Hainbat herrialde komunitariotako “baxurako arrantzako” sektoreen arteko harremanakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Esteban OLAIZOLA
Itzultzailea: Koro GARMENDIA IARTZA
Versión original en español

Denbora batean adiskidetsuak eta onak ziren Kantauri itsasoko baxurako sektorekook Iparraldeko eta Frantziako bizilagunekin geneuzkan harremanak, arrantza egiteko metodo selektibo berberak erabiltzen baikenituen.

Harreman zintzo horien isla ditugu arrantza aldiari hasiera eman baino lehen izaten genituen bilkurak, non hainbat erabaki hartzen baikenituen: prezioak sustengatzeko akordioak, itsasontzi bakoitzeko gehienezko harrapaketa, kanpainen datak, etab. Arrantza aldiaren amaieran, berriz, harrapaketak, errentagarritasuna eta beste hainbat alderdi baloratzeko biltzen ginen.

Bilera hauetatik, nork bere Gobernuari luzatzeko proposamenak ateratzen genituen. Iradokizunok, sarritan, arrantza egiteko sistema selektiboak mantentzeko xedea izaten zuten; esaterako, tunidoak ehunka urtez indarrean egon zen moduan ez (kazako eta xaxiango arrantzan, alegia), baizik eta beste guztietan harrapatzeko debekua ezar zedila eskatzen genuen mugaren alde bietako sektoreek.

Hondarribiatik Baionara (Galizia) eta Hendaiatik Bretainiara bitartean aldarrikatutako eskaera honek lurralde horietako guztietako kontserba industria gehienen babesa jaso zuen ordu hartan. Ulertzekoa, arrantza egiteko sistema hauek kalitate goreneko tunidoak bermatu baitzizkieten urte luzetan zehar kontserba industriei.

1976an Estatu frantsesak 200 milia inposatu zituenean, eta Gobernu espainiarrak onespena eman, lehendabiziko tirabirak sortu ziren mugaren bi aldeetako ontzidien artean.

Eta inposatu egin zuela diogu, petrolio prospekzioak egiteko sortutako neurria aplikatu ziolako arrantzari, sektoreari inolako kontsultarik egin gabe gainera. Erabaki honen ondorioz, arrantza egiteko ahalmena %60an murriztu zen gure ontziak ibiltzen diren kaletan.

Zoritxarrez, arrantza egiteko beste metodo batzuk erabiltzen zituen ontzidia agertu zen jarraian: “arrastre pelagikoa” eta bolantak, alegia. Metodo guztiz eraginkorrak biak, baina oso kaltegarriak ere bai, inolako aukeraketa edo selekziorik ez egitean, erabat xahutzen dituztelako baliabideak. Harrapatu beharrekoak ez diren espezieen hilkortasun tasa %40 baino handiagoa izaten da kasu guztietan, eta handiagoa batzuetan. Adibide modura, esan espezie pelagikoak (antxoa, tunidoak, berdela, etab.) harrapatzeko sortu ez diren arte hauek oso epe laburrean agortu dituztela urraburu grisaren, bisiguaren, legatzaren, lupiaren eta beste hainbat espezieren baliabideak, eta, ondorioz, hasiera batean euren asmoetan sartzen ez ziren arrantzategietan oinarritzen dutela beren errentagarritasuna.

Ontziteria hauek aipaturiko espezieak harrapatzen hasi orduko, itsasoarekin bateraezinak diren egoerak sortu ziren.

Itsasoko arte horien guztien elkarreragina nolabait arautzearren, lehendabiziko akordio bat onartu zen 1992an, "Arcachongo akordioa" deiturikoa, zeinak bi ontziteriek lanean jarraitu ahal izateko ildo batzuk finkatzen baitzituen.

Frantzia eta Espainiako Gobernuek 10 urteko indarraldia izateko sinaturiko akordio honek, bi oinarri nagusi zeuzkan: alde batetik, estatu espainiarrak bere 32.000.000,- Kg-ko kuotatik 6.000.000,- Kg lagatuko zizkion Frantziari, eta, bestetik, ontziteria pelagikoa -ez baina ingurasarekoa- ez zen, urte bakoitzeko martxoaren 20 eta maiatzaren 31 bitartean, arrantzategi honetan arrantzan arituko. Kuota proportzionaltasunez finkatu zela ulertu beharra dago, ontzidien harrapaketa historikoei begira, eta, beraz, ontziteria frantsesak ez zuela historia gehiegiko ekarririk. Itsasoko arrantzaren inguruan bi ontzidien artean zeuden arazoei, ordea, berri bat erantsi zitzaien, hain zuzen ere garai horretan iritsi baitzen merkatuetara antxoa pelagikoa. Egoera horretan, ezinezkoa zen merkatuko prezioak arautzea.

Eta ontzidiak akordio horren aurrean %100ean ados ez bazeuden arren, alde biek onartu eta sinatu zuten.

1992tik 1994ra, ontziteria frantseseko alderdi batek behin eta berriro hautsi zuen akordioak gure kanpainaldian zehar (martxoaren 20tik maiatzaren 31ra) arrantza egiteko jasotzen zuen debekua. Guk sarritan salatu genuen legez kanpoko jarduera hori Madrilen, Parisen eta Bruselan, baina inork ez zion ontzidi horri bere ekintza geldiarazterik agindu. Frantziako itsas armadaren aurrean aritzen ziren.

Gure merkatuetan debekatutako arrantzatokietako legez kanpoko antxoa sartzean (legez kanpoko salmentak, komisiopeko kamioiak, etab.), okertu baizik ez zen egin egoera.

2004ko udaberrian, bidegabekeria hori ahal zen modu guztietan salatu ondoren, ontziteria pelagiko frantsesari oharra itsasoan bertan egitea erabaki zuen ontzidi gipuzkoarrak, baina Frantziako altzairuzko ontziek abordatze batekin erantzun zioten egurrezko ontzi gipuzkoar bati. Erasoa gaitzesteko, altzairuzko ontzi gipuzkoarren kontzentrazio handi bat antolatu zen, eta, tamalez, horren harian, Gipuzkoako zazpi ontzi epaitu eta kondenatu egin dituzte, kartzela aldi eta isun ekonomikoekin.

Tunidoen arrantzari dagokionez, arlo guztietan denbora luzez borrokatu ostean, azkenik bolantetan -edo heriotzaren errezel ere deitzen zaienetan- harrapatzea debeka zedila lortu genuen, baina, hegaluze eta atunaren arrastre pelagikoa debekatzerik lortzen ez dugun bitartean, beldur gara arrantzategi honek ez ote duen arrakasta txikia izango.

Bukatzeko, eta laburtzeko, esan beharra dago harremanak onak izan zirela ontziteria guztiek arrantza egiteko metodo selektiboak erabiltzen zituzten bitartean, baina elkar ulermen hori apurtu egin zela ontziteria selektiboa eta stock-aren inbertsioak urte gutxi batzutan errentagarri bihurtu nahian zebiltzan enpresak mehatxuka hasi zirenean.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/04/22-29