Argazkigintzaren sorrera Euskal HerrianEscuchar artículo - Artikulua entzun

Juantxo Egaña
Itzulpena: Koro Garmendia
Argazkiak: Baroja sendiaren bilduma
Versión original

  Argazkia
Louis Jacques Mandé Daguerre.
D agerrotipoa I. Gerra Karlista amaitzearekin batera sortu zela esan dezakegu; hau da, 1839ko abuztuaren 31n Bergarako Hitzarmena sinatzean. Louis Jacques Mandé Daguerre iparreuskalduna izan zen argazkigintzarako prozedura honen asmatzailea: funtsean, kobrezko plaka zilarreztatu bat zen, zilarrezko ioduroaren geruza bat zeukana, eta, agertokiko argiaren arabera, hogeita hamar bat minutuz uzten zen lanean. Plakari merkuriozko lurruna aplikatuz, irudi positiboa lortzen zen.

Bere asmakizuna Parisko Zientzien Akademian aurkeztu orduko, berehala hasi zen harat-honat hedatzen, eta asko idatzi zen bere inguruan. Dagerrotipoaz mintzo den gaztelaniazko lehendabiziko testuetariko bat, Eugenio de Ochoa idazle lapurtarrak 1839an egindako itzulpen lan bat dugu, “El daguerotipo. Explicación del descubrimiento que acaba de hacer , y a que ha dado nombre M. Daguerre“ izenekoa. Jatorrizko liburuak zekartzan ilustrazioak ere biltzen zituen.

Argazkia  
Irudi dagerrotipikoak errebelatzeko merkuriozko kaxa.

Dagerrotipoa, 1839an sortu zenetik 1860ra bitartean erabili zen. Nolanahi ere, 1850etik aurrera, argazkigintzarako beste prozesu batzuk hasi ziren gailentzen, hala nola anbrotipoak, ferrotipoak, eta -guztien artean ezagunena izango zena- albuminaren prozesua, Louis Desirék garatua. Dagerrotipismoak Euskal Herrian utzitako lehen arrastoei buruzko albisteak 1842. urtekoak ditugu. Urte horretan, Thèophile Gautier idazlea -bere “Voyage a Espagne” liburuan azaltzen duenez- Vitoria/Gasteizen zegoela arakatu egin zuten aduanariek, eta hauek harri eta zur gelditu omen ziren dagerrotipoen kamera ikusi zutenean. Bestetik, Ignacio Baleztenak 1960an Iruñean argitaratutako “Pregón” aldizkarian adierazi zuenez, 1843. urtean Constant dagerrotipista frantsesa heldu zen Nafarroara, eta zera iragartzen zuen testu bat eramaten omen zuen: “Aviso a las Bellas. Hallándose de paso para Madrid Mr. Constant, retratista de París, premiado por el Rey por dar los colores naturales a la “Daguerrotipo”, piensa detenerse en esta capital poco tiempo, y propone que por 60 reales vellón hará el retrato con toda perfección con colores o sin ellos a la “Daguerrotipo”: para este efecto puede acudirse a la calle del Pozo Blanco nº 4 en el piso 4º, donde ha puesto su taller, desde las nueve de la mañana hasta las 5 de la tarde. Se previene que en la tienda del Sr. Campión hay muestras de este artista para el que quiera verlas. Pamplona 5 de septiembre de 1843”. Iruñatik Donostiarantz abiatu zen, bertatik Zaragozara, eta, azkenean, Vitoria/Gasteizen gelditu zen bizitzen. Dagerrotipistak, orokorrean, alde batetik bestera ibiltzen ziren lanean, eta gehienak Frantzia, Suitza, Ingalaterra edo Alemaniatik etorriak izaten ziren. Publio López Mondejarrek bere “Historia de la Fotografía en España” liburuan dioenez, Schmidt suitzarrak, “dagerrotipoan suaren koloreko erretratuak egiten zituenak“, Nafarroa osoa zeharkatu zuen 1848an, eta guztira bi mila eta hirurehun erretratutik gora egin omen zituen, “jende guztia biziki kontent utzita”.

  Argazkia
Dagerrotipoak erabiltzen duen fijazio sistema, urre kloruroz eta sosa hiposulfitoz egiten dena.

Dagerrotipoaren artea bereziki Iruñean sustraitu zen, eta bi argazkilari iruindar nabarmendu ziren langintza honetan: Pedro Alliet eta Miguel Sanz.

Araban daukagun erreferentzia bakarra, Eduardo Lucas argazkilari gasteiztarrarena da. 1872tik aurrera aritu zen dagerrotipoarekin lanean, 1855. urtearen inguruan Bordelen izan zuen estudioan.

Bizkaian ere izan zen dagerrotipista arrakastatsurik, hala nola Eugenio Lorichon, 1848an Bartzelonara joan zena. Bere seme Enriquerekin eta Marquettirekin batera, 1853 eta 1860 artean hainbat hiritan ibili zen, besteak beste Bilbon. Dena den, Bizkaiko hiriburuan lehenagokoak dira dagerrotipisten aurreneko erreferentziak, 1840ko hamarkadakoak zehazki, Herreras y Bengoari buruzkoak.

Argazkia  
Juan B. Eustaquio Delmas.

Dakigunez, Juan Eustaquio Delmas grabatzaile eta litografo bilbotarrak ere erabili zuen dagerrotipoa. F.M. de Vargasek gerra karlistari buruz 1848an idatzitako “La Guerra en Navarra y Provincias Vascongadas” liburuan, hainbat karlisten erretratu agertzen dira, dagerrotipoetatik kopiatuta.

Gipuzkoari dagokionez, dagerrotipoari buruz dauzkagun lehen berriak Donostiako Iñigo kalean zegoen erretratugile frantses batenak dira. José María Tudurik “Argazkiak-Tolosa” liburuan dioenez, dagerrotipista honek San Bizente eta Santa Maria elizen aurrean beirazko arasa sendo batzuetan jartzen zituen bere lanak erakusgai.

  Argazkia
Justo Goñi.

Iparraldeari buruz ez daukagu albiste zehatzik, baina, Tuduriren esanetan, litekeena da Baionako Lormand kaleko 19. zenbakian zegoen Moreno izatea bertako lehen dagerrotipista. Jakin badakiguna da argazkilari honek makina bat “Carte de visite” egin zituela bere estudioan.

Ez zaigu Euskal Herriari buruzko dagerrotipo askorik iritsi. Itzeako bilduman, Justo eta Antonio María Goñi fragata kapitainen dagerrotipo bana dago ikusgai; hots, Pío eta Ricardo Barojaren osaba txikienak, hurrenez hurren. Amorebietako Goiria sendiak, bestetik, beren asaben bi dagerrotipo dauzka. Eta J.M. Unsainek itsas argazkigintzari eta Euskal Herriari buruzko artikuluan dioenez, Alejandro Churruca y Bruneti erretratu bat egin zioten Baionan, eta bere dagerrotipoa oraindik ere kontserbatzen da.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/06/04-11