Manu GOJENOLA ONAINDIA
Traducción al español
:: Albokaren mugak gaindituz (I/II)
Hogeigarren mendeko lehen zatian albokari ezagunenak Igorreko Anbrosio Gorostiaga –onentzak zeukatena eta 1913an Dr. Trebitschek grabatu zuena– eta Zeberioko Graziano Lekue “Txisperue” eta Dimako Migel Larrinaga “Txuskoa” izan ziren. Hauek baino gazteagoak zirenak, Dimako Alejo Etxezarraga, Zaratamoko Inazio Uribarri “Andaluze”, Galdakaoko Alejo Gurtubai “Barberue”, Zeanuriko Jose Amundarain “Muñegi”, Lemoako Benito Iragorri –albokari eta dultzainero trebea, albokagile eta zurezko dulzainagile trebea izatez batera– eta Pontxo Orue, Igorreko Tiburtzio Elezkano, Bediako Antonio Aiesta “Jitano” eta bihar etzirako klasiko gisa heldu zaizkigun biak: Igorreko Silbestre Elezkano “Txilibrin” eta Arteako Leon Bilbao. Hauetaz gain asko eta asko dira erromerietan jole izan direnak, euretariko batzuen izena ere ezagutzen ez badugu be.
Gipuzkoan, aipatzekoak dira Zegamako Jose Oiarbide eta Gorrotxategitarrak: aita, Migel (Nafarroan jaioa) eta Antonio eta Patxi, semeak. Lapurdin, egon zen albokaria, Jatsu herriko Gitu, “Zaharra” bezala ezagunagoa.
Baina badira behi, ardi edo ahuntz zain zebiltzatenetan –eta etxean– alboka soilik jotzen zutenak. Batzuk aipatzeko, Usansoloko Juan Otxandio Gómez, Igorreko Anjel Abasolo Abasolo, Dimako Jazinto Olabarri Etxebarria eta Luziano Langara. Uste dut honakoen moduko mordoa izango zirela orduko mendietan edota baserrietan. Eta abilidade handikoak ere izanen ziren euren artean. Adibidez, sail honetan sar genezake Jose Mari Bilbao, Leonen aita zena. Oso albokari trebetzat zeukaten ezagutu zuten ia guztiek, albokagile aparta izateaz aparte. Baina alboka etxean –eta tranbiako beharlekuan– baino jotzen ez zuena.
Ezezagun bat adibide bezala harturik, mendiko albokarien bizitza eta musikaltasuna erakusteko, Anjel Abasolo Abasolo (1880-1961) aipatuko dut. Anjel Abasolo albokaria Igorreko Garamendi baserrian jaio zen 1880.urtean. Ezkondu ostean, Bediara joan zen bizi izatera. Bere kabuz ikasi zuen alboka jotzen. Artzain ibili zen Belatxikietan (Lemoan). Erromerietan ez plazan ez zuen jotzen, baina mendian bai. Erretiratutakoan, igandetan, Aramotzera joaten zen ardiak ikustera eta han jotzen zuen alboka. Alboka berak eginikoa zuen, 20 urte inguru zituela.
Hona hemen orain arte aipatutako mugak: eskala laburra, heldu zaigun errepertorio murritza, afinazio arazoak (ohizkoak zitzaizkion perkusiozko soinutresnekin jotzera mugatzen zutena), albokariak –eta albokagileak– esparru zehatz batzuetan baino ez ziren bizi, eta erromerietan edo bakardadean baino ez zuten jotzen.
Aldaketa
Hogeigarren mendearen hondarretan heldu zitzaion berpizkunde edo ia ia bersortzea albokari. Sekula jo bako doinuak hasi ziren albokari berri banaka batzuk jotzen. Hala nola sekula jo gabeko doinu tradizionalak, zein sortutako berriak.
Albokari hauek, batez ere, folk mundua zeritzan musika motako talde aipagarri batzuetan agertzen dira: Oskorri, Azala, Txanbela, Izukaitz, Kazkabarra, Sugan, Lauburu, Zapozain, Xarnege, Drònadar, Bidaia, Kukuma, Korrontzi... Geroago, rock’n roll taldeetara ere heldu zen alboka: Errobi, Exkixu, Niko Etxart eta Minxoriak –eta gero, Hipa Hapa–, Gatibu... Hauen aurretik, agertu ziren hirurogeigarren hamarkadan albokari berri gutxi batzuek, tradizionalak ez zirenak, baina hiritarrak izan arren errepertorio tradizionala zutenek. Gehienek utzi zioten alboka jotzeari.
Albokari berritzaileetan nabarmendu daitekeena da doinu berriak sortzen dituztela –sekula jo bako soinu tradizionalekin batera– eta alboka berriak erabiltzen hasi zirela. Lehengo digitazioari eusten ziotelarik.
Alboka berriok 1) tenperatuak dira, hau da, beste soinutresnekin batera jo ahal izateko tonua ematen dute [La=440 Hz]; 2) gainera hain errez desafinatu ez daitezen, material berriak sartu zituzten albokagileek: kanaberaren ordez zura hodietan (bertoko ezpela edota kanpoko granadilloa) eta kanaberazko fiten ordez, zurezkoak –kanaberazko mihiarekin– eta plastikozkoak, azken hauen mihia beirazko zuntzezkoa delarik; 3) eskala ere luzatu diote, aukerak zabalduaz eta gehituz.
Material berriak sartzea ez da beti onartua izan albokaren kasuan. Beste tresneei ez zitzaien hala jazo. Txistua ezpeletik ebanora aldatu zenean ez zen aurkako jarrerarik egon, idatziz behintzat. Aldaketa noiz izan zen ere inon aipatzen ez delarik. Dultzainak egurrezkoak ziren, baina XIX. mendean burdinazkoak egiten hasi ziren Pradere anaiek Durango eta Mondragoen. Orain, burdinezko dultzaina Bizkaiko benetakotzat jotzen da –nahiz eta Azkoitiko Monttetarrek ere bietakoak egin–. Nafar gaitentzako ere beste material berriak darabiltzate.
Albokagile berrietan, aldaketaren eragile nagusitzat Juan Mari Beltran eta Osses jo ditzakegu. Gehiago ere badira, Joseba Gastiain, ‘Mundi’ eta Imanol Atxa, adibidez.
Albokari berri eta berritzaileetan, bereziki aipatzekoa Ibon Koteron dugu. Albokari goitik beherako iraultza ekarri dio. Doinu tradizionalak egokitu, berriak sortu, digitazioaren aukerak zabaldu, albokagileei kontseiluak eman. Urte askotan ez da bera bezalako bat agertuko. Diska bi ditu alboka tresna nagusia dutela. Eskola ere sortu du.
Bere ikasleetan eta hauen ikasleetan, batzuk aipatzeko: Fede de Dios, Julen Begoña, Alberto Marcos, Iker Díez, Asier Valencia, Igor Goikoetxea, Andoni Vecchio, Xabi Valle, Jone Iurrebaso, Dabi Arbaiza, Ageda Kamiruaga...
Baina albokaren esparrua ere zabaldu da. Hirietara eta lurralde askotara. Araban, Karlos Subijanaren inguruan agertu dira albokariak. Gipuzkoan Juan Mari Beltranek ekarri ditu albokari asko kaleetara: Oskar Angulo, Aitor Larrañaga, Elena Bezanilla –Sevillan bizi dena orain–, Josetxo Txapartegi... Nafarroan ere badira.
Eskoleetatik at ere sortu dira albokariak. Aipatzekoa, Koteron aurretik hasitakoa Oskorrin, Joserra Fernández. Honen ondorengoak talde berean, Aitor Gorostiza eta Josu Salbide. Irlandarra be badabil, Alan Griffin. Lapurdin Mixel Ducau dugu eta Xiberuan, Mixel Etxekopar. Beste batzuek: Iñigo Ibarretxe, Iker López de Bergara, Juan Ezeiza, Iban Allue...
Alboka doinu sortzaileetan, bertze batzuen artean, Beltran, Koteron, Kepa Junkera, Griffin, Fede de Dios, Xabi Valle, Julen Begoña,...
Aipatutako albokari berri ia guzti hauek albokaz gain, beste soinutresna batzuen joleak be badira. Lehengo albokariek albokaz landa ia besterik ez zuten jotzen. Batzuk panderoa eta banakaren batek dultzaina. Oraingo ia denek solfeoa badakite, noski.
Esan nahi nuke albokari zaharren eta berrien artean ez dela etenik izan, elkar ezagutu izan baitute. Bestalde, zaharretan joera eta estilo desberdinak baziren, gaurkoetan ikaragarri estilo asko somatu daitezke. Ia ia jole bakoitzak berea du, trebeen artean, seguru.
Aurrera begira
Albokak aldaketa galanta jo badu ere, badago oraindik lanik egiteke. Gauza batzuen zerrenda laburra edo egiten saiatuko naiz.
Alboka zaharren morfologia eta eskalak ikertzea.
Guregana heldu diren albokari apurren estiloen edo jotzeko moduen konparaketa.
Iraganaren ikerketa burutzeko, iturri bizi bat baino ez dugu: Dimako Eujenio Etxebarria. Beraz, espero dut paper edo ikerketaren batzuk inoiz agertzea, joan zitzaizkigun albokarietaz gehiago jakiteko, beraien zerrenda osatuago bategaz hasita, ahal den data eta datu gehienekin.
Agian doinuak edo grabaketak ere agertu daitezke, Euskal Herrian zein kanpoan.
Alboka jotzen ikasteko metodoak ere agertuko dira digitalizaturik, interneten edo CDROMean.
Etorkizunaz esan dezakedan bakarra da doinu berriak sortu eta sortu egin behar direla, ahal denik eta zahar gehien egokituz. Eta albokaren eskalari dagokionez, asko egin bada ere, ahal balitz, zabaldu, luzatu eta aukerak gehitu egin behar dira. Eta materialetaz, frogak egin eta egin. Alboken estetika mantenduz.
Txalapartaz aparte, beste hemengo soinutresnetan gutxik izan dute albokak izan duen bilakaera. Segi dezala horrela. Entzuteko, kantatzeko, dantzatzeko, kalean, teatroan, telebistan, bakarka, taldean, orkestrarekin... Aldaketekin, edozein tokitan bere burua agertuaz, etengabeko garapenean.
:: Albokaren mugak gaindituz (I/II)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |