José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA
Traducción al español
2007. urtean artearen bilakaera beti bezain interesgarria izan da. Urte bakar bat artea bezalako diziplina zabal eta konplexu batentzat denbora asko ez bada ere, azken urte hauetan arteak hartu duen ibilbidearen adierazle eta adierazgarri orain dela hilabete bat amaitutako urtea ere izan dela argi eta garbi dago. Globalizazioaren hazkundea, komunikabideen hedapena, merkantilismoaren eragina, glokalizazioaren agerpena eta beste hainbat faktoreen artean, egungo arte garaikidearen ibilbidea ez da batere erraza. Aurreko garaietako zutabeak, oinarriak eta ziurtasunak galduak, egungo arteak hartu duen norabidea inondik inora ez da autonomoa, baizik eta aipatutako hainbat eta hainbat elementuen menpe dago. Elementu guzti hauek artearen kontzeptua orokorrean baldintzatzeaz gain, diziplina bera zalantzan eta desorekan jartzeko duten abilezia erakutsi digute, eta ondorioz, igarotako urtearen balantzea inoiz baino interesgarriagoa izan bada ere, neurri berean, gure arte garaikidearen nortasuna ahula, hauskorra eta aldakorra ere dela erakutsi digu.
Artearen egoera orokorra eta osasuna neurtzeko orduan, adierazlerik hobenetakoa artearen eta gizartearen artean sortzen den harremana aztertzea da. Alde honetatik gauzak ikusiak eta aztertuak, orain amaitu berri den urte honen ibilbidea errepasatzeko orduan, aukeretako bat da museoen, arte zentroen, arte galerien eta erakusketa orokorren egoera aztertzea. Ikuspegi honetatik kanpo izen eta abizeneko artistak geratuko badira ere, zeharka bada ere artisten egoeraz aipatzeko eta solasteko aukera ere emango digu aipatutako ikuspegi honek. Egun, arte pribatuak inoiz baino garrantzi gehiago badu ere, oraindik ere arte publikoak jasotzen ditu onura gehien, eta diziplina zabal eta konplexua bezala ulertzen eta ezagutzen badugu ere artea, bere alderdi publikoak jarraitzen du garrantzitsuena izaten eta oraindik ere pribatuaren bidea markatzen du.
Museoak
Artea eta gizartea lotzeko asmotan XVIII. mendean garaiko botere publikoek museoak sortu zituzten, eta egun oraindik, museoen nortasuna asko aldatu bada ere, eta onartu beharra dago egoera berrietara egokitzen saiatu direla, beraien hasierako eta lehenengo asmoa mantentzen dute. Arlo honetan, 2007. urtean Bilboko Guggemhein museoaren 10. urteurrena ospatu dugu, eta gizartean osotasunean, eta arlo ekonomikoan bereziki, museoak sekulakoa eta ezinbestekoa eragina izan badu ere, artearekiko bere eragina izan zitekeen baino txikiagoa izan dela onartu beharra dago. Azken finean, ez dugu ahaztu behar, zuzendari artistikorik ez duen museo baten aurrean gaudela, New Yorkeko zentralaren esanetara, eta nahiz eta neurri handi batean diru publikoarekin finantzatua izan, gestioa guztiz kutsu pribatukoa izan du eta hasieran aipatutako arau merkantilisten esanetara. Ondorioz, eta berriro ere aipatuz azterketa eta analisia soilik ikuspegi artistikotik egiten dugula, Bilboko museoak azken hamar urte hauetan eskaini duena, tamalez, eta gehienbat, interes handirik gabekoa izan da. Bere ondoan, alboan, Bilboko Arte Ederretako Museoak, bere aurreko zuzendariarekin, Miguel Zugazarekin –egun Madrilgo Prado Museoan– lortutako sentsazio baikorrak eskaini ez baditu ere, onartu beharrean gaude lana txukuna egiten jarraitzen duela, eta bere aukerak eta posibilitateak kontutan hartuz, erakusketa programa interesgarriari aurre ongi egin diola aurten ere.
Guggenheim. |
Bestelako kasua Artium da. Erakusketen ikuspuntutik, Javier González de Durana zuzendutako museoak atzera egin badu ere –oso zaila da urtero goreneko maila lortzea– beste zeharkako ekintzetan aurten lortu duen maila sekulako da, nabarmenduz, artearekin zerikusia estua duten beste diziplinei –zinea, dantza edota musika, adibidez– eskaini zaien garrantzia eta lekua. Alzuzako Jorge Oteiza Fundazioa Museoak aurten ere ahalegin bereziak egin ditu bai behin betiko bai behin behineko erakusketa interesgarriak eskaintzeaz gain, zeharkako beste ekintza osagarriak antolatzen, baina bere kokalekua onerako eta txarrerako bere antolamendua baldintzatzen ari da. Hala ere, zuzendari berriarekin, Pedro Manterolarekin, museoak bide zuzena eta zentzuduna hartu duela ere argi eta garbi dago, eta Manterolak aurten kargua utziko badu ere proiektua bide zuzenetik doala antzematen da. Museoen inguruko errepaso honekin amaitzeko, aipatu Donostiako San Telmo Museoaren behin behineko itxiera; eraikuntza berri bat egiteaz gain, museoko arduradunak San Telmo norabidez aldatu nahi dute, eta proiektu berri bat eskaini, printzipioz, erakarriagoa, eta horretarako arte ederrekin soilik loturak mugatu gabe; ikusi behar.
Arte zentroak
Baina egun, artearen eta gizartearen arteko loturaz hitz egiterakoan, museoaz gain arte zentro berri batzuk asmatu dira, behin betiko bildumarik gabe, eta behin behineko erakusketak antolatzen dituztenak beste ekintzekin batera. Arte hezkuntzaren ikuspuntutik, zentro mota hauen aitzindaria Donostiako Arteleku izan zen, eta geroago antzeko bidea jarraituz Bilbon Bilboarte sortu zen. Eta nahiz eta bien artean harremana zuzenik ez egon, momentu honetan bi zentroak jasaten ari diren egoera nahiko beretsua da, zentroak sortu eta bultzatu zituzten zuzendariak kargua utzi ondoren –Artelekuaren kasuan Santi Erasok–, bai Artelekuk bai Bilboartek bere eguneroko lana hezkuntzaren inguruan egiten jarraitzen badute ere, lehen izan zuten eragina arte joera berriak zabaltzeko orduan galdu dute, eta nortasun falta sumatzen zaie, aurreko norabide ausarta galdu izan balute bezala.
Hala ere, eta oraingoan ere tamalez, nortasun falta ez da bakarrik bi zentro hauetan antzematen; Donostian bertan, Tabacalerako eraikinean sortzen ari den Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroak, bere lehen urratsak azken urte honetan eman baditu ere, oraindik zehaztu gabeko gauzak zehaztutakoak baino gehiago ditu. Horren adibide da, oraindik hiru proiektu garbi besterik ez daudela konfirmatuak –Etxepare Institutua, Euskal Filmategia eta Liburutegi Nazionala– eta beste guztia laino artean jarraitzen duela, denbora aurrera badoa ere, eta gainera, sortzen diren berri eskasak nahasiak eta kontrajarriak izanik. 2007. urtean esanguratsuena, ikus-entzunezko zentroa izanik, Ordoñez-Falcón Fundazioko bildumari muzin egitea erabakia hartzea izan da, eman diren argibideak ilunak eta kontrajarriak izanik. Baina artearen munduan gauzak horrela gertatzen dira, eta bitxia badirudi ere, Ordoñez-Falcón Fundazioak Donostian akordioa hautsita ikusi badu ere –eta horrek ekarri dituen beste ondorioekin, Espacio DVren desagerpena eta DFoto feriaren amaiera, besteren artean–, Nafarroako Huarte herrian kokatzen den arte garaikideari eskainitako zentroaren kudeaketa Ordoñoz-Falcón Fundazioa berak hartu du, programazio interesgarri batekin denboraldiari hasiera emanez. Gauza bera gertatu da Gasteizeko Montehermoso kulturgunearekin, zuzendari berriaren aukeraketarekin batera –Xabier Arakistain– zentroak printzipioz eta teorian bide ausartuagoa eta interesgarriagoa hartu baitu.
Tabacalera. |
Baina erakusketa interesgarriak azken urte honetan beste leku askotan ere antolatu dira, Euskal Herrian zorionez asko baitira kultur etxe, erakusketa areto eta arteari eskainitako beste motatako espazioak. Lehenengoz, eta artearen izaera publikoa nabarmenduz, bereziki azpimarratu behar dugu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunea aurrera ematen ari den lana, interes bereziko erakusketak antolatuz eta gehienak, gainera, bertako produkzioak izanik. Berriz, Bilbon kokatzen den Rekalde aretoa bide beretik saiatu bada ere, emaitzak ez ditu hain onak lortu eta antolatu dituen erakusketetan hasierako asmoak interesgarriak baziren ere emaitzak ez dira borobilak izan. Hala ere, eta tamalez berriro ere, interes falta ere nabarmena izan da azken urte honetan antzeko beste aretoetan eta Euskal Herriko beste hirietan antolatutako erakusketa programazioetan –adibidez Iruñako udalak bere aretoetan–, eta bereziki, Euskal Herriko aurrezki kutxak kudeatzen dituzten aretoetan; ikuslego kopuru handien izenean, tamalez, areto hauek kalitatezko eskaintza bat egiteko gaitasuna galtzen ari dira, oker pentsatuz kalitatea arte erakusketa bat antolatzeko orduan eta ikuslegoaren erantzun zabala ezin dutela bat egin, kontzeptu kontrajarriak direla.
Arte galeriak
Bukatzeko, arte galeriei dagokionez, egoera ez da askoz hobeagoa. Orokorrean, Euskal Herrian gutxi daude, eta gainera, gutxiago dira benetan programazio interesgarria eta erakargarria arte garaikidearekin bat eginez eskaintzen dutenak. Arlo honetan azken urte honetan aldaketa handirik ez badira eman, izan diren berriak ere ez dira batere onak izan. Bi nabarmendu: Donostiako Galeria Dieceseis aretoaren sortzailea eta zuzendaria Gonzalo Sánchezen heriotza, eta Arcon Euskal Herriko aretoen presentzia gero eta eskasagoa dela, nahiz eta zuzendaritzan Lourdes Fernandez donostiarra egon. Askotan, egia da, gure galerien lana hobeagoa izan zitekeela, baina hauek ere edozein enpresa ekimen pribatuak bezala instituzio era erakundeen aldetik laguntza handiago bat merezi dute. Azken finean, ez dugu ahaztu behar, beraien lana ezinbestekoa dela artearen eta gizartearen arteko harremanak finkatzeko orduan; nahiz eta ekimen pribatua izan, sekulako garrantzia dute arte garaikidea gizarteratzeko orduan, eta gainera, duda izpirik gabe, etorkizun batean aktibo ekonomiko garrantzitsuak izango direla ziur gaude.
Amaitzeko aipatu, hasieran bertako artistetaz hitz egiteko asmoa ez genuela esan badugu ere, Guggemhein museoan amaitu berri den “Cada uno a su gusto” erakusketa esanguratsua nabarmendu behar dugula, egoeraren adierazlea izan delakoan gaudelako. Erakusketa honetan parte hartu duten artistak belaunaldi aldaketa bat ekartzeaz gain, gure lurralde bertatik arte garaikidea ulertzeko eta egiteko modu berri bat ere ekarri digutelako, ezinbesteko globalizazioaren zenbait ezaugarriei beharrezko glokalizazioaren beste elementuekin nahastuz. Konbinaketa honek ekarritako emaitzak aztertzea oraindik zaila bada ere, argi eta garbi dagoena zera da, bien artean aurkitu beharko dela artearen etorkizuneko ibilbidea eta norabidea.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |