A basque in OxfordEscuchar artículo - Artikulua entzun

Xabier Ezeizabarrena, Basque Visiting Fellow, St. Antony’s
Español
English

Hilary term, week 16

Oxfordeko hiztegia: hitz apur batzu, latinezko esapide eta beste hitz berezi, nahiko entzungarriak bai Oxford hirian eta baita ere unibertsitatean.

Hilary term, week 17

"North Parade Avenue" izena duen hiriko karrika baten bihotzean etxe txiki bat agertzen da, Devonko edozein baserriren antza duena. Bere ate txiki-txikia igarotzean taberna oso ezagun batera sartzen zara: "The rose & crown". Leku berezi honek horma eta zapai bajuak ditu, belauntzi batetik ateratako egurrez eginda dago lurra, edarileku oso txiki eta goxoak ditu. Korbatadun "fellow"ez josita egoten da. Garagardo edalontzien atzean edota "The Times" haundi baten atzean izkutaturik. Saint Antony´sen sortzen diren eztabaidak luzatzen dira hemen, legebiltzar estilora beti.

Argazkia
St. Antonys-eko airetiko ikuspegia.

Hilary term, week 18

Cambridge-en garaipena, "Korta”ren moduan

Oxford eta Cambridge-en arteko estropadaren 150. edizioa izan da aurtengoa. Estropada honek Korta patroi euskaldun ospetsua berreskuratu du. Oraindik gogoratzen da bere azken txanpa, Donostiako barratik ia ia surfa egiten Orioko traineruaren gainetik garaipena lortu zuenean. Aurten ere, Tamesis ibaian, Oxfordeko batela sendo eta gogor hasi zen, Cambridge-i traineru oso bat atereaz. Baina "Cam" ibaiko mutilek bere indarrak erakutsi zituzten, berehala bere branka Oxfordeko atzekaldean jartzeko. Bi alditan Cambridgeko arraunek, ez bakarrik Oxfordeko trainerua, baizik eta arraunlari batzuek gorputzak ere ikutu zituzten, benetako abordatze batean bezala. Orduan Oxfordeko untzia ia ia hondoa joz geratu zen lehenendo milian, Cambridgeekoak Mortlake-erutz egan egiten zuen bitartean, geroz eta alde gehiago atereaz, Londreseko West Endeko helmugara erraz iritsi arte. 1829an, bi ikasleen arteko gutunei ondorioz jaio zen estropada hau, gureak bezalaxe, eztabaida berezia izan du aurten.

Argazkia
Magdalen old library.

Hilary term, week 19

Galestar letratu hura...

Azken egun hauetan maiz egin dut topo Galestar letratu batekin, Penarth herrikoa bera, Cardiffera sartzeko portuko lehen herrikoa. Jesus Collegeko ikasle honek arratsalde erdia eman du galestar eta ingelesen arteko liskarren inguruko bitxikeriak gogoratzen. Horien artean, nire arreta deitu du Galesen gertatutako auzi bat, "Welsh Society"n askotan gogoratua izan dena. Sir James Dale Cassels abokatuaren gorabeherak ditu protagonista, Galesen lanean zebiltzan epaileekin izandako ika-mikak. Aldi horietako batean, auzia zuzentzen zuen ingeles epaileak epaimahaikideei hitz batzuk zuzentzeko aukera eman zion eta horrela egin zuen 30 segundu eskasetan, epaileari eskerrak eman eta berriro ere jezarriz. Auzia bukatzean, ingeles epaileak , galestarraren hitzik ulertu ez zuela eta akusatuaren erruduntasunaz ziur zegoelarik, jakinminez, hortik zebilen bedel bati galdetu zion ea zer gertatu zen; honek bai, ingelesez, argi errepikatu zituen Sir Jamesen hitzak: "The prosecutor is English, the prosecution counsel is English, the judge is English. But the prisoner is Welsh, I´m Welsh, and you are all Welsh. Do your duty". Izan ere, epaimahaia galestarrez osaturik zegoen, eta akusatua, nola ez, errugabetzat jo zuten, ingeles epailearen iritziaren kontra.

Argazkia
Wales rugby player.

Hilary term, week 20

Oxfordek ez du lorik egiten..., ezta ere baimenik ematen...

Bai Saint Antony´s-en zein Oxforreko Zuzenbide Fakultatean, lizentziaturako klase batetan egon zein unibertsitateko edozein ihardueratan egon, inoiz ez dakizu zehatz-mehatz zer gertatu daitekeen. Hoberena edozein gauzatarako prestaturik joatea da, izan ere, konturako orduko, 10 edo 200 pertsonen aurrean, auditorio edo gela baten, zutik, hitzegiten aurki dezakezu zeure buruz. Ezin da aurretik jakin Oxforren zer gertatuko den; edozein tokitara zoazela, laguntzaile edo hizlariren batek galdeketa egiteko arriskua duzu. Eta hirian denbora gehio eraman ahala okerrago, izan ere asteak igarota, mundu guztiak daki nor zaren eta zertan zabiltzan.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/06/04-11