Montrealeko “L’Amitie Quebec Euskadi” taldeaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Argazkiak: Pedro ZARRABEITIA
Traducción al español
Traduction au français

Nire lehen harremana Quebec-Euskadi Taldearekin 1983ko abuztuaren23an izan nuen, Jaurlaritzako nire lan lekuan. Goiz hartan Begoña Zabala bilbotarra izan nuen bisitari eta Montrealeko Ekin-Quebec antzerki talde batez mintzatu zitzaidan. Bera talde horretako partaidea zen eta Euskal Herria eta Quebec herrien arteko lotura sendoago baten alde ari zirela azaldu zidan. Eta orduan “ulertu” ez nituen izen batzuk aipatu zizkidan, bera serio ari zela zuritu nahi izan balu bezala.

Montreal, 84-02-14. Iñaki Zabala, Gaston Miron eta zabalatarrengan ari zen Arantza neska azpeitiarra.
Montreal, 84-02-14. Iñaki Zabala, Gaston Miron eta zabalatarrengan ari zen Arantza neska azpeitiarra.

Iñaki Zabala Ayerberen alaba zen Begoña. Iñaki oso tipo jator eta bitxia zen. Bilbon larrudenda bat zuen eta wolframioko negozioetan ibilia zen. Abertzale goitik behera, euskaldunok munduan gure ahotsa tinko aurkeztu behar dugula uste dutenetakoa zen. Alde horretatik zeharo aburukidea nuen Iñaki. Urte bereko urriaren 3an bildu ginen Gasteizen eta Quebec-en bizi zen alabarekin guztiz konprometitua zegoela aitortu zidan. Prest zegoen dirua jartzeko, bi herrien arteko kultura erlazioak indartzeko. Praktikara ere pasatu zen, beraren bitartez iritsi baitziren lehen aldiz Euskadira Quebec-eko lagun batzuk – besteak beste Armand Vaillancourt eskultorea, Gernikaren ondoan bere obra bat jarri nahi zuena- eta Iñakik bere sakelatik ordaindu zuen hegazkin baten alogera, Bizkaiko zenbait lurralderen gainetik ostera batzuk emateko, Vaillancourtek beharko zituen espazio egokiaren bila. Erabaki azkarreko gizona zen, beraz, Iñaki. Luze hitz egin genuen urriko bazkaloste goxo hartan eta ondorioz aurreneko ekintza diseinatu genuen: Pedro Zarrabeitia Bilboko argazkilariaren erakusketa bat eratuko genuen Montrealen.

Handik zenbait egunetara – urriaren 21ean- Iñaki eta biok, Pedro Zarrabeitiak lagun, Pabera joan ginen. Helburua Pauline Julien abeslari kebekarrarekin elkar hizketatzea genuen, Begoña Zabalaren adiskidea baitzen eta, gainera, Quebec-eko Gobernuko Gerald Godin ministroaren neska laguna. Bikain errezibitu gintuen Paulinek Pabeko Kasinoan, Danielle Mitterrand frantziar presidentearen presentziarekin “Herri Txikien Alfabetizazioa” aldarrikatzen zuen jaialdian kantatzen baitzuen gau hartan. Eszenatokira agertu ondoren, “Vive le Pays Basque” ozen batekin agurtu zigun Paulinek. Quebec-era egingo genuen bidaian bertako Gobernuaren harrera izango genuela agindu zigun artistak gau hartako afarian.

Bidea erraztuta, lehen bisita hura 1984ko otsailean egitea deliberatu genuen. “Amitié Quebec Euskadi” taldea Pedro Zarrabeitiaren erakusketaren zehazkizunetaz arduratu zen eta Montrealeko Omelic-Foyer Artistique des Communautés Culturelles du Quebec” zeritzan elkartearen laguntzaz baliatu zen. Montrealeko agintarien aurrean Euskal Herriari buruzko publizitatea modu duinean egiteko, Alberto Schommer eta Ernesto Sabatoren ekarpenarekin Eusko Jaurlaritzan argitaratu berri genuen “Huts” liburuko testuaren frantsesezko itzulpena burutu zen eta hura izan genuen bisitari-txartela.

Otsailaren 15ean izan zen erakusketaren inaugurazioa. Baina Zarrabeitia eta biok hiru egun lehenago heldu ginen Montrealera. Aireportuan aurreneko ustekabe galanta: “Amitié”-koak hantxe zeuden guri itxoiten, ikurrinaz eta guzti. Eta aurreneko aurkezpenak egin zizkiguten Zabala aita-alabak: Gaston Miron, Denis Boucher, Armand Vaillancourt, Manuel Aranguiz...

Eta handik aurrera etenik gabeko lasterketa bat izan zen hura, ekintzaz ekintza, bisitaz bisita eta bileraz bilera. Dena aitortu behar delako, diodan turismo apur bat ere egin genuela, lagun haien aholku jakintsuei jarraikiz.

