Iñaki Perurena |
Beñat Doxandabaratz
Argazkiak: Usoa Otaño
Traducción al español
Leitzako gasolindegi atzean dagoen bere harategian egin dugu hitzordua. Gu heltzerako, han dugu zain Iñaki, bere planta itzela lagun. Solasean hasi eta berehala konturatu gara Leitzako indartsua, gizon atsegina izateaz gain, ez dela arropa lehorrean utzi eta uraren temperatura oin-puntekin ukitzen duten horietakoa, sartu ala ez sartu. Alegia, beste batzuek isiltzea nahiago duten gaietan, Perurena epelkeriatan ibili ez eta “busti” egiten da.
Euskal Herrian gizon polifazetikorik baldin bada, hori zu zaitugu. Baina, lanbideaz galdetuta, zer erantzungo zenuke?
Kontxo, galdera zaila egin didazu. Ni ezaguna baldin banaiz harrijasotzailea naizelako da, harria jasotzea nire kirola eta gozamena baita. Baina hortik bizitzerik ez dagoenez, ba karnetean datorrena jartzazu: harakina.
19 urteko Inaxio da zure bidea jarraitu duena.
Bai, harria jasotzen aritzeaz aparte, bera da nirekin batera lanean dabilena, bai baserrian, bai ganaduarekin.
Inaxiok zuk etxean izan ez zenuen laguntza ukan du. Oker ez banabil, zure etxean aizkora bai, baina harria ez zuten ikusi nahi ere.
Bai, garai ezberdinak ziren. Hala ere, eboluzio hori hobeki ulertzeko antzinako garaietara jo beharko genuke. Antigoaleko denboran, aizkoraz egurra ebakitzen zutenak basolariak ziren, eta tarteka apustuak egiten zituzten. Belarra segaz ebakitzen zutenak, ostera, baserritarrak ziren; eta harria jasotzen zutenak, harginak. Horien guztien arteko neurketak pixkanaka erromeri inguruko girotik atera ziren eta herrietako plazetara sartu, apustuaren bidez. Desafioa, apustua, erronka, norgehiagoka... Ba, ni apustuaren alderditik hasi nintzen harriarekin.
Alegia, oraindik kiroltzat jotzen ez zenean.
Hori da. Harria jasotzen ikustera baino gehiago, bi gizonen arteko lehia ikustera joaten zen jendea, bata edo bestearen alde apustu eginez. Momentu batean, ordea, apustuak egiteari utzi eta harria beste modu batean jasotzeari ekin nion, alegia, ni harriaren kontra errekor-bidean. Halterofilia liburu mordoska irakurri nituen. Dena den, garbi daukat apustuari esker heldu naizela horretara. Inaxio, berriz, herri kirolaren ikuspegitik hasi da harria jasotzen. Hortaz, ez du borroka klase hori egin behar izan. Nolabait esateko, nik urratutako bide hori hartu du, zalantzazko bidegurutzerik gabe.
Sasoi puntu hura joan bazaizu ere, 250 kilokoari jasoaldia ematen diozu oraindik.
Bai, nahiko kurioso nabil. Baina gerrietatik ez sufritzeko estiramendu eta beroketa dezente egin behar izaten dut. Eta horrela zahartu nahiko nuke, harria jasoz.
Zein da saririk politena erakustaldietan?
Plazan naizela pozgarria egiten zait jendearen halako hitzak entzutea: Joño, Iñaki, oraindik nahiko ongi habil! Baina, beharbada, politena Inaxio giro horretan ikustea da. Baita ere jendeari lehen eskaintzerik ez nuena orain eskaini ahal izatea. Hala, une jakin batean, mikrofonoa hartu eta jendeari azaltzen diot harria jasotzea zer den, alegia, harginaren harria hartu eta jolasa bilakatu zela, lana izatetik kirola izatera, eta euskaldunok gure indarra probatzeko hainbat eratara egiten dugula. Gero, esaten diet oroitarriak munduko edozein tokitan badaude ere, 2003. urtean euskaldunak bakarrak garela harritik kirola egiten, federazioa, arautegia eta guzti dugula.
Japonian izan zara erakustaldiak egiten. Zer aurpegi jarri zuten zu ikustean?
Egia esanda, japoniarrak ez dira deusekin harritzen, txertatuta daude harritzearen kontra. Estranjeria aldera joaten naizenean jendeari bitxia egiten zaion gauza bakarra zera da: gaur egungo gizarte moderno honetan, non aleazio arinak nagusi diren, ba, harria bera erabiltzea kirol asmoetarako. Bestalde, nire itxura ikusita ere harritzen ziren batzuk, batez ere potoloago nengoenean, musugorri horiekin.
Herri kirolaren geroa folklorearen eskutik joango al da?
Baina zeri deitzen diozu folklorea?
Ba, Iparralden egiten dutenari euskal ohiturekin.
Hortik ikusita, bai, batez ere uda partean antolatzen dituzten jaialdiak turistendako. Irudi jakin bat saltzeko: Oh la la! La force basque! Joaten naizenean, paristarrak hurbildu eta hizketan hasten zaizkit frantesez. “Oh, mais vous ne parlez pas français”. “Ez, ez dakidala ba. Ni euskalduna naiz”, erantzundakoan zur eta lur geratzen dira. Esanak esan, folklorea azala besterik ez bada ere, barruan muina du. Hori dela eta, gure onerako erabil dezakegu, bizia ateratzeko aukera bezala, nahiz eta ongi jakin herri kirolaren kontzientzia beste gauza bat dela. Eta hori ere landu egin behar da.
Herri kirol zaleek badakite munduko errekorra bi eskuekin Mieltxo Saralegik duela 329 kilorekin. Baina, hortik aparte, inor gutxik daki harriaren beste errekorrak zertan diren.
Bai, jauna. Inork ez dizu esango: zenbatean dago korrikako errekorra? Baizik eta: zenbatean dago maratoiaren errekorra? Eta 100 metroena? Alegia, jendeari ahaztu egiten zaio harria jasotzen zenbait modalitate badirela: harri errektangularra, zilindrikoa, kubikoa eta biribila, bi eskuetara, batera, eta abar, txanda eta denbora ezberdinetan beti ere.
Zu zeu, Saralegi, Goenatxo edo Zelai bezalako harri-jasotzaileen ondoren, harrobia lantzen ari al da?
Zoritxarrez, ez behar adina. Alde batetik, Inaxioz gain, badira oso lan txukuna egiten ari diren gazteak: Aimar Irigoien, Izeta IV, Unai Aresti eta Unai Anasagasti.
Zerk pattaltzen du harrobi hori?
Alajaina! Hainbat gauza dira. Futbolari gazte bat ateratzen baldin bada -maila on samarrekoa- garantia dauka komunikabideen oihartzuna izango duela. Herri kirolean, aldiz, ez da halakorik. Bestalde, harrobia landu ahal izateko, komunikabideen atentzioa ez ezik, atzeko babesa ere eduki behar duzu, hau da, nolabaiteko laguntza, sikiera atletismoak izan dezakeenaren parekoa, harri-jasotzaile gazteak lasaitasun osoz eta behar adina denboraz aritu daitezen, soldata bat jasota ere bai. Hori eskuratu ezean, bazterreko bidetik egiten duzun zerbait bezala ikusten dut nik herri kirolaren etorkizuna.
Artikuluak ez ezik, liburuak ere plazaratu dituzu; horra hor, “Harria mundu, mundua harri ”. Idaztea harriak altxatzea bezain premiazkoa al zaizu?
Bai, horixe. Denok idazten dugu pila bat gure barruan. Eta nik barruan eduki beharrean, ba atera egiten ditut, niretzako eta nire ingurukoentzako mesedegarria delakoan. Izan ere, zergatik ez du harri-jasotzaile batek bere iritzia emango denok kezkatzen gaituzten gaiei buruz? Orain, adibidez, politikari batzuen ahotan esaldi hau dabil: euskal gatazkaren konponbidea oso erraza dela. Beharbada soluzioa zein izan litekeen ikustea bai, baina horrek ez du esan nahi hortik konponketa etorriko denik. Maratoia korritzea bezain gogorra izango da. Alegia, maratoia korritzeko badakizu non dagoen irteera puntua, baina gero korritu egin behar duzu, indarrak izugarri neurtuz helmugara ailegatuko bazara. Ba, hori bera gertatzen da euskal gatazkarekin.
Horren harira, Julio Medem-en dokumentala ikusi al duzu? Hala bada, zer iruditzen zaizu?
Lan txalogarria eta ausarta da. Zinemara igande batean joan eta hunkigarria izan zen bukaeran ikusle gehienak txaloka hastea, ni barne. Medem-i gutxienez eskertzen diot hemengo arazoa ez dela ETA bakarrik kontatu izana. Lehengo egunean, Miramon-go ETB-ko estudioetan bati entzun nion Medem “oportunista” bat dela. Ba nahiko nuke nik oportunista gehiago egotea! Espainia mailan ikusteko apropos askoa iruditu zait, egunero-egunero “ABC” eta “La Razón” bezalako egunkariak erosten dituen hiritarrak harriaren beste aldeak ere badirela jakin dezan.
Zure ustez, ez al ziren falta jende ez hain aditu edo xumeagoaren adierazpenak?
Agian bai. Ni ere elkarrizketatu ninduen, baina zinemako montajean ez da agertu. Hala eta guzti, iritzi asko dago, ikuspegi guztiak islatuz.
Hori bai, adierazpenen artean kezka pixka bat sortu zidan Bernardo Atxagak amaieran esandakoak, alegia, Euskal Hiria kontzeptu zabalagoa dela Euskal Herriarena baino, bakarrik espainolak, espainolak eta euskaldunak eta bakarrik euskaldunak sentitzen direnak hobeki egokituko liratekeela hiri baten baitan. Baina orduan nire galdera da: euskal hiri horretan ze toki geratzen da euskaraz bizi nahi duen euskal herriarentzat? Ez gaitezen engainatu, euskara mantendu baldin bada, herriei esker izan da.
Dokumentalaren gaia utzi gabe, zer sentitu zenuen José Javier Múgica Leitzan hildako UPNko zinegotziaren semea agertu zenean?
Tristura. Momentu latz hura etorri zitzaidan gogora, bonbaren eztanda nire harategiaren barrenetik entzun nuen-eta. Baita pentsatu ere bera izan zitekeela, jakin gabe ere zein zen. Baina tira. Semeak zioen bere aita ideiengatik hil zutela. Nire ustez, ezin daiteke inondik inora onartu pertsona bat hiltzea, ez ideiengatik eta ez deusengatik. Baina horretan bat nator Elkarri-ko Jonan Fernandezekin: ni biktima eta mehatxatuen alde agertzeak (eta egiten dut) ez du esan nahi bere ideia eta iritziekin ados nagoenik, ezta gutxiagorik ere.
Nire ustez, garbi dago ETAk euskal herrigintzari kalte egiten diola, besteak beste, mugan dagoen jendea uxatu egiten duelako. Gainera, aztertu beharko genuke zer lortu duen bere jokabide horrekin. Aldi berean, ordea, iruditzen zait hemen askatasunik ez dagoela, euskaldunok menpekoak garela, betiko seguru aski. Kontuak kontu, elkarrizketa da bide bakarra, apusturako bide hori hartu beste erremediorik ez dago, nahiz eta seguruenik galtzaile atera.
Zergatik diozu hori?
Kontrarioak bere terrenura eramango gaituelako. Demagun bi erronkari direla; belozista gu eta maratoilaria bestea. Boteprontoan, zein da erdibideko proba lehiatzeko?
20 kilometroak. Baina ez...
Ba bai, nahiz eta berez ez izan, hori korritu beharko genuke.
Indarrak biltzeko kontu horretan, herrigintzaren aldeko jende frankok uste du partidu abertzaleen arteko adostasuna oinarrizkoa dela...
Hori da nik aldarrikatzen dudana. Adibidez, horrenbesteko aldea al dago EAren eta Aralar-en artean, hauteskundeetara bakoitza bere aldetik joateko? Dena den, nazionalismoa baino, herrigintza askoz termino aproposagoa egiten zait.
Pentsamendu bakarraren aroan eta zuria edo beltza aurkezten duten herri honetan, badirudi gai jakin batzuen inguruan zure iritzia ematea 300 kiloko harria irristatzeko bezain arriskutsua dela...
Bai, adierazpen askatasuna tokitan dago. Eta hori ere kazetariekin gertatzen da maiz. Horregatik oso tentuz ibili behar da. Nik esango banu: ETA ez da arazoa, nahiz eta arazo handia izan, ziur egon esaldi hori testuingurutik atera eta moztu egingo luketela eta bakarrik lehen zatia jarri.
“100 años de historia y libertad en Navarra”-n Miguel Sanz-ek dio Euskal Herria gezur handi bat dela. Politikoki bakarrik hamar urtez existitu zela. Zer deritzozu?
(Isilune adierazgarria, eta hasperena). Hala ere, ezin gara egon besteak esaten duenari begira. Kontzientzia pizteko makina bat lan egitea da zuhurrena. Horretarako gauzak benetan nola gertatu ziren azaldu behar dugu.
Hori aipatu duzula, zure idatzi batean diozu euskara dela Euskalerria martxan jartzen duen giltza.
Bai, konbentzituta nago horretaz. Euskaroek bere hizkera antolatu zuten, eta horrekin batera, izakera eta ohitura batzuk. Gaur egun, Nafarroako herri dezentetan, nahiz eta euskara galdu, izakera eta ohitura horiek bizi-bizirik daude. Eta alderantziz, “vasco” batzuen artean, euskara gordeta ere, izakera hori galdu egin dute. Orduan, galdera hau da: kanpotik etorri eta euskaldundu den hori euskalduna al da? Nire iritziz, zati bat lortu du. Ikasi ezazu euskara Bilboko eukaltegi batean edo zoaz Erratzuko baserri batera bi urtez. Ea berdin ulertzen duzun mundua. Jakina, hau dena hausnarketa modura diot. Gainera, egia esango dizut: Nik, seme-alabekin euskaraz egin arren, emaztearekin erdaraz egiten dut gehienetan. Zergatik? Eskolan erdaraz ikasi genuelako. Eta gaur ere, errazago irakurtzen dut gazteleraz euskaraz baino.
Politikara itzuliz...
Baina politikaz aritu al gara ba? Joan den neguan Iruñeko harresietan barrena nenbilela, gizon batekin egin nuen topo, ezagun samarra bera: Carlos Garaikoetxea. “Kontxo, Carlos, aspaldi ikusi gabe” esan eta hauxe galdetu nion: “Aizu, Carlos, euskaldun batek zer egin behar du, bere hizkuntzaren eta kulturaren alde borrokatu edo bestela, politikan sartu?”. Erantzun garbia eman zidan: “Begira Iñaki, gauza bat bestea gabe erori egiten da”. Eta arrazoi du, indar politikorik gabe laguntza gutxi izango dute hizkuntzak zein kulturak. Dena loturik doa.
Zerekin egiten du amets Iñaki Perurenak?
Ametsik gozoenak begiak irekita dituzunean suertatzen dira.
Eta amesgaiztoak?
Ba, boladak izaten dira. Aspaldi honetan ez dut eduki. Aldiz, orain hamabost bat urte, ohera joan eta almohada (burukoa) aldez alde izerdiz bustitzen nuen. Lorik ezin hartu edo hotzikarekin esnatzen nintzen; baita emaztea ikaratuta esnatu ere. Larramiloa hartzea jaiki eta umeen gelara joaten nintzen ea ongi zeuden.
Jakin al liteke zergatik?
Bai, nire burua gehiegi estutzen ari nintzelako. Badakizu, markak hobetu beharra, komunikabideekin aritu beharra, erakustaldiak, lana, eta abar. Azkenean, badakizu nola joan zitzaidan dena?
Nola?
Ezetz esaten hasi, eta hara! Akabo larritasunak eta estresa.
Ametsetan ez al zaizu koloretako antiojodun gizon bat agertzen?
Zorionez, ez. Eskerrak idaztera ohitua nengoen eta bizkor erantzun nion bere lotsagabekeriari. Eta berak bigarrenez idatzi zidan, gezurti deituz, historiaz zipitzik ere ez nekiela eta nirea mitologia hutsa zela. Halako disparateak irakurrita berriz erantzun nion. Hain zuzen, mitologian dago egiarik handiena, historia ere badelako, baina denborak leundurik.
Iñaki
Perurena Gartziarena
Belaunaldi berriek “Goenkale”ko Imanol gisa ezagutzen dute. Eta
beteranoek, aldiz, harri-jasotzaile modura. Baina biak zuzen dabiltza, izan
ere, bere harriek adinako alderdi eta ertz ditu Iñaki Perurena Gartziarenak
(Leitza, 1956). Denak ezberdinak izanagatik, elkarren osagarri direnak pieza
bat osatzeraino: Harrijasotzailea, aktorea, poeta, baserritarra, abeltzaina,
harakina eta plazagizona. Harategian lanean jardun arren (“denborak
ematen didan hainbestean”), agenda betea eduki ohi du Iñakik:
Astean zehar ganadua zaintzea eta paperak egitea dela, “Goenkale”
grabatzera joatea dela eta beste hamaika konpromiso direla, asteburuetan erakustaldien
txanda iritsi baino lehen herriz herri, harriz harri joateko. Alabaina, estresik
ez duela dio, “ezetz esaten ikasi baitut, lasai egon eta emaztea nahiz
hiru seme alabekin egoteko: Maite, Inaxio eta Xabierrekin”.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |