Historia

Aromaterapia” hitza grekoko “aroma”, lurrina, eta “therapia”, sendakuntza, hitzetatik dator. Belargintzaren atal horrek “olio esentzialak” izeneko belar-olio kontzentratuak erabiltzen ditu pertsonen osasuna hobetzeko.

Belargintzak landare-infusio bidez osasuna hobetzea bilatzen duen artean, “aromaterapian” arnastu egiten dira edo olioen bidez azalean ezartzen dira.

Aromaterapia” izena René Maurice Gattesfosé kimikari frantziarrak erabili zuen lehen aldiz 1935ean, medikuntza alternatiboaren terapia bat izendatzeko.

Sendatzeko olioak antzinatean ere erabiltzen ziren, Txinan zein Mesopotamian, Indian, Egipton eta Grezia eta Erromako mundu klasiko osoan. Aztertzaile batzuen iritziz, gurutzatuek ekarri zuten teknika hori Europara.

Prezioak

Prezio batzuk:

· Bainurako gatz lasaigarriak: 2 eta 4 €
· Xaboiak 4 €-tik aurrera.
· Palmarosa (landare-esentziekin, oso ona aurpegiko larruazalerako, hidratatzailea eta orbaintzailea): 6 €-tik 15era.
· Olioak: 12 eta 13 €
· Zimurren aurkako kremak: 13 €
· Azalerako lozioak: 13 €
· Eta abar

Arrate Bidasoro
Aromaterapia eta artisau kosmetika

Antxon AGUIRRE SORONDO

Arrate Bidasoro
Argatxa jardinak, 24, 3, esk. Ezk.
20600 EIBAR / GIPUZKOA
Telefonoa: 943 70 19 15

Arrate Bidasoro

Sarrera

EUSKONEWSen 365. zenbakian Naxariri buruz aritu ginen; garbiketarako artisau-xaboia egiten duten bi pertsonak osatzen duten tailerrari buruz, hain zuzen. Artikulu horretan xaboiaren historiari buruzko azalpen labur bat eman genuen. 471. zenbakian, berriz, hainbat motatako kremak egiten dituen Zorion Insausti elkarrizketatu genuen. Horren harira, Euskal Herriko sendabelarrei buruz aritu ginen.

Oraingo honetan Eibarko Arrate Bidasororekin hitz egin dugu. Xaboiak eta kremak egiten ditu, baina horretaz gain bere jardun kutunena aromaterapia da.

Artisaua

Arrate Bidasoro

Arrate Bidasoro Garaizabal Eibarren jaio zen 1956ko abenduaren 13an. Bi neba-arreba ziren.

Pertsona geldigaitza, beti gustatu zaio bide berriak jorratzea. Halatan, enpresa-kudeaketa ikasketak egin zituen, ofimatika eta adimen emozionala ikasi zituen, bai eta fototerapia eta aromaterapia ere. Gaur egun aseguru-agentea da, eta jarduera hori beste bi pasiorekin tartekatzen du: familia eta aromaterapia.

Zirkulazio-arazoak zituenez medikuengana jo zuen eta ebakuntza zail bat aholkatu zioten. Gauzak horrela, medikuntza naturala eta sendabelarrak erabiliz irtenbidea bilatzea aukeratu zuen. Ondorioz, fitoterapia ikasten hasi zen, eta lortu zituen emaitza bikainekin harrituta, ikasten jarraitzea erabaki zuen. Garai berean, aromaterapiari buruzko liburu bat heldu zitzaion eskuartera eta teknika horiek ikasten hasi zen; zer tratamendu zegoen eta bere buruarengan eta bere familian zein eragin zeukaten. Horrela, apurka-apurka, Arratek berak dioenez “zeharkako eraginik ez duten” teknika horietan ezagutza nabarmena eskuratzea lortu du.

EIBART Eibarko Artisau Elkarteko kide da.

Ezkonduta dago eta bi alaba dauzka, bata 29 urtekoa eta bestea 25 urtekoa.

Produktuak

Arazo hauei aurre egiteko onak diren olioak egiten ditu:

· Giharretako minak eta ondoezak.
· Artrosia, artritisa eta lunbagoa.
· Barizeak, hemorroideak eta zirkulazio linfatikoa.
· Antsietatea, loezina, neke intelektuala.
· Buruko minak.
· Digestioko arazoak, aerofagia (haizea).
· Asma, bronkitisa, katarroak.
· Larruazal helduentzako suspergarriak.
· Hipertentsioa.
· Hipotentsioa.

Kremak:

· Hidratatzaileak eta birsortzaileak.
· Zimurren aurkakoak.
· Eskuetako erroitzak.
· Beste batzuk.

Eibarren egiten diren azoketan baino ez du saltzen, edota etxera datorkion jendeari bestela (batzuk urte askotatik hona datozkio).

Arrate Bidasoro

Prozesuak

Xaboiak egiteko, animalien koipea edo gantza erabili beharrean oliba-olioa eta soda kaustikoa erabiltzen da. Horri esentziak eta belarrak eransten zaizkio, hala nola izpilikua, asunak eta abar, zer lortu nahi den kontuan hartuz.

Kontuan izan behar da xaboiek ez dutela balio soilik azala garbitzeko; horretaz gain, produktuak poroetatik azalean barneratzen dira.

Arratek xaboia egiteko erabiltzen duen prozesua honako hau da, funtsean: Ontzi batean ur hotza ipintzen du eta soda gehituz joaten da, makila batekin nahasten duen bitartean (ez da inoiz ezer metalikorik erabili behar). Beti soda erantsi behar zaio urari, eta sekula ez ura sodari. Soda kaustikoak azala erretzen du eta begietarako oso arriskutsua da; ondorioz, lan hori egiteko, eskularruak erabili behar dira, arropa eta gorputza babestuko dituen amantal lodi bat, betaurrekoak eta maskara jantzi behar dira, eta oso ingurune aireztatu batean jardun behar da. Aparte, soda beroa dagoenean harekin nahastuko dituen olioak prestatzen ditu. Xaboiari bere propietateak eta nahi dugun kolorea emateko behar diren osagaiak gehitzeko momentua da. Dena ondo nahastuta dagoela irizten diogunean, moldeak likido horrekin bete eta hozten laga behar dira. Egun batzuetan geldituko dira horrela, ondo lehortzeko eta egoki “asentatzeko”.

Olioak eta esentziak egiteko Arratek berak jasotzen ditu loreak eta landareak mendian. Xaboiari eman nahi dion testuraren arabera, era batean edo bestean lantzen ditu.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media