Joseba Felix TOBAR-ARBULU, Koordinatzailea josebafelix.tobar@ehu.es
Argazkiak: CCB
Traducción al español
Trasgu: mugarik gabeko Scolopax (II/II)
Laburpena: Sateliteen bidez egindako irrati-telemetriari buruzko jarraipen baten aurrean gaude. Mundu mailan Scolopax rusticolaren, gure oilagorraren, inguruan burututako lehen esperimentua izan da. Migrazioa da kontua.
1. Sarrera
Oilagorraren populazio-statusa eta gestioa nahiko mugatzen ditu hari buruz informazio ezak. Izan ere migrazioari, populazioaren banaketa geografikoari, habitataren aukerei, jardueraren erritmoei, adinarekiko eta sexuarekiko migrazioaren jarrerei buruz dagoen informazioa nahiko eskasa da.
Egia da oilagorrari buruzko literatura zabala dela, baina deus gutxi egin da metodo zientifikoen bidez beraren migrazioaz jabetzearren. Historikoki hegaztiari eraztunak jartzea erabili da, baina emaitzak ez dira izan uste zen bezain ugariak. Beste alde batetik, irrati-telemetria ere gero eta gehiago usatu izan da, baina emaitzak nahiko lokalak izan dira eta denboraz mugatuak1.
Zenbait aurrerapen teknologiko dela bide, ikerketarako teknika eta metodologia berriek ahalbidetu dute telemetria modu orokor batean, sateliteen bidez, gauzatu ahal izatea. Horrela, ohiko irrati-telemetria hedatu da espazioz eta denboraz. Beraz, sateliteen bidezko irrati-telemetria gure egunean dagoen teknikarik hoberenetakoa da hegazti migratzaileen bideak ezagutzeko.
Aipaturiko guztia kontuan edukiz, Club de Cazadores de Becada (CCB) delakoak, bere Batzorde Zientifikoaren bitartez, oilagorren bide migratzailea ikertzeari ekin zion 2003. urtetik. Helburua argi zegoen: hegaztiaren jarraipena sateliteen bidezko irrati telemetriaren bidez gauzatzea.
2. Satelite bidezko irrati-telemetriaren sarrera orokorra
Eskema grafikoan:
(1) Emisoredun hegaztiak seinaleak bidaltzen ditu,
(2) sateliteak jaso egiten ditu eta era berean birbidali egiten dio
(3) lurreko hartzaile guneari, eta hauek bideratzen dute
(4) prozesamendu gunera, eta prozesatu ondoren bidaltzen zaie
(5) zientzialariei, edo ikerkuntzaren bultzatzaileei.
Sateliteen bidezko irrati-telemetria hedatzen ari da etengabe. Aplikazio honen bidez, 1600 espezie basati ezberdini jarraitzen zaie: hegazti, lurreko ugaztunak eta uretako animaliak.
Ikus 2. eta 3. irudietan jarraipen baten azalpen orokorra2.
3. Hegaztien ikerkuntza migratzaileari aplikaturiko sateliteen bidezko irrati-telemetria
Jarraipen migratzailea hegazti ezberdinei egin zaie3. Gure kasuan, agian jarraipen esanguratsuena belatz handiarena izan da4, Scolopaxaren tamainara hurbiltzen delako.
Baina gure hegaztiari, Scolopax rusticolari, teknika hauek aplikatzerako orduan arazo batzuk daude:
(i) hegaztiaren pisuagatik eta transmisoreen pisu eta tamainagatik; eta
(ii) hegaztiaren ohiturengatik, haren jarraipena beste hegazti migratzaileena baino korapilotsuagoa gertatzen delarik.
4. Transmisoreak
Lehen aldiz, 2004ean, Microwave Telemetry (MT) enpresarekin kontaktuan jarri ginenean, transmisorerik txikiena 18 gramokoa5 zen.
Platform Transmitter Terminal (PTT) delakoak barneko bateria bat kargatzeko eguzki-eragingailu bat erabiltzen du; ilunetan ere lan egin dezake, mikroprozesagailu baten bidez kontrolatuta dagoelarik. Eguzki energi iturriak ohiko litiodun bateriaren bizitzaren muga gainditzen du6.
