Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Itsasadarren sedimentu-metaketek habitat honek berezkoa duen herbazeoen eta muluzkoen landarediaz estalitako irlatxo lauak osatzen dituzte, itsasgoran urperatuta geratzen direnak. Hondartzako zonan itsasoak ekarritako hareak eta barnealderanzko haizeak mareatik babestutako dunak osatu zituzten (gainerakoa, hondartza bera, espaziotik baztertu da). Aipatutako dunek presio antropiko gogorra jasaten dute, atseden-erabilera handiko area baita.
Arearen inguru osoa urbanizatutako zonez (atseden-erabilerari lotuta), komunikabideez edo industri plantez (itsasadarraren bazterrean bertan, dunak inguratuz, petrolio-birfindegiak daude) inguratuta dago. Lekuak berak, batik bat dunetan, bisitari-kopuru handia biltzearen ondorioak jasaten ditu: zapalketa, lur-berdinketa, etab.
Uda garaian, Bilboko hirigunetik oso gertu dagoenez, La Arena hondartzara bisitari asko eta asko etortzen da, eta bisitariok, nahi gabe, presio handia eragiten dute kostako hareatzetan. Hala nola, erabiltzaileek zuzenean zapaltzen dute oinez ibiltzean, eta, are kalte handiagoa eraginez, azpiegiturak eraikitzen dira gunearen balizko habitatean. Kontrako baldintza hauek nabarmenak badira ere, Barbadungo itsasadarraren ondo-ondoko gunean, ekosistema hauetan ohikoa izaten den landaretza ugari aurki ditzakegu hondartzan. Itsasoaren eragin handia duten guneetan, hezetasun, gazitasun eta elementu organiko gehiago egoten da, eta horrexegatik hondartza eta dunen arteko mugako espezieak hor kokatzen dira, Cakile maritima edo Salsola kali adibidez.
Gune babestuenetan, dunek forma hartzen duten lekuetan, espezie asko daude kosta-ingurumenetan ohikoak izaten direnak, hala nola, Ammophila arenaria, Elymus farctus, Calystegia soldanella edo Euphorbia paralias. Dena den, bereziki nabarmendu beharrekoa da hareatzetako berezko bi espezie esklusiboki agertzen direla, orain arte Euskal Herriaren baitan La Arena hondartzako dunetan bakarrik aurkitu baitira: Barlia robertiana (enklabean puntualki agertzen den orkidea mediterranearra) eta Limonium ovalifolium (ugariagoa eta zabalduagoa dunen eta paduraren arteko mugan eta itsasadarraren bi aldeetan agertzen dena).
Area-barruan interes ekologiko handiko bi habitat erabat desberdinak antzeman ditzakegu. Alde batetik hondartza-aurreko hareatza, oraindik ere ingurune horietako berezko espezie ezaugarrien kopuru aski handia gordetzen duena: Ammophilia arenaria, arundinacea subespeziea, Elymus farctus, boreali-atlanticus subespeziea, Euphorbia paralias, Asperula occidentalis, Calystegia soldanella, Aetheorhiza bulbosa, etab. Beste batzuei buruzko antzinako aipamenak badira, aspaldian egiaztatu ez badira ere, eta ziurrenik ingurunea aldatzearen ondorioz desagertuta daude.
Barbadun ibaiko padurak ingurunearen berezko komunitate eta espezieen erakusgarri onak gordetzen ditu, oso gazitasun aldakorreko edo ur gezatako lur hezeetan instalatzen direnetik hasita, itsasoko urak egunero estaltzen dituen haietara iritsi arte: Juncus maritimus espezieko lezkadiak eta ihitokiak, Sarcocornia sp. edo Halimione espeziea nagusitzen deneko sastraka halofiloak, salicornia sp.
Espeziea nagusitzen deneko urteko landaredia, Spartina espezieko komunitateak,... Alderdi negatibo gisa uren kutsadura eta hondakin metatuak adierazi behar dira, bai ibaiak ekarritakoak bai eta mareak jalkitakoak ere.
Espezie aipagarrien artean, besteak beste, ondoko hauek daude: Sarcocornia perennis, Sarcocornia fruticosa, Salicornia ramosissima, Armeria maritima, miscella subespeziea, Saueda maritima, Limonium vulgare, Serotinum subespeziea, Puccinellia maritima, Halimione portulacoides, Inula crithmoides, Spartina maritima, etab.
Pobeña ondoan, bokalean dagoen kararrizko haitzak bertako jatorrizko landaredia gordetzen du. Legeltxorra (Pistacia lentiscus) barne hartzen duen artadi kantauriarren erakusgarri xumea da.
Lur heze hauen multzoak (padura/lezkadia) migrazio-geldialdian edo negu-pasan dagoen abifaunako espezie-kopuru handia biltzen du.
Ingurune akuatikoari, bertako landarediari eta bazterretan azaleratzen diren limoei nolabait lotutako hegaztiak dira. Gainera, beste espezie batzuk, hala nola, basahatea (Anas platyrhynchos), Uroilanda handia (Rallus aquaticus), kopetazuri arrunta (Fulica atra) eta lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaeus) urte osoan zehar bertan hazi eta bizi dira. Urtaroren batean ikusitakoen artean, ondoko hauek aipa ditzakegu: lertxun hauskara (Ardea cinerea), murgilari arrunta (Aythya ferina), iparahatea (Anas strepera), ahate buztanluzea (Anas acuta), Zertzeta arrunta (Anas crecca), udazertzeta (Anas querquedula), antzara hankagorrizta (Anser anser), uroiloa (Gallinula chloropus), etab., bai eta limozaleen espezie ugari ere: txirritxoa, txirria, kuliska, bernagorria...
Itsasadar honetan Euskal Herriko estuarioetan atseden hartzen duten edo bizi diren abifaunako espezieen multzoaren %95 inbentariatu da.
Estuarioan, Pobeñaren ondoan hain zuzen, padurak erreka bat isurtzen den senaiarekin lotuak daude; ondo kontserbatuta daude, eta haietan eta Urdaibaiko paduretan Bizkaiko fanerogamoen eremu zabalenak hazten dira. Landare mota hori itsasoaren eta lehorraren bitartekoa da eta ongi finkatutako lurzorua behar du erroak egiteko. Horrexegatik hazten da estuarioetako gune babestuenetan. Izan ere, babesgabe dauden lekuetan hondoa hareazkoa edo arrokazkoa izaten da, partikula finagoak korronteak eramaten baititu. Pobeña aldean paduraren egitura eraldatua dago: orain murru batek bereizten du padura errekatik eta estuariotik, eta ura zubi baten azpitik iristen zaio. Murruaren gaineko bidea Laguntzako Andra Mariren ermitaraino doa, lehen uhartea izan zen haitz bateraino. Haitzaren eta labarreko beste aldearen artean zegoen paduraren zatia lurperatu zuten, eta orain aparkaleku eta egoitza bat daude, itsasora begira.
La Arenako estuarioaren barnean, planktonak gazitasun gorabehera handiak jasaten dituen estuario batekoa da. Udan, ibaien emaria murritzago denez, marea gorriak ikusten dira, alga dinoflagelatuak erruz hazten baitira. Orain arte gertatu diren marea gorriak ez dira toxikoak izan.
Estuarioaren erdiko ubidearen eta lehorraren artean dagoen lokatzean ugari dira paduretako karramarroak (itsas kilkerrak), arrantzaleek beita egiteko nahiko erabiliak. Itsasbeheran, karramarroek ezkutatzeko egiten dituzten zuloak ikusten dira.
Estuarioko ohiko elkargunea ikusi zen: nagusi dira Hediste diversicolor Scrobicularia planarekin batera, baita Peringia ulvae-Cerastoderma edule parea ere.