Cerrar

2005.09.20

Mostrak, eztabaidak eta Euskal Zinea

Zinemaldiak badu, Maria Cristina Hoteleko glamourraz, Kursaaleko bizipen zirraragarrietaz eta zinema aretoetako emanaldietaz gain, bestelako gertakari eta ekimenak. Hala izanik, egunotan eta Moneoren Kuboetako beheko solairuan Joseph Maria Queraltók azken 30 urteetan bildutako zinema tresnak daude ikusgai, “Itzaletatik filmera” deritzon mostran. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak, aldiz, Abel Ferrara zinemagile newyorktarraren omenezko erakusketa atondu du eta Principe Zinema Aretoetan, Gabriel Figueroak Buñuel-en “Los Olvidados” ekoizpenean ateratako argazkiak ikus daitezke. Hilaren 19an Zinema eta Demokraziari buruzko mahai-ingurua ospatu zen eta bertan, besteak beste, Pilar Bardem, Enrique Gonzalez Macho, Manuel Gutierrez Aragon, Gerardo Herrero, Ventura Pons, Elías Querejeta, Fernando Trueba eta Imanol Uribe izan ziren. Guztiek bizi izan dute Trantsizio garaia eta Zazpigarren Arteak urte haietan pairatutakoa izan zuten hausnargai.

53. Edizio honetako ekuadorra bizi dugun egunetan Maskorra zein pelikulak eramango duen eta bestelako golardoak nori egokitu zaizkion dira mintzagai aretoetako errenka luzeetan eta tabernetako solasaldietan. Larunbatean ezagutuko dira omendutakoen izenak. Bitartean, gelditzen dira pelikulak gozatzeko, eztabaidak, ongietorriak eta ospakizunak dastatzeko. Azken hauen artean biharkoan izango den Euskal Zinearen Egunak merezi du aipua, IBAIAK eta EITBk, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin, Euskadiko Filmategiaren eta Berria egunkariaren laguntzarekin Principe Zineman urtero antolatzen duen ekitaldia. Zeinean, ikusentzunezkoen alorrean Euskal Herrian egin diren azken ekoizpenak aurkeztu, bultzatu eta erakutsiko diren.

 

 
  Emmanuel Beart aktorea. “L’enfern” pelikularekin etorri da Donostiara.
 
  Jendea Kursaal aretoko irteeran pilatuta. Argazkiak: Andres Espinoza
 
 
<< Aurrekoa                                                                                   Hurrengoa >>