Antxon AGUIRRE SORONDO
Zorion Insausti Pérez de Viñaspre
OREKA BELARDENDA
Urdaneta kalea, 7
20240 ORDIZIA / GIPUZKOA
Tel. (dendakoa): 943 08 75 80
Tel. (etxekoa): 943 88 13 37
Posta elektronikoa: zorionn@telefonica.net
Gizakiak erabilitako lehen terapiak sendabelarrak izan ziren, hain zuzen ere, zelaietan eta mendietan batutako belarrak ematea. Medikuntzak erruz aurreratu duen arren, belarrak erabiltzeko antzinako jakintzak bizirik dirau, gurasoek seme-alabei irakatsi izan dietelako.
Beraz, gaur egun ere badaude kremak eta pomadak prestatzen dituztenak. Izan ere, oraintsu arte, herri guztietan egon dira ukenduak prestatzen zekitenak, baserri inguruan hazitako belarrak erabiltzen zituztenak, familiakoei edo auzokoei emateko.
Erabilitako sendabelarra gaixotasunaren araberakoa izaten da: pasmo-belarra, plantilla-belarra, enplastu-belarra, ihar ondoko belarra, usta-belarra, iodo-belarra edo txilar-belarra.
Guk sendabelarrak non aurkitu ez dakigun arren, ukenduak egiten dituenak badaki bai non hazten diren, bai sendabelar bakoitzaren onurak zein diren.
Gaur atal honetan belarrak ezagutzen eta kremak egiten dituen gizon bat dugu: Zorion Insausti, Ordiziakoa.
Gure artisaua Ordizian jaio zen 1971n. Gurasoak Bixente, Beasaingo CAFen lan egindakoa, eta Maria Asun ditu; Naiara izeneko arreba gaztea ere badu.
Ordizian ibili zen eskolan eta gero Dietetika ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean.
Esan beharrekoa da aitonak lurrindegia zuela, osaba bat medikua dela, eta arreba fisioterapeuta.
Dietetika-ikastaro askotan hartu du parte: hogei bat ikastarotan, alegia.
Aurikula-medikuntza ere ikasi du, Frantzian sortutako teknika. Teknika horrek lotu egiten ditu giza gorputza eta entzunbidea. Europako naturopatia-kontzeptuak erabiltzen ditu, eta esan beharra dago Europakoak eta Txinakoak desberdinak direla. Teknika ikasi ondoren, erabili ere egiten du.
Inguruko herrietan sendabelarren gaineko ikastaroak eta hitzaldiak eman izan ditu.
ARBASO artisau-elkartekoa ere bada.
Zorionek dio kremak bere bizimoduaren zatia direla eta horixe nahi digu adierazi. Ez dira kontsumorako elementu hutsak; natura, bizitza, boterea dira, Ama Lurrak emandakoa kontuan duen bizimoduari lotutakoak.
Ondorengo produktuak egiten ditu:
· Kolonia.
· Zahi-kontrako xanpua.
· Akne-kontrako xanpua.
· Larruazala hidratatzeko kremak.
· Zimur-kontrako kremak.
· Azalerako intsusa-krema.
· Erredurentzako kremak.
· Katarroaren kontrako eukalipto-krema.
· Erromero-krema artikulazioen eta kolpeen mina kentzeko edo arintzeko.
Inguruko azoketan ere egoten da. Esate baterako, asteazkenetan Ordizian izaten da, baita Eibarren ere...
Dendan janari naturalak ere saltzen ditu, transgenikorik gabeak, dietetikoak eta infusioan hartzeko belarrak.
Zorionek, ukenduak prestatzeko, hostoak eta zurtoinak biltzen ditu mendian. Belar bakoitza ezagutu beharra dago, ondo jakiteko noiz batu behar den, belarrek bizi-ziklo desberdina dutelako.
Belarrak garbitu ondoren, lehenengo oliba-oliotan jartzen ditu lapiko batean. Berotu ahala, belarrak zuku guztia botatzen du.
Irakiten hasten denean, belarra atera eta ura iragazki txinatarretik pasatzen du.
Lapikoan bertan argizaria jartzen du, olioarekin batera urtu dadin.
Argizaria likidotzen denean, ukendua berriro ere filtratu egiten du iragazkiarekin, eta kristalezko poto hermetikoan sartzen du. Orduerdian geldi izan eta gero, likidoa gogortu egiten da eta kolore berezia hartzen du: berde argia, klorofilak ematen diona, edo argizariaren arto kolore horixka, ukendua egiteko zurtoinak erabili baditu.
Ukendu bakoitza gauza baterako izaten da: batzuk larruazaleko gaixotasunak sendatzeko, beste batzuk zauriak babesteko, kolpeak arintzeko edo beste hainbat erabileratarako.