Arantza UGARTETXEA
Traducción al español
Tradução ao portugués
Urria 12rako zegoen antolatua São Pauloko “Gernika Kutun” izena duen euskal etxean, Lectura pedagógica de la realidad vasco-brasileña-ren aurkezpena. Eusko Ikaskuntzako hezkuntza sailak eginiko koaderno honek, Ikastaria 13. izenpean argitaratutakoa da. Hamahiru horrek duen ezkortasuna era nabarmenean gaindituz. Askok galdetu zidaten baita ere, zer esan nahi duen Ikastaria hitzak, betiko ikusmira eta jakingura sortzen duen euskararen ildotik. Hezkuntza sailak sumatutako hitz honek, beste zenbait hitz euskaldun gogoraztera garamatza, adibidez: idazlaria, dendaria, kazetaria, pilotaria... Horrela ba, beti ikasten ari garen norbaitzuk garenez, jarduera eta joera horren adierazle dugu Ikastaria izena.
Elça Martins, Alfredo Soeiro, Estebe Ormazabal eta Arantxa Ugartetxea, (koadernoaren autoreak) hunkipen sakon batez ukituak inguratu ginen, euskal aztarna sentitzen den leku hartara. Ikusmira eta sentipen handiarekin baita ere, iritsi ziren egun hartan, garai bateko euskaldun eta egun, haien seme-alaba edo ilobak direnak, baita ere, euskaldun girotik nahiko gertu dauden batzuek. Denetara 60 bat. Familia giroa eta geure arteko lotura kulturala, distiratsu agertu ziren egun eguzkitsu eta eder hartan.
Clube Paulistanoko frontoian. São Paulo, azaroa 2004. |
Elçak, brasildar izaera pluralaren agerpen argia egin ondoren, bizi eta sentitzen duen brasildartasuna azpimarraturik, hein berean pixka bat euskalduna ere sentitzen zela agertuz, bukatu zituen xarmaz ukitutako hitz haiek. Alfredo Soeirok, pilotari dion ikusmira eta maiteminaz hitz egin zigun, benetako altxor berezia dugula euskaldunok esku artean pilota dugularik, mundu zabalean ibiltzeko, adieraziz. Euskal kirola, EusKal Herriak duen gauzarik ederrenetako bat dela azpimarratuz bukatu zuen bere adierazpena. Estebe Ormazabalek entzuleen bihotz eta memoria euskalduna, era fin eta maitekorrez ukitu zituen. Emozioa barra-barra, esker beroa brasileko euskaldunei bereziki emanaz eta Eusko Ikaskuntzak emandako aukera ezin hobea eskerturik, une hartako sentsibilitate euskal-brasildarraren uretan murgildu zen eta murgilarazi ere bai. Arantxa Ugartetxeak, nik, euskal etxearen etxekotasun euskaldunaz eta geroari begira, denbora berrien itxaropenaz hitz egiterakoan, benetan bizirik gaudela adierazi nuen eta geure arteko lotura kulturalak errealitate uka ezina direla, euskal etxea ikur historiko ezinbestekoaren babespean.
Txaloak ugari, emozioa aurpegi guztietan, begietan malkoak, poza, eskerrak eta jarraipenaren gogoa. Euskal etxeak antolatutako bazkaria ederra, gozoa, ugaria eta giro ezin hobea gertatu zen. Bazkalondoko elkarrizketak amaiezinak eta azken batean bakoitza bere etxera, Eusko Ikaskuntzak, lan hau egiteko elkarrizketatuak izan ziren familiei oparitutako, Ikastaria 13 esku artean zutelarik.
São Pauloko Euskal Etxea, urria 2004. |
Baina Ikastaria 13.aren ibilbideak izan du baita ere, hiri honetan, beste leku maitagarri bat. Oraingo honetan Clube Paulistano deritzen zaion frontoia izan da, hau da Paulistanoko frontoia, lur brasildarra, brasildarrek eraikia baina euskal pilota, zaindu, praktikatu eta bizitu, egiten den leku berezia. Alfredo Soeirok zesta-puntako eskola zuzentzen du, ez dira asko, baina grina eta lotura pilotarekiko era miresgarri eta errealean bizi dute. Egon berriak ziren Euskal Federazioak bidalitako bi monitore, lagungarriak gertatzearren kirol honen garapenean, bat zesta-puntakoa eta bestea palaz jokatzen duena. Denak oso pozik aurkitu nituen, bi pilotari hauen laguntzarekin eta beraiek ere oso pozik itzuli zirela Euskal Herrira, São Paulon eginiko egonaldiarekin adierazi zidaten. Brasildar izaera eta trataera kanpotarrekikoak, mirespena eta benetako lotura afektiboak sortzen ditu, eta bi pilotari hauek ere, hain arrunta den saudadea sentitzeko aukera paregabea izan dute.
Paulistanoko frontoian ez dago euskaldunik baina euskaldunok, frontoia ikusten dugunean eta barrura sartzen garenean, eraldaketa magikoaren tankerara, Euskal Herriko muinean sentitzen gara. Kirol berezi honen bitartez, interkulturalitate sakon bat sumatzen dugu, argumentu teorikorik gabe, kirol ekintza praktikatzen den ildoan, eusko-brasildartasunaren txertaketa ukaezinaren bizipena nabaritzen dugu. Eta oraingoan ere hau bera gertatu zaigu, azaroa 14ean frontoira inguratu ginean Ikastaria 13 aurkeztu eta banatu nahian pilotarien artean.
São Pauloko Euskal Etxea, urria 2004. |
Han zebiltzan betiko tankerara, zesta-puntakoak jo-ta-ke eta bigarren goiz partean palaz jokatzen dutenak. Ikustea nola bereganatu duten euskal pilota brasildar estiloaz, harridura eta mirespen handia sortzen dizkit. Ikusgarria benetan eta ikustekoa. Oso ongi eta harrera pozgarriaz onartu gintuzten. Denek liburua ikusi nahi zuten eta guk beraiek eginiko galdera zuzenei erantzuten saiatu ginen. Han ibili zen ba, gure Ikastaria 13 pilotarien artean, eskertuak izan ginen eta altxor bat izango balitz bezala, hartu eta eraman zuten kirol poltsan sartuta, euskal pilota bereganatu duten erara, liburua ere arakatu eta norberea egin nahian.
Web orria interneten jarri berria dute, nahi baduzue beraiekin harremanetan jarri edo beraien berri jakin, hemen duzue: www.pelotabasca.com.br
Baina dena hor ez zen bukatu. Brasildar sukaldea dastatzeko aukera ere izan genuen. Clube Paulistanoko jatetxea oso ona eta egokia da horrelako ikustaldi eta harremanei, bukaera jatorra emateko, eta oraingo honetan ere horrela gertatu zen. Gonbidatuak suertatu ginen eta janari gozoak tartean zirelarik, eten gabeko elkarrizketa eusko-brasildarraren tartean bukatu zen egun berezi eta ahantzi ezina. Paulistanoko Frontoiak etxe euskaldunaren kutsua ematen digunentzat bisita leku ezinbestekoa bihurtu da. Beti prest daude, euskal pilotarekin zer ikusia duen edonorekin, harreman eta jarrera baikorrak bizitzeko, gehiago esango nuke, euskaldun guztiak ongi etorriak dira.
Clube Paulistanoko jatetxean. São Paulo, azaroa 2004. |
Brasileko euskaldunak direla medio, bagabiltza han eta hemen, lehenengo urrats idatziak eman nahian ibiliak gara eta lan honetan parte hartu dugunok, naiz eta ozeano bat tartean izan, izaera eta kultura trukaketak txertaturiko izaera berri baten hausnarketan hasiak gara. Bidaiak berak sortzen duen kultura giroan eraldatzen goaz, aberasten, argitzen eta ulertu nahian zein sentipen magiko eta hunkigarriak elkar lotu gaituzten, lana egin dugun bitartean eta hor eta hemen bizi garenen artean. Denbora eta espazioa erlatiboak bihurtzen dira zenbait unetan eta norberaren baitan betirako txertaturik bizi ditugu, etengabeko kate miresgarrian, gugan sumatzen ditugun egun banaezinak diren hunkipen eta izate eusko-brasildarrak.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |