“Pirograbatua” izena grekoko “piros”, sua, hitzetik dator eta antzina-antzinako teknika bat da. Gori dagoen mutur metaliko bat erabiliz grabatu edo irudi bat egitean datza, eta horregatik “termo-grabaketa”, antzinatetik datorkigun teknikaren izena ere erabil daiteke.
Gure artzainen ohiko jarduera izan da, adarretan beren izenak eta irudiak grabatu ez ezik edalontzi eta koilarak ere egin izan baitituzte.
Zuraren eta adarraren gainean ez ezik, teknika hori maskorraren gainean, larruaren gainean edo antzeko materialetan ere erabiltzen da.
Tradiziozko artisautza horrek gizakia eta lau elementuetako bat, sua, biltzen ditu, kasu honetan adierazpide bezala erabiltzeko.
Gaur egun teknika horretarako “piro-grabagailua” erabiltzen da. Barruan berotasun-iturria den erresistentzia bat daukan arkatz edo soldagailu itxurako aparailu elektriko bat da, eta hartara beste izen bat ere eman dakioke teknikari: “elektro-tekno-grabazioa”. Hainbat formatako puntak izaten dituzte beharren arabera erabili ahal izateko.
Punta mota eta berotasunaren intentsitatea erregulatuz materiala modu batera edo bestera erretzen da eta horri esker “erreduraren” tonua aldaraz daiteke, marroi leunetik erabateko beltzera.
Pirograbatuaren prezioak lanaren konplexutasunaren eta tamainaren arabera aldatzen dira.
· Zintzilikarioak: 5 €.
· Giltzatakoak: 10 €.
· Palak 30 €-tik 150 €-ra.
· Tamaina handiagoko txartelak, etxearen, landetxearen, komertzioaren eta abarren izenarekin, abizenak, armarriak, bertsoak, olerkiak, erretratuak, 150 €-tik gora.
Internet bidez egindako enkarguak 50 €-tik gorakoak badira, posta ziurtatuaren bidez eta garraio-kostua ordainduta bidaltzen dira.
Antxon AGUIRRE SORONDO
TRUK: PIROGRABATUAK
SU LAZTANAK / BASQUE PIROGRAFHY ART
Garikoitz Lasa
DONOSTIA
Telefonoa: 677 356 455
Helbide elektronikoa: sulaztanak@gmail.com
Askotan ekarri ditugu sail honetara zura lantzen duten artisauen, taillatzaileen, tornularien, upelagileen eta abarren fitxak. Aldiz, oraingo honetan lehenengoz hitz egingo dugu zura euskarri duela pirograbatuak egiten dituen artisau bati buruz. Garikoitz Lasak horixe egiten du.
Garikoitz Lasa Donostian jaio zen, 1972ko neguaren amaieran. Aita Patxi Lasa eta ama Maria Pilar Azurmendi zituen. Gure artisaua zaharrena da bi neba-arrebaren artean.
1998an pirograbagailu bat oparitu zioten eta ondorioz teknika horrekiko interesa piztu eta jardun horri ekin zion. Lehenengo lanak oparitu egiten zituen, baina pixkaka-pixkaka enkarguak etortzen hasi zitzaizkion, eta, ondorioz, lana serioago hartzen hasi zen.
Garik dioenez, esku-lanetarako zaletasuna amarengandik datorkio, ama beti izan baita esku-lanak egiteko zalea: jostea, margotzea, brikolajea...
Produktuak enkarguz saltzen ditu, kalean, azoketan, komertzioetan antolatzen dituen erakusketetan (batez ere tabernak eta jatetxeak) eta Internet bidez.
Zuraren gainean egindako pirografia-lanak egiten ditu, batik bat pilota-jokorako paletan, baina bai eta bitxi eta gorputzerako apaingarrietako egur-zati txikietan ere.
Enkarguz agintzen zaizkion motiboak pirografiatzen ditu, eskuarki izenak, urtebetetze datak, ezkontzak, lehen jaunartzeak, ezkon agurrak, baina bai eta hainbat irudi ere: erretratuak, abizenak, armarriak, lauburuak, baserriak, Donostiako Haizeen Orrazia, Euskal Herriko mapa, estelak eta abar.
Zintzilikarioak antzera egiten ditu, pago, izei edo beste zuhaitz batzuen zurezko zati txikietan, eta gero larruzko edo kotoizko lokarrietan lotzen ditu.
Enkarguzko lanak egiten ditu, aurretik aurrekontua eginez.
Utz diezaiogun artisauari hitz egiten:
Nire pirograbatuak originalak eta pertsonalizatuak dira, eskuz egiten ditut, su-laztanen bidez zuretan hizkiak, irudiak, sinboloak, sentimenduak… adieraziz.
Lan originala da, neure estilo propioarekin, sustraiak modernitatearekin lotu eta etorkizunera begira. Giro pertsonala lortzen dut horrela, atsegina, sentimendua eta ilusioa emanez…
Euskal artisautza tradizionala da, Pirinioen magalean, Kantauri itsasoaren ertzean, Aturritik Ebrora... harro baina harrokeriarik gabe, milaka urte dituen herri txiki handi bat bizi dela munduari erakutsi nahi diona.
Nafarroako pago-zurezko palak erosten ditu, zura dagoeneko egonkortua egon dadin arreta eginez. Hau da, zurak ondo lehortuta egon behar du, ez dadin pitzatu edo galdu.
Lehen zeregina motiboa bilatzea da, marraztuz nahiz argazki batetik edo antzeko beste zerbaitetik hartuz. Ordenagailura eramaten du eta bertan azken irudia prestatzen. Hortik, palara eramango duen irudiaren eredua lortzen du.
Gero pirograbatua egiten du. Horretarako 12 punta desberdin dituen pirograbagailua dauka, nahiz eta eskuarki sei puntarekin nahikoa izaten den.
Lehenengo, trazuak eta lerroak marrazten ditu eta ondoren egiten ditu erretzea, iluntzea, itzaltzea eta degradatuak. Gero, irudiei azken ukituak eman eta xehetasun guztiak zehazten dira.
Lan horrek tentu handia, pazientzia eta zehaztasuna eskatzen ditu.
Lana amaitzeko fin-fin lixatzen du irudiari kalte egin gabe garbitu eta leuntzeko, eta amaitzeko kolore gabeko berniz-geruza bat ematen dio babesteko. Bernizak irudia ez ezik zuraren berezko edertasuna ere nabarmentzen du.
Lana amaitu ondoren, beltzez margotutako dentsitate ertaineko (DE) panel batean atxikitzen da, dotoreziako azken ukitua emateko.
Lanak hala eskatzen duenean forjako iltzeez errematatzen da, horrek itxura landatarragoa ematen dio eta.
Lanak kanpoaldean egon behar badu, uretatik, hezetasunetik eta hautsetatik babesteko tratamendu berezi bat ematen zaio.
Irakurleen iritziak: