Manu GOJENOLA ONAINDIA
Traducción al español
:: Albokaren mugak gaindituz (II/II)
Gaur egun musika nonahi eta une oro entzuten dugu. Lehen ez zen horrela izaten. Orain hogeita hamar urteetara arte eta aurreko mendeetara salto eginik, igandeetan eta herriko jaietan baino ez zegoen musika entzun edota dantzatzeko aukerarik.
Ez zegoen “hango” eta “hemengo” piezarik, akaso zaharrak eta berriak baino. Geroago, soltean edo lotuan dantzatzekoak. Soinutresnetan be ez zegoen hemengorik edo kanpokorik, ahal zirenak baino.
Besterik ezean, erritmoa markatzeko etxeko edozein tresna nahikoa zen dantzan egiteko, zartagina bezala. Hauen aldean, panderoa, kanabera, paluak, goilarak... perkusio tresnak koplei laguntzeko eta jendeari dantza eragiteko gauza estimatua izanen ziren. Eta orain urte gutira arte erabili izan dira. Orain mende batzuk xirularrua-kornamusa edo zarrabetea izan zitezkeen erabilienak plazetan edota erromerietan. Geroago edota hauen ondoan tronpa, tanbolina, gitarra, alboka, bibolina, dultzaina... Joleak, herrikoak, ingurukoak, kanpotik ekarritakoak eta eskekoak izan zitezkeen. Geroago, mosukitarra edo harmonika, eta eskusoinua. Gero orkestrak, asko geroago taldeak: rock’n roll, pop, reggae, punk, heavya jotzen zutenek eta azkenik –oraingoz– disc jockeya. Hau da, soinutresnarik barik ari dena.
José Antonio MartÃnez Osesek egindako alboka. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala |
Erromeriaz eta dantzaz nabil. Honetarako, Kopla zaharrak nahi ditut aipatu. Ermitetako basoerromerietan eta baserri edo taberna inguruko jaietan, emakume panderojotzailea eta kopla kantaria izaten zen musikari nagusia sarritan. Kopla zaharrak dira mendebaleko euskalkian, bai Bizkaiko alde euskaldunetan eta bai Arrate eta Arantzazu inguruan, nagusiki erromerietan kantatzen zirenak jota, porrusalda eta martxagaz batera. Anonimoak dira, ia beti. Bi edo hiru puntukoak dira, eta indarra emateko, amaierak errepikatzen dituzte. Kopla solteak dira, euren arteko lotura bakoak, gehienetan.
Elipsia erabilten dute, lehenengo puntu bien lotura hurrengoko biekin ez da zuzena izaten. Hau da, ez da egoera zehatza, eta horregatik esangura bat baino gehiago izan dezake koplak, ez du ondorio bakarra zertan eduki behar. Ironian oinarritzen da gauzak esateko modua, bueltak emanaz, iradokiz. Dantzari estu lotuak, logika diskurtsiboa barik, logika bisuala daukatenak dira koplak. Antigualeko bizimodua erakusten dute, gerra zibileraino heltzen dena neurri haundi batean. Miseria, ganorabakokeria, umorea, sexua edo juergaz dihardute. Miseriaz at, esanahi galazotakoak eta lar alaiak be erabiltzen dira, orduko establishmenta, gizarte ordena, zenakoarentzat. Koplen estiloa da nabarmentzekoa.
Baina, musika bakardadean be jo daiteke, eta jotzen zen norberaren lasaigarri. Hau edonon gerta zitekeen, elizaldean, baserrian, mendian edo basoan. Kasu nabarmenena, artzainena izan da.
Ibon Koteron (Bilbo). Argazkia: Aitor Coterón |
Alboka, mundu bietan jo izan da. Erromerian eta bakardadean. Albokaz dakigun apurra XIX.mendearen hondarretatik honakoa da. Eta ez lar, gerra zibilaren aurreko garaietaz.
Heldu zaigun errepertorioa oso txikia izan da. Batez ere jota, porrusalda eta martxa piezak, beste gauza aparteko apurrekin batera. Hau da, erromeriari lotutako errepertorioa. Dantzarakoa.
Egia esan alboka tradizionalen eskalak ez zuen aukera handiegirik ematen. Baina pentsatu behar dugu artzainen –edo baserritarren– bakardadeko errepertorioa zabalagoa izan zitekeela.
Batetik, gaur egun albokaren betiko eskalarekin kantu zahar, erromantze, balada edo aintzinako doinu hutsak jo daitezkeelako. Bestetik, esan behar da Azkuek jaso zituela albokaz jotzeko ziren doinu bakan batzuk, dantzarakoak ez zirenak.
Beste mundu batera joanik, albokaren antzeko eskala duen txanbelak, Zuberoako artzainen dultzainaren antzeko egitura duen soinutresnak, beste era bateko doinuak jotzeko erabiltzen zen, eta modu atenperatuan. Khantoreak edo xiberotar kantak jotzen zituzten. Nahiz eta soinutresnak berez eskala luzeagoa eduki, txanbelariek albokatik gertu zegoena erabiltzen zuten, atzeko zulo bakarra eta aurrekaldeko behekoena itxita zituztela. Eta khantoreak jotzen zituzten batez ere, baina baita doinu hutsak ere. Hau da, dantzarako piezak ez, dakigularik. Hori txülüla eta ttunttunaren eginbeharra zen.
Leon Bilbao (Artea). Argazkia: Hemen aldizkaritik hartua. |
Azkenik, trebetasuna zuen artzainak ez zuen bere burua lotuko musika mota bakar bati, ahal zuena joko zuen. Beraz, albokak errepertorio zabalagoa izango zukeen, bai dantzarako, bai denbora pasarako. Galdua egon zitekeena, guregana heldu ez dena.
Lagungarri gisa, alboka soilik jotzen ez zenean, panderoarekin batera jotzen zen. Ez zen beste tresnarik jotzen berarekin, afinatzeko zituen zailtasunak zirela bide. Bi alboka –edo gehiago– batera ere ez ziren normalean jotzen horregatik, nahiz eta hainbat froga egin, eta batzuek inoiz hala egin (Zeanuriko Amundarain, Goikoetxea eta Sagarnak, hirurek batera; edota Galdakaoko Alejo Gurtubai ‘Barberue’k eta Igorreko Tiburtzio Elezkanok, biek batera).
Hogeigarren mendean alboka jotzen zen baino esparru handiagoan joko zen lehenago. Esparrua, mendiei lotutakoa zela esan behar da, horrek ere artzainen eragina dakarkigula. Gorbeia inguruan, bai Arabako Legutiano, Zigoitia, Okendo... bai Bizkaiko Arratia (Bedia, Lemoa, Igorre, Dima, Arantzazu, Areatza, Artea, Zeanuri) osoa, Zaratamo, Ubidea, Otxandio, Zeberio, Galdakao. Dima eta Igorre albokari gehien zuten herritzak jotzera ausartzen naiz.
Baina Durangoaldeko mendi katean be seguruago, agian Oizeraino. Azkuek jaso zituen Durango inguruan albokaz jotzeko antza duten doinuak eta Berriz dela eta hau irakurri daiteke Vicente Urkizaren “Antigüedades de Berriz”. liburuan (Caja Ahorros Vizcaina, 1988, 163 orrialdetakoa): “...Por la tarde no faltaba el baile animado por el “albokari”, llamado así, porque tocaba el albogue (alboka o artzaisoñu) especie de dulzaina, instrumento vasco, muy antiguo, que tenía forma de cuerno. Más tarde, la alboka, fue sustituída por el acordeón, llamado “ausposoñu”, y solía estar acompañado de una mujer que tocaba el pandero y al tiempo, cantaba.”
Imanol Atxa bilbotarrak egindako albokak. Argazkia : Imanol Atxa. |
Joan den mendean, alboka hauetan ere jotzen zen: Aizkorriren altzo edo magal bietan, batetik Aretxabaleta, Urbia... eta bestetik Zegama, Idiazabal, Segura... Aralar eta Urbasan ere XX. mende aurretik eta Juan Mari Beltranek jakin duenez Pagoeta inguruan: Aia, Deba...
Albokaren antzeko soinutresnak ere horrelako esparruetan jo izan dira. Adibidez, ‘caremera’ Biarnoko Pirineotan.
Albokak XX. mendeko gerlaraino eutsi zon bere orduko eremu erabilenean eta naturalean Arratiako, Zaratamo, Zeberioko erromerietan. Gero, urte ilun haietako erakusketa modura, arrotza zitzaion mundu batean, baina era berean salbatu nahiean jotzen zen. Joleak gutxitu ziren, eta hilzori gorrian egon zen: errepertorio tipia, jole guti, interes eza edota ezagutza murritza, konpetentzia handia beste soinutresnen eta doinu moten partez.
Albokarietan, batez be hogeigarren mendekoetaz zerbait esan daiteke, zoritxarrez aurrekoetaz ez dugu ia erreferentzirik. Era biko alboka joleak bereiztuko nituzke: bakardadean jotzen zutenek eta jende aurrean jotzen zutenek, erromerietan. Sailkapen haboro egin daitezke: geografikoa, profesioaren araberakoa, trebetasunezkoa, soinutresna gehiago jotzen ete zuten ala ez, senideak zirenak, baserritar eta artzainak batetik (eta albokagileak, denak) edota kaletarrak ziren salbuespenak –eta albokagileak ez zirenak–...
Erromerietan ibilitakoak ezagunenak ziren. Esan behar erromeri gehienak basoerromeriak edo ermiten ondoan egindakoak zirela. Albokariek gutxitan jotzen zuten herrietako plazetan.
:: Albokaren mugak gaindituz (II/II)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |