Antxon AGUIRRE SORONDO
OLABE
Juan Pablo Olaberria Egiguren
Oria Etorbidea 8, 48. pabiloia
20160 LASARTE-ORIA
Telefonoa: 943 37 64 46
Faxa: 943 37 03 36
Posta elektronikoa: info@olabe.net
Gure “urertzeko zurginek” (artisau ontzi-egileak) ederki ezagutzen zuten zurezko ontziak egiteko teknika, planoak, diseinuak edo inoren teoriak erabili behar izan gabe. Horietako batek zera zioskun: “aski da armadore batek bere ontzia 3 metro luzatzea nahi duela esatea, popa zabala handitu nahi duela, luzera murriztu nahi duela, edo dena delakoa, eta horrela egingo dugu, eskarmentua eta trebezia pixka bat erabiliz, beste ezeren laguntzarik gabe”.
Baina une historiko batean urertzeko zurgintza “artisautzako” espezialitate (jardueraren ondoriozko praktika batetik etorria, beraz) bihurtu zen, mende haietako garapen teknikoaren ondorioz sorturiko “ontzi-arkitektura” zientifikoak eta teorikoak bultzatuta. Hain zuzen, une horretatik aurrera ontzigintzaren ikerketak bi bide hartu zituen: alde batetik “ingeniaritza” eta beste aldetik “artisautza”. Lehenak zuzenean burdinara eta altzairura eraman gintuen eta bigarrenak, aldiz, zurgintzako espezialitate izaten jarraitzen du.
Gaurkoan, ontzi-artisau horietako bati buruz arituko gara. Pertsona gaztea izan arren, ontziei buruz, eta ontziak zaharberritzeko edo egiteko behar diren materialei buruz, ezagutza teoriko eta praktiko itzela dauka. Juan Pablo Olaberria Egiguren da artisau hori.
Juan Pablo Olaberria Donostian jaio zen 1963ko abuztuaren 9an. José Ramón Olaberria eta Mª Teresa Egiguren senar-emazteen sei neba-arrebetatik bigarrena da.
Santo Tomas Lizeoan ikasi zuen eta arkitektura karrera egiten hasi zen. Ondoren, aitari lagundu zion arropa-dendan.
Ontzigintzari buruzko interesa zela eta, 27 urterekin Ingalaterrara joan zen, Southampton Institute of Higher Education-en (gaur egun Solent University) ontzi-arkitektura ikastera. Bertan, ontzi-arkitekturaren ingeniaritza ikasketetan, alde teorikoarekin batera, “zuraren arotzeria” lanbidearen praktika ere sartzen zen. Lau urtez ikasi zuen bertan.
Ikasketak amaitu zituenean, ikaskide eta lagun irlandar batek Karibera joatea proposatu zion, zehazki Venezuelara, bere aitaren bela-ontzia zaharberritzera. Erronka onartu zuen, eta azkenean, zaharberritu baino, goitik behera berregin behar izan zuten. 50 oin luze zeuzkan (15 m luze) ontziak. Lana amaitu zutenean, hilabete batzuetan ontzi horretan nabigatzen ibili ziren.
Gero, bertan jarraitu zuen, zurezko ontziak zaharberritzen eta konpontzen.
34 urte zituela, Trinidad uhartean 60 oinetako (18,3 m) motorrezko katamaran bat egiteko proiektuan hartu zuen parte. Oso-osorik zurezkoa zen. 8 pertsonak jardun zuten proiektuan lanean, eta 18 hilabete behar izan zituzten amaitzeko.
1999an, lagun batekin batera, Lasarte-Orian gaur egungo tailerra dagoen lekuan galdaragintza industriala egiteko enpresa bat eratu zuten. Alabaina, 2004an elkartea desegin egin zuten eta berari gustatzen zitzaion jarduerari buru-belarri ekin zion: “zuraren arotzeriari”.
2004an Ana Gaztañagarekin ezkondu zen eta 3 seme-alaba dituzte: Amaia (2004an jaioa), Mikel (2005ean) eta Helene (2006an).
Bi lan-ildo ditu:
1. Zurezko ontzi tradizionalak zaharberritzea eta konpontzea.
2. Ontzi berriak egitea, beira-zuntzezkoak edo zurezkoak.
2008an, Gipuzkoako Foru Aldundiak biltegian zituen 4 ontzi zaharberritzeko lehiaketa publikoa irabazi zuten.
Lehen bi ontziak hondoetako hondarra atera eta eraikuntza-enpresei eta baserriei saltzeko erabiltzen ziren, baita nekazaritza-lanak egiteko ibaia zeharkatu behar zuten pertsonak garraiatzeko ere. Lehena Urumea ibaian erabili zuten, eta bigarrena Hondarribian.
Gainerako biak kostaldean arrantza egiteko arrantzontzi txikiak ziren. Germancho Hondarribian matrikulatuta zegoen, eta Juan Maria Donostian.
Beste lan-mota bat ere egin dute, hau da, arraun-txalupa eta -batel batzuk egokitu eta belaz nabigatzeko prestatu dituzte, nabigazio tradizionalean inspiratutako “heren belak” ezarriz.
1. Antzinako ontzia zaharberritzea
Juan Pablok “Standards for Historic Vessel Preservation Projects” delakoaren itzulpena eman dit, hau da, antzinako elementuak zaharberritzeko adituek emandako gomendioen zerrenda. Honako hauek dira, hain zuzen:
Narriadura egonkortzea: Egonkortzeko, ontziaren egitura osoa leheneratuko da, egitura-zatiak sendotuz edota egituraren hutsa eragin duen materialaren narriadura geldiaraziz.
Mantentzea: Ahal den guztietan, dauden materialak eta osotasuna mantenduko dira.
Birgaitzea: Ontzi historiko bati egindako aldaketak edo gehitzeak, ontziaren egitura historikoan eragin nabarmenik ez badaukate baino ez dira egingo, eta bakar-bakarrik aldaketak ontziaren tamainarekin, eskalarekin, kolorearekin, materialarekin eta izaerarekin bat badatoz. Ahal denean, aldaketak nola egiten diren zaindu behar da, etorkizunean aldaketa horiek desmuntatzen badira, funtsezko ezaugarrietan eta osotasunean inolako eraginik izan ez dezaten.
Zaharberritzea: Zaharberritzeko lanak egiteko, beti froga egiaztagarriak, historikoak, piktorikoak edo fisikoak hartuko dira oinarritzat, eta ez uste hutsak. Horregatik, ontzia zaharberritzeari buruzko erabakiak hartu baino lehenago, zaharberritzeak islatuko duen garai zehatzean zer ontzi-mota zen eta nola eratuta zegoen zorrotz aztertu behar da, informazio historikoan oinarrituz: aukeratu den garaian ontziak zer esanahi historiko, kultural eta teknologiko zeukan; eta garai zehatz batera egokitutako zaharberritzeak zer eragin izango duen ontziaren eraketa historikoan.
Beraz, zaila da zaharberritzea nola egin behar den azaltzea, kasu bakoitzak metodo zehatza eskatzen du eta. Kasu bakoitza apartekoa da, eta prozesu desberdina eskatzen du.
Bere ontzi-olan nola aritzen diren azaltzen duen txosten interesgarria eman dit Juan Pablok, eta lerro nagusiak kopiatu ditut.
Aurreko txostenean ikusi dugunez, zaharberritze “zientifikoa” egiteko lau urrats jarraitu behar dira: Egonkortu - Mantendu - Birgaitu - Zaharberritu
· Ontziaren egoeraren hasierako ebaluazioa.
· Garbiketa eta pintura zaharra kentzea.
· Oraindik ere aprobetxa daitekeen egitura egonkortzea.
· Zaharberritu edo ordeztu behar diren piezak aztertzea.
· Zaharberritzea, ordeztea eta akabera.
2. Ontzi modernoak egitea
Beira-zuntzezko ontziak ere egiten dituzte, eskuarki 8 metro luzerako bela-ontziak. Ontziak egiteko, molde egokiak erabiltzen ditu.
Prozesua erraza da: Beira-zuntzez indartutako poliester-erretxinazko hainbat geruzekin estaltzen da moldea.
Gogortzen denean, oinarrizko moldetik ateratzen da, eta piezatan egin bada, elkarren artean lotzen dira, pieza osoa lortzeko.
Gero, leundu eta esmalte egokiz pintatzen dira, eta behar diren osagarriak ezartzen zaizkie.
Irakurleen iritziak: