Trasgu: mugarik gabeko Scolopax (II/II)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Joseba Felix TOBAR-ARBULU, Koordinatzailea josebafelix.tobar@ehu.es
Argazkiak: CCB
Traducción al español

:: Trasgu: mugarik gabeko Scolopax (I/II)

 

6. Mugarik gabeko Trasgu proiektua

Trasgu proiektua martxan jartzeko, oilagorrei jarraipena egiteko, oilagorren kontrapasaren denboraldia aukeratu zen: alde batetik ehiza denbora bukatuta dagoelako, eta beste aldetik, hegaztia zuzenago joaten delako bere habia-guneetara, sasi artean hainbeste ezkutatu barik.

Proiektu hori aurten (2006an) gauzatu da, eta hegazti horren tamainari eta fenologiari dagokienez, munduan egiten den lehen proiektua izan da1. Lana baliagarria izan daiteke etorkizunean tamaina antzeko beste hegazti batzuen migrazioak ikertzeko.

Proiektua aurrera eramateko zenbait puntu edo mugarri garrantzitsu izan dira kontuan.

(a) Argos sistema. Gaur egun berrogei eta hamar herrialderen inguruan hirurehun erakunde baino gehiagok erabiltzen dute sistema hau. Sistemak badauka bere esperientzia2 urteetan zehar eta fidagarria da oso.

(b) PTT emisorea. Aipatu bezala, Microwave Telemetry delakoak 2005eko otsailean bere PTT 100 12 gram Solar delakoa aurkeztu zuen. Hona hemen haren ezaugarririk nabarmenenak3:

Dimentsioak: 43x18x 14 mm. (Antena kontuan izan gabe.)

Pisua: 12 g.

Antena: 170 mm., transmisorearen horizontalarekiko 45º inklinazioa. Altzairu herdoilezinezko zuntzez eginda eta nylonek estalia.

Sentsoreak: PTT-ak tenperatura, bateriaren boltajea eta animaliaren jarduera maila neurtzeko sentsoreak eramaten ditu.

(c) PTTen kokapena Scolopaxean. Emisorea hegaztiaren bizkarrean kokatzen da, azalaren gainean (lumarik gabeko gune batean). Ondoren, arnesaren bi hariek hegoen atzetik eta hanken aurretik pasatzen dira, gerriko moduko bat sortzeko. Modu horretan, emisorea hegaztiaren grabitate gunean aurkitzen da eta antena pixka bat altxatuta dago (ikus 9. Irudia).

 

Arnesa kokatzeko Batzorde Zientifikoan ad hoc-eko azpibatzorde bat eratu zen, ez baitzegoen esperientzia nahiko jakiteko ea epe luzean oilagorrek PTTa eraman ahal zuten ala ez, kontuan edukiz kilometro asko egingo zuketela eta lurrean sasien artean ibiliko zirela.

Aukera batzuk estudiatu ziren emisorea lotzeko:

(i) Soilik pegamentuarekin, oso erraza jartzeko baina iraupen gutxikoa. Alboratu egin zen.

(ii) Pegamentu eta sutura edo eta soilik sutura. Esperimentu batzuk egin ziren sasi arnes batzuekin4. Nahiz eta lotura puntuak zehazki aukeratu, bi hilabete igarota, sutura batzuk deslotzen hasi ziren. Hortaz, metodo hori ere alboratu zen.

(iii) Arneserako materiala pisu gutxiko izan behar zen, baina elastikoa eta hauskaitza, oilagorren hegada sendo eta berezia jasotzearren. Silikonazko biniloa aukeratu zen, eta hamaika froga egin eta gero, 2 mmko diametrokoa.

(iv) PTT hegaztiaren gainean kokatzeko, bi arku erabili ziren, ez esternoian gurutzatuz, ondokoak baizik eta esternoi-gilari loturik. Abantailak: arnesa aldez aurretik PTTen kokatzen da, eta gero atzeko korapiloen bidez erraz hegaztiari lotzen zaio.

(v) Bi arkuak esternoiari lotzen zaizkio sutura puntu baten bidez. Lehen momentuetan poliamida erabili zen sutura material gisa. Geroago beste material batzuekin frogak egin ziren harik eta ongi geratu arte.

(vi) PTTaren grabitate zentroa ez dagokio bere erdigune geometrikoari, antenaren pisua dela-eta. Pixka bat atzerago dago. Palanka efektua alboratzearren, bi arkuak, oso erraz jartzen den eta sutura kirurgikoan erabiltzen den Michel izeneko agrafe batekin batzea erabaki zen.

(d) Duty cycle delakoa. Luxmetro batekin hainbat froga egin dira oilagorrak mugitzen diren antzeko zenbait gune desberdinetan eta eguraldi eta giro ezberdinetan: euria, eguzkia, gerizpea, lainoa,...

Bi aldagai nagusi geneukan: alde batetik PPTak emititzeko gutxienez lau ordu egon behar zela eguzki-argia kargatzen; beste aldetik, egun eguzkitsu baten lumenak. Hortaz, PTTaren area ezaguturik, atera zen zenbat lumen-ordu behar ziren ongi emititzeko. Eguraldi mota desberdinekin eta eguzki-izpien intzidentzia angeluak kontuan hartuz, ateratako bataz besteko lumen-ordu, duty cycle delakoa kalkulatu zen: hau da, PTT zenbat ordu egon behar zen kargatzen (48) eta zenbat emititzen (10). (Oilagor batentzat 10/48 duty cycle aukeratu zen, eta beste bi oilagorrentzat 10/72 duty cycle.)

Duty-cycle delako barruan seinaleak 60 segundoero emititzen dira.

7. Oilagorren harrapaketa

2006ko martxoaren 3an bi oilagor harrapatu ziren Etxarri-Aranatz-en (Nafarroan): Argos-en nomenklaturan 62539 eta 62540 ID zeukatenak, guretzat 39 eta 40 izango zirenak.

2006ko martxoaren 8an Kataluniako Taradell-en beste oilagor bat harrapatu zen: Argos-en nomenklaturan 62538 ID zeukana, guretzat 38 izango dena.

Hona hemen zenbait foto, PTTa jartzean:

8. Oilagorren jarraipena

Oilagorren jarraipenak etapa desberdinak ezagutu ditu: Pirinioez honatagokoa eta Pirinioez haratagokoa.

Hona hemen 38 eta 39 direnek emandako zenbait datu:

(i) 38 denak mezu gutxi eman zituen Katalunian (martxoaren 12an eta 19an). Geroago ez dugu jakin Pirinioez honatago ala haratago egon den, zeren, Mediterraneo inguruan jasotako mezuak interferentzien bidez jasoak baitira, eta ez baitago modurik hegaztia zehazki lokalizatzeko. (Arazo hori MT-koek eta Argos-ekoek ezagutzen dute5.) Maiatzaren erdian oilagorra bizirik zegoen, baina harrez geroztik emandako datuek adierazten dute hegaztia hilda dagoela edo PTTa berarengandik deslotu dela.

(ii) 39 denak mezu gutxi eman zituen Aralar inguruan, martxoaren 4an eta 7an (lokalizatu gabekoa). Gero, hogei egun igaro ondoren (23an eman baitzuen lokalizatutako emisio bat) “desagertu” zen. (Beranduago baja eman zitzaion Argos-en.)

9. Trasguren ibilbidea eta etapak

Trasgu oilagorra, 62540 ID daukana, gaztea da eta 315 gramokoa. Esan bezala, oilagor gazte hori 2006ko martxoaren 3an harrapatu zen. Gau horretan aske utzi zen (23:40 UTC), Etxarri-Aranatz-en bertan (12. Irudia).

Oilagor hau Nafarroatik (2006-03-03) Errusiaraino (2006-05-25) joan da.

Trasgu-ren ibilbidearen etapa desberdinak honela sailka daitezke:

(i) Pirinioez honatagoko etapa. Egun batzuk egon zen (martxoaren 4, 6, 8, 10-11, 15 eta 20an) datuak emititzen bera harrapatuta eta aske geratu zeneko lekuaren inguruan, Etxarri-Aranatz-en inguruan.

(ii) Pirinioez haratago bigarren etapan, martxoaren bukaeran emisio txarrak (kokatu ezinezko mezuekin) eman eta gero, eta bi aste inolako seinalerik gabe igaro eta gero, Alemanian azaltzen da apirilaren 3an.

(iii) Hirugarren etapan Alemaniatik Poloniara, beste bi aste inongo daturik gabe.

(iv) Laugarren etapa Poloniatik Errusiara, non datuak bi egunetan behin azaltzen baitziren eta oso emisio onarekin.

Haren helmuga-lekutzat Yuranino hartu da, Vologodskaya erregioan, Errusian, zeren horixe baita maiatzaren 25ean emandako Ekialderanzko posiziorik urrunena.

Hona hemen Trasguren ibilbide osoa, eguneko eta kilometroko:

Gauza bera azken egunetarako, beste eskala batean:

Oilagorrak 3750 km inguru egin ditu Etxarri-Aranatzetik Yuranino-raino.

Agian arlo honetan ere, William Shakespeare-k idatzi zuena esan beharko genuke: Navarre shall be the wonder of the World.

10. Ondorio batzuk

Esperimentu gehiago egin nahi badira, argi dagoenez, interferentziak dauden lekuetatik alde egin behar da. Kasu, badago oraindik alboratu behar den leku berezi bat, Mediterraneo ondoko Kataluniatik, Frantziako hego-ekialderantz eta Italiako iparralderantz doana. MT eta Argos jakitun daude. Izan ere, arazoak daude Europako zenbait lekutan emisioak ongi jasotzeko6.

MTkoek diotenez, nahiz eta beraiek eta Argosek aipatutako leku horretan mezuak ongi jasotzeko ahaleginak etengabe egin, azken batean hobekuntza etorriko da baldin eta komunitate zientifikoak berak Europako autoritateen gainean presionatzen badute: arazoaren benetako iturriak diren frekuentzien bandei buruzko nazioarteko akordioak eta itunak errespeta daitezen.

Beste aldetik, MTkoek aurten PTT berria plazaratu dute: 9.5 gram PTT solar PTT7. Oilagorren kasuan, PTT berriarekin, aukera eman diete MTkoek transmisoreei lur-jarraipena egiteko, kasu, baldin eta hegaztia hiltzen bada8. Oraingo transmisore berriek horrelako kasuetan, 0.5 gramoko aldagailu (switch) gehigarri baten bidez, ohiko transmisore bilakatzen dira, lurretik segitu ahal izateko. Modu horretan transmisorea berreskura daiteke.

CCBko Batzorde Zientifikoa jadanik ari da lanean bigarren proiektu batean. Oraingo honetan, oilagorrei 9.5 gramoko PTT jarriko zaie, arnes berri batekin. Proiektua martxan jartzeko itxaron egin behar da ehiza bukatu arte (kontuan edukiz, frantziar estatuan ehiza otsailaren erdi arte luzatzen dela).

Oilagorraren migrazioaz gehiago jakitearren, beste ikerkuntza ezberdin batzuk aztertzen jarraituko dugu, baina beti kontuan izanda Hervé Jamin-ek esandakoa, alegia, “Oilagorrarekin apala izan beharra dago”.

11. Bibliografia eta beste

Hona hemen proiektu horren inguruan zenbait berri osagarri:

(i) MT-k argitaratzen duen Newsletters delakoa: http://www.microwavetelemetry.com/newsletters.php, 7. orria.

(ii) CCB-k proiektu horretarako daukan web orri berezia: http://rtvs.ccbp.org/ (prozesuan).

(iii) Bécasse Passion aldizkari frantziarrean, 2006ko abenduan, 60. zenbakian argitaratuko den “Trasgu: Scolopax sans frontières” izeneko lana (prentsan).

Hona, berriz, Yuranino-ren kokapena, Trasgu-ren helmuga:

http://www.indexmundi.com (erabil ezkerretan dagoen zooma).

Bibliografia:

D. G. McAuley et al. (1993) Techniques for research into woodcock: experiences and recommendations. 8th American Woodcock Symposium, U.S. Fish and Wildlife Service, Biological Report 16: 5-13

D. C. Show eta C. Perrins-ek (1998) The birds of Western Palearctic - (Concise edition), 2garren Bol, Oxford: Oxford University Press.

Eskaintza: Lan hau Trasgu-ri (gure Javier-i) eskainita dago, hori dela-eta proiektuaren eta oilagorraren izena.

(*) Lan hau CCB-k, Club de Cazadores de Becadas delakoak, egindako talde-lana da. Hona hemen taldekideak: Juan José Fuente, Pere Clota, Raúl Migueliz, Joakin Anso, Isabel Lecaroz, Pep Ullastre, Felipe Diez, Kepa Mendikute, Oier Oiarzabal, Ibon Tellaetxea, Roberto Gogeaskoetxea, Xavier Bunyol, Josep Maria Lopez, Marc Pages, Daniel Ros eta Joseba Felix Tobar-Arbulu. Proiektua Nafarroako eta Kataluniako gobernuek finantzatu dute.

1 MT-koek “A First” izendatu dute gure Trasgu. Ikus http://www.microwavetelemetry.com/newsletters.php, 7. orria. (Akats bat dago bertan: 5000 km barik, 3000 km irakurri behar da.)

2 Ikus http://www.cls.fr/html/argos/welcome_en.html.

3 Ikus http://www.microwavetelemetry.com/Bird_PTTs/12g.php.

4 Esperimentu batzuk egin ziren zortzi hilabetetan sasi arnes batzuekin, etxeko usoekin, bederatzi mikarekin hamazortzi metroko kaiola handi batean eta usapal turkiar batekin. Baita benetako emisore batekin kontrolpeko hegabera batean. Hori guztia hamaika fotografiaz lagunduta, dena ongi ikertzeko, baita bideo batez ere.

5 Ikus http://www.microwavetelemetry.com/newsletters/winter_05page8.pdf eta http://www.microwavetelemetry.com/newsletters/winter_05page8.pdf.

6 Ikus aurreko oharra.

7 Ikus http://www.microwavetelemetry.com/Bird_PTTs/9-5g.php.

8 Ikus http://www.microwavetelemetry.com/Bird_PTTs/groundtrack.php.

:: Trasgu: mugarik gabeko Scolopax (I/II)

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 02-23 / 03-02