ERABERRITU, Berrikuntza Kudeatzeko Erreferentziazko EreduaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Mikel OROBENGOA
Traducción al español

ERABERRITU, Berrikuntza Kudeatzeko Erreferentziazko Eredua, LKS, Koop.E.k, Euskal Herriko Telekomunikazioen Klusterrak (GAIA) eta Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultatea – ETEO, Koop.E.k osatutako Partzuergo batek garatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Jakintzaren Gizarteko Departamentuaren IKASMINA Programaren esparruaren barruan.

ERABERRITUk zuzendarien kezkei erantzun nahi die, izan ere, une hauetan deituta eta premiatuta daude beren enpresetan bideratu behar den eraldaketa kudeatzeko, ekonomiaren globalizazioaren eta truke komertzialen liberalizazioaren ondorioz lehiaren inguruan sortzen ari diren faktore berriak barneratze aldera. Eta egoera horrek bultzatuta, gero eta herrialde gehiago ari da merkatuan sartzen, kalitateko produktuak prezio merkeagoetan eskainiz. Espazio lehiakor berri horretan, berrikuntzarako gaitasuna oinarrizko exijentzia bihurtzen da ekonomia aurreratuak lehiatu ahal izan daitezen.

Egia izanik ere, oro har, enpresek identifikatu dutela Berrikuntzak garrantzi handia duela beren lehiakortasuna iraunkorra izan dadin, onartu beharra dago Berrikuntza garatzeak eta ezartzeak hainbat arazo ere sortzen duela.

Izan ere, egiaztatu egin da organizazio askok zailtasunak aurkitzen dituztela Berrikuntza garatzeko exijentzietara moldatzeko. Esaterako, orain dela gutxi egindako azterketa baten arabera, enpresen %95ek uste dute Berrikuntza garapenerako funtsezko konpetentzia dela, baina soilik konpainien %17k diote Berrikuntzaren Kudeaketa beren enpresa estrategietan modu egokian integratu dutela.

Horregatik, enpresek Berrikuntza sistematikoki kudeatzeko gaitasunak garatu behar dituzte, beren negozioetan aldatzeko beharra asebeteko dela segurtatzeko.

Lehenago azaldutako enpresa beharren esparruan, ERABERRITU Proiektuaren oinarrizko helburua izan da esparru kontzeptual eta metodologiko bat diseinatu, garatu eta ezartzea, Berrikuntza egituratzen lagunduko duena eta hobetzeko ildo bat emango duena, enpresan autoebaluazioa egiteko aukerarekin, eta Berrikuntzaren kudeaketa hobetzeko planak identifikatzeko bidea emango duena.

BERRIKUNTZA KUDEATZEKO OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

Berrikuntza negozioari balioa eransteko modu berriak sortzeko prozesua da. Ideia horretatik abiatuta, ERABERRITU Partzuergoak egin duen ikerketak hainbat jarraibide oinarrizko identifikatzeko aukera eman du, enpresei Berrikuntza eraginkortasunez kudeatzeko erronkari aurre egiten lagunduko dietenak. Jarraibide horien artean nabarmentzekoak dira:

. Berrikuntzaren politikak eta negozioa garatzeko estrategiek lotura handia izan behar dute: Berrikuntzak enpresaren lehiakortasunari egiten dion ekarpena garrantzitsua izan dadin, enpresaren estrategiarekin lerrokatu behar da, eta negozioaren osagai kritikoetarantz bideratu, lehiakideengandik bereizteko helburuarekin.

. Berrikuntzak negozioaren oinarrizko prozesua izan behar du: Berrikuntza ez da prozesu aleatorioa. Berrikuntza antolamendurako garatu behar den gaitasun bat da. Ondorioz, prozesu sistematikoa den heinean, Berrikuntza kudeaketako diziplina gisa landu behar da, nahiz eta ideiekin eta sormenarekin garatu beharreko gaia izan.

. Berrikuntza prozesu bat da, zeinaren errendimendua neurtu behar baita: gogoan hartuta Berrikuntza balioa sortzera bideratu behar dela, beharrezkoa da Berrikuntzaren kudeaketak enpresaren errendimenduan zer eragin duen jakitea, bere eraginkortasuna ebaluatzeko helburuarekin.

. Berrikuntzak bezeroarengana bideratuta egon behar du: Berrikuntza merkatura eta ingurunera zuzendu behar da etengabe, bezeroen beharrei erantzungo dieten produktu eta zerbitzu berriak sortu ahal izateko.

. Berrikuntza arriskuaren aldeko jarrera positibo batekin erlazionatuta dago: enpresan kultura berritzaile baten garapena bultzatzeko, organizazioak gai izan behar du arriskuari aurre egiteko jarrera ireki bat sortzeko, hau da, kudeaketaren perspektiba ez da soilik inbertsioa berehala berreskuratzera mugatu behar.


BERRIKUNTZA EGITURATZEKO ERREFERENTZIAZKO ESPARRUA

ERABERRITUk Berrikuntzak izaera holistikoa duela aldarrikatzen du, bere indarra negozioaren arlo guztietara hedatzen baita. Horren ondorioz, ERABERRITU elkarren artean erlazionatuta dauden 9 elementurekin egituratzen da, eta horiek batera Enpresaren berrikuntza sistema osatzen dute. Elementu horiek honako hauek dira:

. Lidergoa: zuzendaritzak Berrikuntzari buruzko ikuspegia duen lidergoa gauzatzen du, eta enpresa osorako inspirazioa izango da eta koherentziaz jardungo du Berrikuntzarako politika eta estrategiei dagokionez.

. Estrategia: enpresak bere garapenerako funtsezko motor gisa ikusten du Berrikuntza, eta bere negozio estrategian integratzen du.

. Pertsonak: enpresaren iritziz, Berrikuntzaren prozesuan pertsonen ekarpenak funtsezko iturria dira eta, ondorioz, errekonozimenduak, inplikazioak eta delegazioak enpresa Berrikuntzako prozesuak bermatzen dituzte.

. Lankidetza sareak: enpresak bezeroarenganako norabidea adierazten du, eta kontzienteki horrentzako balio iraunkorra sortzea bilatzen du. Hornitzaileekin eta gainerako laguntzaileekin harreman estua dago Berrikuntzako lanei dagokienez, aliantzak eta lankidetzazko harremanak garatuz.

. Antolamendua eta prozesuak: prozesuak eta antolamendua garatu behar dira Berrikuntza bere kontzepziotik merkaturaino kudeatzeko, eta kudeaketaren adierazleak hedatu behar hobekuntza etengabea izan dadin.

. Baliabideak: Berrikuntzari egokitutako baliabideen planifikazioa eta kudeaketa ebaluatzen du.

. Teknologiaren kudeaketa: enpresak Berrikuntzarako duen estrategiaren mesedetan planifikatzen eta kudeatzen du teknologia, teknologikoa zainduz, teknologia transferituz eta jabetza intelektuala kudeatuz.

. Ingurunea: enpresak bere merkatuaren, lehiakideen eta mugitzen den ingurune ekonomiko eta sozialaren berri jakin behar du, Jakintza horrek ideia berritzaileak sortzeari dagokionez ekintza estrategikoak erabakitzea ahalbidetuko dio.

. Emaitzak: enpresak Berrikuntzaren arloan egiten dituen ekintzak sistematikoki neurtzen ditu, adierazleak ezarriz eta balorazio eta kontrolerako mekanismoak erabiliz, kontzienteki emaitzak bilatzeko.

AUTOEBALUATZEKO METODOLOGIA

Autoebaluatzeko metodologiak enpresa batek Berrikuntzaren arloan egiten dituen jarduerak eta emaitzak modu global, sistematiko eta erregularrean aztertzeko gida bat eskaintzen du, ERABERRITU Ereduaren jarduera eta emaitzekin alderatuta.

Autoebaluatzeko metodologiaren diseinuan ezaugarri hauek lortu nahi izan dira:

. Ezartzen erraza: ebaluazioa enpresako kideek beraiek egin ahal izango dute, kanpoko jarraibide samur batzuekin, eta denboraren aldetik gehiegi behar izan gabe.

. Hobetzeko arloak identifikatu: irizpideak eboluzio estadioen gisara aurkezten direlarik, Berrikuntzaren kudeaketan jarraitu beharreko bidea ikustea ahalbidetzen da.

. Kuantifikazioa: ebaluazioaren emaitzek denboran zehar egindako aurrerapenak neurtzeko aukera ematen dute, eta kanpoko beste erakunde batzuekin konparazioak egiteko balio dute. Horretarako, ERABERRITuk hainbat adierazle eskaintzen ditu, Berrikuntzaren kudeaketa hobetzeko zein arlo komeni den neurtzea jakiteko.

Orain arte ezarpenean garatutako esperientziek erakutsi dutenez, ERABERRITUk onura hauek sortzen ditu:

. Ebaluatzeko eta hobetzeko tresna gisa: Berrikuntzaren kudeaketaren bikaintasunerako bidean zein aurrerapen maila lortu den neurtzen du, Berrikuntzaren arlo desberdinetan hobetzeko ekintzak identifikatzen eta lehenesten ditu, eta hobetzeko ekintzak jarduera plan integratu batean modu koherente eta egituratuan sartzen laguntzen du.

. Berrikuntza kudeatzeko erreferentziazko eredu gisa: enpresaren Berrikuntza sistema egituratzea ahalbidetzen du, Berrikuntzaren kudeaketaren alderdi garrantzitsuak identifikatzen dituelako eta kudeaketa horren bikaintasunerako irizpideak eskaintzen dituelako.

Laburbilduz, amaitzeko esan daiteke ERABERRITU proiektuak tresna bat jarri duela enpresen eskura, Berrikuntzaren kudeaketaren arloan gaur egungo egoera finkatzen duena eta lanerako plan bat eskaintzen duena, lehiatzeko estrategia den heinean, Berrikuntza garatzeko erronkari eraginkortasunez heltzeko tresna bat, alegia.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/10-28/11-04