Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Artibai ibaiaren arroak 103 km2 inguru ditu. Bizkaian mendebalderago dagoena da eta hegotik ipar-ekialderantz egiten du aurrera. Arro hau Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan kokatzen da; Kalamua, Landasko eta Santi Kurutz mendien gailurren lerroek osatzen dute arroaren ekialdeko muga eta, aldi berean, herrialde bien artekoa ere bada. Mendebaldean Lea arroa dauka. Azken honekin gertatzen den moduan, Artibai arroaren norabidea iparrekialderakoa da.
Ibaiaren luzera osoa (25 km) ingurukoa da. Natura 2000 Sarean Oiz mendian jaiotzen denetik hasi (1.026 m) eta Ondarroa arrantzale-herrian itsasoratzen den arte.
Markinan ibilgu nagusiari Urko ibaia gehitzen zaio. Hauxe da Artibai ibaiaren ibaiadar nagusia; izen berezko mendian jaiotzen da, eta bere ibilgua ez da sartu babes-figuran.
Artibai ibaiak Europa mailan duen interes nagusia zera da: bisoi europar asko daudela bertako uretan. Izan ere, espezie hori egoera larrian dago mundu-mailan eta Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan kaltebera gisa katalogatua dago.
Espezie hau kalitate oneko uretan bizi da eta harreman zuzena du ibaiaren alde eta ibarretako landaretza mantentzearekin. Euskal ibilguetan asko agertzen da, baina oso sakabanatuta, eta aipatutako faktoreon baldintzapean dago batez ere.
Artibai ibaiaren uren kalitateari dagokionez, EAEko Administrazioak aldiro egiten dituen neurketen arabera, oso ur garbiak dira, kalitate onekoak, batez ere goiburuko zatian eta Urko ibaiarekin elkartu arte. Puntu horretatik aurrera, Markina igaro ondoren, horixe baita ibilbideko biztanlegunerik handiena, kalitateak behera egiten du eta kontaminazio zantzuak ere agertzen dira.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala.
Arroaren ekonomiaren ardatza nekazaritza eta abeltzaintza ditugun arren, Markina makina bat larre dago, baita negutegi ugari ere. Dena den, eskualdean beste diru-sarrera batzuk ere badaude: baso-ustiapenetatik ateratzen direnak, pinu eta eukaliptoenak; baita Markina eta Etxebarriko industria ere.
Ibilguaren gune garaian baso, nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerak nagusitzen dira, eta ohikoa da belardiak eta pinudi berritzeak (Pinus radiata) ibilguraino heltzea edo ibaiaren arroa deforestatua eta sasiek eta belarkiek kolonizatua egotea. Dena den, oraindik geratzen dira ondo mantentzen diren erribera landaretzako zati batzuk, haltz beltz, lizar arrunt eta hurrondoekin. Bertako basoen hondar gisa, kantauriar artadi batzuk geratzen dira, batez ere ibaiaren ezkerraldeko kareharrien gainean.
Ibaiaren ibilgua harritsua da. Blokeak edo harriak nagusitzen dira, eta haiekin legarrak eta harea nahasten. Horrek erakusten du era askotako substratuetatik igarotzen dela Artibai ibaia, eta gainera kareharria buztinarekin eta hareharriarekin tartekatzen ditu. Ibaiaren ibilguko harrien gainean alga eta goroldio landare ugari dago, eta ibilguaren ertzetan iratze eta hepatiko asko hazten dira.
Bisoi europarrentzat oso garrantzitsua da tarte hau ondo mantentzea, mantentze horri lotutako fauna ugaritasunean (karramarroak, anfibioak, arrainak, uretako hegaztiak) baitaude bere harrapakin nagusiak.
Gune honetan bisoiarentzat kaltegarrienak diren ezaugarriak ibilguraino heltzen diren belardiak eta baratzak dira, eta baita ere presa txiki eta erroten gisako azpiegiturak.
Artibai ibaiaren maila baxueneko zatian baldintzak asko aldatzen dira. Markinan hiri ibai bihurtzen da; uholdeak eta ibaiertz deforestatuak ekiditeko kanalizazioak daude, eta ondorioz belarkiak nagusitzen dira, bai ibaiertzean eta bai ibilguaren baitan. Gainera, ibaiertzetako industria jarduerak eragina du. Elikagai ez-organikoak nabarmen gehiago metatzen dira, eta agorraldietan oxigeno disolbatua urria izan liteke. Arrain komunitatea ere erabat aldatzen da; Markina arteko zatian izokinen ibaia zen (amuarrainekin, mazkar arantza-gabeekin ezkailuekin eta aingirekin), eta handik aurrera barboa eta loina nagusitzen dira.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala
Baina Urberoagatik aurrera Artibai neurri batean behintzat bere onera etortzen da herri haren eragina gaindituz. Itxura naturalagoa hartzen du, baina presekin eta presa txikiekin dezente erregularra.
Ondarroako arrantza-herria Artibai ibaiaren bokaleko ezkerrean dago. Senaiaren punta batean Saturrarango muturrak babesturik dago, eta mendebaldeko mugan portuko babes-dike bat dago, Barrakomuturratik luzatzen dena. Ibaia ekialderantz igarota zabaltzen den hareatza etenik gabea da itsasbeheran, eta portuko sarrerako babesdikearekin batera hareatza handiagoa bihurtzen da (Arrigorriko hondartza). Saturrarango muturrerantz segituz, Mutrikun sarturik (Gipuzkoa), izen bereko hondartzan egongo gara oraindik.
Arrigorri/Saturraran hondartzak nahiko babestuak dira; ekialdeko puntan ertz bitxiko harkaizti bat dago. Hondartza hauetan, itsasbeheran azaleratzen diren harea eta lokatzezko hondoetan poliketoak eta kusku bikoak erruz ageri dira. Hondartzaren eskuineko harkaitza eskailera batez zeharkaturik, kala harritsuak eta lautada arrokatsukoak topatuko ditugu: arrakaletan eta putzuetan marearteko haitzetako alga eta animalia ugari agertzen dira, espezie askotakoak.
Ur geza iristen den lekuetan ugariak dira klorofitoak. Itsasoaren eragina nabarmenagoa denetan, ordea, ezker-eskuin aurkituko dugu Gelidium pusillum, beste batzuekin batera (Codium decorticatum, Codium adherens, Bifurcaria bifurcata, Cladostephus dicotoma). Aktiniez eta anemonez gain ugariak dira patellak eta chtamallusak ere. Bestalde, Arrigorri/Saturraranen, beste lekuetan urria den espezie bat azaltzen zaigu askotan: Aplysia punctata.