Texa
HAICAGUERRE
Traduction au français
Eizaguirren irudia. |
enek gogoan dugu Euskal Herriaren egoera berezia. Estatu politikoen mugak jasaten ditu, eta, ondorioz, frantses eta espainol estatuen artean bereizia da. Hizkuntzak ere zatiketa horren ondorioak jasaten ditu. Izan ere, Hego Euskal Herrian euskara ofiziala bada, ipar Euskal Herrian ezagutua baizik ez da. Egoera horrez gain, oroitarazi behar da euskara dialekto desberdinez osatua dela.
Horiek guziak, hizkuntzaren baitako indar banatzaileak deitzen dira.
Indar banatzaile horiez oharturik, eta aurre egiteko xedearekin, Euskaldun eta euskaltzaleak bildu ziren XVII. mendetik goiti. Bilkura horien emaitza nagusietarik bat euskararen defentsarako akademia baten sortzea zen, erran nahi baita 1918an sortu zen Euskaltzaindia. Hiru lan ardatz zituen : ortografiaren arautzea, euskal hiztegiaren eratzea, eta euskara bateratzea. Azken puntu honek eztabaida franko piztu zituen.
Izan ere, dialekto guzien sostengatzaileak izan ziren, baina gehienek, alde batetik, gipuzkera, eta, beste aldetik, nafar-lapurtera defendatzen zuten. Lehenek Gipuzkoaren egoera geografikoa azpimarratzen zuten : gipuzkera, beraz, dialekto bakarra zen besteekin harremanetan zena. Bigarrenek eredu nafar-lapurteraren tradizio balorea azpimarratzen zuten : eredu hortaz baliatu zen, adibidez, Axular, Gero obra famatuaren idazteko 1643an.
Pierre Narbaitz Caillava. |
1968tik hona, eredu batu hori ezagutarazia eta hedatua izan da. Hastapen batean, erran ahal da euskara batuaren normalizazioa literatura mailan egin dela, gehienik. Baina, beste eragile batzuk badira ere, hala nola eskola, prentsa, irrati-telebistak…. Erraten ahal da, gaur egun, eragile hauek literatura baino pisu handiagoa dutela. Ipar Euskal Herrian, adibidez, ikusi behar da zenbat jendek ez duen irratia entzuten jokoetan parte hartzeko, berrien behatzeko, edo emankizun desberdinen entzuteko. Ohar gabean bada ere, eragile hauek beren eredu estandarra zabaltzen digute egunero. Baina itzul gaiten literatura mailara.
Ipar Euskal Herrian, gorago aipatua izan den iparraldeko euskalkiak batzen zituen hizkuntza estandarra bazen jadanik: hau da nafar-lapurtera. Orduan, interesgarria da ikustea iparraldeko eredu estandarraren eta euskara batuaren arteko kausitzea nola iragan den.
Horren ikertzeko, azken berrogeita hamar urte hauetako iparraldeko sei idazleri interesatu naiz. Hala nola, lan honetan ondoko obra hauen azterketa tipia aurkituko duzue: Piarres Narbaitz “Arradoy”-en Kattalinen gogoetak (1955), Daniel Landart-en Aihen Ahula (1978), Manex Erdozaintzi-Etxart-en Gauaren atzekaldean (1982), Janbattit Dirassar-en Hegiko bordatik (1995), Antton Luku-ren Botoiletan (1998), eta Itxaro Borda-ren 100% basque (2001).
Daniel Landart Urruti. |
Piarres Arradoyen obra besteengandik bereizten da 1955ean idatzia izan baita, erran nahi baita batuaren arauak finkatuak izan aitzin. Halere, idazlea ez da eredurik gabe, nafar-lapurtera iparraldeko hizkuntza estandarrarena baitzuen.
Euskara batuaren finkatzearen ondoko lehen urteetan, arau berri horiek praktikan ezarri behar ziren, denei ezagutarazteko. Literatura zabaltze horren tresna garrantzitsua izan da hirurogeita hamar, eta laurogei garren hamarkadetan.
Daniel Landarten obra, horren frogatzeko adibide ona iruditzen zait. Bi laguntzaile izan zituen bere lana ortografia, hiztegia, eta gramatika mailan zuzentzeko, eta euskara batuaren arauetara egokitzeko. Pentsatzekoa da bere idazkera sortu berria zen eredu horretan oinarritu nahi zuela. Gainera, liburuaren bukaeran hiztegi bat gehitzen du, iparralde barnealdeko hiztegia hegoaldekoei ezagutarazi nahi balie bezala, eta iparraldeko barnealdekoei euskara batuak ekartzen duen hiztegia. Beraz, helburu pedagogo bat duela erraten ahal da.
Manex Erdozaintzi-Etxartek dirudienez harremanak bazituen hego Euskal Herriko idazleekin. Pentsatzen ahal da, ondorioz, euskara batuaren erabiltzea ez dela sobera zaila izan harentzat. Halere, bere eleberri honetan, ohartzen ahal gara iparraldeko eredua begiratzen duela oinarri bezala, batuko elementuekin nahasiz, Landartek egin duen bezala.
Itxaro Borda. |
Dirassarek, fenomeno horri aurre egin nahi balio bezala, nafar-lapurteraren eredu tradizionalari buruzko itzultze bat egiten du. Oroitarazi behar da, idazlea Herria astekarian ari dela, iparraldeko eredu estandarra zabaldu duen astekarian, prezeski.
Antton Lukuren kasua ez da gehiago batuaren eta nafar-lapurteraren arteko elkar kausitzea, baina batuaren eta erdararen artekoa. Iduri du iparraldeko ahozko hizkuntzaren tindu bat egin nahi duela, jendeen mintzairatik hurbildu nahi duela. Hola interpreta daiteke erdarari ematen dion lekua.
Itxaro Bordak, azkenik, euskara beste manera batez erabiltzen du. Erraten ahal da manera ludiko batez idazten duela. Hizkuntza tresna da, eta gaia da. Euskararekin, edo hobeki erran ezagutzen dituen euskara guziekin jostatzen da. Izan ere, euskara batuan oinarrituz, Amikuzeko, Zuberoako, eta hego Euskal Herriko hiztegia sartzen du bere idazlanean. Gainera, Antton Lukuk egin duen bezala, erdara nasaiki baliatzen du ere. Pentsa daiteke gaur egungo egoera linguistikoaren karikatura egin nahi duela, eta, beraz, liburu honetan agertzen irakurleari agertzen zaion euskara irri egingarria kausi dezake.
Beraz, euskara batua sortu eta, lehen urteetan idazleek honen garatzearen alde lan egin zuten, eta, gaur egun, eguneroko bizian normalizatua baita, batuaren erabilpena laxoagoa, eta ludikoagoa dela erran daiteke. Zein heinetaraino doa laxatze hori? Eman dezagun, euskalkien, eta erdararen lekua zein da, edo zein izan behar da, euskal literaturan?
Alde batetik, erraten ahal da euskara, hizkuntza guziak bezala aldatzen dela, eta, ondorioz, fenomeno normala dela erdal hitzen barneratzea. Baina, beste aldetik, erran nezake literaturan ematen zaion lekuari kasu eman behar dela, euskal literatura, lehen lehenik, euskaraz egiten den literatura baita.
Dialektoei doakienez, ohartarazten ahal da euskal hizkuntzaren aberastasuna egiten dutela, eta, beraz, bizi arazi behar direla. Euskalkiekin ere, alta, kasu egin behar da ez baikinateke euskara batua sortu aitzineko garaietara itzuli behar, gaur egun zaila iduri badu ere.
Hots, euskararen inguruko eztabaida betierekoa dela dirudi.
Aurreko Aleetan |