside Internacional (Stockton. Ingalaterra).
· Theater Festival (S. Hertogenboscho. Holanda).
· Teatro Comunal (Andorra).
· Aquariuma (Donostia).
· Itsas Museoa (Donostia).
· Georges Brassens Zentroa (Bordele. Frantzia).
· P.S.F. Jaialdia. 1995 (Sarajevo. Bosnia-Herzegovina).
· Sarako Lezeak (Frantzia).
· Koldo Mitxelena Kulturunea (Donostia).
· Soka-tiraren Museoa (Nuarbe).
· Luberri Museoa(Oiartzun).
· Igea Museoa (Errioxa)
Sitgesko (Bartzelona) Zinemaldiarako ere sortu zituen irudiak, hiru aldiz, hain zuzen ere.
Cronicas Marcianas izeneko telesaiorako ere tamaina naturaleko hamaika irudi egin zituen: turistak, zirujauak, astronautak, umeak jolasten, zinpeko jagoleak, adinekoak, pailazoak, neskatoak, saskibaloiko jokalariak, eskaleak...
2008an Jorge Oteizaren itxurako Olentzeroa ibili da Irunen, gure artistak egindakoa. Figurak lepoko gorri ezaguna zeraman eta Argiñetako hilarriaren erreplika baten gainean zegoen jarrita. Izan ere, Argiñetako Hilarria Oteizak egindakoa da.
Jakin beharreko lehenengo gauza da bezeroak zer nahi duen eta zertarako nahi duen. Prozesu desberdina izango dute, esate baterako, kanpoaldean egongo den dinosauruak edo museo barruan egongo den fraide baten figurak. Beraz, lanean hasteko, ezagutu egin behar da egitera zoazena.
Artistak berak dioen bezala:
Premia bakoitzeko, proiektuaren azken emaitza irudikatu behar duzu. Beraz, sortu egin behar dituzu prozesua, materialak, trikimailuak eta magia, esandakoa lortzeko. Ilusioak eta beldurrak bat egiten dute. Lan bakoitzean zerotik hasi behar duzu, onerako eta txarrerako. Baina, azken finean, beti aldatu beharrak bizi-poza ematen dizu.
Hurrengo urratsa gaia ondo ezagutu eta marrazkiak eta bozetoak egitea da, kanpo eta barne itxura nolakoak izango diren jakiteko.
Artelanak bizitza laburra izanez gero, adibidez, egun batekoa, poliesterra edo poliuretanoa erabiltzen ditu, edo goma-aparra, dentsitate handikoa (40). Figura materialean bertan tailatzen du, zuzenean. Gero, osagarriak jartzen dizkio: kapelak, arropak, lumak...
Kanpoaldean jartzeko figurak badira, plastikoa edo plastikozko ehuna erabiltzen ditu. Albertok barrez esaten duen bezala, hornitzaile nagusiak “Emausko traperoak” ditu. Arropa, osagarriak, poltsak, betaurrekoak eta gainontzekoak oso garrantzitsuak dira, pertsonaiaren nortasuna adierazten dutelako. Hori dela eta, aproposenak bigarren eskukoak dira. Albertoren ustez, “arropa guztiek dute berezko arima”.
Pintatu ere egiten ditu figurak, eta normalean puzte-sistema erabiltzen du.
Artistak berak azaldu digu nola egiten duen lan:
“Borroka da, materiala geldo eta lo dagoelako. Sobera duena kendu egin behar diozu, barruan duen figura atera arte. Figura zain dago eta konturatuz gero, agertu egiten da. Bila ibili eta gero, tentsioa pasa eta ahalegindu eta gero, ikusi egiten duzu. Abisatu, ez du abisatzen, baina sobera daukana kendu ahala, agertu egiten da, begi-bistan duzu, gehiagorik ez ukitzeko, bestela min egingo diozulako, ez duelako balioko. Esandakoa gertatzen denean, hor duzu figura, hori pentsatzen dut behintzat.
Gero, alde praktikoagoa dator: oinarrizko forma estali beharra dago. Izan ere, material iraunkorrak eta lantzeko eta garraiatzeko errazak direnak erabiltzen ditut: adibidez, erretxina, beira-zuntza... Aipatutako materialek sendotu eta gogortu egingo dute figura.
Esandako guztia egin ostean, figurari nortasuna, gizatasuna eta adirazkortasuna eman behar dizkiot. Horretarako pintura erabiltzen dut, ehundurak, ñabardurak eta zehaztasunak lortzeko. Ezinbestekoa da, baita, ilea jartzea, gizaki egiten gaituen elementua delako. Begiak ere jarri beharra dago, begiradak figuraren barrua eta izatea erakusten dizkigulako. Azkenik, arropa dugu, erabilitakoa, gizatasuna ematen diona figurari, benetakoa dela pentsatzen dugulako.
Nik nahi dudana da figuren aurrean egoten denak zer pentsatua izatea, nolabait hunkitzea. Hori lortzeko, figurek arima behar dute izan, eta nire helburua horixe da: arimadun figurak egitea”.