Montreal, 84-02-15. Montrealeko Auditoriumean, besteen artean, Iñaki Zabala, Armand Vaillancourt eta Begoña Zabala.
Montreal, 84-02-15. Montrealeko Auditoriumean, besteen artean, Iñaki Zabala, Armand Vaillancourt eta Begoña Zabala.

Hizkuntza minoritarioen inguruan Hezkuntza Ministerioan zeramaten lanaren berri eman zitzaigun; “Union des Ecrivains Quebecois” elkartearen agintariekin luze aztertu genuen euskal idazleekin zein nolako kontaktuak jar genitzakeen abian; Quebec-eko Unibertsitateko Arte Dramatikoaren Sailean euskal antzerki talde baten emanaldia adostu genuen; Montrealeko Arte Museoko zuzendariarekin hitz egin genuen euskal artistaren baten erakusketa iraunkorra jartzeko; Quebec-eko Zinemagileen Elkartekoekin mintzatu ginen Donostiako Zinemaldian zine kebekarraren emanaldi bat antolatzeko; Clement Richard Kultura Ministroarekin elkarrizketatu nintzen eta, besteak beste, Euskal Herrira etortzeko gonbitea egin nion; Radio Canada telebista katea, Radio Quebec eta Le Devoir egunkariko erredakzioak bisitatu genituen; eta abar.

Abar luze horretan, batez ere, Gaston Miron eta Denise Boucher “Amitié”-koekin ideiak eta ikuspuntuak elkar komunikatzeko aprobetxatu nuen. Ordura arte ez nuen jakin Gaston Quebec-eko poeta nazionaltzat zutela eta frantsesezko literaturaren sari nagusiak irabazi zituela. Denise, bestalde, goi mailako antzerki egilea zen, feminista porrokatua, eta, beste kantari batzuei bezala, Pauline Julien ospetsuari idazten zizkion abestien poemak. Eta, guztiaren gainetik, bi lagun haiek herri baten sentimendua erakutsi zidaten euren agerpen guztietan; horregatik miresten zuten Euskal Herria, hondoratzen ari zen mendebaldeko zibilizazioan herri bezala iraun ahal izateko bere burua harro aurkezten zuelako. Gaston Miron ez zen oso baikor, Quebec-ek etorkizunean Kanadatik independizatzeko izango zuen aukeraz. Bera beldur zen, herri izatearen kontzientzia ez ote zen epeltzen ari.

Talde hartako kidea zen, gorago aipatu dudan Manuel Arangiz. Txiletarra zen, Santiagon jaioa eta Pinocheten kolpearen ondorioz erbesteratua. 1974tik Quebec-en bizi zen. Aktore eta idazle ofizioz, bere poema liburu eder bat oparitu zidan, “Cuerpo de silencio”. Manueli bere abizen euskaldunaz galdetu nion baina ez zekien gauza handirik. Aitzitik, maputxe indioez hitz egin genuen luze. Baina bera gehien tiratzen zuena, zinea zen, ezbairik gabe.

Heldu zen ere, noski, Zarrabeitiaren erakusketa inauguratzeko eguna. Convergence Arte Aretoan izan zen eta jendez gainezka zegoen. Hura izan zena! Harrez geroztik beste inon inoiz bizi izan ez dudan “happening” bat eratu zen. Denisek eta Armandek hitzaldi sutsuak egin zituzten, tipo bitxi eta xelebrez bete zen aretoa, giroan marihuana usaina nagusitu zen eta whiskyak dantzan ipini zituen mingainak... eta gorputzak. Kazetariak alde batetik bestera zebiltzan eta, halako batean, Vaillancourtek kamioneta bat egur pikatuta sarrarazi zuen aretora, bertan deskargatu eta eskultura bat egiteari ekin zion, denon txalo zaparradaren artean. Ez diot inoiz galdetu Pedro Zarrabeitiari zein nolako eragina izan zuen bere arte karreran erakusketa hark. Medioek, behintzat, egundoko arreta eskaini zioten eta Quebec eta Euskal Herriaren arteko lehen ekintza hura nire baitan betiko geratu zen grabatuta.

Jardunaldi haien oihartzuna Espainiara ere heldu zen, jakina, eta oso gauza polita gertatu zen, handik hilabete batera. Martxoaren 15ean espainiar erregeak Montrealera iritsi ziren eta René Levesque Quebec-eko lehen ministroak errezibitu zituen. Bilera ostean espainiar kazetariek galdetu zioten Levesqueri, Espainiako herrialderen batekin harremanik ote zuten hango gobernuak. Lehen ministroak Katalunia aipatu bide zuen. Erantzun hark paparrean espainiar bandera zeramaten kazetari batzuengan erreakzio bortitza eragin zuen. Biharamunean, Diario Vascok eta Correo Españolek honela zioten “Levesque no quiso mencionar que el Viceconsejero de Cultura del Gobierno Vasco visitó Quebec” titularraren ostean: “Levesque dijo tras su entrevista con Juan Carlos que “no tenemos relaciones con los vascos” Aunque no era cierto. El mes de febrero visitó Quebec el viceconsejero de Cultura del Gobierno Vasco Vélez de Mendizabal. A Levesque, un cínico de la política, no le interesó en este momento de la visita real hacer mención a los vascos”.

Montreal, 84-02-15. Montrealeko Auditoriumaren zuzendariarekin, Denise Boucher eta Begoña Zabalarekin.
Montreal, 84-02-15. Montrealeko Auditoriumaren zuzendariarekin, Denise Boucher eta Begoña Zabalarekin.

Lerro horiek irakurtzean garbi geratu zitzaidan, Quebec-eko ekitaldiak merezi izan zuela. Prestakuntza lanetan hasi ginenean ezin nuen imajinatu ere egin, gure ekintza apal hark halako oihartzun izango zuenik.

Quebec-eko bisita amaituta, Euskal Herrian segitu zuen plangintzak. Euskal Telebistak eta Radio Quebec-ek hitzarmen bat izenpetu zuten eta “Legendes du monde” tituluarekin, munduko zenbait herrialdetako ipuinak eraman ziren zine formatora. Horren aurkezpena Parisen egin zen, Quebec-eko ordezkaritzan, 1984ko urriaren 24an. Eta bi egun beranduago Pauline Julien kantariak lehen kontzertua eskaini zuen Donostiako Miramar antzokian. Biharamunean Bilbon kantatu zuen. Eta bere errepertorio aberatsean Brecht-en “Bilbao song” eskaini zigun. Gero ez nuen inoiz berarengandik berririk izan, 1998an hil zen arte. Kultura aldizkari batek eman zidan artistaren heriotzeko albistea.

Denise Boucher-ekin ere kontakturen bat edo beste izan dut. Sitgeseko antzerki jaialdira etorri zen behin, epai mahaikide bezala eta telefonoz mintzatu ginen. Gero jakin dut kebekar idazleen lehendakari izendatu zutela. Vaillancourti buruz ez dakit ezer eta gauza bera esan dezaket Manuel Arangizi buruz. Dirudienez, urte luzez galduta eduki arren, berreskuratu egin nezake Begoña Zabalaren arrastoa, Quebec-en euskarazko klaseetara joaten den bere alaba Mirenen bitartez.

Gaston Mironekin harreman gehiago izan nituen. 1984ko ekainean Pariseko “La Maison de la Poésie” delakoak omenaldia eskaini zion eta gonbitea bidali zidan. Ez nuen joaterik izan baina telefonoren bidez mintzatu ginen eta mesede berri bat eskatu nion: Unescoren Aldizkariaren erredakzio buru zen Edouard Glissant martinikarrarekin hitz egitea, euskaraz atera nahi baikenuen agerkari hori eta Glissant zen aurrera egiteko giltza. Glissantek parte hartu behar zuen Gastoni eskainitako omenaldian eta kebekarrak bere hitza eman zidan. Tarteko zubiak ongi funtzionatu zuen handik gutxira Glissantek errezibitu baininduen Unescoren egoitzan Parisen. Eta euskarazko bertsioa abian jarri zen, zeinaren aurkezpena 1985eko martxoan egin genuen, Donostian. Hura izan zen ni Jaurlaritzan eginiko azken ekintza ofiziala. Gastonekin 1985eko “Expo Langues”-en egin nuen topo azkeneko aldiz, ni Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari bezala ari nintzelarik. Gaston Mironen heriotzaren berri “Le Monde” egunkariaren bitartez izan nuen 1996ko abenduan.

Garaikoetxea lehendakaria kendu zutenean Jaurlaritza utzi behar izan genuen eta itxura guztien arabera gure ordez jarri zirenek – kasu hauetan gertatzen den moduan- aurrekoen eginak ehortzi egin zituzten. Ez bide zuten “Quebec-Euskadi” taldearen lana interesgarritzat jo. Bigarren aldiak ez direla inoiz onak izaten, alde batetik, eta 1984ko talde hura berriro biltzerik ez dagoela, bestetik, atzera begiratzeak bakar bakarrik historia behar den moduan idazteko balio du. Hala ere, izpirituak ez dira sekula hiltzen eta gaur egun Montrealen den euskaldun giroak gizon emakume haien zuzia hartu eta zubiak eraikitze eta argitzeari ekin beharko lioke. Horra hor, lagunok, erronka!

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/03-18/04-01