Historia apur bat

1919 edo 1920 inguruan, Aramako José Jáuregui zegoen Iruran apaiz, eta Argentinako iloba bat etorri zitzaion bisitan herrira. Ilobak azaldu zion Argentinako euskaldunak trinketean aritzen zirela pilotan, xare zeritzonean. Apaizak pilotarako zaletasun handia zuen, baina ez zuen modalitate haren berri. Azkenean, ilobarekin xareak egiten ikasi zuen apaizak, eta horrela hasi ziren Iruran xareak eta izen bereko joko-modalitaterako pilotak egiten.

Antzina, “argentinar erraketa” ere esaten zioten tresna horri.

Garai hartan, elizako arkupeetan hasi ziren gazteak pilota-modalitate horretan.

Apaizak neska talde bati ere erakutsi zion jokoa. Neska haietako batzuk profesionaletara iritsi ziren.

José Ameztoy, Iruritan jaioa bera (Nafarroa), Irurara joan zen bizitzera, eta xareak egiteko sistema ikasi zuen José apaizarengandik. Apaiza 1942an hil zen.

José Ameztoyren seme bat, Gregorio, kirolzale amorratua atera zen. Gaztetan, futboleko jokalari profesionala izan zen, eta, adina iritsi zitzaionean, xarean hasi zen, zaleen mailan, baita paletan ere, larruzko paletan. Munduko I Pilota Txapelketan, xarean jokatu zuen, Donostian; 1952a zen. 1958ko munduko txapelketan, Iruñean, larruzko paletako modalitatean jardun zuen.

1956 inguruan xarean jokatzeari utzi zioten Iruritan, tresnarik (xarerik) ez zegoelako, batik bat.

Bitxikeria gisa, esan dezagun herri hori dela xareari eskainitako kale bat duen bakarra.

1970eko munduko txapelketari esker, gure artistauak, Jesús Mª Arsuagak, berriro xareak egiten hastea erabaki zuen; hala, 15 egun eman zituen José Ameztoirekin, tresnaren fabrikaziorako teknikak ikasten; gerora, bere kabuz sakondu zuen prestakuntza. Eta, pixkanaka, Iruran xarean jokatzen hasi zen taldetxo bat.

Josetxo Iraundegi, Nazioarteko Pilota Federazioko idazkari eta Irungo Kurpil Kirolak taldeko lehendakari izan zenak, trinketea sustatu nahi zuen, eta txapelketa bat antolatu zuen, trinketeko 5 modalitateak bilduta: buruz buruko esku-pilota, binakako esku-pilota, gomazko paleta, larruzko paleta eta xarea. 1971. urtea zen.

1971n, Irurako hiru gazte, Julian Larrinaga, Eugenio Arrieta eta Jose Olano, Argentinara joan ziren, xare jokoaren teknikak hobetzeko asmoz. Hilabete igaro zuten han, garai hartako jokalaririk onenekin. Itzuli zirenean, Iparraldekoen kontra jokatzeko aukera izan zuten, eta berriro ere zaletasuna pizten hasi zen Irurako herrian.

1974an, Uruguaiko Munduko Txapelketan parte hartu zuten, lehen aldiz, eta harrezkero txapelketa guztietan aritu dira.

Mikel Uzkudunek haurrentzako eskola bat antolatu zuen, Iruran, eta 6-7 xare jokalari bikain atera ziren handik. Haietako batzuek irabazi zuten 1998ko Mexikoko Munduko Txapelketa.

Horien guztien artetik, José Ignacio Lopetegik jarraitzen du xarean jokatzen, zaleen mailan. Bera da sarituena.

Gregorio Ameztoy 1972ko urrian hil zen, zirkulazio-istripu batean, ibilgailu batek harrapatuta.

Gaur egun, oraindik badira modalitate honetan jokatzen duten haurrak Iruran.

Jesús Mª Arsuagak lagunentzako xareak egiten ditu, enkarguz, baita giltzatakoetarako xare txiki batzuk ere. Hautsitako xareen sokak konpontzen ere jarduten du.

Artisautzako hainbat azokatan parte hartu izan du, Ordizian, Donostian, etab.

Arsuagaren arabera, modalitate honek laguntzarik jaso ezean, laster galduko da erabat.

Jesus Mª Arsuaga
Xarea

Antxon AGUIRRE SORONDO

Jesús Mª Arsuaga Azpillaga
Gregorio Ameztoy kalea, 1-4. ezk.
20271 IRURA
Tef. 943 69 16 25
jmarsuaga@euskalnet.net

Jesus Mª Arsuaga

Argazkia: Javier Carvallo.

Sarrera

Share, sare edo xare deritzona pilotako modalitate bat da, modalitate horretan erabiltzen den tresnaren izena zehatzago esateko, paleta saredun itxi batez jokatzen baita.

Kirol honi buruzko informazio gehiago jakin nahi duenak AUÑAMENDI entziklopedian kontsulta dezake SARE hitza.

Euskal Herrian xareko hainbat trinkete ditugu, gaur egun: 4 Gipuzkoan (Donostia, Irun, Irura eta Azkoitiko Oteiza); 2 Nafarroan (Iruñea eta Elizondo); 1 Araban, Ogetaren alboan (Mendizorrotza); eta hogei bat Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Lan honetan pilota-modalitate honetarako tresnak lantzen dituzten azken artisauez jardungo dugu.

Artisaua

Jesus Mª Arsuaga

Gure artisaua 1941eko abenduaren 23an jaio zen, Iruran. Lehen mailako ikasketak eginda, Tolosako Lan Eskolan sartu zen, eta, ondoren, Irurako “Manufacturas Izaskun” lantegian; aurrerago, berriz, Tolosako “Electromecánica del Norte” eta Zizurkil eta Adunako “Construcciones Mecánicas ENDAKI” lantegietan jardun zuen. Beti Gipuzkoan.

1970eko urriaren 7an, Villabonako Puri Urrestarazurekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten: Garbiñe eta Pedro. 4 biloba ere baditu.

1999an, gaitz larri baten ondoriozko ebakuntza egin zioten, eta erretiroa hartu zuen.

2002an, elkarteek eta Irurako Udalak omenaldia egin zioten, kirolaren alde egin duen lana eskertzeko.

Prozesua

Xarea 3 atalek osatua dela esan daiteke: kanpoaldeko zurezko uztaia, barneko sokak eta giderretakoa.

Gaztainondo edo hurritz adar bat da oinarria; 1,3 m-ko adar zuzen bat hartzen da, bi urteko enbor batetik moztua, mendian. Gaztainondoa bada, urritik urtarrilera bitarteko hilabeteetan mozten da, ilbehera denean; eta hurritza bada, garai berean, baina ilgoran. Ur berotan sartzen da adarra, bigun dadin eta hautsi gabe tolesteko moduan geldi dadin, eta forma ematen zaio, bi aldeak lotuta. Gero, lehortzen edo finkatzen utzi behar da, urtebete inguru.

Denbora hori igarotakoan, soberako atalak kentzen zaizkio, azala kentzen zaio eta leundu egiten da, inguru guztia lodiera berekoa gelditu arte; gero, lizatu eta bernizatu egiten da.

Amaieran, honako neurri hauek eduki behar ditu: 58 cm-ko luzera, eta 16-8 cm bitarteko barne-zabalera, 5º-ko makurdurarekin.

Egurrezko egiturak 130 bat g-ko pisua izaten du.

Gazteentzako bada, 54 cm izaten da luze.

Ondoren, giderra egiten zaio, arkuaren zati hori soka gogor batez bilduta.

Jesus Mª Arsuaga

Gero, soka ezartzen da; bi motatako sokak. Hasierakoetarako edo perimetraletarako soka gogorragoa erabiltzen da, “traila” deritzona; 2-3 buelta egiten dira barne-perimetro guztitik. Soka hori 11 gunetan lotzen zaio egurrezko euskarriari.

Soka horretan barne-soka jartzen da gero, amaraun baten modura; barnerako soka hori kotoizkoa izaten da, eta, beraz, malguagoa.

Orotara, hauxe behar izaten da: 0,8 m traila, euskarrietarako; 3,5 m, barneko bueltetarako; eta 5,5 m, giderrerako. Kotoizko soka, berriz, 8 metro.

Xare osoak 160-170 g-ko pisua izaten du.

Aipatu beharra dago garai baten ez zutela xarean trinketean jokatzen, frontoian baizik, eta, horregatik, xare palak estuagoak eta luzeagoak zirela, palanka-efektua hobeto egiteko.

Argentinarrak munduko lehen txapelketara etorri zirenean, beren erraketak ekarri zituzten, laburragoak eta zabalagoak, trinketerako egokiak. Erraketa haietako batzuk hemen utzi zituzten, eta, hemen, eredu hura kopiatzen hasi eta bertan behera utzi zuten eredu zaharra; harrezkero, gaur egun erabiltzen diren motakoak egin izan dira.

Larruzko pilotarekin jokatzen da; 55 mm-ko diametroa eta 80 bat g-ko pisua izan behar ditu pilotak.

Jesús Marik dioenez, lehiaketako partidetan ez da komeni estreinatu gabeko xarea erabiltzea; izan ere, kotoiak apur bat emanda, finkatuta eta ez oso tenkatuta egon behar du, baina, era berean, ez du izan behar oso tresna erabilia, hala izanez gero soka emanegi egongo baita. Oreka bilatu beharra dago, erabilia izan dadin baina emanegi egon ez dadin.

Soka hautsiz gero, xarearen soka osoa aldatu beharra dago.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media