|
2005.09.22
Azken txanpan, belaunaldi berriak protagonista
Heldu
da Zinemaldiaren azken txanpa. Gauetako errenka luzeetan udazkeneko
hotza sumatzen den arren eguneko eguzkiak bat-bateko tertuliak faboratzen
ditu eta, zurrumurruek diotenez, ez dago aurten pelikula faboritorik.
Ez, oraindik. Kritikoek behintzat ez omen dira guztiz bat etorri. Epaimahaiaren
erabakiari itxaron behar, beraz.
Dena den, izan da, egunotan, gertakari aipagarri andana. Guztiak ezin
aipatu, ordea. Edo, hobe, guztietaz ezin ohartu. Bart Euskal Zinea izan
zen protagonista eta gaurkoan, Kursaaleko kubo txikian “Aupa Etxebeste!”
esperatua estreinatuko da. Alboko salan, ordea, Ben Gazzarak Donostia
Saria jasoko du. Eta hiriko pantaila ezberdinetan gozatu ahal izango
diren ekoizpenak alde batera utzi gabe, zinemagile gazteei utziko diegu
tokia. Izan ere, gaur eta bihar Zinema Eskolen IV. Nazioarteko Topaketak
izango baitira Principe aretoetan. Hala izanik, zinemaren teknika eta
lengoaia gertuagotik ezagutu nahi duten ikasleek euren prestakuntza-lanen
laburpen bat aurkeztu ahal izango dute.
Topaketa hauetan parte hartzen duten zentroen kopurua gora doa etengabe,
eta aurtengoan, orotara 17 izango dira. Latinoamerikako hiru herrialde
berrietatik etorritako ikasleak barne, Argentina, Brasil eta Kubatik,
hain zuzen ere. Etxekoei dagokionez, ordea, Donostiako Larrotxene Kultur
Etxeko Ines Llordesek “Dos estrellas” aurkeztuko du eta
Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako Angel Burgañak “Amnesiak”.
|