Sagrario Aleman (Etxaleku, 1952)
Farmazia ikasketak egin zituen, hasieran Iruñean, eta ondoren Madrilen,
Complutensen. Hala ere, ez da inoiz aritu botikari lanetan.
Karrera ikasten ari zela hasi zen euskara eskolak ematen eta orduz geroztik
hori izan da bere eginbehar nagusia. 1972an hasi zen Iruñean, urte
pare batez helduekin eta ikastetxeetan haur txikiekin aritu zen. Madrilen
segitu zuen euskara irakasten. Bertan zegoen Franco hil zenean.
Euskal Herrira bueltatu eta buru-belarri sartu zen irakaskuntzan. 1978an Erriberan
aritu zen, eta 1979an bi urtez Sakanan. 1981an Arturo Campion euskaltegian
hasi zen berriro.
1989. urtean AEK barruan zeuden euskaltegien arteko bereizketa izan zen. Horren
ondorioz, IKA (Ikas eta Ari) sortu zuten Araban eta Nafarroako hainbat euskaltegik.
Gaur egun, Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko arduraduna da eta bertan
ematen ditu eskolak.
Politikagintzan ere aritu da. Iruñeko zinegotzia izan zen 1982tik aurrera,
Balduzen bigarren legealdian. 1986an, berriz, Nafarroako parlamentari hautatu
zuten.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2006an, eta euskaltzain oso 2008an. Horrez
gain, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da.
Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Iragan maiatzaren 31n bere jaioterrian, Imotz bailarako Etxalekun, euskaltzain egin zuten ofizialki. Euskararen irakaskuntzari emana bizi da Sagrario Aleman, helduen euskalduntze alfabetatzean. Iruñeko bihotzean dagoen Arturo Campion euskaltegitik milaka ikasle pasatu dira azken 30 urteotan, eta horietako asko euskaraz bizi dira egun. Alemanentzat talaia ezin hobea izan da euskarak eta euskal kulturak Nafarroan izan duten bilakaera bertatik bertara ikusteko.
Euskaltzain izendatu berri zaituzte. Ohore handia da, baina hortaz aparte ardurarik sortzen al dizu kargu berriak?
Ardura bai, azken batean proposatu nautenek zerbaitengatik egin dute, uste dute zerbait egiten ahal dudala. Alde horretatik, kezka pixka bat baduzu, ia erantzunen duzun, ia proposatzaile horiek nahi zuten hori beteko duzun. Argi dago zerbait hartzen denean ahalik eta hobekien eta bakoitza bere ahalmenen arabera egin behar dela.
Zure ustez, zein da Euskaltzaindiari egiten ahal diozun ekarpena?
Batetik, Euskal Herriaren osotasun hori behar da eta, alde horretatik, Nafarroan euskararen munduan bizi dugun ikuspegi hori daukat, horretan bat gehiago izanen naiz. Bestetik, helduen euskalduntzearen mugimendua da nik ezagutzen dudana, eta hortik ere zerbait aportatzen ahal dut. Euskaltzaindiak bi atal nagusi ditu, Iker eta Jagon. Nik gehiago ikusten dut nire burua Jagon horretan, sartuago ibili bainaiz euskararen egoeraren inguruko kontuetan eta kontu soziolinguistikoetan, ez horrenbeste gramatika, hiztegigintza edo halakoetan.
Azken urteotan gaztetu da Akademia eta, horrez gain, mundu akademikotik kanpoko hainbat kide sartu dira. Zure ustez horrek on eginen dio Euskaltzaindiari?
Nik uste dut baietz, ikuspuntu diferenteak behar dira. Denak beharrezkoak dira eta arlo bakar batera begiratzea arriskutsua da. Horretarako, euskalgintzan atal diferenteetan lanean ari den jendea behar da. Azken batean, euskara arlo guztietan sartzen da nahia, eta euskara bera indartzea. Gaztetasunarena ez dakit egia den; agian kontua da orain dela urte batzuk gazteago zen jendea sartzen ari dela Euskaltzaindian, jada adin bateko jendea, beharbada esperientzia pixka bat behar delako. Beste aldaketa bat izan; lehen 24 euskaltzain ziren, orain 30, hori ere barneko egituretan aldaketa izan da, baita asmoetan ere.
Zure ustez zeintzuk izan beharko lirateke Euskaltzaindiaren lehentasunak edo egiteko nagusiak?
Lehen aipatu dudan bezala bi atal nagusi dago Euskaltzaindian eta uste dut bietan aritu behar duela. Euskara batuaren inguruan, estandarizazioaren bila lan handia zegoen egiteko, egin behar zen hori. Lehen pausu inportanteena eman da eta horretan ahalegin handiak egin dira aurreko urteetan; oraindik segitu beharra dago horrekin, ez dugu euskara arras normalizatua, estandarizatua. Horrez gain, uste dut euskararen bizitasunari ere begiratu behar diogula, eta horretan ere ahaleginak egin behar direla. Hori ezin da inolaz ere alde batera utzi, baina beharbada orain beste kontu batzuek hartu behar dute pisu handiago.
Orain dela hilabete batzuk Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza eman da ezagutzera. Nola ikusi dituzu atera diren datuak?
Egia esan, oraindik ez ditut oso sakon aztertu, baina argi ikusten da diferentziak daudela hiru komunitate administratiboetan; horiek agerikoak dira. Dauden lege edo ez dauden legeen garapenak ematen du emaitza hori, baina ez hori bakarrik, ikusi beharko genuke inguru bakoitzaren aurrerapena homogeneoa izan ote den. Ez da legea bakarrik, badira ere arrazoi demografikoak, soziolinguistikoak, faktore edo eragile asko dago. Legea edo marko juridiko horrek garrantzia badu, bai; baina badira beste hainbat eragile.
Datuok argi-ilunak erakusten dituzte. Nafarroan zer da nagusi argia ala iluna?
Gauza guztietan bezala kontua da zeri begiratzen diogun, zein momentutan… Askotan entzun izan diot nire adineko edo ni baino zaharxeago den jendeari: “Nik ez dakit euskaraz, baina bilobek badakite”. Alde horretatik begiratzen badiogu, aurrerapena egon badago, eta horrelako jende asko dago Iruñean. Atseginez esaten dizute hori, nolabait ikusten dute hemendik ehun urtera hemen euskaraz eginen dela, bide onetik goazela iruditzen zaie.
Era berean, beste alde bati begiratzen ahal diozu. Gutako askok kasik euskara hutsez bizi ginen gure haurtzaroan, eta gaur egun haur gutxi ikusten ditut Nafarroan euskara hutsez bizi direnak: etxean ez dakitelako, jostaketa asko erdaraz direlako, telebista eta teknologia berriak sartu direlako...
Bestetik, irakaskuntzan D ereduak euskal eremuan gora egin zuen poliki-poliki; A eredua desagertzen ari zen baina gaur egun berriz indartzen ari da. Orain beste eredu bat sartu nahi digute eta pentsatzekoa da horrek kalte egin behar diola D ereduari eta euskara ikasteari.
Prestigioaren aldetik begiratzen badiogu, gure haurtzaroan euskara gutxietsi egiten zen. Gero euskarak prestigio pixka bat hartu zuen, momentu batean euskara beharrezko izanen zela pentsatu izan zen eta uste dut horretan ere atzera egin dugula. Beste alde batetik, euskararen kontra dauden batzuk ez dakit gehiago diren, baina bai harroago dabiltzala.
Orduan bai, jarrera, ezagutza eta erabileraren aldetik aldeko zein kontrako faktoreak daude, eta segun zeri begiratzen diogun... Gainera, faktore horiek beti daude mugimenduan.
Hala ere, uste dut oro har aurrera goazela, baina oso poliki, eta euskara ez dago inondik inora lasai egoteko egoera batean, euskara bera galtzeko arriskuak bizirik segitzen du.
Helduen euskalduntze alfabetatzeak duen areriorik handiena da pentsatzea hurrengo belaunaldien kontua dela euskaraz egitea?
Garai batean jendeak ez zuen esanen: “Seme-alabei irakatsiko diet eta nik ez dut ikasiko”. Hori gutxiago entzuten zen. Gero ikastolak eta D eredua indartzen joan ahala, askok planteatu zuten seme-alabek ikasiko zutela eta haiek ez zutela ikasi beharrik: “Haiek salbatuko dute”. Baina haur eta gazte horiek gizartean bizi dira eta berregiten dute aurrekoek egin dutena; aurrekoak erdaraz ari badira eta haiek hor bizi behar dute, haiek ere erdaraz segituko dute.
Askotan kexu egoten gara gazteak erdaraz aritzen direlako, baina helduok ematen diegun eredua segitzen dute, eta alde horretatik normala da, azken finean gizartearen parte dira. “Normala” esaten dut, ez nahi duguna eta ez beharko genukeena, baina helduen euskalduntzeari ez bazaio garrantzi handiago ematen ez da erraza izanen.
Azken 25-30 urte hauetan euskaltegietako ikasleen tipologia edo motibazioa asko aldatu da?
Nafarroan ez dut uste motibazioa asko aldatu denik. Motibazio afektiboa, identitarioa da nagusi: inguruan euskaldunen bat dutelako, hemengoak direla aldarrikatzeko edo esateko, hemengo hizkuntza delako; horiek izaten dira nagusi.
Dena den, motibazioa ez da bat eta bakarra izaten, faktore askok eragiten dute. Pertsona bat euskararen alde egon daiteke, baina ikastera hurbiltzeko toki batetik baino gehiagotik jaso behar du ikasteko nahi hori, hori piztu behar du. Alde horretatik ez da asko aldatu, ez dakit zenbateraino beharra sentitzen duten, ikasle askok esaten dute “beharbada ongi etorriko zait”, baina ez dute indar nagusia horretan jartzen. Azken urteotan aldaketa txiki bat egon da, euskaltegira etortzen diren hainbat gaztek titulua lortu nahi dute, baina ikasleen gehiengoa ez da titulu baten bila etortzen.
Hezkuntza arautuan euskara ikasteko aukera handiagoa da egun. Ikasleen bataz besteko adinean aldaketarik eragin du horrek?
Bai, horretan bai aldatu da, gero eta zaharragoak ditugu ikasleak. Hori ez da harritzekoa, populazioa bera zaharragoa dugu eta, bestetik, gazteenek ikastolan edo D ereduan ikasi dute, eta pentsatzen dute aski badakitela. Udan ikasle gazteagoak etortzen dira. Gehienak titulu baten bila, eta orduan ohartzen dira oraindik ere hutsuneak badituztela eta hizkuntza beti ari garela ikasten. Gainera, gehienek ikasketa akademikoa izan dute, ez naturala, eta klasetik kanpo aritzeko erraztasuna nahiko mugatuta dute.
Nola sentitzen zara ikasle ohi bat euskaraz erraztasun osoz aritzen dela entzutean edo euskaraz liburu bat argitaratzen duenean?
Hori da izaten ahal dugun oparirik hoberena. Suertatu izan zait norabait joan eta beraiek esatea, nik ezagutu gabe, gurean ikasi zuela euskaraz. Karrikan entzuten dituzu euskaraz eta akordatzen zara lehen urratsean zeudenean. Egia da beste batzuek galdu egiten dutela gurean ikasitakoa, inguruneak ez du gehiegi laguntzen, norberak bilatu behar du aldeko ingurunea, baina hainbatentzat ez da erraza. Horrek pena ematen du, baina horiei ere zerbait gelditzen zaie. Zaila da, baina horiei aukera eman behar zaie karrikan, etxean edo lantokian segi dezaten.