Antxon AGUIRRE SORONDO
Garrarte garrapinatuak
www.garrapinadosgarrarte.com
garrarte@alimentosartesanales.com
Artaxona bidea, 8
31300 TAFALLA / NAFARROA
Tel. 948.755144
Adriana Sanz, 21
SAN ADRIAN / NAFARROA
Tel. 948.672318
Lehenengo aldiz ekarri ditugu atal honetara gure bizitza gozatzen diharduten elikadura alorreko artisauak.
GARRAPINATUA GARAPINATUA ere bada gazteleraz, eta GARRAPINATZEAK gozokiak gotortzeraino almibarrez estaltzea adierazten du.
GARRAPINATUA almendra xigortuaz osatutako jatorri arabiar argiko gozokia da, sutan kristalizatutako azukre-geruzaz estalitakoa.
Larramendiren arabera, berriz, garrapinatu hitza euskarazko garai-ipinia (gainean ipinia) hitzetik omen dator.
Nafarroa erdialdeko Tafalla eta Uxue inguruan, ospe handia izan dute beti, eta ospe handia izaten jarraitzen dute, garrapinatuek. Horretarako beren zuhaitzetako almendrak erabiltzen zituzten eta etxe askotan Eguberrietan egin ohi zituzten.
GARRAPINONTZIA izozkiak egiteko lanabesa izaten zen: metalezko ontzi zilindrikoa; izoztu behar zena ontzi barruan ipini eta izotzez edo elurrez betetako zurezko beste ontzi baten barruan birarazten zuten.
Ikusten denez, lehen izozkigile haien eta garrapinatuak egiten zituztenen artean harreman estua zegoen.
Guregana heldutako berrien arabera, familian lehena Pablo López izan zen, 1880an Tafallan jaioa. Jakin badakigu 4 seme-alaba izan zituela. Lanbidea etxean ikasi eta Tafallan gozogile ere izandako haren semeetako batek, Santiago Lópezek, era askotako gozokiak egiten zituen: izozkiak, karameluak, koko-oreak, mota guztietako garrapinatuak, barkiluak, etab. Orga gainean joaten zen gozokiak kalez kale eta azoketan salduz.
Santiagoren beste anaia bat ere, Jose, gozogile izan zen Tuteran.
Santiago Cirila Escudero-rekin ezkondu zen, eta, 14 seme-alaba izan zituzten arren, 9 bizi izan ziren. Den-denek ikasi zuten lanbidea, baina gozogileak honako hauek izan ziren: Luz, Antonia, Maribel, Paco eta Santiago.
Santiago López aita 1936an exekutatu zuten.
Santiago López Escudero Julia Roncal-ekin ezkondu zen eta 4 seme-alaba izan zituzten: Yolanda, Oscar, Santi eta Peio; horietatik Yolandak eta Oscarrek usadioari eutsi diote.
Oscar Miren Fernández-ekin ezkondu zen eta ez dute seme-alabarik.
Yolanda López Roncal Logroñoko Francisco Ugarte-rekin ezkondu zen, “almendra-, barkilu- eta izozki-egile eta saltzaileen” familiakoa berau ere, eta hiru alaba izan zituzten: Andrea, Iratxe eta Nagore; bi zaharrenek lanbidean jarraitzen dute, garrapinatugileen laugarren belaunaldia osatuz.
Gaur egun bi lehengusinak dira familiako negozioaren buru: Yolanda López Roncal eta Angelines López.
Gozogintzan artisau erara lan egiteko bi lantegi txiki dituzte: bata Tafallan eta bestea San Adrianen, biak Nafarroan.
Ekoizten duten guztia artisau erara eta kopuru txikitan ekoizten dute.
Produktuak hiru ataletan sailka daitezke:
A. Garrapinatuak. Hauxe da produktu nagusia. Garrapinatuak egiteko era askotako gaiak erabiltzen dituzte:
· Almendrak.
· Anakardoak.
· Hurrak.
· Kakahueteak.
· Makadamiak.
· Pipitak.
· Kalabaza-pipitak.
· Pistatxoak.
· Sesamoa.
B. Turroiak. Gehienak Eguberrietan eta hiru motatakoak:
· Turroi almendradunak.
· Turroi kakahuetedunak.
· Turroi pinazidunak.
C. Karameluak, mota eta itxura askotakoak:
· “Iruditxoak”.
· Piruletak.
· Zupakiak.
· Piruliak.
· Etab.
Gogoan dute garai batean txokolatez betetako karamelua egiten zela.
Beren gozokiak azoketan edo zuzenean gozogintza lantegietan saltzen dituzte.
Garrapinatuak oso modu errazean egiten dira: kobrezko ontzi berezia erabiltzen da, garrapinatuak egiteko material egokia delako, eta han dagokion produktua (almendra edo antzekoa) berotu egiten da urarekin eta azukrearekin batera, garrapinatua egin arte etengabe landuz eta eraginez. Erabilitako neurriak honako hauek izaten dira: almendra katilukada bakoitzeko, beste katilukada bat azukre eta katilu erdia ur. Su motelean egin behar da. Amaitutakoan, orea marmolezko erretilu batean zabaldu eta aleak bereizi egiten dira. Hozten direnean, poltsatxoetan sartzen dira.
Zenbaitek esentziaren bat edo beste eransten dio oreari, hala nola, anis edo kanela pittin bat; baina hori gozogilearen gustuaren baitan dago.
Garai batean, berdin-berdin egiten zituzten garrapinatuak etxeetan ere, baina ontziaren ordez zartagina erabiliz.