Hiri eramangarrien balio berriak eta hiriak suspertzeko estrategiak: Bilboren kasua
Alfonso MARTÍNEZ CEARRA, Bilbao Metropoli-30eko zuzendaria
Itzultzailea: Koro GARMENDIA IARTZA
Versión original en español
Aurreko
hamarkadaren bukaeran, kontsolidatu egin zen Bilbo Metropolitarreko azpiegituren
garapena. Izan ere, Bilbo Metropolitarra Suspertzeko Plan Estrategikoan zehaztutako
egitasmoek eraldatu egiten dute hiriaren ingurunea, eta nabarmen egin dute
hobera bertako enpresen lehiakortasunak eta biztanleen bizitzaren kalitateak.
Bilbo Metropolitarra suspertzeko prozesua kontsolidatzen joan den heinean,
hiriaren garapena interpretatzeko orduan joera aldatzen hasia dela ikusi du
Elkarteak: azpiegiturak eraikitzeko esfortzu estrategikoa mantendu egin behar
bada ere, oso kontuan izan behar dira pertsonak eta beren balioak, azken batean
prozesu horren hartzaile eta indar bultzatzailea baitira.
Arreta azpiegiturei eskaini beharrean balioei ematen hasten zaien tartean
kokatu behar da inflexio puntua. Datozen urteei begira, lehentasuna ez du
azpiegiturak sortzeak izango, baizik eta balioekin lotutako arloak lantzeak.
Gizarte moderno batek ezin du aro industrialeko balioen eskala berbera mantendu.
Modernitatea balioen eskutik etortzen da, funtsean etika, aitzindaritza eta
kalitatea bezalako balioek gidatzen dutelako ingurunea.
|
|
Aldaketen garaian gaude, gizartea, industriala izatetik, balioen gizartea izatera
igarotzen ari baita. 90eko hamarkadan erabat defizitarioa zenez azpiegituren
egoera, eta hiriak elkarren artean lehian hastean okerrera eramaten zuenez egoera,
sustapen prozesuak alderdi horri eskaini zion bere arreta. Maila jakin batetik
aurrera, ordea, pertsonen jarduerak sortzen ditu balioak. Jendearen ahalmena
eta jarrera erabakigarriak izaten dira, hain zuzen ere horiek ematen dutelako
balio erantsia. Hortaz, balioak, pixkanaka, gero eta garrantzi handiagoa hartzen
ari dira hiriaren estrategian, eta oinarrizko faktore bihurtzen dira gizartea
garatzeko helburuak finkatzeko orduan.
Hausnarketa estrategikoak egin ostean, hainbat balio funtsezkotzat jo dira
Bilbo lehiakortasunaren eta eramangarritasunaren bidean garatzeko, eta hain
zuzen ere horien inguruan jardun beharko du Balioen Foroak: berrikuntza, profesionalitatea,
erkidegoa, nortasuna eta kanpora begira egotea. Balio hauetako bakoitzak,
halaber, beste hainbat biltzen ditu bere baitan:
- Berrikuntza: aldaketak edo jarduteko modu berriak sartzea.
Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: aldaketei irekita egotea,
arriskuak hartzea, ugaritzea, jardutearen aldekoa izatea / espiritu lehiakorra
izatea, porrota onartzen jakitea, epe luzerako kultura izatea, ezagutzak
biltzea, gizartearen partaidetza bultzatzea / aitzindaritza.
- Profesionalitatea: lana txukun eta ardura bereziarekin egiten duen pertsonaren
kualitatea.
Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: zintzotasuna, eraginkortasuna,
objektibitatea, erantzukizuna, ebaluazioa / neurketa, ahalegina, aukeren
berdintasuna, kalitatea.
- Erkidegoa: interes berberak partekatzen dituzten pertsonen multzoa.
Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: lankidetza, enpatia, errespetua,
gizartearen edo hiritarren parte-hartzea, segurtasuna, elkartasuna, gizartearen
erantzukizuna, asoziazionismoa /koordinazioa.
- Nortasuna: norbanako edo talde bat besteengandik bereizten duen ezaugarrien
multzoa.
Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: kultura, irudia / proiekzioa,
hizkuntza, metropolia, aniztasuna / pluraltasuna, kide izatea, integratzea.
- Kanpora begira egotea: beste kultura, izaera eta jarduteko moduak onartzean
datzan jarrera.
Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: kulturaniztasuna, mugikortasuna,
tolerantzia, elkartasuna gizartean eta lanean, harrera, perspektiba / unibertsalitatea,
lankidetza, aniztasuna.
|
|
Balioak gizartean txertatzen joateko, pixkanakakoa behar du izan estrategiak.
Horretarako, etengabe hobetzeko prozesu bat planteatu beharko da, zeinaren helburuak
izan behar baituen gero eta jende gehiagok identifikatu, ulertu eta bereganatzea
oinarrizko balioak. Komenigarria da mugarri batzuk ipintzea, eta hain zuzen
ere asmo horrekin antolatu da Hiriak Garatzeko Balioen Kongresua (City &
Values), 2006ko udaberrian ospatzekoa. Foro honen helburu nagusia, Bilbo Metropolitarra
garatzeko balio estrategikoak erakutsaraztea izango da.
Elkarteak, bere jarduera eta ekimen guztietan, atxikita dituen erakunde eta
enpresen babesa jaso du beti. Hauen guztien ordezkariak biltzen dira ekintza
estrategikoak aztertu eta bultzatzen dituzten batzorde tekniko eta lantaldeetan.
Foroko jardunak bazkideen eta nazioarteko aditu ospetsuen ideia zein proposamen
berritzaileak jaso behar ditu, bai hiria bera suspertzeko, bai eta Bilbo Metropolitarreko
eta, luzapenez, Euskal Herriko gizartea, hiriak eta ekonomia modernitatearen
eta elkartasunaren bidean garatzeko.
Lotutako artikuluak