Eskultura bakoitzak bere prezioa du, eta enkarguzko sailetan aurrekontua egiten du beti.
Txinatik ekarritako soka-instrumentuak 100 €-tik gorako prezioetan saltzen ditu hasi berrientzat.
Hona hemen helduentzat egiten dituen musika-tresnen prezioak:
- Biolinak 3.000 €-tik gora.
- Biolak 4.500 €-tik gora.
- Biolontxeloak, 8.000 €-tik gora.
Antxon AGUIRRE SORONDO
Arturo Andrade
Pedro Muguruza etorbidea, 85-2 atea.
20870 ELGOIBAR / GIPUZKOA
Posta-helbidea: andradeluthier@gmail.com
Weba: www.arturoandrade.com
Ahaleginaren, lanaren eta nahiaren poderioz gizakia noraino hel daitekeen uzten du agerian Arturo Andradek. Helburu guztiak lortzen dituen autodidakta dugu, ezin trebeagoa pinturarekin, buztinarekin, egurrarekin zein metalarekin lan egiten. Gainera, bere zaletasunaren ondorioz, luthier (soka-instrumentuen fabrikatzaile eta konpontzaile) bihurtu da.
Beste luthier batzuk ere izan ditugu gure artean gune honetan, baina soka-instrumentuetan espezializatutako aditu batekin gaurkoan hitz egingo dugu estreinakoz.
Gurasoak, Julio eta Adela, Allariz udalerriko (Ourenseko) auzo batekoak ziren: Outeiro de Orracakoak. Elgoibarrera etorri ziren, oso gazterik. Aita makina-erremintaren arloko enpresa batean hasi zen lanean. Arriola zen enpresaren izena, eta errasketari jardun zuen bertan.
Haurra jaiotzeko zorian zegoela, Adela jaioterrira joan zen erditzera, eta bertan jaio zen Arturo Andrade, 1956ko abenduaren 10ean. Handik bi egunera, Elgoibarrera itzuli ziren.
Arturok Elgoibarren ikasi zuen. Lanbide-heziketa bukatu eta industria-ofizial titulua lortu zuen, garai hartan (1977an) Elgoibarren eskura zitekeen handiena.
1972tik 1977ra, doitzaile-lanetan aritu zen Orbatu enpresan, Elgoibarren. Lantegi hartan ere makina-erremintak egiten zituztenez, metalen portaerari buruzko ezagutza sakonagoak bereganatu zituen gure artistak.
Artisautzarekiko zaletasuna gaztetan piztu zitzaion. Soldadutzan zegoela, Ferrolen (Coruñan), koilarak eta sardexkak egiten zituen morteroak eta misilak garraiatzeko kutxak erabiliz. Militar batek, nolako lan bikainak egiten zituen ikusita, ezpel-egurra oparitu zion, horrelako lanabesetarako egokiena delako.
Soldadutza bukatu eta gero, berogailugintzan hasi zen, inoren kontura jardunez, baina, aldi berean, eskulanak ere egiten zituen. Azkenean, 1980an, artisautzan buru-belarri murgiltzea erabaki zuen eta bere tailer txikia ireki zuen.
Gaztainondo- eta haritz-habe zaharrez baliatuta, egurrezko artisautza-lanak egiten ditu. Pinturak eta buztinezko lanak ere sortu ohi ditu. Era guztietako erremintak erabiltzen ditu: gubiak, arraspak, zerrak, kurrikak etab.
1985ean, Indian eta Nepalera joan zen, eta, gero, hiru hilabete eman zituen Parisen, erakusketak ikusten eta bere egurrezko lanak kalean saltzen. Pariseko egonaldian asko ikasi zuela eta bere ibilbidearentzat esperientzia positiboa izan zela esan ohi du Arturok.
1987an, “argizari galduzko” galdaketa-lanak hasi zen egiten, teknikak Alejandro Alvarez elgoibartarrarekin ikasi ondoren.
1990ean, Madrilera joan zen bizitzera, eta tailerra ireki zuen han. Allarizen (Ourensen) ere beste tailer bat zeukan, garai hartan.
1995ean, Elgoibarrera itzuli eta tailerra ireki zuen Jauregiberrin, Azkarate gainerako errepidearen ondoan, eta Allarizekoan ere lan egiten jarraitu zuen. Gerora, Ermuaranbide kaleko lokal batera joan zen, eta, azkenik, gaur egungoa ireki zuen, Pedro Muguruza kalean. Horiek guztiak Elgoibarren daude.
1995ean, Arantza Urain elgoibartarrarekin ezkondu zen. Bi alaba dituzte: Iria (1996an jaioa) eta Kattali (1998an jaioa).
1996an, grabaketa-arteetan trebatzeari ekin zion, Egur tailerrean.
Bestalde, Arturo Andraderi musikazaletasuna etxean ernaldu zitzaion, aitak, Juliok, saxofoia jotzen baitzuen Ritmo orkestra ezagunean.
2005ean, bere biolin-irakaslearekin, Maite Irustarekin, izandako elkarrizketen ondorioz, lehen biolina egitea erabaki zuen. Urtebetean bukatu zuen. Ordutik, lutheriak gero eta garrantzi handiagoa hartu du Arturoren bizitzan, eta, gaur egun, goizez eskultore-lanak egiten ditu eta arratsaldez soka-instrumentuak.
Eskulturak
Hainbat material erabiltzen ditu eskulturak egiteko: besteak beste, egurra, harria eta brontzea. Behe-erliebeko koadroak ere egiten ditu buztinez.
1981n, lehen erakusketa egin zuen Ourensen, eta gero Galiziako beste udal batzuetara eraman zuen. 1989an, berriz, lehen erakusketa egin zuen Madrilen, eta 2003an bere lanak, beste artista batzuenekin batera, New Yorken eta Japonian (Tokion eta Wakamatzon) egon ziren ikusgai.
Bakarkako erakusketak
- Galizia, Venezuela eta Kubako jai iberoamerikarrera gonbidatua, Holguinen (Kuban).
- 1981, Ourense eta Lugo.
- 1982, Santiago.
- 1983, Ourense, Villagarcia eta Ferrol.
- 1984, Allariz eta Coruña.
- 1986, Vigo.
- 1987, Xinzo de Limia eta Burgos.
- 1988, Barco de Valdeorras.
- 1989, Tamayancos.
- 1997, Allariz.
- 1998, Elgoibar.
- 2009, Soraluze.
- 2010, Ermua.
Talde erakusketak
- 1981, Ourense, Ateneo, Picassoren omenaldia.
- 1982, Allariz, Ola de las Letras Gallegas.
- Guitiriz, Eskulturako 2. saria.
- Pontevedrako 6. arte-bienala, “balio gazteak”.
- 1985, Santiago, Areguaney-ko bienala.
- 1988, Valladolid, Androx taldea.
- Agurain, laurogeita hamarreko abangoardiak.
- Eibar eta Ermua, “Día de las Letras Gallegas”.
- 1989, Aranda del Duero, Androx taldea.
- Burgos, Udal Aurrezki Kutxa, Androx talde.
- Vigo, Androx galeria.
- Agurain, Arte eta Poesia Topaketak.
- Madril, Millares galeria, Androx taldea.
- Villanova de Cerveira, Portugal, Mostra Inter Bienais.
- Ourense, Caixa Ourense, Androx taldea.
- Banco de Valdeorras, Caixa Ourense, Androx taldea, Galizia.
- 1994, Coruña, Obelísco galeria.
- 1996, Ourense, Volter galeria.
- 1986, Ourense, Visol galeria.
- 1997, Ourense, Marga Prado galeria.
- 2003, Japonia, Ginza Towa galeria, Tokio.
- 2003, New York, Paula Barr galeria.
- 2003, Japonia, International art festival Aizu Wakamatsu.
Lanak zentroetan
- Pontevedrako Lurralde Museoa.
- Bello Piñeiro museoa, Ferrol.
- Naif Artearen Nazioarteko Museoa, Jaén.
- Allariz, “Homenaje o encino” eskultura aire zabalean, Allarizeko institutua.
- “Colección Marcote”.
- “Artabros” Parque Celta Torre de Hércules, Coruña.
- Allariz, zeramikazko horma-irudia, “Familia Escudero” eraikina.
- Coruña, kareharrizko eta buztinezko bost behe-erliebe: “As Lagoas”.
- Ourense, 1,20 x 1,20 cm-ko zeramikazko horma-irudia, Universidad Laboral.
- Elgoibar, errementarien omenezko eskultura, Makina Erremintaren Institutua.
- Coruña, kareharrizko behe-erliebeak: “Gaiteiros”, “Parella”, “Labregos”. “Oasis” egoitza.
- Elgoibar, “Guerrero”, “Mujer”, “Cabeza”, Altzola dorretxea.
- Holguin, Kuba, Fondo urbano de bienes culturales.
- Oleiros (Coruña), “El Europeo”.
- Elgoibar, Morkaikoko jaiotza.
- Allariz, idiaren jaiaren omenaldia.
Azkenaldian, Santiago Bideko hainbat udaletan egin ditu erakusketak: Iruñean, Leonen, Coruñan, Santiagon...
Luthier
Biolinak, biolak eta biolontxeloak egiten eta konpontzen ditu.
Arturok adierazi digunez, Txinan soka-instrumentu onak egiten dituzte, baina ez Europako artisauenak bezain bikainak. Dena den, Txinakoak askoz ere merkeagoak dira, noski.
Luthier moduan, Ordiziako eta Elgoibarko artisautza-azoketan hartu du parte.
Gaur egun, luthier-alderdia gaiari buruzko eskulturetan ere islatzen da.
Soka-instrumentuak konpondu ere egiten ditu.
Argizari galduko brontzezko eskulturak egiteko prozesua ez dugu deskribatuko, beste artista batzuei buruzko testuetan urrats guztiak azaldu baititugu.
Oraingoan, beraz, soka-instrumentuak egiteko prozesuaren nondik norakoak aipatuko ditugu, orokorrean.
Lehenik eta behin, musikari bakoitzari “bere neurriko instrumentua” egin behar zaio, hau da, besoen tamainaren (haurra, gaztea edo heldua) araberakoa. Bada funtsezko beste ezaugarri bat ere: musikaria eskuina edo ezkerra den. Gure artisauak bezeroei gorputz-neurriak ere hartu ohi dizkie.
Tamaina askotako biolinak daude: 1/32 - 1/16 - 1/8 - 1/4 - 1/2 - 3/4 - 4/4.
Biolak (hazbeteak): 11 - 12 - 13 - 14 - 15 - 15 1/2 - 16 eta handiagoak.
Biolontxeloak: 1/16 - 1/10 - 1/8 - 1/4 - 1/2 - 3/4 - 4/4.
Gure artista/artisauak Errumaniako Reghin eskualdetik ekarritako egurrak erabiltzen ditu instrumentuak egiteko. Han, izan ere, lutheriari lotutako tradizioa oso errotuta dago eta artisau asko dabiltza ekinean.
Sei edo zazpi hilabetez instalazio berezietan lehortzen egondako astigar- eta izei-egurrak ekarri ondoren, Arturok beste bost urtetan tenperatura eta hezetasun jakin batean uzten ditu, erabili aurretik.
Modeloa aukeratu eta neurriak finkatu (musikariaren gorputz-ezaugarriak kontuan hartuta) eta gero, “azpialdea” (edo tapa) egiten du, astigar-egurrezko bi pieza kolatuz, marrazki politak osatzen direlako. Xafla edo azpialdea bi piezarekin zergatik egiten duen (tamainarengatik, bakar bat nahikoa delako) galdetu nion Arturori, eta horra zer erantzun zidan: tradizioaren eta adituen arabera, piezak erabiliz soinua izugarri hobetzen da, eta luthier guztiek halaxe egiten dituzte musika-tresnak.
Piezak, kolatu ondoren, sarjenten bidez estutu eta, gutxienez, astebetez uzten dira lehortzen. Hurrengo urratsa lantzea izaten da, soberan dagoena kentzeko eta xaflari behar duen kurbadura emateko. Bigarren ezaugarria erloju konparatzailearen bidez egiaztatzen da.
Ondoren, “goiko tapa” prestatzen da. Izei-egurra erabiltzen da beti, eta, lehen aipatu bezala, bi pieza kolatzen dira. Ongi lehortzen eta egonkortzen direnean, arbastatzeari ekiten zaio, atal bakoitzak lodiera egokiak izan ditzan. Zerra pikatzaileaz baliatuta, “s” formako bi zulo egiten zaizkio: “belarriak” edo “eseak”. Zulo horietatik, soinua kanpora aterako da.
Hurrengo urratsa “behealdea” eta “tapa” elkartzea da. Egurrezko gerriko bat egin behar da, kaxa hutsa sortzeko. Horretarako, astigar-egurra busti eta, burdina bero baten bidez, nahi den kurbadura ematen zaio, molde batez baliatuta.
Itxi baino lehen, behealdean “barra harmonikoa” deritzon egurrezko zerrenda kolatzen da. Osagai horren helburua bibrazioak kontrolatzea eta banatzea da.
Barruan, izei-egurrezko “izkina-ziriak” ere ezartzen dira, “tapa” eta “behealdea” horiei atxikita kolatzeko.
Uztaiak eta izkina-ziriak ezarri ondoren, moldean muntatu eta kolatu egiten dira, arrain-kolaz, behealdean eta tapan itsasteko, eta, horrela, musika-tresnari ezaugarri duen forma ahur eta ganbila emateko.
Egurrezko “kirtena” egiteko unea iritsi da. Astigar-egur zati bat hartu eta higatu eta landu egiten da, gubiak eta trintxak erabiliz. Sortutako piezaren goiko aldean “larako-etxea” ezartzen da. Izenak berak adierazten duenez, sokak tinkatzeko larakoak edo ziriak egoten dira bertan. Amaieran “kiribildura” izeneko barraskilo-itxurako akabera erantsi ondoren, kaxa gainean ezartzen da.
Pieza lixatu eta bernizatu egiten da, pintzelaz edo eskuz. Arturo Andradek eskuz egiten ditu zeregin horiek.
Bukatzeko, soken eta kaxaren arteko “zubia”, soken azpialdeko “loturak”, “larakoak” (ebanoa, ezpela edo makila santua erabiltzen dira) eta musikariaren kokotsarentzako oinarria ezartzen dira.
Arkuak ere saltzen ditu, guztiak Mongoliako zaldi-ilez eginak. Ildo horretan, aipatzekoa da arkuak ere musika-tresna bakoitzaren tamaina eta ezaugarrien araberakoak izaten direla.
Irakurleen iritziak: