Robert Lamerens, Pariseko Euskal Etxeko lehendakaria: «Krisi ttipi batean gaude, bolondresak aurkitzeko zailtasunak ditugu»Escuchar artículo - Artikulua entzun

Nora Arbelbide
Français

Pariseko Euskal Etxearen lehendakaria da Robert Lamerens. 16. barrutiko egoitza ohia eta Saint Ouen auzoko berriaren artean egin aldaketa, hurbiletik segitua du. Etxe aldaketa hori, Euskal Etxearentzat gertakari garrantzitsua da, ikusiz ez duela lekurik aldatu azken 50 urteetan, erran nahi baita bere abenturaren hastapenetik. Joan den urriaren 4ean 400 bat lagun hurbildu ziren helbide berria estreinatzeko: 59 avenue Gabriel Péri, Garibaldi metroko geltokitik zenbait urratsetara. Parisen barnealdean ez bada ere, aski hurbil gelditzen da. Egoitza zabalagoa da, auzoetatik urrun, baina oraino lan anitz gelditzen da arrunt bizigarria izan zedin. Lamerens, Euskal Herrian zela harrapatu genuen, Baionan. Zenbait egun pausa zituela, sorterrira jaustea erabaki zuen.

Argazkia
Ezkerretik eskuinera: Piarres Xarriton, Pariseko euskal etxearen sortzaileetarik bat, Pablo Joxe Aristorena euskal etxearen zuzendaria, Jean Jacques Lasserre, Pirineo Atlantikoetako kontseilu Nagusiko lehendakaria, Baionako apezpikua, Louis Domecq eta bere emaztea, Robert Lamerens eta Jose Maria Muñoa, Eusko Jaurlaritzako kanpo harremanen ordezkaria.

16. barrutitik Saint Ouenera etorri zarete, zergaitik aldaketa hori?

Duban karrikan ezin genuen gehiago ezer antolatu. Egoitza ez zen horretarako egina. 16. barrutia aberatsen auzoa da. Karrika biziki lasaia da. Orai dela 20 urte harrabotsa oraino onartzen zuten, baina azken aldian ez zen gehiago hala. Elkarte bat ere muntatu zuten Euskal Etxearen aurka, bereziki honek, nahi ala ez, zarata ateratzen duten ekitaldien aurka. Frangotan auzitegian salaketak jarri zituzten gure aurka. Saint Ouen auzoan, hasteko, ez dugu auzo handirik, alde batean trenbidea eta bestean eliza dugu, eta gainera, etxean bertan patio bat badugu.

Euskal etxeak bere 50 urterekin, euskaldunak ikusi ditu pasatzen, ordutik, egoitzarekin ukan harremana beti bera izan dute bere kideek?

Duela 50 urte, edo orai dela 20 urte ere, heldu berria nintzen garaiean, igande guziz bazen jendea Euskal Etxean. Parisen Euskal Herriaren xoko bat atzematen saiatzen ginen. Gaurko egunean, Euskal Herria aurkitu nahi dugularik, izugarri erreza da jaustea. Bost ordutara da trenez. Nihaurk, ez dut dudatzen.

Argazkia  
Robert Lamerens Luis Domecqi makila ematen.

Euskal Etxeari ez zaio, beraz, garaiko gauza bera eskatzen, ez?

Ez gara Euskal Herrian utzia arra harrapatzen saiatzen. Alde horretatik, gu baino urrunago diren Euskal Etxeetatik ezberdintzen gara. Beste zerbaiten bila etortzen gara, behar bada ezagutzara edo zerbait partekatzera, baina ez da sistematikoa. Kideek ez dute beti egoitzan gelditzeko enbeiarik. Urtea markatzen duten ekitaldiak direlarik nahiago dute jin. Guretzat aldaketa horrek antolaketa zailagoa suposatzen du, jakinez Euskal Etxeak bolondresei esker duela funtzionatzen. Etxea hitz ordu nagusia zen garaietan, kideek beren denboraren zati handia ematen ahal zuten, beti hor ziren haien beharra genuelarik. Orai, haatik, egoitzara hurbiltzen direlarik, ez dute baitezpada lan egiteko gogorik. Konsumitzaile gisa dira jiten bereziki. Krisi ttipi batean gaude. Baina, bolondresen lanean oinarritzen diren elkarte guziek gauza bera bizi dutela iduritzen zait. Bolondresak aurkitzeko zailtasunak ditugu. Beti berdinak ari direla lanean ohartzen gara, haien akitzeko arriskuarekin. Arazo hori saiesteko xedearekin, batzordeak jarri ditugu abian. Animazioaz, jatetxeaz eta elkarlaguntzaz arduratuko dira, besteak beste. Helburuetarik bat, langileen indarra bideratzea da, bakoitza maite duena egiteko deitua izan zedin soilik. Abenduaren 13an, justuki, kideek Euskal Etxearekin duten harremana aztertzeko egun bat finkatua dugu, zinezko beharrei erantzunak aurkitzeko gisan.

  Argazkia
Estreina eguneko bazkaria.

Bi hitzez, Euskal Etxeak nola funtzionatzen du?

Zuzendari bat, denbora erdiz dagoen idazkari bat eta bertan bizi den begirale batek osatzen dute elkartearen langileria. Baina Euskal Etxea ez litaike ezer bere bolondresik gabe. Orotara 700 bat kide biltzen ditu. Egoitza bera zortzi elkarteren topagunea da. Haietariko bat, Sustraiak- Erroak deitu elkartea da. Euskara ikasteko aukera eskaintzen du. Eta arrakasta badu, ikasleen kopurua beti eta handiagoa da. Eta gainera, haien artean, anitz Parisen dira hasi euskara ikasten. Urrun izateak, norberaren nortasunaren konzientzia pizten laguntzen du behar bada. Euskal Etxean lotura hori aurki dezakete. Alabaina, elkarteek euskal kulturarekin loturan dauden iharduerak proposatzen dituzte. Gazteriak eta Pinpirinak euskal dantzetaz arduratzen dira. Gernika, Anaiki eta Hegoa kantuaz. Pilota ikasteko aukera ere bada. Gaurko egunean, 100 bat izen pilotazale ditugu. Euskalduna elkartea, bere aldetik, etxeko zaharrena da. Euskal Herrira etortzea gaurko egunean bezain erreza ez zen garaietan, haurrak bakantzetara laguntzen zituzten. Honen ondoan, elkarte gazteena dago, Zabaltzen. Kontzertuak antolatzen ditu, besteak beste. Horrez gain, helburu humanitarioak dituen Lokarria elkartea dago gure artean. Euskal presoen familiak laguntzeko lanean dabil. Bestalde, hilabetero Elgar aldizkaria argitaratzen du etxeak.

Urriaren 4an egoitza berria estreinatu zenuten 400 bat lagun hurbildu zirela, baina egoitza bera, ez da oraino arras bururatua, anitz gelditzen da?

Kanpo guztia berriz egin behar da eta gainera, oraino bukatugabeak diren gela batzu gelditzen zaizkigu. Baina horretarako ez dugu gehiago dirurik. Orainarteko lanak, aitzineko egoitzaren saltzearekin ordaindu genituen. Eusko Jaurlaritzak laguntzen bagaitu ere (28.000 euro), baita Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak (10.000 euro), sos hori ekimen kulturalak laguntzeko bakarrik erabil dezakegu.

Argazkia
Piarres Xarriton estreina egunean mintzaldia egiten.
Bigarren planoan: Lamerens ageri da.
Xarriton Pariseko Euskal Etxearen sortzaileetarik bat da.

Dena den, etxea zuena da, 2143 metro koadrokoa da, zer eginen duzue horrekin?

Nori zuzentzen garen arabera. Adin bateko jendeek bazkari goxoetan elkartzea dute gustuko. Jadanik garaian horrelako ekitaldiak antolatzen genituen, eta horretan segituko dugu. Baina, horrez gain, bide berri batzu idekitzea bilatzen dugu. Euskal Kultura Erakundeaz hurbildu gara, adibidez, Euskal Herriak ekoizten duena Parisen aurkezteko xedearekin. Kultura mailan, gure helburuetarik bat, ekitaldiak antolatzea da. Gaurko egunean egiten den euskal kultura erakustea. Euskal Herritik ez gaude urrun, hobari bat da, zentzu horretan.

Argazkia  
Gaiteroak estreina egunean.

Zuen etxearen berezitasunetarik bat, gazteentzat duzuen bizilekua da, xehekiago aipatzen ahal diguzu?

Parisera iristen zarelarik, langile gazte edota ikasle bazara, ez da hain errez bizileku baten aurkitzea. Nik badakit, bizi izan dudalako. Arrangura hori gabe joatea Parisera pozgarria izan zitzaidan. Parisen, estudio batentzat 600 euro aitzinatu behar dira hilabetero. Eta gainera, ardura, jabeek dudatzen dute frango alokatu aitzin. Euskal Etxeak logelak, dutxak eta partekatu behar den sukalde bat, prezio erdiaren truke proposatzen ditu. Jakinez, gure egongela bat eskuratzen duten gazteek ondotik laguntzak eskura ditzaketela Frantses Estatuaren bitartez. Uda garaian, zenbait egunentzat soilik egoitzan lo egiteko aukera bada. Egonaldia hamar hilabetera mugatua dugu. Gazteek Parisen beren burua kudeatzen ikasteko denbora. Orotara 22 pertsona errezibitzen ahal ditugu. Baina iduritzen zait ez garela hortan gelditu behar. Gazte horientzat sare bat muntatu behar da, egoitza uzten dutelarik pisu bat antzemateko gisan, eta zergaitik ez lan bat. Horrentzat, pisua alokatu gabea duten jabeek gurekin kontaktuan sartu beharko lukete. Gu, alokatzaileaz ardura gintezke. Euskal Etxeak ukan behar duen paper sozial garrantzitsua dela hori pentsatzen dut.

Zer leku hartzen du politikak Euskal Etxearen baitan?

Ideia guziak ongi etorriak dira. Euskal Etxearen ibilmoldea ona izan zedin, lekua denentzat izan behar da. Ni, pertsonalki, lehendakari gisa, ezin naiz bataren edo bestearen alde agertu. Adibidez, azaro honetan, euskal presoen sustengu egun bat iraganen da egoitzan, Poporen desagertzearen 20 urteen karietara. Betidanik ateak denei idekiak izan dira. Euskal Etxearen hasieratik egin hautua da. Frankismo garaian, errefuxiatuak Euskal Etxean biltzen ziren, bereziki Gernika koruaren baitan. Urte haietan, euskal gobernu erbesteratua Euskal Etxetik 50 metrotara zegoen.

Argazkia
Euskal etxe ohiaren aitzina.

Estreina eguna Euskal Etxean berean eman meza batekin hasi zen, zehazki, zer harreman dauka elkarteak Elizarekin?

Elkartea bera, MRJC, Baserriko gazteria giristinoaren mugimenduaren adar batek sortu zuen. Haien artean zegoen Piarres Xarriton, Baionako apezpikutegiari lotua zen. Garaian, diru frango etorri zen Euskal Herriko parrokietatik, bereziki Zuberoatik. Duela 50 urte, Parisera iristen ziren euskaldunak Iparraldeko barnekaldekoak ziren batez ere. Bestalde, euskaldunen omonier bat egon da Parisen, eta luzaz Euskal Etxean bertan bizi izan da. Gaur egun, euskaldunen omonier bat beti bada, baina ez da gehiago egoitzan bizi. Hilabetero meza bat emaiten du egoitzan berean, kide anitzek nahi dutelako. Bezperan besta bat babes dezakeen gela berdinean ematen du meza. Funtsean, beste herri euskaldun baten gisa martxan da Euskal Etxea. Batzuek mezan elkar antzematen dute, besteek aldiz, bestan. Dena den, garrantzitsua da azpimarratzea guziei idekia dela, gehiengoa katolikoa bada ere. Ttipiegia da baten alde edo bestearen aldeko mokokaldiak izateko.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/01/16-23