Beste enpresa batekin ere kontaktuan jarri ginen, North Star Science and Technology izenekoarekin. Hauek zeukaten emisorerik txikiena 16 gramokoa7 zen, soilik eguzki orduetan funtzionatzen zuelarik.
Hortaz, une hartan ez zegoen oilagorrekin proiektu bat gauzatzeko inongo aukerarik.
Horretaz gain, bazeuden konpondu beharreko bi arazo:
(i) Scolopaxa gauez egunean zehar baino gehiago mugitzen da. Egunez basoan “deskantsatzen” du. Gauez ez du eguzki-energiarik jasotzen, eta ezkutatuta deskantsatzen dagoenean, egunez ere izpi gutxi jasotzen ditu PTTak.
(ii) Antenaren malgutasun arazoak, gehienetan leku “zikinetan” mugitzen baita.
5. Proiektuaren nondik norakoak
2005eko otsailean, Microwave Telemetry (MT) delakoak, Argos-ekin lotuta dagoen enpresak, emisore berri bat merkatuan jarriko zuela iragarri zuen: PTT 100 12 gram Solar delakoa8.
Hortaz, haiekin harremanetan jarri ginen, gure asmoa azaldu, oilagorraren jarrerak eta ohiturak adierazi: beste epe berri bat ireki zitzaigun.
Hurrengo urratsean, CCBko Batzorde Zientifikoa CLS (Collecte, Localisation, Satellites) delakoarekin, Argos9 sateliteen mundu-operadorearekin kontaktuan jarri zen.
Sateliteek planeta osoan zehar mugitu edo geldituta dauden plataformen datuak jasotzen dituzte. Horrela, planetaren edozein lekutako iturri baten datuak geografikoki lokaliza daiteke.
Argos-en sistemak, plataformek seinaleak emititzen dituzte, eta sateliteek plataforma horien posizioa kalkulatzen dute Doppler efektuaren bidez. Sateliteek lurretik 850 km ingurura bira egiten dute10.
Aipatu bezala, arazoa nagusietako bat hauxe zen: oilagorraren pisuari egokia izan zekiokeen plataforma bat (PTT) lortzea, zeren, printzipioz, emisorearen pisuak hegaztiaren pisuaren % 5 baino gutxiagokoa izan behar bailuke.
CCBen esperientziaren arabera, bisitatzen gaituen oilagorrak, bataz beste, 305 gramokoa da. Hortaz, ia mugan, baino proiektua aurrera eraman zezakeen. Gainera datu garrantzitsu bat zegoen: Duriez-en esperientziarekin zenbait oilagorrek 12 gramoko emisorea jasaten zutela.
5. 1. Garatu den proiektuaren egoera eko-geografikoa
Jakina den bezala, Scolopax rusticola Paleartiko guztian bizi da. Hala ere, bisitatzen gaituen Scolopax Mendebaldeko Paleartikoaren esparruan mugitzen da.
Paleartikoa:
Lurraren azalera banatzen duten zortzi eko-gunetatik bat da Paleartikoa (ikus mapa: 4. Irudia).
Europa, Asia, Himalaia eta Afrikaren iparraldeak, Saharako iparraldea eta Erdi Ekialdeko zati batzuetako eko-lurraldeak barne hartzen ditu.
Era berean, daukan hedadura dela eta, bi zatitan banatzen da: Mendebaldeko eta Ekialdeko Paleartikoa.
Mendebaldeko Paleartikoa:
Hurrengo mapan ikus daiteke Mendebaldeko Paleartikoaren hedapena (5. Irudia).
Zenbakiek eko-lurralde desberdinak adierazten dituzte11. Scolopax rusticolaren migrazioaren jarraipenarena Mendebaldeko Paleartikoan egin da.
5. 2. Scolopax-en habitatak Europan
Aipatu bezala, bisitatzen gaituen Scolopax rusticolaren bizilekua Mendebaldeko Paleartikoa da. Bizileku hau, Show eta Perrins-ek (1998) deskribatu dute, hurrengo mapan azaltzen den bezala (6. Irudia).
(Oilagorraren banaketa-zona Europan (Show eta Perrins-en arabera): joriz birsorkuntza hertsiaren zona; urdinez neguko gune hertsia; eta berdez birsorkuntza eta neguko gunea.)
Horrela, printzipioz, pasa migratzailea ikertzerako orduan Uraletan, Finlandian bezala, edo Eskandinaviako Penintsulako aldean has gaitezke.
Edozein proiektu lurralde horietako hegaztiekin egin daiteke, ondoren, hasierako lurraldeak eta herrialdeak aldatuz, ikerkuntzan aurrera joaten den heinean.
Bibliografia eta beste
Hona hemen proiektu horren inguruan zenbait berri osagarri:
(i) MT-k argitaratzen duen Newsletters delakoa: http://www.microwavetelemetry.com/newsletters.php, 7. orria.
(ii) CCB-k proiektu horretarako daukan web orri berezia: http://rtvs.ccbp.org/ (prozesuan).
(iii) Bécasse Passion aldizkari frantziarrean, 2006ko abenduan, 60. zenbakian argitaratuko den “Trasgu: Scolopax sans frontières” izeneko lana (prentsan).
Hona, berriz, Yuranino-ren kokapena, Trasgu-ren helmuga: http://www.indexmundi.com (erabil ezkerretan dagoen zooma).
Bibliografia:
D. G. McAuley et al. (1993) Techniques for research into woodcock: experiences and recommendations. 8th American Woodcock Symposium, U.S. Fish and Wildlife Service, Biological Report 16: 5-13
D. C. Show eta C. Perrins-ek (1998) The birds of Western Palearctic - (Concise edition), 2garren Bol, Oxford: Oxford University Press.
Eskaintza: Lan hau Trasgu-ri (gure Javier-i) eskainita dago, hori dela-eta proiektuaren eta oilagorraren izena.
(*) Lan hau CCB-k, Club de Cazadores de Becadas delakoak, egindako talde-lana da. Hona hemen taldekideak: Juan José Fuente, Pere Clota, Raúl Migueliz, Joakin Anso, Isabel Lecaroz, Pep Ullastre, Felipe Diez, Kepa Mendikute, Oier Oiarzabal, Ibon Tellaetxea, Roberto Gogeaskoetxea, Xavier Bunyol, Josep Maria Lopez, Marc Pages, Daniel Ros eta Joseba Felix Tobar-Arbulu. Proiektua Nafarroako eta Kataluniako gobernuek finantzatu dute.
1Frantziako basoetan ohiko irrati-telemetriarekin oilagorraren jarraipena egin da. Duriez-ek doktorego tesia burutu zuen (http://tel.ccsd.cnrs.fr) esperientzia horrekin. Ohiko irrati-telemetrian, Duriez-en tesian erabili diren emisoreak (TW3 modeloa, Biotrack) 7, 9 eta 12g-ko pisukoak izan dira eta 6 hilabeteko iraupena zeukaten. Lehenengo esperientzia, 1999-2000 denboraldian, emisorearen euskarria, tresnaren ezarreran, ez zen oso eraginkorra izan. Hurrengo bi denboraldietan McAuley et al. autoreek (1993) deskribatutako metodoa erabili zuten, emisorea hegaztiarekiko lotura hobeki moldatzen eta errendimendu handiagoa lortuz.
2Ikus http://www.argosinc.com/system_overview.htm.
3Ikus http://www.argosinc.com/birds.htm.
4Ikus http://www.peregrine-foundation.ca/.
5Ikus http://www.microwavetelemetry.com/Bird_PTTs/18g.php.
6Denbora hartan, 2004an, lanean ari zen horrelako PTT bat enara-buztaneko miru (Elanoides forficatus) bati jarraitzen Floridatik Brasilera eta bueltan.
7Ikus http://www.northstarst.com/product_page.aspx?catid=1.
8Emisore horiek zelula fotovoltaikoekin lan eginez, plataformaren pisua gutxitzen dute, eta emisorearen beraren bizitza luzatzen, ohiko litiozko bateria erabiltzen ez dutelako.
9Ikus http://www.cls.fr/welcome_en.html.
10Ikus http://www.cls.fr/manuel/default.htm.
11Eko-lurralde ezberdinak web-orri honetan ikus daitezke: http://www.panda.org.
Trasgu: mugarik gabeko Scolopax (II/II)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |