Alboka eta albokariakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Manu GOJENOLA ONAINDIA
Traducción al español

Albokaz hemeretzigarren mendearen hondarreetatik honantz dut informazioa. Alboka tradizionalaren gainbehera gertatu zen garai horretan. Eskusoinua agertzeak batetik, eta hogeigarren mendearen aro berriak orokorrean, baztertu egin zuten alboka. Aurretik, zalantzarik ez, izango zuen onarpen handiagoko sasoia.

Aipatutako garaian, Gorbeialdean jo izan da. Bizkaiko Arratiako herrietan eta inguruetakoetan, eta Arabako Gorbeialde zabaleko herri batzuetan. Baita Aitzgorriren bi altzotan ere. Lehenago, Aralar, Urbasa eta Pagoetan.

Alboka (edo albokak, pluralean) aerofono motako soinu-tresna dugu. Aerofonoetan, mihiaren dar-dar bizkorraren eraginez soinua ematen duten taldekoa da. Horien artean, mihia -edo fitaren zati dardaratsua-, bakarra edo bikoitza izan daiteke. Alboka mihi bakarreko taldekoa dugu, alegia, klarinetearena –bikoitza, oboearena izango litzateke, dultzaina legez-. Fita eta hodi bi dituelako, klarinete bikoitza deitzen diogu.

Alboka.
Alboka.

Errepertorio tradizionala, guregana heldu dena, batez ere hiru piezakoa izan da: jota, porrusalda eta martxa. Horrez gainera, beste doinu solte gutxi batzuk heldu dira, kantatzekoak edota dantzatzekoak, puntepioa, adibidez. Albokak eskala laburra du, eta horregatik ezin da edozein doinu mota jo. Hori izan daiteke alboka gehiago ez zabaltzearen arrazoietatik bat, eta agian, nagusia.

Erromerietan, albokariak alboan pandero-jotzailea zuen lagun sarritan, koplak kantatzen. Goiherrin, pandero gabe jotzen zuten Gorrotxategitar bi albokarik, euretako batek koplak kantatzen zituela, tarte horretan alboka utzita. Erromeriak, era askotakoak ziren: ermita inguruetan egiten zirenak edo zelai baten; baserrian auzolanen ostekoak eta ezkontza edo jai berezietan, eta tabernetan egiten zirenak. Plazetan ere jo izan da, baina aipatutako tokien aldean, gutxiago. Albokak atenperatuak ziren, hau da, ez zeuden neurri estandarren arabera afinatuak, horregatik gatxa zen alboka bi edo gehiago batera jotzea, baina batzuk egiten zuten. Panderoarekin laguntzeko, ez zeukaten inolako problemarik, ordea.

Albokari tradizionalak baserritarrak edo artzainak ziren. Baserrian bizi eta inoiz ardi, ahuntz edo behien zain zeuden bitartean jotzen zuten alboka. Alboka jotzen inguruetako norbaitengandik ikasten zuten, eta inoiz etxeko norbaitek irakatsia, 12 edo 13 urterekin. Alboka beraiek egiten zuten, euren natura-ingurunean zeuzkaten materialekin (adarrak, kanabera, egurra eta argizaria). Arnasa bueltatzea edo arnas zirkularra ikasten zuten lehenengo, eta gero digitazioa, piezen zati errezenetatik, zailenetara. Ez dago esan beharrik solfeorik ez zekitela. Gehienek alboka baino ez zuten jotzen, baina batzuek panderoa ere jotzen zuten, eta banakaren batek dultzaina.

Hogeigarren mendearekin aldaketak etorri ziren. Beste soinu-jotzaileekiko konpetentzia areagotu zen eskusoinuaren agertzearekin. Ordura arteko norgehiagoka dultzainarekin eta panderoarekin baldin bazen nagusiki –tanbolinteroek beste maila bat zuten gizartean eta inoiz, zuzenbidearen arloan ere-, eskusoinuak dena hankaz gora ipini zuen. Albokarien eguneroko lanari zegokionez, baserriko lanak lagata –edo eurokin batera- albokari batzuk industrian eta zerbitzu sektoreetan lanean hasi ziren.

Errepertorio berria izateagatik batetik, eta zaharrari bizitasun ikaragarria ekartzeagatik bestetik, erromerietako jaun eta jabe bihurtu zen eskusoinua -soinu txikia edo akordeoi diatonikoa-. Geroago, orkestinak eta bozgorailuak beste soinu-tresna eta soinu-jotzaileak erromerietatik bota egin zituzten. Geroago, “berbena” -taldeak eta geroago, rock’n rolla etorri zen.

Albokaz egin diren ikerketetan, Aranzadi, Azkue eta Larrea aparte, aipatzekoak dira: García Matosen artikulu garrantzitsua, La alboka vasca (1956); Mariano Barrenetxearen hiru liburu, euretan, albokarentzako hain inportantea izango dena, Alboka, entorno folklórico (1976); Beltranen Soinutresnak euskal herri musikan liburua (1996) eta Euskal Herriko soinu-tresnak CDROMa (1999) eta Ibon Koteronen artikulu bi: Alboka (2000) eta Digitación y escala de la alboka (2002); azkenik, Manu Gojenolaren Albokaren alde batzuk izeneko liburua (2004). Ingalaterran, Anthony Bainesek sakontasun handiko liburua atera zuen: Bagpipes (1960).

Soinu-tresna berari dagokionez, Juan Mari Beltranen lana: alboka tenperatzea [A=440Hz] edo beste soinu-tresnekin jo ahal izateko tonua ematea; material berriak sartzea (egurra -ezpala edo granadilloa-, kanaberazko hodien ordez; eta plastikoa eta beira zuntza kanaberazko fiten lekuan) eta eskala luzeagoa ematea [alboka sol-sol deritzana]. Berarekin batera, Osses, Gastiain, Telleria, Mundi, Kanpo eta Atxa aipatu behar dira egungo albokagile gisa.

Albokari tradizionalak

Anbrosio Gorostiaga “Anbros” (1867-1926), Igorrekoa. XIX eta XX. mende bien erdiko albokari nagusia. Eragin handia izan zuen besteengan. Trebitsch doktoreak 1913an grabatu zuen. Zeanuriko Jose Iturbek 1897ko alboka lehiaketa irabazi zuen Areatzan.

Zeanuriko albokariak.
Zeanurin albokariak.

“Anbros”en ostean, hogeigarren mendean eragin handienetakoa izan zutenak Migel Larrinaga “Txuskoa” (1881-1921), Dimakoa eta Graziano Lekue “Txisperue” (1882-1945), Zeberiokoa izan ziren. Joeren eragileak izan ziren biak. Aurrekoekin batera eta euren eraginpean, XX. mendearen lehen erdiaren aipagarrienen artean, hauexek: Alejo Gurtubai “Barberue” (Galdakao), Alejo Etxezarraga (Dima), Jose Mari Bilbao (Artea), Inazio Uribarri “Andaluze” (Dima/Zaratamo), Manu Barandika (Bedia), Bernardino Zautua (Igorre), Juan Kruz Valle (Galdakao)... Euren ostekoetan, beste batzuen artean, hauexek:

Jose Amundarain, “Muñegi”, (1895-1969), Zeanuriko artzaina, albokari fina, asko ibilitakoa. Bergarako 1930.urteko Eusko Ikaskuntzaren kongresuan izan zen. Bere ikasleen artean, Emilio Sagarna eta Andoni Goikoetxea zeanuritarrak. Hauek elkarrekin eta batera jotzen zuten. Kaletarrak izan ziren lehen albokariak.

Ildefonso “Pontxo” Orue (1902-1980), Lemoakoa, baserriko lanak aparte adreilugintzan be ibili zen. Alboka jotzen aitak irakutsi egin zion. Erromerietan sarri ibili zen albokari modura gerra aurrean, eta panderojotzaile gisa lehengusu bat eramaten zuen. Gerra ostean, izan zituen gorabehera politikoak zirela eta, etxean baino ez zuen alboka jotzen. Mateo beste anaiak ere jotzen zuen alboka, apur bat. Eujenio Etxebarria albokariaren bigarren lehengusua zen.

Tiburtzio Elezkano (1906-1958), Igorrekoa. Andaluzeren iloba eta ikaslea, eta Txilibrinen anaia. Albokari onenetakoa izan zena. Sei anaietan, dantzariak, alboka, dultzaina eta pandero-jotzaileak zituen.

Benito Iragorri (1906-1973), Lemoarra, Galdakaon bizi zena. Albokari oso trebea zena. Dultzaina ere jotzen zuen. Albokagile aparta eta egurrezko dultzainen egilea. Anaietan, albokari eta dultzaineroak izan zituen. Berez ikasi zuen alboka jotzen.

Silbestre Elezkano, Txilibrin (1912-2003), Igorrekoa. Bilbon bizi izan zen. Folklorearen pertsonaia. Dantzari aparta, albokari eta pandero-jotzaile trebea, kopla kantaria eta albokagilea. Sei disko grabatu zituen alboka joaz eta film bitan ere agertzen da. Munduan zehar ibilitakoa dantzan eta jotzen. Alboka berritzearen aldekoa, betiko errepertorioari eusteaz gain, noski. Hau esan zidan “kanta asko hemekoak, baiña inok ez eban atara [albokaz], beti jotea, porrue eta martxea; [horrez gainera] orain jo behar dana dok cansiones de euskalherria”.

Leon Bilbao (1916-1990). Arteakoa, Jose Mariren semea eta ikaslea. Albokari eta albokagile trebea. Aniztasun handikoa bere musikan. Edozein albokari oso ondo antzeratzen zuen alboka joaz. Sei diskotan jo zuen alboka. Euskal Herri osoan ibili zen albokari gisa, Maurizia Aldaiturriaga pandero-jotzailea lagun zuela. Alboka-ikasle asko izan zituen eta gazteak bultzatzearen aldekoa izan zen.

Juan Otxandio (1927-2000). Galdakaoarra, Larrabetzun bizi zena. Txofer bezala egiten zuen lan. Barberueren ikaslea. Albokari tradizionaletan gazteena, bere belaunaldikoak eta aurrekoak ezagutzeko aukera izan zuen, gerrara eraman ez zutelako, adinarengandik. Oroimen oso ona zuen eta informazio asko eman zidan.

Eujenio Etxebarria (1920). Dimoztarra, Arrigorriagan bizi dena. Azken albokari eta albokagile tradizionala. Jose Mari Bilbao eta Leon Artaberen ikaslea. Gerra aurrean erromerietan jotzen ibilitakoa. Ostera ere 1971an plazaratu zen eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdin sarritan jotzen ibilitakoa. Oraindik albokak jo eta egin egiten ditu.

Albokarien Topaketa Hernanin, 2004-09-26an. Erdian Eujenio Etxebarria albokari tradizionala. (Arg: H M T Txokoa).
Albokarien Topaketa Hernanin, 2004-09-26an. Erdian Eujenio Etxebarria albokari tradizionala. (Arg: H M T Txokoa).

Txilibrin eta Leon Bilbao geratu dira klasiko gisa, bihar-etzirako. Oso onak zirelako, sarritan jo zutelako jende aurrean, alboka asko saldu eta diskoak grabatzeagatik. Gehiago ere egon dira horien belaunaldian: Antonio Aiesta Jitano, Benito Elezkano...

Albokari berriak

Mariano Barrenetxea (1938), Galdakaoztarra. Albokaria, alboka irakaslea eta albokagileaz at, albokaren ikertzaile nagusienetarikoa. Atzerrian ibili da alboka jotzen eta Walesen saria atera zuen. Berari zor zaio alboka berpiztea, alboka desagertzetik salbatuaz, bere testuei eta suspertze-lanei esker. Hiru liburu idatzi ditu albokaz, artikuluen gainera. Hitzaldiak eman ditu albokaz. Eta albokari-batzarrak eratu zituen 1967 eta 1968an. Funtsezkoa izan da albokarentzat.

Juan Mari Beltran (1947), Etxarri Aranazkoa, Donostian bizi dena. Organologian espezialista, folklorea eta musikaz jabetua. Ikertzailea, idazlea eta irakaslea. Multisoinutresna jolea. Albokaria, alboka doinu sortzailea, albokagilea. Alboka sol3-sol4 izenekoa asmatu zuena, eskala luzatuz. Zegamarrak ziren Gorrotxategitarrak, Migel aita eta Antonio eta Patxi semeak, Gipuzkoako azken albokarien doinu eta jotzeko estiloa garatu duena.

Ibon Koteron (1967), Bilbotarra. Albokari iraultza ekarri izan dion albokaria da. Albokari sekula pentsatzen ez ziren aukerak ekarri eta atera egin dizkio. Pieza berri erakargarriak sortu ditu batetik, eta bestetik, balada eta kantu tradizionalak –albokaz jo bakoak zirenak, hogeigarren mendean behintzat, dakigunez– jo izan ditu, pieza tradizionalekin batera. Alboka irakaslea, eskola eta albokari ugari sortu dituena.

Berrietan, edozein toki eta adineko batzuk izendatzekotan, Coppi, Kepa Pérez Urraza, Joserra Fernández, Elena Bezanilla, Julen Begoña, Fede de Dios, Karlos Subijana, Josu Salbide, Aitor Gorostiza, Mixel Ducau, Alan Griffin, Alberto Marcos, Alberto García, Iker Díez, Oskar Angulo, Aitor Larrañaga, Andoni Vecchio, Igor Goikoetxea “Ondarru”, Asier Balentzia, Xabi Valle, Jone Iurrebaso, Ageda Kamiruaga... Alboka, egun, dantza taldeen inguruan eta folk eta rock kontzertuetan jotzen da. Baita kalejiretan ere.

Askatasunezko egoerak, soinu-tresna gehiago jotzen duten musikariek alboka jotzen hasteak, irakaskuntza-sare baten sartzeak, eta doinu zaharrak jotzeak eta pieza berriak sortzeak arnasa berria dakarkio albokari.

Oraindik nahiko ezezaguna da alboka. Gutxiengo giroetan, bere buruari eutsiz joan den mendean, esan behar da, adorea izan dutela albokariek. Hogeita lehenengo mendera indarberriturik heldu da alboka.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
 

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation von baskisch-deutsch

 
GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/04-29/05-06