Prezioak

Orientazio moduan

· Diru-zorro txikia 25€tik aurrera.
· Koloredun diru-zorro handia 42 €tik aurrera.
· Bizkar-zorroa 52€tik aurrera.
· Ilargi-erdi formadun zorroa 75€tik aurrera.
· Gerrikoak 30€tik aurrera.

(BEZ barne, garraio-kostuak aparte)

Maider Telletxea
Larrukigintza

Antxon AGUIRRE SORONDO

Maider Telletxea Artzamendi
C / Santuene, 7 bajo.iz.
USURBIL
www.larruzlanak.com
maider@larruzlanak.com

Maider Telletxea

Sarrera

Hiztegiaren arabera, larrukigintza larrukiak eskuz egitea da, hala nola, diru-zorroak, tabako-ontziak, maletak, etab. Orain arte behin bakarrik argitaratu dugu horretan aritzen den artisau bati egindako elkarrizketa, 2003ko uztailean (EUSKONEWS 214. zk.). Orduan Txeli Moralejarekin izan ginen.

Gaurkoan ere larrukigintza lantzen duen artisaua ekarri dugu gurera.

Antzina gizonezkoen lanbidea zen larrukigintza, eta “produktu erabilgarriak” egin ohi zituzten. Noizean behin apaingarriak ere lantzen zituzten, gerrikoak edota txalekoak, esaterako. Gaur egun, berriz, larrukigintza ludikoa da nagusi, jai-girokoa, apaingarria... baina oraindik ere zaldi-uhalak, -zelak eta abar egiten dituzte artisauek.

Aztertzekoa litzateke “gauza erabilgarriak” neurri handiagoan gizonei dagozkien eta “apaingarriak”, aldiz, emakumeei.

Artisaua

Maider Telletxea

Gure artisaua Donostian jaio zen 1974ko ekainaren 4an. Jaioterriko Jakintza ikastetxean ikasketak burutu ondoren Pontevedrara joan zen. Bertan Arte Ederrak ikasi zituen eta Arkeologiako ikastaroak egin zituen.

Pontevedran izan zenean larrua lantzen zuten artisauekin sartu zen harremanetan, larrukigintza zaletasun zuelako. Garai hartan haien teknikak eta prozedurak ikasi zituen.

Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteko Arkeologia saileko kide aktiboa zen eta horri ezker hainbat marrazki arkeologiko egiten ditu proiektu ezberdinetarako. Debako Praileaitz aztarnategirako lan egiten du Xavier Peñalverren gidaritzapean.

2000. urtean larrua lantzeko artisautza-lantegi txikia jarri zuen abian Donostian. Lan hori eta beste batzuk uztartzen ditu gaur egun: bere lantegian larrukigintza-teknikei buruzko ikastaroak eskaintzen ditu eta Zarauzko Institutuan plastikako eskolak ematen dizkie 13 eta 15 urte bitarteko neska-mutilei.

LUR artisauen elkarteko kide da.

Produktuak

Eskuz eta larrua erabiliz egin daitekeen guztia egiten du: poltsak, diru-zorroak, lepokoak, patukoak, gerrikoak, belarritakoak, motxilak, etab. Guztia larruz egiten du, edo bestela material hori beste batzuekin bateratzen du, besteak beste kristalekin, harri erdi-bitxiekin, fosilekin, txaponekin, etab. edota bozeltze teknikarekin marrazkiak apainduz.

Bere irudimenaren arabera egiten ditu produktuak, baina aldi berean enkarguak ere hartzen ditu, bezeroek zehazki eskatutako lanak, alegia, beti ere artisauaren estiloa mantentzen bada.

Produktuak zuzenean saltzen ditu Internet bidez, bere lantegian eta baita ere artisautza-azoketan, baita Madrilgo batzuetan ere izan da.

Maider Telletxea

Prozesuak

Maiderrek, gure artisauaren eskuek, lantzen duen pieza bakoitzak bere lehengaiak eta lantze-prozesuak behar ditu: batzuk eskuz josten ditu, beste batzuk makinaz, batzuk material mota batekin, besteak beste batekin, eta badira aldi berean hainbat material mota behar izaten dituztenak ere.

Hainbat larru mota erabiltzen ditu Maiderrek bere lanean; ahuntzarena, ardiarena, zaldikumearena, txahalarena, etab.

Larru tratatuak erabiltzen ditu, bai landareen taninoarekin onduak, baita kromoarekin onduak ere. Materialok Galiziako, Bartzelonako, Madrileko, Asturiaseko... zurrategietan erosten ditu.

Interesgarria iruditu zait aurreko larrukigintza-artisauari buruz hitz egitean idatzi nituen bi paragrafo berriro ere hona ekartzea:

Larrua, prozesu naturalaren ondorioz ustel ez dadin ontzen da, edota lehortzen denean gogor-gogor eginda gera ez dadin. Historiaurreko gizakiek, animalien gantzaz ontzen zituzten larruak. Egiptoarrek, berriz, landare eta fruituetatik ateratako zukuen bidez, eta, gainera, olio eta gantz batzuk erabiltzen zituzten edertzeko. Kromozko gatzen bidezko ontze mineraleko teknikak XIX. mendean agertu ziren.

Elementu begetalekin ondutako larruek tonu marroixka hartzen dute, zuhaitzen enborraren parekoa, eta eguzkiak eman ahala, indartu egiten dira, eta edertasun natural handiagoa hartzen dute. Kromoz trataturiko larruak, berriz, meheagoak izaten dira, eta hasieran kolore zuria izaten dute, gero nahi den kolorez tindatzen badira ere.

Maider Telletxea

Maiderrek nahiago du landarez ondutako larrua lantzea, baina batzuetan, tindatu egin behar badu, kromoz ondutakoa aukeratzen du, tindatzeko hobea delako.

Prozesuak ere interesgarriak dira, produktua bozeldu, tindatu, etab. egin daitekeelako.

Bozelketa, bai larruarena eta baita metalarena ere, mailua erabiliz egiten da: materialaren aldeetako bat mailuz lantzen da eta modu horretan nahi den erliebea azalduko da beste aldean.

Erremintei dagokienez, gure artisauak hainbat erabiltzen ditu: guraizeak, eztenak, puntzoiak, uhalak ateratzekoak, orratzak, titareak, bozeltzeko gailuak, erregelak, konpasak, txantiloiak, uhalak moztekoak, ertz ebakitzaileak, trokelak, mailuak, aliketak, mozkailuak, kuterrak, etab.

Era berean, bere lanean material ugari erabiltzen du: haria, argizaria duen haria, argizaria, kolak, tipula-papera, kartoi meheak, lixak, kortxozko oinarria, koloretako tintak, arkatza, Rotringa, uhalak, errematxeak eta bestelako osagaiak, hala nola, ixteko gailuak, belarriak, giltzarrapoak, lehen aipatu ditugun agatak, harriak, metalak, txanponak, etab.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media