Bihotzeraino iristen zitzaizkion Diego Joaquín Ibarbiari
amak euskaraz abesten zizkion abestiak, eta horrexek piztu zion
euskalduntasun sentimendua.
Mainak egiteari utzi zionetik hainbat urte geroago, Buenos Airesko
gizon honek Euskal Immigrazioaren
Aldeko Batzordea sortzea otu zitzaion, eta gauzatu egin zuen
bere asmoa. Erakunde honek, immigranteak artatzeko plan handiosoago
bat bilakatzeko xedearekin, Argentinan sartzeko laguntza eskaini
zien erbesteratuei 40ko hamarkadan.
Diego Ibarbia eta Francisca "Panchita" Olariagaren semea
Buenos Airesko General Guido probintzian jaio zen 1906an, oso sendi
euskaldun batean. Bere 96 urtetan zehar, gizarte ekintza ugaritan
hartu du parte. Dora Marín-ekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba,
hamahiru biloba eta lau birbiloba dauzka. Hogei urterekin injineru
agronomo ikasketak amaitu zituen, eta berrogei urterekin Zuzenbidekoak.
|
 |
D.J Ibarbia bere ama eta arrebarekin |
Gizon nekaezin hau, nolanahi ere, urrutirago iritsi zen, eta, horrela,
nekazaritzako erakunderik garrantzitsuena den Sociedad Rural Argentina-ko
zuzendari, funtzionario publiko eta irakasle izana da. Agronomia
eta Albaitaritzako Akademia Nazionaleko kide izendatu zuten, eta
baita Zientzia Moral eta Politikoetakoa ere. Lan itzela egin zuen
Buenos Airesko Probintziako Kolonizazio Institutuan, zuzendari gisa
jardun zuen urteetan guztira 131.000 hektarea hartzen zituzten hamasei
kolonia eratu baitzituen.
Eusko-argentinar erakundeen baitan, hirutan Eusko Ikaskuntzen Institutu
Amerikarreko presidentea izan zen; Laurak Bat Euskal Zentroko ohorezko
kidea da, eta Juan de Garay Fundazio Eusko-Argentinarraren sortzailea
Gaur egun gutxi dira Ibarbia bezalako gizonak. Elkartasun osoa
adierazi zien beharrean zeudenei, trukean deus eskatu gabe. Beste
herriekiko doako elkartasuna zer den ere ia ez dakien mundu garaikide
honetan, Ibarbia beste garai bateko humanismoaren adierazgarri dela
esan genezake. Garai historiko guztiz ezberdin baten lekukoa dugu,
herrialdeek elkarri inolako baldintza finantzierorik gabe laguntzen
ziotenekoa. Argentinak Euskadi eta Espainiarekin egin zuten bezala.
Eusko-argentinar taldearen ekintzak gogoan
Buenos Airesko alderdirik dotoreenetarikoan, kutsu europar garbia
daukan Palermo auzoan, elkartu gara Diego Ibarbiarekin. Goiz partea
da. Eta, bere eguneroko ohiturari jarraiki, La Nación egunkaria
irakurtzen topatu dugu bere bulegora sartu garenean. 96 urte edukita
ere, osasun bikaina dauka: aldian behin mendi aldera joaten da,
eta, berak bestelakorik uste duen arren, ondo baino hobeto gogoratzen
ditu duela hirurogei urte baino gehiago gertaturikoak.

Inolako arazorik gabe egiten du salto iraganera, 40ko hamarkadan
egiten zituenak azaltzeko, bizitzan zehar denetarik ikusi dutenek
izaten duten soseguarekin.
Batzordeak egindako lanaz oroitzean, hainbat pasarte ez oso atseginek
min handia egin ziotela ikusten dugu. Une batzuetan, Euskal Herriarekin
lotutako gaiez pentsatzean, hunkitu egiten da. Esaterako, bere amari
buruz hitz egiterakoan -"amek egiten duten bezala abesten
zuen euskaraz, ez aingeruek bezala"-. Berak transmititu
zion euskal kulturarekiko maitasuna.
- Nola sortu zen
Batzordea?
Pixkanaka, ez bat-batean. Buenos Airesko Kolonizazio Institutuko
idazkaria nintzenean, konturatu nintzen Tres Arroyos-en bizi ziren
holandarrak ("La Federal"-en, Barrow geltokian) Indonesiatik
kanporatzen ari ziren holandarrei laguntzen hasi zirela, eta pentsatu
nuen holandarrak halako gestioak egiteko gai baldin baziren, euskaldunok
ere egin genezakeela zer edo zer gure herrikide gaixoen alde. Izan
ere, euskaldun asko zeuden Argentinan. Orduan, lagun talde bat bildu
nuen Sociedad Rural Argentina-n, eta Euskal Immigrazioaren Aldeko
Batzordea eratzea erabaki genuen, Espainiako gerra zibilaren ondorioz
erbesteratutako euskaldunen egoera konpontzen edo, behintzat, hobetzen
saiatzeko. Jakina, eragozpen batzuk izan genituen, baina gainditu
egin genituen. Gainera, Ortiz presidenteak dekretu bat onartu zuen,
esanez agiririk ez zeukaten euskaldunek, Euskal Immigrazioaren Aldeko
Batzordearen abala edukiz gero, Errepublikan askatasunez sartzeko
eskubidea izango zutela
- Beraz, zuri
otu zitzaizun Batzordea eratzeko ideia.
Holandarrak egiten ari zirena ikustean bururatu zitzaidan. Argentinan
asko dira euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak, eta oso egitasmo
ona iruditu zitzaidan. Gainera, Buenos Airesko erakunderik garrantzitsuenek
beren laguntza osoa eskaini zidaten: Laurak Batekoek, Euskal Etxekoek,
eta, batez ere, Sociedad Rural Argentina-koek. Azken honetako presidentea
Adolfo Bioy biarnotarra zen, oso gizon euskaltzalea, bere koinatu
Miguel Casares bezala, Kolonizazio Institutuko nire ikuskatzailea.
- Zu oso gaztea
zinen orduan...
34 urte neuzkan; ez hain gaztea. Dena den, besteak ni baino zaharragoak
ziren. Uste dut askotan arazoak besterik ematen ez zizkien ume bihurria
banintz bezala ikusten nindutela.
-
Gertutik ezagutzen al zenuen erbesteratuen egoera?
Behin, 1927an, Euskal Herrian izan nintzen, eta beraz ondo ezagutzen
nituen prozesuko protagonistak. 1940an hasi nintzen ekiten.
- Egoera politikoa
delikatua zen oso. Ideologikoki denok bat al zentozten Batzordean?
Kontu handia izan nuen Batzordea Euskal Herrian zeuden joeretatik
kanpo mantentzeko. Horri esker, korronte politiko ezberdineko jendearen
babesa lortu nuen: erradikalena, kontserbadoreena, eta sozialistena
ere bai.
- Ziur aski, enbaxada
espainiarrak ez zuen ekimena oso gogoko izango.
Ez ginen gaizki moldatzen enbaxada espainiarrarekin, baina bagenekien
Ortizen dekretua derogatzeko trikimailuetan zebilela. Presidente
karguan Ortiz eta Castillo egon ziren bitartean ez zuten ezer lortu,
baina Perónekin bai, derogazioa lortu zuten.
- Eta zuek ez
al zenuten Perónekin derogazio hori ekiditeko gestiorik egin?
Derogazio horrek ezustean harrapatu gintuen. Ez genekien enbaxadan
zertan ari ziren. Perón ongi moldatzen zen Francorekin, eta
beraz pentsatzen dut Francok dekretua deuseztatzeko eskatuko ziola.
Eta Perónek hala egin. Dena den, ikuspegi praktikoan ez zuen
inolako eraginik izan, ordurako diasporako euskaldunek aurkitu zutelako
beren lekua.
- Erbesteratuei
Argentinan sartzen lagundu ondoren, bertan kokatzeari begira, jarraitzen
al zenuten beraiekin harremanetan?
Ahal genuen neurrian bideratu egiten genituen, baina gehienak beren
kabuz kokatzen ziren. Argentinan zeuzkaten ahaide eta lagunak izan
ziren benetan lagundu zietenak. Harrigarria da nola, herrialde batzuetara
joaterakoan, jendeak, nigana hurbildu, eta esaten didan: "zuri
esker nago hemen". Egia da jende asko Batzordeari esker
sartu zela Argentinan, baina gero beren kabuz mugitu ziren.
- Ba al dakizu
orotara zenbat jenderi lagundu zenioten?
Zaila da kopuru bat zehaztea. Nik uste dut 3.000 bat familia sartu
zirela. "Homenaje
al Comité Pro Inmigración Vasca" liburuan
esaten da 1.500 ingururi lagundu zitzaiela, baina kontuan izan behar
da familia asko ez zirela Batzordearen kontroletik pasa.
- Beraz, ikusi
egin beharko litzateke Batzordeari esker ofizialki zenbat sartu
ziren. Kolonizazio Institutuaren paperen artean egongo ote da Batzordearen
artxiboa?
Beharko luke, baina ez dakit. Institutuko presidentea Miguel Casares
ingeniaria zen. Asko lagundu zigun, azken batean lan antzekoa egiten
genuelako. Bulego handi bat geneukan San Martín kalean. Nik
ordaintzen nuen alokairua, eta Kolonizazio Institutuko langile bat
jarri nuen bertan Batzorderako lanean (Oscar Rivas Nogueira).

- Nolako harremana
zeneukaten euskal erakundeekin?
Nik, pertsonalki, beti harreman ona izan nuen. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren
Delegazioarekin arazo batzuk izan nituen. Guk ez genuen gure lanagatik
ezer kobratzen, baina Delegaziokoak bai - Aldasoro zen bertako burua-,
eta hara hurbiltzen zirenei zerbait kobratzen zieten. Bakoitzak
ahal zuena ordaintzen zien. Horrek zeharo harrituta utzi ninduen,
guk ez baikenion sekula inori ezer kobratu. Tandilen izandako festa
batean konturatu nintzen horretaz, diru bilketa bat egiterakoan
esan zutenean Euskal Immigrazioaren Aldeko Batzordearen alde zela.
Baina ez zen egia: Delegazioarentzat zen. Amorru handia eman zidan
Batzordearen ospeaz baliatu izanak. Aldasororekin oso eztabaida
gogorra izan nuen horregatik, baina gerora konturatu nintzen ezer
gabe iritsi zirela hona, ez zeukatela bizitzekorik ere. Beharrak
bultzatuta jardun zutela.
- Ortiz presidenteari
egindako omenaldi batean egin zenuen hitzaldian esan zenuen Batzordeak
plan handiosoago baten hasiera izan behar zuela...
Beti izan nuen Eusko Jaurlaritzarekin harreman estua izateko itxaropena,
baina Delegazioak bere ekintza gurearekin hain gaizki nahasten zuela
ikustean, itzali egin zen nire esperantza. Orduan, erabat nahigabeturik,
utzi egin nuen Batzordean egiten ari nintzena. Tamalez, azkenean
euskaldunak atera ziren galtzaile. Pena da hori guztia galdu izana.
Euskal immigrazioaren zerbitzura egongo zen erakunde iraunkor bat
sor nezakeen, baina...
- Nola ikusten
zuten argentinarrek immigrazio hori?
Komunikabide guztiek ematen zioten beren babesa. Dena den, baziren
salbuespen batzuk ere. Galiziar edo katalanek, adibidez, beren herrialdeko
etorkinei tratu berdina ematea eskatzen zuten.
- Zein oroitzapen
dituzu Ortiz presidenteari buruz?
Elkartasun handia adierazi zigun. Behin baino gehiagotan bildu ginen
Batzordeko kideak berarekin Gobernuaren egoitzan, eta bere etxean
ere bai, Casaresekin, Kolonizazio Institutuaren arazoei buruz hitz
egiteko. Itsua gelditzen ari zen. Beti egon zen erbesteratuei laguntzeko
prest. Arbaso euskaldunak zituen, eta bere emazteak ere bai.

- Gogoratzen al
duzu lehenengo itsasontzia iritsi zenekoa?
Oso ondo gogoratzen dudana Formosako urtebeteko bidaia da... Iristerakoan,
Batzordeko presidenteak eman zien ongietorria, José Urbano
Aguirrek. Tigretik gertu landetxe bat zeukanez, hara joan ziren
guztiak. Hunkigarria izan zen. Euskaldun hauek euskal abestiak musika
brasildarrarekin abesten zituzten, eta alderantziz, abesti brasildarrak
euskal musikarekin. Urtebete eman zutenez itsasontzian, tarte horretan
Brasilgo portu guztietatik igaro ziren, eta musika karioka ikasi
zuten. Oso ederra izan zen halako etsipen egoeran zegoen jendeak
egoerari buelta nola ematen zion ikustea, eta nola abesten zuten...
- Batzordeko kide
bilakatu baino lehen hainbesteko gertutasuna al zeneukan euskaldunekiko?
Horri erantzuteko, nire ama aipatu beharra daukat. Nire ama argentinarra
zen. Jaiotzean ama hil zitzaion, eta Francisco Olariaga aitonak
Bizkaira eraman zuen, eta hangoek Behtarram-eko eskola batera, Frantziara.
Beraz, ulertzekoa da amak niri sentimendu hori transmititu izana.
Gainera, amek abesten duten bezala abesten zuen euskaraz, ez aingeruek
bezala... Nik bihotzean sentitzen nuen. Etxekoek esaten zidaten
ama sehaska kanta euskaldunak abesten hasten zitzaidanean ni mainuka
hasten nintzela. Eta gogoan dut bere gonari tiraka nola esaten nion:
"ama, abestu; ama, abestu". Behin, ni euskal txapela ibiltzen
zuen argentinar bat nintzela esan zidan amak. Egia biribila.
Gonzalo J. Auza, gonzalo@juandegaray.org.ar
http://www.juandegaray.org.ar/fvajg/docs/Gonzalo_J_Auza
Irudiak egilearena
-
Euskonews & Media 205. zbk (2003 / 03-28 / 04-04) |