- Giltzatakoak, 3 eurotik gora.
- Zintzilikariak, 5 eurotik gora.
- Haritz-orriaren forma duten bitxiontziak edo poltsikoak hustekoak, 40 eurotik gora.
- Mahai gaineko markoak, 12 eurotik gora.
- Hormako markoak, 20 eurotik gora.
- Kako-altzariak, 20 eurotik gora.
- Kutxak, 90 eurotik gora.
- Mahai gaineko txalapartak, 55 eurotik gora.
- Armarri heraldikoak, etxeen izena duten kartelak eta enkarguzko beste objektu batzuk, aurrekontua emanda
Antxon AGUIRRE SORONDO
IGOR UNANUE OSORO
Herriko Plaza, 3
01118 Navarrete
ARABA
Telefonoa: 945 37 82 33
Posta elektronikoa: iuokila@yahoo.es
Zura lantzen duten artisauei buruzko hainbat fitxa argitaratu ditugu sail honetan. Zalantzarik gabe, artisau-jarduera hori ohikoenetakoa da gure artean. Interesgarria izan liteke jakitea euskaldunek zergatik dioten horrenbesteko atxikimendua, maitasuna edo gustua zurari eta horren inguruko guztiari. Antzinako dendrolatriaren arrastoak ote dira?
Oraingo honetan, Araban bizi den eibartar bat dakargu: Igor Unanue. Ideiak argi dituen pertsona da Igor, bai alde artistikoan bai pertsonalean.
Igor Unanue Osoro 1974ko abuztuaren 5ean jaio zen, Deustun (Bizkaia). Haren aita Martin eta ama Arrate, Eibarren bizi zirenak, txiki-txikitatik artearekin harreman zuzena izan zezan ahalegindu ziren, baita naturarekin ere, biak mendizaleak izaki.
Bai ama bai Iratxe arreba pintoreak dira. Gogoan du Igorrek, 3 urte besterik ez zuela, bere pintura-maleta zuela jadanik, eta bere amak pintatzen ziharduen bitartean, berak pinturekin jolasten zuela. Ez da harritzekoa, bada, giro horretan hezitako haurrak artearekiko joera izatea.
Batxilergoa egin ondoren, Lanbide Heziketa ikasi zuen Donostian, eta zurgintzan espezializatu zen. Gero Debako (Gipuzkoa) Arte Eskolara joan zen. Baina, Igorrentzat, benetako aitabitxia Paulino Larrañaga eibartar eskultore handi eta ospetsua izan zen.
Ikasketekin txandakatuta, haur-monitore lan egin zuen Bernedoko (Araba) kolonietan. 20 urte zituela (duela 16 urte), lagun batekin Araban kokatzea erabaki zuen. Herriko errementeria zaharra eraberritu eta bertan jarri zuen bere lantegia. Jarduerarekin batera, lanketa- eta zaharberritze-eskolak eman ditu Arabako Mendialdeko hainbat herritan (Bernedon, Kanpezun, Maeztun, Lagranen...). Gaur egun, Paganoseko (Arabako Errioxa) ikasleak ditu.
Navarreten bizi da, Andres eta Macario bertako azken itzainen etxean. Igorrek estimu handiz gogoratzen ditu biak, jende xume hori eredugarritzat baitu natura-ingurunearekiko begirunearen ikuspegitik eta landa-bizimoduaren erabilera iraunkor eta zentzuzkoaren ikuspegitik. Haien adibideari jarraituz, beste urrats bat eman zuen bizitzan, eta zaldi-azienda —hain zuzen Sabandoko mendietan jaiotako bi pottoka— zaintzeko eta landu gabe zegoen eremu elkor bat lantzeko ardura hartu zuen bere gain. Jarduera horri esker, duela urte batzuetatik lantzen duen baratzean produktu ugari biltzen ditu.
Arte-jarduerari dagokionez, hainbat talde-erakusketatan parte hartu du, baita familia-erakusketaren batean ere, eskulturak eta diseinuak aurkeztuta.
Haren lanean, zur-lanketaren kalitatea ez ezik, akaberen fintasuna eta erabili ohi dituen askotariko zur motak ere aintzat hartu behar dira: haritz zaharra, lizarra, gaztainondoa, gereziondoa, intxaurrondoa, akazia...
Azken garai honetan, bere lanak gure herrialdeko artisautza-azoketan eta jaietan aurkezten ditu, batez ere. Berak dioenez, “plazarik plaza ibiltzen naiz neure txalapartatxoekin, bertoko musika-tresna horren bidez melodia-sormenari aukera bat emanez; nahiz eta txalaparta ohiko 2 metroetatik 40 zentimetrotara txikitu dudan, edonor harritzea lortzen dut, txalapartak erresonantzia-kaxa du eta”.
Zura langai hartuta, era askotako produktuak sortzen ditu: zintzilikariak, giltzatakoak, koadro edo ispiluentzako markoak, kako-altzariak, argizaiolak, kutxak eta txalaparta bitxi eta ederrak (perkusioko euskal musika-tresnak), baita enkarguz egiten dituen beste batzuk ere, hala nola logotipoak, armarriak, saltoki edo etxeentzako izenak eta abar.
Batzuetan, zurezko objektuak zaharberritu eta eraikin berrietarako erreprodukzioak ere egiten ditu.
Gure artisauak bi gauza ditu argi:
1. Tokiko zurak erabiltzea. Ez du zalantzazko jatorriko zuren inportazioaren eragilea izaterik nahi. Horregatik, udal-basoetako egurketan edo zur-banaketan egokitzen zaizkion zurak erabiltzen ditu, edo eraitsitako eraikinetako zurak, edo mendietan aurkitzen dituen zur-zatiak. Haritzaren zura erabiltzen du batez ere, gogorra izan arren, noblea delako. Etxean gorde ohi du lehortu eta egonkortzeko; izan ere, beste batzuetan esan dugun bezala, zur gordina lantzea erraza bada ere, ondoren pitzatzeko arriskua du.
2. Lanetan bertako motiboak erabiltzea. Horregatik egiten ditu hainbeste lauburu, eguzki-lore, txirikorda gotiko, etab.
Marrazkiak berak egin eta zurera pasatzen ditu. Lanerako erreminta-sorta handia du eskura, batik bat hainbat jatorritako gubiak: Espainiakoak, Ingalaterrakoak, Alemaniakoak, baita haren aitonak egindakoren bat ere, hark Eibarren “eskopeta-kulatak pikatzen baitziharduen”.
Lan egiteko sistemaz galdetuta, azkar erantzuten du: “gogoko duzuna egin eta ordularia ez begiratzea”. Lan bat ezin hobeto geratzeko, maitasunez egin eta behar besteko denbora eman behar da horretan.
Zura lantzen amaitzen duenean, akabera naturalak erabiltzen ditu zaindura indartzeko: erle-eztia barneko piezetan eta linazia oinarri duten hidratatzaileak kanpokoetan. Izan ere, gogoko du zuraren testura naturala erakustea.
Irakurleen iritziak: