Maitane
Arizti, Naroa
Azurmendi, Adur
Basurko Pérez de Arenaza, Etor
Garat, Xabier
Harlouchet, Haritz
Mazizior, Urko
Rodriguez, Michel
Usereau
Traduction au français
Ondorengo testoa « 50 urte Québec-en… eta beti euskaldun ! (1/2) » testoaren jarraipena da ! Aldi honetan, Jules Candau Lukuze Altzumartarra eta Jean Ospital Ortzaiztarraren esperientziak aurkeztuko ditugu ! Biak Québec-era bizitzera etorri dira duela mende erdi bat baino gehiago ! Haien historia aipatzeaz gain euskara atxikitzeko hartu dituzten bideak ikertuko ditugu ! Azkenik, irakurleak xehetasun gehiago nahi baditu, Québec-eko Euskaldunak (www.euskaldunakquebec.com) elkarteko bazkari edo elgar etaratzeetara gomita luzatzen diogu ! Dudarik gabe eta giro onean, Candau eta Osptal-en aurkitzeko parada ukanen du !
Jules Candau
Sar hitza
Euskal Herritik kanpo, telefono-liburuetan ikerketa bat eginez laister aurkitzen dira euskal izen batzu ! Québec-en, adibidez,izen euskaldunen zerrenda haundia da ! Noski, kasu gehienetan, euskal izen dun pertsonak, Hego Amerikako etorkinak dira ! Beraz haien harremanak Euskal Herriarekin eta euskararekin nahiko ttipiak dira : Euskal Herria duela asko belaunaldi utzi duten familiak baitira ! Jules Candau deitzean, ez ginuen uste euskaldun baten ezagutza eginen ginuela ! Dena hasi da Euskaldunak elkarteko kideei Montréaleko Euskara Ikastaldien abisua telefonoz egiten ari ginelarik. Candau-ri frantsesez hasi genion gomita, hari, euskara ikasteko interesa bazuen ongi etorria zuela erranez ! Jules Candau-k euskaraz erantzun zigun, gu zur eta lur utziz ! Ondorioz elkarrizketa goxo bat ukan ginuen telefonoz eta ohartu ginen 76 urteko euskalduna duela 53 urte Québec-en bizi zela. Gutti aste barne lortu ginuen haren etxean, Montréal ugartearen hego mendebaleko Ste-Martine hirian, elkarrizketa luze baten egitea !
23 urtez Euskal Herrian...
Jules Candau, 1927-ko ekainaren 1an, Lukuze Altzumartan (http://www.infobasque.com/villes/vilacc-f.htm; http://www.bascoweb.com/VILLES/L/luxesumb.htm), Erdoia Etxaldean, Donapaleu ondoan eta Garruze-tik hurbil sortu zen. Sei haurreko familiako lehena zen.
Haren aitatxi, Jules Candau ere, 1873-an sortua zen eta oso hurbila zuen. Lehen Gerla Mundiala egina zuen gizon harek eta Bidaxune, Bastida, Hastingues eta Peyrehorade-arte merkatuetan ainitz ibiltzen zen Jules bere seme ttipiarekin !
Amatxi, Oragarren, Donapaleutik 15 km ipar mendebaleruntz, sortua zen. Marie-Anne Chorry izenekoa.
Candau-tarrak, 32 hektareko etxaldean bizi ziren etxetiar bezala : 30 bat behi eta bi idi parerekin lan egiten zuten. Lukuze Altzumarta-ko etxalde gehienak, Jules sortu zen garaiean 40 bat, etxetiarrek lantzen zituzten. Egia erran, hiru familia nagusik inguruetako jauregien eta lurren jabetza zuten : Gai, Berrogain eta Lassalle familiak hain zuzen ere.
Jules Candau-k, 12 urtetan eskola utzi zuen, Certificat d’Études-a lortu ondoren. Gero etxaldeko lanetara berriz itzuli zen.
Haurtzarotik bi ixtorio atxiki ditu !
* Espainiako Gerla zibilaren ondorioz herriko eskolak 30 haur gehiago behar ukan zituen hartu. 1936-tik goiti 35 bat haur zituen eskolak 65 inguru atxikitzen zituen... Eskolan onartua zen hizkuntza bakarra frantsesa bazen ere, euskaldunek elgarren artean euskara erabiltzen zuten. Jules Candau-k horren bidez lagunak ere egin zituen.
* 1938an, François Louvigné eskolako maixuak lehen aldikotz klaseko ikasleak Hendaiara, hondartzara, eraman zituen. Handik harriduraz ikusi zituzten Gerla Ziblieko airezko bonbardaketak (itxuraz Irun-en gainean).
Eskola utzi ondoren, 15 eta 20 urte artean gerlara preparatzeko soldaduzkako formakuntzak jarraitu zituen Donapaleun. Gerlan ez bazuen parte hartu ere, 1947-tik 1948-a arte Frantziako Iparraldean eta Alemanian (Berlinen) egon da soldaduzka eginez eta kamioi gidari lanak eginez.
… Québec-i buruz…
Soldaduzka egin ondoren Candau Etxaldera berriz itzuli zen. Baina etxaldeko lanak ez zion gogo eta ilusio haundirik eman. Ameriketako ametsak nolabait hartu zuen eta ahal bezain laster abentura entseatu nahi ukan zuen. Hortarako Québec-en gaindi etorkinei lan eskaintza egiten zuten pertsona batzuri kartak idatzi zituen. Erantzun baikor bakar bat ukan ondoren erabakia laster hartu zuen… Anaiak etxaldearen segida hartzeko gogoa zuela argi zen eta harek soldaduzka bukatu bezain laster Jules Candau-k bere ametsa gauzatzeko aukera ukanen zuen ! Québec-eko Bidaia hasi zuen… Baiona arte autobusa hartuz. Handik treinez Parisera joan zen eta gero Le Havre-etik itsasontzia hartu.
1950-ko ekainaren 6an hartu zuen Le Havre-en Cunard konpainiaren itsasontzia Mehaindar bat eta Aldudar bat bidaia kide bazituelarik.
Molde hortan, familiako ohiturak jarraitu zituen : mende hasieran, Aitatxiren aldetik Kaliforniara joan ziren senitarteko batzu eta Amatxiren aldetik Argentinara !
...eta 53 urtez Québec-en !
Etxalde eta lurretako lanak utzi nahiz Euskal Herritik atera zen. Hala ere, Québec-en, zehazkiago Montréal hirian, lehen bizibidea Soliec Maturin jaunarentzat lanean arizaitea izan zen. Soliec jauna hura 1930kadan Bretainiatik heldutako etorkina zen. Jules Candauk, 1950eko uztailean berean, Soliec-entzat, barazkiak Montréal ugartearen hegoaldeko lurretarik (Ste-Martine herrixkatik), Montréal hiri erdira ekartzen zituen kamioiez.
Ondorioz, harreman sarea handituz zoala, Ste-Martine-eko enpresa buru zen Goyette familiarekin lan egiteko aukera ukan zuen
Urte bukaera aurretik Montréaletik kanpo lehen bidaia egiteko aukera ukan zuen. Estatu batuarrek, kontinenteko iparra errusiarretarik zaintzeko radar sare bat antolatzen ari ziren. Frobisher Bay-ko (http://www.destinationnunavut.com/tourisme/culture/ccm_iqa.htm; http://maps.nrcan.gc.ca/visualisation/carte_iqaluit.html; http://www.destinationnunavut.com/tourisme/culture/cc_carte.htm) baseko lanetan parte hartzeko aukera segidan erabili zuen. Gaur egun hiri horrek inuitar izena du ofizialki : Iqaluit.
Mapa politikoak laguntzeko :
* Interaktiboa: http://atlas.gc.ca/site/francais/maps/
reference/national/politicaldivisonsinteractive* Normala: http://atlas.gc.ca/site/francais/maps/reference/
national/ can_political_e
Ondoko, 7 urteetan, Jules Candau urtero 6 hilabetez segidan kontinenteko iparraldean lan diferenteak eginez (baseko eta inguruetako elurren kentzeko lanak bereziki) bizi izan zen.
1957-an lehen aldikotz Euskal Herrira etorri zen familiaren ikustera.
Québec-era berriz itzuli ondoren, Ste-Martine-eko hotel nagusiko Carron jabeen alabarekin ezkondu zen eta iparraldeko abenturak hortan behera utzi. Bizpahiru urtez St-Laurent ibaiaren kanalizazio lanetan arizan zen eta handik gutti, 1960 urtean Labatt garagardo fabrikan sartu. Azpimarratzekoa da fabrika hortan ukan zituen harremanetan RIN-aren (http://membres.lycos.fr/independance/organisations/rin/index.php) sortzailekoetarik bat zela Raymond Barbeau jauna.
Erretreta arte Jules Candau Labatt-en lanean arizan da eta Québec-en familiatu ere hiru seme alabekin.
Jules Candau-ren semea Ste-Martine-eko herriko etxeko alkate da. Lehen alaba Ste-Martine-eko etxalde batean bizi da eta idazkari lanak egiten ditu. Azkenik, alaba gazteena Ottawa-n gobernu federalarentzat lanean ari da.
Jules Candau Jauna bere etxeko saloian. |
Euskara eta Euskal Herriarekin harremanak :
Hasiera batean amak idazten zion hamabost egunero eskutitz bat euskaraz... gero familiarekin euskarazko harremanak telefonoaren bidez atxiki ditu.
Québec-en berean euskaldun gutti batzurekin hitz eginez ere erdoila kentzen zuen bere ama hizkuntzari ! Euskal etxeko kide diren Jean Lucu eta Hélène Bidegain, Québec-era ber garaian etorritakoak adibidez ! Baina, Candau-k aitortu digu, batzutan hitz guttitara mugatzen zirela euskarazko ateraldiak : `Azkar aldi ?!“ erran ondoren laster frantsesera lerratzen ziren ! Forbicher Bay-n ere euskara gutti erabiltzen zuen. Lankide bakar bat zuen euskalduna : Atarratzeko Henri Laberrondo.
Azkenik, Euskal Herrira urtean behin 3 edo 4 asteko bidaiak eginez, euskara argi eta garbia atxikitzeko molde ezin hobea atxeman du ! Jules Candauk han irakurketak eta elgarrizketak euskaraz egiteko parada ezin hobeak aurkitzen dituela erran digu.
Jean Ospital
Sar hitza
Jean Ospital Québec-eko euskaldunen artean erreferentzia bat da. Duela 53 urte hemen bizi da eta etorri zen garaiean, 19 urte bakarrik zituenez, etorkinen artean gazteena zen ! Bestalde, harek ere Euskaldunak (www.euskaldunakquebec.com) elkarteko bazkarietan parte hartzen du eta euskaldun giroa azkartzen oraino untsasko menperatzen duen ama hizkuntzarekin !
19 urtez Euskal Herrian...
Ospital, 1931an Ortzaizen ( http://www.infobasque.com/villes/osses.htm; http://www.bascoweb.com/VILLES/o/osses.htm ) sortua da. Sei mutiko eta neska bat zituen familiako seme nagusiena da. Pierre Ospital, Jean-en aita 1893-ko apirilaren 20an sortu zen. Lehen gerla mundialean kolpatua izan ondoren Ortzaizera berriz itzuli zen sendatzera. Han, Arnegitik ihesi joan zen hegoaldera eta Estatu Batuetako itsasontzia hartu (24 eguneko bidaia eginez). Estatu batuetan 5 urtez artzain egon zen eta beste 5 bat urtez bazka banatzaile. 1930 berriz herrira etorri zen (2 hilabeteko gartzela kondena betetuz ihesaren ordaintzeko) eta sortherrian laborantzan hasi.
Hamar urtez Estatu Batuetan egona zitzaion aitaz gain, Jean Ospital-ek bazuen Ipar amerikarekin beste harreman bat. Haren, osaba bat oraino “ameiketan“ bizi zen eta 1949 urtean gutun bat gomita modura igorri zion ilobari. Osabak kotoinaren munduan lan egiten zuenez Jean-i eman zion Donibane Garaziko bitartekari baten helbidea, Sureau jaunarena. Kontaktu hori bidaia agentzia baten buru zen eta euskaldunak Estatu Batuetara igortzeko prozedura guziak antolatzen zituen.
Jean-ek bi oztopo aurkitu zituen :
· Lehena bere adinarena izan zen : haren aitak behar ukan zuen ama lasaitu erranez debekuak ez zuela erabakia atzeratuko bakarrik ! Halabaina, 19 urte zituen Jean-i, bi urte falta zitzaizkion adin nagusiko pertsona bihurtzeko!
· Bitartekariak erran zion 2 urte beharko zituela itxoin Estatu Batuetako bisadoa lortzeko…
Hala ere, burasoen baimena lortua zuela eta bitartekariak Kanadarako bisado baten lortzeko posibilitatea epe laburrean bazuela aipatu zion. Horiek hola, 1949ko abenduan hasi zuen espedientea Jean-ek eta 1950-ko martxoaren 24an jada Montréalera heltzen zen !
Jean Ospital. |
...eta 53 urtez Québec-en !
Hasiera batean baratzezaingoan behar zuen arizan lanean Montréalen iparraldean den Laval (http://www.ville.laval.qc.ca/ ) hirian. Baina, heldu zen ber egunean, etorkinetaz arduratzen zen pertsonak Clova deitu guneko lantegietara lanera joaitea proposatu zion ! 20 bat kilometroko bidaia egiteko ordez 500 bat egin izan behar zituen Québec-eko iparralderuntz ! (http://www.mtq.gouv.qc.ca/fr/information/carte_routiere/index.asp, http://atlas.gc.ca/site/index.html)
Clova-rako bidea treinez hasten zen eta ondoren kamioiez bukatzen. Han 11 enpresa ari ziren lanean bakotxak 125 eta 275 langile zituztenak. Lehen 6 hilabeteetan kamioen husteko lanetan arizan zen. Jean-ek egin ahalak egin zituen oihanetan aizkolari ez izaiteko (ez baitzen bere erranetan ez aski haundi eta indartsu) baina hala ere lehen 6 hilabeteak lan fisikoetan iragan zituen. Gero kamioi erraldoiak gidatzen ikasi zuen han berean eta 2 urte eta erdiz arizan zen lantegietan erregaiak banatzen.
Québec-en pasa zituen lehen urteetan laster euskaldunak aurkitu zituen : 3 Ortzaize/Arrosakoak (Jean Landetxeberria eta Padagoi anaiak), Ezpeletako Fagoaga ere ezagutu zuen.
Arrosatik ere etorri zitzaion Erramun Amestoy. Hura lagun hurbila bilakatu zen eta kamioi gidaria ere. Harek zion 1953 inguruan aipatu Sept-îles-en lan egiteko parada ezin hobeak bazirela.
Sept-Îles, Montréaletik 900 kilometrotara den hiria da. St-Laurent ibaiaren estuarioko iparraldeko erriberan. Hiri hori handik, 600 kilometrotara ziren 5minen extrakzioen aterabidea da.
Ospital eta Amestoy mina horiek eskaintzen zituzten lan postuen betetzera joan ziren : eraikitzen ari zen Schefferville hirira (www.ntic.qc.ca/~dnobert/). Han harriduraz konturatu ziren laster 30 bat euskal herritar ari zirela lanean. Gainera, 15 bat Ospital bezala kamioi gidariak ziren (Ortzaize, Baiona, Donapaleu, Maule eta Luhusoakoak besteak beste). Azpimarratzekoa da Louis Luro (Iholdikoa) Clova-tik ere haiekin etorri zela. Schefferville hiria eta minen eraikuntza 1950-tik 1954-arte egin zen : portu bat, 500 kilometro goiti trenbide, presak, etab... eginak izan dira 30 bat urtez hango meak Sept-Iles-era ekartzeko eta esportatzeko. 1980 urteetan minen aktibitateak gelditzen hasi ziren eta biztanle kopurua ttipitu.
1957an, Bernard Elissalde-lagunarekin bakantzetara joan zen Montréalera eta urte berean bere anderea bilakatuko zen Québec-tar gaztea ezagutu ere. Horiek hola, Jean Ospital-ek erabaki zuen Montréal-en bizitzea eta han hargin laguntzaile izan ondoren laster atxeman zuen kamioi gidatzaile lana.
1970an, urriaren 30an lan istripua ukan zuen Québec-eko bidean eta 11 hilabetez ospitalean eta lan egin gabe gelditu zen !
Ez zuen ez behar horrek gidari lana uzteko gogoa eman eta kasik beste 20 urtez Montréalen eta Québec-en hormigoi banatze lanetan arizan zen.
Zoritxarrez, 1989an beste ixtripu batek behartu du Jean Ospital erretretaren hartzera !
Euskara eta Euskal Herriarekin harremanak :
Jean Ospitalek azpimarratu du familia Euskal Herrian bisitatuz euskara atxikitzeko molde ezin hobea izan duela ! 1956an, sei urtez Québec-en gaindi egon ondoren lehen aldikotz Euskal Herira itzuli zen. Gero, 1967an bere anderea eta alabarekin egin zuen haren bigarren bidaia. Idatzien bidez ere ama eta anai arrebekin euskara atxiki zuen hasiera batean. Hala ere telefonoko elkarrizketek gaina hartu dute. Azkenik, 6 urtetarik baldin badoa ere Euskal Herrira, ohar bat egin digu pentze anitz gehiago sasituak atxemaiten dituela gaur egun bere gaztaroan baino.
Azkenik, Hélène Bidegain, Jules Candau eta Jean Ospital eskertu nahi ditugu!
Haiei esker euskaldun gazte batzuk Québec-en historia eta geografia ezagutzeko parada bikaina ukan dute.
Euskarazko elkarrizketen bidez, Ipar Amerikako eskualde hunen historirari hurbildu gaituzte !
Berriz ere gomitatzen ditugu irakurleak Bidegain, Candau eta Ospitalen ezagutza zuzenean egitea... Esperientzia pertsonalez gain Québec Herriaren azken mende erdiaren ezagutzeko molde ona izanen dute euskararen bidez!
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |