Historia

“Makrame” esaten zaio lokarri- edo soka-korapiloen bidez objektuak egiteko arteari. Teoria baten arabera, makrame hitza frantsesezko “macramé” hitzetik dator, eta korapilo esan nahi du; frantsesezko hitzaren jatorrian, berriz, arabierako “migramah” hitza dago, horrela esaten baitzieten korapilatutako sokekin egindako lanei. Beste batzuen iritziz, aldiz, arabieratik gaztelaniara pasa zen hitza eta hortik frantsesera. Bada hitzaren jatorria turkierako “makrama” elea dela dioenik ere.

Teknika hori antzinako Txinan erabiltzen zuten jada, eta korapilo bakoitzak bere izena zuen. K.a. 2300 urtean herri pertsiarrek eta asiriarrek sistema bera erabiltzen zuten ehunak egiteko. Arabiarrek Europan zehar hedatu zuten, eta hortik Ameriketara zabaldu zen. Bertan asko erabiltzen dute hamakak egiteko, batez ere Karibe aldean eta Amazonian.

Gaur egun poltsak, loreontzi-euskarriak, lanparak, tapizak, gortinak... egiten dituzte makrame-teknika erabiliz. 50 korapilo mota baino gehiago daude, eta nagusiak korapilo laua eta cote izenekoa dira.

Materialari dagokionez, hari mota ugari erabil daitezke, hala nola kotoizkoa, jutezkoa, lihozkoa, zetazkoa, etab. Garrantzitsuena haria sendoa izatea da, eta betiere, egin beharreko lanaren arabera aukeratuko da.

Gaur egun hainbat tokitan irakasten dute artisau-erako makrame-teknika.

Ezin ditugu ahaztu “kipu” direlakoak. Ketxuerazko “khipu” hitzak korapilo esan nahi du, eta horrela esaten zaio kolonaurreko Andeetako herriek erabiltzen zuten sistema mnemoteknikoari. Sokaren kolorea, luzera, korapilo mota eta kokapena erabiliz sistema numeriko osoa adierazten zuten. “Khipu kamayuq” esaten zitzaien inken inperioko aditu edo jakintsuei, eta eurek erabiltzen zituzten kipuak. Dagoeneko 600 “khipu” baino gehiago aurkitu dituzte.

Gaur egun oraindik ere ezin ditugu ulertu “khipu” direlakoen bidez adierazitako mezuak, baina buru-belarri ari dira ildo horretan lanean.

Juan Pablo Avila
Makramea

Antxon AGUIRRE SORONDO

Juan Pablo Avila Pinedo
MENDARO / GIPUZKOA
E-posta: eulalicaracas@hotmail.com / jahgreennesta@hotmail.com

Juan Pablo Avila

Sarrera

Makramezko lanak egiten dituen artisaua ekarri dugu estreinakoz atal honetara: Juan Pablo Avila Pinedo. Jaiotzez perutarra da, eta dagoeneko euskal herritar egin da.

Juanpak bere sorterriko tradizio zaharrari heldu dio, eta antzinako kipuak eguneratu ditu, gero ikusiko dugun moduan.

Juan Pablo Avila

Artisaua

Juan Pablo 1980ko ekainaren 19an jaio zen Pucalpa herri txikian, Peruko Amazonas zonaldean. Lehen ikasketak burutu ostean hainbat lanetan aritu zen, harik eta 2001. urtean neska frantziar batek artisau-lanen munduan sartu zuen arte.

2007an Elgoibarrera (Gipuzkoa) joan zen bizitzera, eta bertan ezagutu zuen Eulali emaztea. Liman (Peru) ezkondu ondoren Mendarora etorri ziren bizitzera.

Artisautza dute ogibide, eta emaztea, gainera, irakasle ere bada.

Produktuak

Lepokoak, eskumuturrekoak, diru-zorroak eta antzeko produktuak egiten ditu makrame sistema erabilita. Lan guztietan agerikoa da amerikar indigenen kutsua.

Materialei dagokienez, larrua eta harriak erabiltzen ditu batez ere, eta bere lanabesak arruntak dira: ebakitzaileak, kurrikak, aliketak, orratzak,... bere eskuak eta bihotza.

Juanpak etiketatxoa jartzen die lanei, honako lema hau jasotzen duena: “Arte Camino de la Libertad de Cuzco”.

Etxean eta artisau-azoketan saltzen ditu bere produktuak.

Prezioa lanaren eta erabilitako materialen araberakoa izaten da, baina 5 €tik hasita oroigarriren bat erosteko moduan izango gara.

Juan Pablo Avila
Juan Pablo Avila

Prozesuak

Ez ditu piezak marrazten egin aurretik. Buruan pentsatu eta sortzen ditu eskuz landu baino lehen.

Ideia mamitzen duenean hasten da lanean eta produktua sortzen. Juanpak dioenez, aldartearen arabera pieza era batekoa edo bestelakoa ateratzen zaio. Atsekabeen aurrean lasaitzen eta berri onekin alaitzen laguntzen dio eskulanak. Artisauaren aldartearen eta egiten duen piezaren arteko lotura azpimarratzen du. Beraz, askotariko osagaien emaitza dira bere lanak: materialak, estiloa (ondoretasun indigena), oraina (bere familia eta Euskal Herriaren eragina) eta bere arima, lantzen ari den horretan islatzen duena.

Irakurleen iritziak:

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media