Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Euskadiko Autonomia Estatutuak, Espainiako Konstituzioko 3.2 artikuluaren koofizialtasun-printzipioari jarraiki, aldarrikatu zuen euskararen ofizialtasuna. Euskararen Legeak ezarri zituen, ondoren, 6.1 eta 14. artikuluetan, administrazio publikoa “arian-arian” euskalduntzeko, herri-langileei euskararen ezagutza derrigorrez eskatu ahal izateko oinarriak. Lege horren kontra Estatuko abokatuak jarritako errekurtsoaren epaitzak ekimenaren konstituzionaltasuna onesteko balio izan zuen: “Nada se opone a que los poderes públicos prescriban, en el ámbito de sus respectivas competencias, el conocimiento de ambas lenguas (euskera eta gaztelania) para acceder a determinadas plazas de funcionario o que, en general, se considere como un mérito entre otros...”.1 Epai horren ondorioz, azkenik, Auzitegi Goreneko Administrazio Sailak ordura arteko eskakizun horren kontrako jurisprudentzia aldatu behar izan zuen, doktrina-batasuna printzipioa akatatzeko.2
Gauzak horrela, Funtzio Publikoko Legearen 97. atalak, 1989an, ezarri zuen hizkuntza eskakizuna aginduzkoa izatean hasten den egunetik aurrera ezinbestekoa izango dela betetzea, eta 224/1989 Dekretuak hizkuntza eskakizunetako gaitasun-mailak zehaztu zituen.3 Osakidetzari dagokionez, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren legeak, 1997an, Enteko hizkuntza normalkuntza euskal araubide estatuarioaren arauen barruan sartu zuen. Geroago, langile estatutarioen lege-markoak,4 Aznar presidente izanik, osasun zerbitzuetan bertako hizkuntza derrigorrez eskatu ahal izateko artikulua jaso zuen: los procedimientos de selección (del personal estatutario), sus contenidos y las pruebas se adecuarán a las funciones a desarrollar en las correspondientes plazas incluyendo, en su caso, la acreditación del conocimiento de la lengua oficial de la respectiva comunidad autónoma (sic) en la forma que establezcan las normas autonómicas de aplicación. Hainbestean, badirudi, gaur egungo legedi eta jurisprudentziarekin, konpondutako auzia beharko lukeela funtzionarioen eta estatutarioen hizkuntza eskakizunaren kontuak.
Egun, EAEko herri-administrazioetako hizkuntza eskakizunak 86/1997 Dekretuan daude araututa eta Osakidetzakoak 67//2003 Dekretuan.
Gaur egun, herritarrak EAEko herri-administrazio publikoen aurrean dituen hizkuntza eskubideak egikaritzeko abiarazi zen prozesuko bitarteko nagusietakoa bihurtu da hizkuntza eskakizuna. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea 1989tik ari da herri-langileei hizkuntza eskakizunak egiaztatzen. Gauzak horrela, zer uzta eman dute ia bi hamarkada hauek? Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzak emandako datuen arabera, hizkuntza eskakizunen betetze-maila %55,5koa izan da –lanpostu hutsek eta salbuetsitako langileek eragin dute betetze-maila altuagoa ez izatea–.
Osakidetzan, aldiz, bertako Euskara Zerbitzua 2004an hasi zen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzen eta egiaztatutako kopuruaren gaineko datu ofizialik oraindik ez badago ere –lehenengo plangintzaldia ekuatorera baino ez da iritsi–5, egiaztapenen bagoira berandu igo denez, pentsa daiteke adinarengatik salbuetsien zama handiagoa izango dela, batetik6 (herri administrazioetako %6a baino handiagoa) –2006. urtean Donostia Ospitaleko langileen %45ek berrogeita hamar urte baino gehiago zituen, esate baterako–, eta, bestetik, lanpostu hutsen arazoa herri administrazioetan baino larriagoa izan daitekeela, berezi kategoria batzuetan –profesionalen falta orokorrarengatik–.
Foto: quinn.anya.
http://www.flickr.com/photos/quinnanya/3183174451/
Egoera hori izanik, Administrazioko IV. Plangintzaldiaren helburua izango da, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunen hitzetan, ezagutzatik haratago joan eta euskara erabiltzea, “malgutasunez baina etengabe”. Beste aldetik, Osakidetzako euskara-planak hasieratik bertatik jaso nahi izan du erabileraren erronka, eta, Zerbitzu Erakundeen Zuzendaritzen ardura pean, euskararen erabilerarako irizpideak ezartzeari ekin dio. Herri-administrazioetan, egitasmo berria dinamizatzeko, ikastaroak eta trebakuntza-saioak egongo direla agindu da, eta Osakidetzak ildo bereko apustua egingo duela espero izatekoa da.
Erabilera areagotzeko nahikoa izango al da hori? Erronka hizkuntzaren erabilera izango bada, argi dago erabilera-ingurumen egokia sortu eta sustatu behar dela; trebakuntza saioek per se ez dute oraingo inertzia aldatuko, are gutxiago egoera irauliko. Beharbada, bada ordua euskararen legedia osatu behar dela konturatzeko eta horri ekiteko –Gotzon Egiak, 2000an, Elerian, horren alde egin zuen–. Bestela, arrisku handia dago euskaren bigarren mailako hizkuntzaren egoera sine die iraunarazteko –legez hala ez bada, de facto hori baita euskararen egoera gaur egun, erabilerari bagagozkio, herri-administrazio askotan–.
Euskararen legedia hizkuntzaren konplexuek oraindik pisu handia zuten garaiko seme-alaba da. Bere fruituak emankorrak izan dira arlo batean, bereziki: hezkuntzan; baina, oso mugatuak izan dira beste arlo batzuetan, administrazioan, besteak bete. Administrazioan eta erakunde publikoetan (enpresa publikoak barne) erabilera normalizatu nahi bada, euskararen legediak ekimen hori jaso behar du, zilegitasuna eta lege-maila izan dezan.
Eztabaida perfilen egiaztapenaren eremutik –zein lanpostutan eskatuko den euskara jakitea eta hori zilegi den– erabileraren eremura eraman behar da, hots, zein lanpostutan izango den derrigorrezkoa, neurri batean, euskara erabiltzea. Eta, batez ere, erabilera erreala bihurtzeko zer egin behar den hausnartu behar da. Araubideak hausnarketa horren ondorioa jaso behar du eta erabileraren eremuan aktibo izatera pasatu behar du, administrazioak barrutik euskaraz funtzionatzea sustatuz. Hori egikaritzea legezkoa dela eta ez dela funtzionarioaren adierazpen-askatasunaren kontrakoa argi utzi zuen Iosu Erkorekak artikulu argigarri batean –Eleria, 2000, 97-112 orr. –.
Euskararen egoera Euskadiko Autonomia Erkidegoan memento honetan, frantsesak joan den mendeko laurogeiko hamarkadan Kanadako administrazio federalean zuenarekin pareka daiteke –ez nahastu Quebec-eko egoerarekin–: ezarritako neurriek hizkuntza minorizatuaren erabilerak aurrera egin zezan ez zuten eman espero izandako emaitzarik, batez ere, administrazioko sailetan ez zirelako bildu ekimen horrek arrakasta izateko beharrezkoa zituen gogo- eta jokaera-aldaketak. Ondorioz, administrazio federalean hizkuntza nagusi ingelesak jarraitu zuen, nahiz eta lanpostu elebidunen okupatzaileen %70ek, 1978an, egiaztatuta zuen bere hizkuntza-eskakizuna (2005ean %89k). Hizkuntzen arteko berdintasuna oztopatzen zuen eragiletako bat administrazio-arduradunen eta exekutiboen hizkuntza-gaitasun falta zen, Hizkuntza Ofizialen Commissariat-en arabera. Gaur egun Kanadan laneko hizkuntzen araudiak honelakoak jasotzen ditu:
Les institutions fédérales veillent à ce que la haute direction, en tant que groupe, soit en mesure de fonctionner efficacement dans les deux langues officielles (p. ex. approuver des présentations ou rapports, entendre des exposés, commenter des propositions, mener des réunions).
Kanadan arazoaren soluzioa jarri nahi izan da, administrazioa modernizatzeko ahalegina eta hizkuntza-berdintasuna ezartzeko lana elkarren eskutik joan daitezen neurriak hartuz, besteak beste. Gurean, ordea, administrazioa modernizatzeko ekimenak ez du euskara bere lehentasunen artean ipini. Bikaintasuna lortzeko neurtu beharreko parametroetan euskarak ez du beharko lukeen tokia. Horren erakuskari da hurrengo adibidea: Osakidetzaren 2008-2012 Plan Estrategikoan, euskarari ematen zaion erabilerarekin gogobeteta egotea aurreikusten den erabiltzaile-pazienteen kopurua %55 da. Kopuru hori oso urria da, nire iritziz, eta argi uzten du euskara ez dagoela bikaintasuna lortzeko lehentasunen artean, modu periferikoan ez bada.
Goren mailako funtzionarioren eta exekutiboen euskararen erabilerari dagokionez, askok ez dute karguak eskatzen duen hizkuntzaren jakintza-maila eta kargura iritsitakoan euskarak traba egiten diela dirudi –ez dira gutxi are euskara lantzeari uzten diotenak behin goren mailara iritsiz gero–. Piramidearen erpinean euskararen premia ez da sentitzen.
Goi-mailako zuzendaritza-karguek, beraien artean eta beren mendekoekin, euskaraz modu egoki, arin, aberats, zuzen eta funtzional batean komunikatzeko gaitasunik ez duten bitartean, eta kalitate-parametroetan euskara behar den seriotasunez tratatzen ez den bitartean euskara ez da normalizatzeko bidean jarriko Euskadiko administrazioan. Beraz, proposa daitekeen legedi berri horren barruan, besteak beste, funtzionarioen euskararen erabilera orokorra arautzeaz gain, goren mailako zerbitzari publikoen euskararen erabilera ere arautu behar da. Eta, azkenik, euskararen erabilera-helburu kontagarriak eta ausartak ezarri behar dira. Azken finean, uste dut askok bat egingo genukeela Kanadako Hizkuntza Ofizialen komisario Graham Fraser-en ondorengo asmoarekin: «Une de mes priorités sera d’assurer l’efficacité de la Loi. Les bonnes intentions ne suffisent plus: il faut maintenant obtenir des résultats concrets».
1Konstituzio Auzitegiaren 82/1986 Epaia, ekainaren 26koa, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeari buruzkoa (BOE, 1987-4; 159 zk.).
21988ko martxoaren 3ko Epaia.
3Lehenagokoa da hizkuntza eskakizunen sorrera ekarriko zuen 250/1986 Dekretua.
4LEY 55/2003, de 16 de diciembre, del Estatuto Marco del personal estatutario de los servicios de salud.
5EAEko herri administrazioetako laugarren plangintzaldia 2008ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra gauzatuko da, eta Osakidetzako lehenengoa –2005eko ekainean hasitakoa– 2011n bukatuko.
6Osakidetzako langile finkoak egon daitezke hizkuntza eskakizunen derrigortasun-araudi orokorra betetzetik salbuetsita, besteak beste, plana hasten denean (2005eko maiatzaren 27a) edo planeko lehenengo hiru urteen ondoren egin beharreko ebaluaketa egiten den egunean (2008ko ekaina) 45 urtetik gorakoak badira.