Pedro GORROTXATEGI GORROTXATEGI, Medikuntzan doktorea. Pediatrian espezialista
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
Sarrera
Giza papilomabirusaren txertoak, umetoki-lepoko minbiziari aurrea hartzeko sortutakoak, eztabaida piztu du ikertzaileen eta epidemiologoen artean. Horren adierazle dira El País egunkariko Salud gehigarrian argitaratu diren aditu ospetsuen iritzi kontrajarriak, hala nola Kataluniako Osasun Institutuko Minbiziaren Erregistroko epidemiologoenak (1) eta Miguel Hernandez Unibertsitateko eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradunenak (2). Zientzialarien arteko eztabaida horretaz gain, etxe komertzialak informazio partziala eskaintzen duen publizitatea argitaratu berri du prentsan, Eusko Jaurlaritzako Txertaketa kanpainaren barruan sartzen ez diren nesken gurasoentzat nahasgarri izan daitekeena. Publizitate-kanpainaren esloganak horrela dio: “Zure alabak umetoki lepoko minbizia izatea saihestu dezakezu”, eta jarraian honako datu hau azaltzen da: “Umetoki-lepoko minbizia 15 eta 44 urte bitarteko emakumeen artean minbiziagatik gertatzen diren heriotzen bigarren kausa da eta giza papilomaren birusak eragiten du, oso kutsakorra den birusak”. Era berean, iragarkian esaldi osagarri hau agertzen da: “Babestu zure alabaren bizia”. Informazio horrek AEP (Espainiako Pediatria Elkartea) eta SEGO (Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Sozietatea) elkarteen bermea du. Datu horiekin eta aipatutako bermeekin, alabari txertoa jartzen ez dionak badirudi horren erraz saihestu zitekeen minbiziaren bidez neska heriotzara eramango duela; baina informazio hori ez da osoa, eta egia erdiek gezur puntua izan ohi dute. Honako lan honen helburua Euskadiko gurasoei informazio eskaintzea da, euren alaba nerabeek txertatu beharra ote duten ala ez erabaki dezaten.
“Saihestu” hitza erabiltzen dute iragarkian, eta ez da zuzena. Saihesteak esan nahi du “mina edo ondoeza ekiditea”, hau da, gaixotasuna ez dela azalduko; txertoak umetoki-lepoko minbizi-kasuen % 60 eta % 72 bitartean saihestu ditzake, ez baita gaixotasuna sortzen duten birus guztien kontrakoa. Minbizia eragin dezaketen 9 birus-serotipo daude, eta txertoak bi bakarrik hartzen ditu (3). Etxe komertzialaren informazio zientifikoaren arabera, ikerlana egin dute 16 eta 26 urte bitarteko emakumeen artean eta minbiziaren aurreko lesioak aztertu dituzte, minbiziak 10 urte baino gehiago behar baititu agertzeko. Ikerlanak erakutsi duenez, txertoa hartu duten emakumeek ez dute mota horretako lesiorik (txertoak dituen bi birusekin lotutakoak). Ikerlan batzuen arabera 9 eta 15 urte bitarteko neskek birusaren aurrean inmunitatea lortzen dute; era berean, txertoa amaitu eta lau urte eta erdira (4) oraindik ere babesa eraginkorra dela diote, baina oraingoz ez da besterik frogatu.
“Umetoki-lepoko minbizia 15 eta 44 urte bitarteko emakumeen artean minbiziagatik gertatzen diren heriotzen bigarren kausa da”. Baieztapena, egia bada ere, mundu-mailako datuei buruzkoa da, baina Espainian eta Euskadin gauzak oso bestelakoak dira. Espainian papilomabirusak sortutako infekzioen eragina Europako apalenetakoa da, hau da, mundu-mailan umetoki-lepoko minbiziaren eragin txikienetakoa du (5). Minbizi inbasiboaren eragina Euskadin 83 kasukoa da (2002ko EAEko minbizi-erregistroaren arabera) eta 2005ean heriotza-tasa 100.000 biztanleko 1,3 kasukoa izan da (EAEko heriotza-tasaren erregistroa) (6). Datu horiek erakusten dutenez, gaixotasun hori ez da minbiziagatik hiltzen diren emakumeen heriotzen bigarren kausa. Beraz, iragarkian azaltzen den “Babestu zure alabaren bizia” esaldiak ez du kontuan hatzen papilomabirusaren infekzioaren errealitatea ez eta gure inguruan dituen ondorioak.
Hirugarren baieztapenak dio: “eta (gaixotasuna) giza papilomaren birusak eragiten du, oso kutsakorra den birusak”. Birusaren jokaera apur bat azaldu behar da. Birus batek kutsatzen bagaitu ezinbestean gaixotu egingo garela uste dugu, baina hori, papilomabirusaren kasuan, ez da horrela gertatzen. Gazte asko kutsatzen dira, baina kasu gehienetan, % 90 eta % 97 bitartean, birusa desagertu egiten da eta hortik aurrera neska horiek inmunitate iraunkorra izaten dute. Gainontzeko % 3 - % 10 kasutan infekzioak iraun egiten du eta umetoki-lepoko minbizia eragin dezaketen aldaketak hasten dira; beraz, birusa kutsakorra izateak eta neska ugari kutsatzeak ez du esan nahi guztiek etorkizunean umetoki-lepoko minbizia izan dezaketenik, inolaz ere. Gainera, birusa ez da gaixotasunaren kausa bakarra. Jarraian ikusiko dugunez, badira bestelako faktoreak gaixotasuna minbizi bilakatzeko bidean eragina dutenak.
“Aurrea hartu”. Mediku-jarduera guztietan gaixotasunei aurrea hartzen saiatzen gara. Horretarako, germen eragileaz gain, gaixotasunarekin lotutako bestelako faktoreak ere hartzen ditugu kontuan. Minbizi honek, esaterako, lotura du sexu-jardunaren hasiera goiztiarrarekin eta baita emakumeak eta bere kideak izan duten bikote-kopuruarekin ere. Birusa ezinbesteko kausa izan arren ez da nahikoa gaixotasuna garatzeko. Birus-infekziotik minbizi-aurreko lesioetara eta minbizira igarotzeko bestelako faktoreen artean daude dieta, tabakoa, antisorgailuak luzaroan erabiltzea, faktore genetikoak, eta aldi berean sexu-transmisiozko beste eragile batzuekin kutsatzea (Herpesa, HIESA edo Chlamydia) (3). Orain arte prebentzioa baginako zitologietan oinarritu da, teknika horrek minbizi-aurreko lesioak antzematen baititu; modu horretan azken 40 urteotan izugarri jaitsi da umetoki-lepoko minbiziaren eragina (5). Minbizi-mota horregatik hil diren emakumeen % 80ak ez dute inoiz zitologiarik egin (2). Txertaketa umetoki-lepoko (5) minbiziari aurrea hartzeko estrategia berria izan liteke, baina ez bakarra. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak onartu duenez, txertoa hartu duten haur edo emakumeek 25 urtetik gora osasun-zentroan agindutako ginekologia-azterketak egin beharko dituzte (6), eta beraz, zitologien bideari eutsiko zaio.
Laburpena
Txertoak alde onak ditu, zalantzarik gabe. Orain arte ez da frogatu txertoaren serotipoei lotutako minbiziari aurrea hartzeko baliagarria denik, baina oso litekeena da (minbizi-aurreko lesioei aurrea hartzen diela bakarrik frogatu da). Orain arte 4,5 urteko inmunitatea frogatu da, baina oso litekeena da iraunkorra izatea. Argi dago ez dela “panazea”, ez duela balio umetoki-lepoko minbizi guztien prebentziorako eta aldika zitologiak egiten jarraitu beharko dugula. Minbizi hori sexu-transmisioko bestelako gaixotasunekin eta sexu-bikoteen kopuruarekin lotuta dagoenez, gure gazteak sexu-bizitza arduratsua izan dezaten hezi behar ditugu. Faktore horrek ere umetoki-lepoko minbiziari aurrea hartzen lagunduko du. Bere alaba txertatzen ez duen gurasoak ez du neska genitaletako minbizira edo heriotzara bideratzen, aipatutako iragarkiak iradokitzen duen moduan. Txertoa prebentzio-tresna da, eta baita lan honetan aipatu ditugun osasun-heziketa eta ginekologia-azterketak ere. Bukatzeko, espero dut datuok baliagarriak izatea osasun-sistema publikoaren txertaketa-kanpainan sartzen ez diren neska nerabeen gurasoentzat (DBHko 2. mailatik gorakoak) euren alabak txertatu ala ez erabakitzerako orduan.
Bibliografia
1) San José S, Bosch X, Castellsagué X. Grandes beneficios y pocos riesgos. El País. Salud 2007ko urriaren 13a, 6. or.
2) Hernández I, Porta M. Salud pública, política y conflicto de intereses. El País.Salud 2007ko urriaren 13a, 7. or.
3) Sarria Urigüen L. Prevención del carcinoma de cuello uterino: una vacuna frente al cáncer.
4) Gardasil. Vacuna frente al Virus del Papiloma Humano [Tipos 6, 11, 16, 18]. Produktuaren ezaugarriei buruzko laburpena.
5) García-Sicilia López J Dorronsoro Martín I. Vacuna antipapilomavirus humano para la prevención del cáncer de cervix. Vacunas en Pediatría. Espainiako Pediatria Elkarteko Txertoei buruzko Aholku Batzordea. 2005.
6) VACUNA FRENTE AL PAPILOMA HUMANO. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritza. Gasteiz, 2007ko urriaren 29.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |