Inma Shara

Orkestra zuzendaria

"Estatu osoan bi baino ez gara orkestra sinfonikoak zuzentzen aritzen garen emakumeak"Escuchar artículo - Artikulua entzun

Ismael Diaz de Mendibil
Itzulpena: Koro Garmendia
Español

Inmaculada Sarachaga. Emakumezkoa. Gaztea (31 urtekoa). Amurriotarra. Horrelako hasiera du gure gaurko protagonistaren curriculum-ak. Eta datu gutxi horiek irakurri orduko jabe gaitezke ez zirela gutxi izango musikagile honek orkestrak zuzentzera iritsi arte gainditu beharreko eragozpenak. Izena korapilotsua izateak konponbide erraza zeukan: pixka bat laburtu, nazioarteko kutsu bat eman, eta kitto. Gaztea eta emakumea izatea, ostera, konplexuagoa zen, baina lanean tinko eta profesionaltasunez jokatuz, agerian gelditu dira bere dohain guztiak. Zatozte Inma Sharak zuzentzen duen orkestra entzutera.

Zure nortasun agiriak adierazten duenez, Inmaculada Sarachaga zaitugu. Nolatan hartu duzu Inma Shara izena?

Nik ez diot nire izenari uko egin, oso ederra iruditzen zait. Baina bostehun aldiz errepikatu behar izatean, askotan atzerrian, eta ia beti gaizki erabiltzen zutela ikustean, pixka bat moztea erabaki nuen.

Noiz erabaki zenuen musikari izatea?

Erabakia ez nuen egun batetik bestera hartu, baizik eta pixkanaka. Dena den, hautua ez nuen oso kontzienteki ere egin. Oharkabean sartu nintzen musikaren munduan, eta maitemindu egin nintzen. Argi ikusi nuen aurrerantzean ezingo nuela musikarik gabe bizi.

Eskolan, ikaskideen artean, ikastun edo "empollona" fama omen zeneukan.

Bai, hala da. Baina hori, niretzat, nolabait ohore bat da. Ez zait iruditzen bidean ezer galdu dudanik... Orain ere ikasten jarraitzen dut. Niretzat behar-beharrezkoa da ikasten jarraitzea, bestela hilik egongo nintzateke.

Sekulako curriculum-a daukazu hogeita hamar urte besterik ez izateko.

Ba ea hemendik urte batzuetara oraingoaren bikoitza izaten dudan! Txantxak utzita, aitortu behar dut oso zorte ona izan dudala. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker, mundua ezagutzeko eta irakasle ezberdinen eskutik ikasteko aukera izan dut. Dena den, zorteaz gainera, motibazioa ere behar da. Horrek askoz ere garrantzi handiagoa du. Musika, niretzat, bizitzeko modu bat da, ez lanbide bat.

Musikari hogeita hamar urtez hainbeste ordu eskainita, ziur aski bidean zerbait utzi behar izango zenuen.

Nire bizitzaren ardatza musika da. Inoiz edo behin izan dut goibelaldiren bat; ez pentsa dena beti zoragarria izaten denik. Musikarekiko izugarrizko pasioa sentitzen dut, baina ez egunaren 24 orduetan, jakina. Dena den, musikak edo orkestra bat zuzentzeak ematen didan pozak erabat argitzen dizkit igarotako une latzak.

Goibelaldiak aipatu dituzu. Horrelako uneak ere igaro behar izan dituzu, beraz.

Bai. Baina ez bidean zerbait utzi izanagatik, baizik eta musikaren arloan aurrera egiteko topatu ditudan eragozpenengatik. Ez dago musikari gazteei lan munduan sartzen laguntzeko azpiegiturarik. Nire kezken iturria hori izan da batez ere.

Pozaldiak ere izaten dituzu, baina.

Bai, kontzertu bat bikain ateratzean, jendearen txaloak entzutean, kritika onak irakurtzean... Zorionez betetako une horien atzean lanordu asko daude ezkutuan. Eta, gainera, lanean emandako ordu horien emaitza barneratzen eta jendeari transmititzen jakin behar duzu. Artista batek obraren espiritua barneratu eta interpretatzen jakin behar du.

Zuzendaritza ikasleen artean, ehuneko zenbat dira emakumezkoak?

Oso gutxi. Hamar gizoneko bi emakume baino ez daude. Gainera, gauza bat da zenbat emakume ari diren ikasten, eta, beste bat, zenbatek amaitzen duten zuzendari izaten.

Eta zenbat emakume zabiltzate orkestrak zuzentzen?

Estatu espainiarrean, bi besterik ez. Titulua lortzea zaila bada, zer esanik ez lan merkatuan sartzea.

Beraz, ezin esan emakumeentzat samurra denik orkestra zuzendari izatera iristera bitarteko bidea.

Mundu hau oso bitxia da. Zuzendaritzaren arloa, duela gutxira arte, gizonezkoei erreserbatuta egon da. Konpositore batzuek ez daukate konfiantzarik emakumeengan, beti aginduak ematen dizkizute: "Hau egin behar duzu, eta hori, eta hura...". Emakumeak bigarren maila batean ikusten gaituzte, baina ni kasurik ez egiten saiatzen naiz. Emakumeek gizonek adina indar izan dezakete orkestra bat zuzentzeko, eta, alderantziz, gizonek emakumeek adina sentsibilitate. Ezin da esan sexu bakoitzak ezaugarri jakin batzuk dauzkanik.

Gizartea matxista denean, musika are matxistagoa izaten al da?

Bai. Batez ere, orkestretetako ia musikari guztiak gizonak izaten direlako. Eta ez gazteak, gainera. Ez da erraza aldaketak egitea. Niri interesatzen zaidan gauza bakarra zuzentzea denez, alderdi horiei garrantzirik ez ematen saiatzen naiz. Orkestra batekin arazoak sortzen direla? Ba lasai, badira beste orkestra batzuk. Hemen ere, beste gauza askotan bezala, zortea izatea oso garrantzitsua da. Oso ona izan arren, inork ez badizu demostratzeko aukerarik ematen...

Zein ekarpen egin nahiko zenioke orkestrak zuzentzeko arloari?

Azken urte hauetan, orkestrak modu biribilean zuzentzeko eskuliburu bat bota dut faltan, zuzendari on baten eta txar baten artean dagoen ezberdintasuna zehatz-mehatz definitzen duen liburu bat. Eta, hain zuzen, hori prestatzen ari naiz, ahalik eta informaziorik gehiena biltzen. Orkestren zuzendari izan nahi duten ikasleei zuzendari handiek zeuzkaten ezaugarriak ezagutarazi nahiko nizkieke, gero, bakoitzak, bere ibilbide profesionalean bere modura aplikatzeko.

Zeure ustez, zein gauza on eta ez hain on eskain ditzake orkestra zuzendari batek?

Interesgarria da galdera. Konplexua ere bai. Orkestra zuzendari batek gauza asko eskain ditzake, onak eta txarrak. Onen artean aipatuko nituzke motibazioa, espiritu artistikoa, musikari bakoitzari daukan onena ateratzen laguntzeko gaitasuna... Alderdi horiek guztiak batuz gero, oso emaitza ona lortuko du, bikaina. Ez dugu ahaztu behar orkestretako musikariak, beste ezer baino lehen, musikariak direla. Gauza txarren artean, zuzentzen ez jakitea legoke. Badira horrelako zuzendariak ere, ardura guztia musikarien esku uzten dutenak.

Partitura berbera edukita ere, zuzendari bakoitzak oso modu ezberdinean interpreta ditzake obrak.

Erabat ezberdinak diren moduetan. Ziur nago zerorrek entzungo bazenitu, esango zenukeela: "Ba niri hau gehiago gustatu zait bestea baino, gehiago hunkitu nau, gehiago transmititzen dit...". Beethovenek, adibidez, partitura bat idatzi zuen, baina, gero, zuzendari bakoitzak, espiritu artistiko ezberdina izaten duenez, modu ezberdinean interpretatzen du. Partitura aldatzerik ez dago, jakina, baina obrarekin fantasiak egin ditzakezu. Horretan datza musikaren magia.

Orkestra zuzendariak konpositore ere izaten al dira?

Ni bai, konpositorea ere banaiz, baina ez da beti horrela izaten. Ni konposatzen aritzen naiz, musikaren arkitektura hobeto ulertzen laguntzen didalako. Zuzendari batek obra aztertzen jakin behar du, gero orkestrarekin lanean aritzean obraren mamia ondo adierazteko. Nire iritzian, zuzendari bat, konposatzen ez badu, ez da benetako zuzendari bat izango.

Musika klasikoa elitista dela esango zenuke?

Nik baietz esango nuke. Horregatik, eskertzekoa da instituzio eta erakunde pribatu batzuek herritarrentzat halako ekitaldiak antolatzeko hartzen duten lana. Gasteizen, 220.000 biztanle dituela kontuan hartuta, musika klasikoko kontzertu batera joaten direnak 3.000 inguru izango direla uste dut. Erdieuropako herrialdeetan askoz ere jende gehiago joaten da, baina han eskaria askoz ere handiagoa da, prestatuago daudelako. Txikitandik hartzen dituzte musika tresnak eskutan. Ehunka urteko tradizioa dute.

Demagun kontzertu bat amaitutakoan, zure senide bat zuregana hurbildu eta zera esaten dizula: "Oso ondo egiten duzu zure lana, Inma, benetan, baina ez dut tutik ere ulertzen...".

Kontzertu batzuetan oso esperientzia politak izan ditut. Jendeak, niregana etorri, eta esan izan dit izugarri gustatu zaiela ni zuzentzen ikustea, orkestrak nola jotzen zuen entzutea... Azken batean, niri benetan axola zaidana zerbait transmititzea da. Nik uste dut jende gutxi gelditzen dela ezertxo ere sentitu gabe. Poz handia hartzen dut jendea aldagelara etortzen zaidanean kontzertua asko gustatu zaiela edo hunkituta nigarrez hasi direla esateko... Une eder horiek bizitzeagatik bakarrik, merezi du ikasten hainbeste ordu ematea.

Zure lankideen artean, izango da besteen gainetik dagoela uste duenik.

Hori lanbide guztietan gertatzen da. Egia da lehen zuzendariak Erregeen parekoak izaten zirela, baina hori aldatu egin da. Musika ez du zuzendariak bakarrik egiten; musika denon artean egiten dugu. Lehen, jendeak, ez zien inolako arretarik eskaintzen orkestrako musikariei, ez ziren ezta profesional modura ere ikusten, baina orain bai.

Jarraitzen al duzu taula gainera igo aurretik gorputzean kilima modukoak sentitzen?

Bai. Azken batean, nirea da musika behar bezala entzutearen erantzukizuna. Beti izan dut urduritasun punttu bat: gauzak nola aterako diren, zer gertatuko den... Orkestra batzuekin oso lasai egoten naiz, baina beste batzuekin, arduradun baten beharra daukatenekin batez ere, ez hainbeste.

Gauzek okerrera egiten ez badute, hemendik urte gutxi barru auditorio bat izango dugu Gasteizen. Zure ustez, horrelako azpiegitura handi bat betetzeko adina musikazale al ditu Arabak?

Gasteizko entzuleak beste edozein hirikoak bezain jantziak dira, eta musika entzutea gustatzen zaie, klasikoa izan edo modernoa izan. Dena den, oso garrantzitsua da belaunaldi berrien artean musikaren kultura suspertzea. Gaurtik hasita egin behar da hori, gerorako utzi gabe, gauza horiek ez direlako egun batetik bestera lortzen.

Eskatzen jarrita, zer ikusi nahiko zenuke etorkizunean Gasteizko auditorioan?

Aukera izanez gero, nire pasiorik handienetako bat: Israelgo Orkestra Firlarmonikoa.

Batere originala ez den galdera batekin amaituko dugu. Zein egitasmo daukazu eskuartean?

Epe luzera, Vienako Kontzertua zuzentzea, kar, kar, kar... Tira, orain arte bezala jarraitzea. Ez daukat kexatzerik. Zuzendaritzaren munduan oso zaila da berrogeita hamar urte izan baino lehen loratzea. Horrela daude gauzak. Gizartea horretan ere aldatu, eta berrogei urtetik beherakoei aukera gehiago ematen hasten ez den bitartean, curriculum-a osatzen jarraituko dugu.

Inma Shara

Inma Shararen curriculum-ak erakusten duen bezala, ibilbide motza baina itzela da berea: "New Philharmonic Orchestra"-rekin lanean aritua, Anton Coppola-rekin ere bai ("Titanic" eta "Jurassic Park" bezalako filmen musika grabatu duen zuzendaria), Bilboko Arriaga eta Iruñeako Gayarre antzokietan ibilia... Bere lanbidean hain buru-belarri aritzen denez, denbora gutxi gelditzen zaio bizitza pertsonalerako, baina beti bilatzen du Frank Sinatra "My way" abesten entzuteko tartetxoren bat. Sinatrak bere bidea bezain argi ikusten du Inmaculada Sarachagak berea.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

ELKARRIZKETA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/11/14-21