Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Maskarak Euskal Herriko tradizioan

Testu labur hau osatzen duten pasarte hauek egindako ikerketa zabalaren laburpen txikia da, Eusko Ikaskuntzaren web orrian izen bereaz eta haren zabaltasun osoz aurkitzen dena. Beraz, irakurle interesatua gonbidatzen dugu lanaren aldaera informatikoan murgil dadin adierazpen zabala, oin oharrak, beste testuekiko nondik norakoak, informatzaileen datuak, bibliografia, baliabide grafiko eta abar sakonki jaso ditzan.

1. Maskararen inguruan

Oro har, kultura desberdinetan oso objektu esanguratsu eta erabilgarria den maskara erritoaren eskutik gauzatzen da. Maskararen testuingurua erritoa bera da. Erritoari lotuta ez dagoen maskara bizia zailtasun handiz aurkituko da nonbait. Hots!, “bizirik” esan dugu. Maskara edo masken euskarria erritoan sustraitzen bada, ezinbestekoa dagokigu adigai honen mamiari begirada bat ematea. Erritoa kultu erlijiosoaren osagaia da. Zehatzago esanda oraingoz: nolabait, erritoa kultu erlijiosoaren adierazpen eta gaurkotze kolektiboa da. Hala ere, emandako definizioa ez dago osatuta. Edo gutxienez, soziologikoak diren beste adierazpenei lekua eman beharko lieke. Edozein kasutan, errito eta erlijioaren arteko lotura mamitsua behin eta berriz aipatua suertatzen da erritoaren definizioetan. Eta inguru erlijioso horretan maskara kokatzen da. Ohar zehatza eman behar dugu orain: maskara erritoari lotuta dagokion arren, bien partaidetza etengabea ez da nahitaezkoa. Errito asko daude, Euskal Herrian eta kanpoaldean ere, zalantzarik gabe. Baina errito guztietan maskek ez dute parte hartzen, kasu batzuetan bakarrik baizik. T. Teutek erritoetako karatularen adierazpen erlijiosoaren bidean sakontzen du, hain zuzen ere, objektuaren funtzioa finkatu nahi duelarik.

Maskaren funtzioaz ikerlari asko aritu dira. Oro ar, izpiritu, jainko edota arbasoak gauzatu eta gaurkotzea maskararen definizio gehienetan agertzen den funtsezko osagarritzat hartzen da. Ideia hau indartu nahian, antropologoak eskuarki garapen gutxiko kulturetara zuzendu dira, edota kultura garatuak deiturikoen iraganera. Erritoa jasotzez gain, mito kantxara ekarri dute. C. Lévy-Strauss antropologo estrukturalistak ezin du planteatu maskararen ikerketa, hau ez bada garatzen mitoekiko fluxu etengabean, hau da, ezin du burutu maskararen azterketa ez bada mito eta erritoaren eskuetatik helduta. Bere helburua maskaren adiera ulertzea da, azken batean. Objektuaren plastikotasuna adierazgarria baldin bada, eta horrela da, ikerketa ezin da maila horretan gelditu, sakonagoa izan behar du, funtsezko oinarrietara jo arte. Bere semantika erlijiosoa onartzen du aho betean. Baina, honekin batera, parekotasunez, gizarte baloreak jokora ekartzen ditu. Antropologo ospetsu honek landutako ikerketetan, objektua bera eta erritoaren ildotik mitoaren esparrua erabiltzeko aukera ezin hobea izan du, mitoa bizirik baitzegoen. Euskal Herrian gauzak ez dira horrela gaur egun. Errito eta maskara, maila jakin batean behintzat, bizirik daudela baiezta dezakegu (ez kasu guztietan, halere). Baina, mitoaz ezin dugu gauza berdina adierazi. Ez badugu hipotesiaren eremura jotzen (non, azken denboraldian hainbeste balizkoren ondorioz, baieztatu gabekoa fikzioaren tresna bihurtu dela dirudien), gure kokapen sendo bakarra erritoa da. Landa-lanean erritoa behatzen dugu gure inguruan, baina erritoari dagokion mitoaz hitz bizidun gutxi! Hau da errealitatea. Hortik aurrera, hipotesiak luza daitezke, baieztatzeko zailtasun ikaragarriak aurkitzen dituztenak gehienetan.

Euskal Herriko inguru tradizionaletan maskarak bi ospakizun edota errito motetan suertatu dira. Alde batera, maskak neguko jaiei indarki lotuta egon direla, eta oraingoz badaudela, erraz beha daiteke. Batez ere inauteriak direla eta, objektu hauek eite desberdinez gauzatu dira. Bestera, ordea, udako ospakizun ezberdinen eskutik kaleratu dira. Lehenengo kasuaz informazio eta eredu askok iraindu digute. Bigarrenaz, berriz, ez hainbeste. Hala eta guztiz ere, udako maskaren iragan oparoaz zerbait jakiteko nahian aritzen garenean, artxiboek hitza badute. Aurreko guztia dela eta, nolabait Euskal Herriko maskarak sailkatzeko grina edo beharra badugu, urtaroaren arabera egin dezakegu. Hots!, urtarorekiko harremanetan esan nahi dugu, hau da, urtaroei dagozkien erritoa da gakoa. Horrela, alde batetik neguko maskarak izan ditzakegu, talde aberatsa osatuz. Bestetik, udako maskarak aurkitzen ditugu. Azken multzo hau gaur egun ez da hain handia, baina iragan emankorra izan duela erraz baieztagarria da.

2. Maskarak neguko jaietan. Inauterietako maskarak

Gure inguruan, maskara oinarrizko tresna izan da inauterietan. Herri gehien-gehienetan maskara eta bere baliabideen ustiapena oso handia izan da. Leku askotan, eta XX. mendearen egoeraz jaso dezakezun informazioaren arabera, maskarak erosi egin dira, kartoizkoak gehienetan, herritik kanpoan eginak. Hau dela eta, mota guztietako maskarak ikusi dira Euskal Herriko inauterietan. Antifaz deiturikoak erabilienetarikoak izan dira. Maskara hauek ez dute aztarna sendoa utzi folklorean. Aldakorrak, urte batetik bestera trukatu egin dira, mozorratuaren gustuaren menpe. Baina, leku batzuetan urtez urte maskara-eite berdina errepikatzen zen, edo hobeki, errepikatu behar zen. Elementu honen erabileraren aspektu guztiak tradizioan oinarrituta agertzen zaizkigu gaur egun oraingoz. Hala ere, maskara tresna erabilienetariko izan den arren, ez da bakarra izan ardura honetan. Leku batean baino gehiagotan, aukeraturiko bidea aurpegia margotzea izan da: Arabako Arrizalan, alegia. Kuantitatiboki, bigarren aukera hau pobreagoa izan da, inongo zalantzarik gabe. Gainera Euskal Herriko herrietako inauterietan margotze horrek ez du eite-eskaintza handirik egin: gauzarik sinple eta normalena beltzez margotzea izan da. Gure inguruan horrelako izenak jaso ditugu maskara aipatzearren:

a) Euskaraz: maskara, maska, karatola, karatula, karatulia, karatulea.

b) Gazteleraz: la máscara, la careta, la carátula, la escarátula eta antzeko beste batzuk.

Uztaritzeko kotilun gorriaren oihalezko maskara (Lapurdi), Baionako Euskal Museoko janzkera gelako irudia

Uztaritzeko kotilun gorriaren oihalezko maskara (Lapurdi), Baionako Euskal Museoko janzkera gelako irudia.

Kasu guztietatik, hitzaren jatorria ezin da kokatu euskaran, hizkuntza erromantzeetan baizik, edota edozein kasutan, latineraz beharrezkoa bada. Ez da gauza berdina gertatzen mozorrotuaren adierazpenaz. Orain bai, hizkuntzaren arabera aukera ugari aurkitzen dugu. Horien artean, eremu euskaradunean jatorrizko hitz euskaldunak aurkitzen ditugu, erakusketa zabalean gainera. Hemen, arazo serio bat planteatzen zaigu. Hiztegi batzuetara jotzen badugu, mozorroei dagozkien adierazpenak maskarari garraiatzen zaizkio. Nolabait, osotasunaren izendapena multzoaren objektu esanguratsuenari ematen zaio. Itzulpenaren irizpideetan arazo larriak daude, gaztelerarenak erabili baitira, dirudienez. Mozorroarenak eta maskararenak nahastu dira. Guk garaturiko lan etnografikoak zalantzak argitu dizkigu. Euskarak ez ditu nahasten bi adigai hauek, eta bakoitzari bere erak ezartzen dizkio. Laster ikusiko dugun bezala, maskara, karatula eta antzeko hitzen eratorpenak mozorratuak izendatzeko izenak eman ditu. Hau, batez ere eremu euskara-gabean gertatu da, eta leku batzuetan bakarrik. Handik ere bai, baina ziurtasunez eremu geografiko euskaradunean, kontzeptu bakoitzari aukera bera eman zaio. Hau izan da, zalantzarik gabe, jarrera nagusiena Euskal Herria osoan. Mozorroak bere izena du, eta karatulak berea. Esan bezala, salbuespenak ematen dira, hau da, bi adierazpen artean fluxu zuzena zabaltzen dutenak, eta batez ere eremu euskara-gabean sortu direnak. Horrelakoetan, gainera, aurpegiko tresnak ez du zuzenki mozorradura izendatzen, horren eratorriak baizik. Nafarroako Sunbillan, esate baterako, aurpegia maskararen bidez estaltzeko ekintza maskaratu aditzaren bitartez ezagutzen da. Euskararen eremu gehienean aditza bera aurkitu dugu. Gazteleraz, ordea, horrelakoak entzun ditugu: mascararse, enmascararse, escaratularse, encaratularse.

Leku askotan, inauterietan maskarak erabilita, tresna hauek mozorrotutako pertsonari izena jarri diote. Azaldutako harremanak ez du bereganatzen eremu geografiko berezkoa. Nolabait esateko, izendapen hauei ez dagokie haran zehatza, edo lurralde konkretua, ez eta eremu berariazkoa. Datuak ikusita, kasu gehienak Nafarroan ematen dira, guk dakigunaren arabera. Araban ere batzuk ezagutzen dira. Bat Bizkaian aurkitu dugu. Orokorki, lurralde ez-euskaradunean kokatzen dira gehienak, baina esparru euskaradunean ere badaude batzuk. Kuantitatiboki, azken hauek aurrekoak baino askoz gutxiago dira. Edozein kasutan, egoera zehatz honetan aurkitzen diren herriak sakabanatuta daude, multzo geografiko homogeneoa harrapatu gabe, hau da, horrelako lotura linguistikoak erakusten dituzten herrien artean beste leku asko badaude, non antzekorik ez den gertatzen.Lehen esan bezala, batez ere eremu euskara gabean horrelako fluxu linguistikoa ematen da. Badirudi, beraz, maskara adierazteko euskaraz gorde diren hitzak erdaldunak direla, “erdaldun” hitzari “atzerritar” adiera ezarrita, jakina. Hauxe oso garbi geratzen da mozorrotua adierazteko euskal hitzak behatzen ditugunean. Maskara izendatzeko hitz aukera gutxi erabiltzen da, eta horien aldaerak ere ez dira ugariak. Beste aldetik, euskaraz mozorrotuaz hitz egiteko tokiko izen asko erabilgarriak direla ikusi dugu aurreko zerrendan, bakoitzak bere esparruari lotuta, oro har. Hitz erdaldun horien inguruan, batez ere alde ez-euskaradunetan, fluxua sortu da. Mozorratuaren izendapena maskararenaren eratorria da, eta ez alderantziz.Hala eta guztiz ere, hau azpimarratu nahi genuen: maskararen erabilera dela eta, leku askotan tresnak berak mozorroduna izendatu du, batzuetan eratorpenaren bitartez, bestetan ez. Multzoaren zatiak multzo osoa izendatu du. Baina, alderantziz ez da hain normalki gertatu, hau da, mozorroa adierazteko hitzak ez du maskara izendatu euskaraz.

Unanuako mamoxarro maskaradunak, metalezko karatolarekin (Nafarroa)

Unanuako mamoxarro maskaradunak, metalezko karatolarekin (Nafarroa).

3. Udaldiko maskarak

Azken hamarkadetako gauzak ikusita, maskara soil-soilik inauterietako tresna dela norbaitek pentsa lezake. Gaur egun jaso dezakegun datuen arabera, aitortu behar da azken aldietan inauterietarako joera egon dela. 1936 arte, ez da inauteririk egon maskararik gabe. Neguko jai horietan, mozorroa bera bezain funtsezkoa izan da. Gero, handik hona berpiztu diren jaietan maskarak ez du, agian, hainbesteko lehentasuna bereganatu. Hala era, gaur egun inauteriekin pentsatzen dugunean, maskararen irudia, zehatz ala abstraktuagoa, burura datorkigu. Baina, oraingoz Euskal Herrian gordetzen diren maskara batzuk, kopuru txikian egia esateko, beste sasoietako jaiei lotuta azaltzen zaizkigu. Batzuek zerikusi handia dute Gorpuzti jaiarekin. Besteek, aldiz, herriko jai nagusiekikoa dute, eta horrelako jaiak udakoak izaten dira gehienetan. Bi dira, batez ere, gure esparruan gaur arte udako jaiarekiko maskara gorde duten lekuak: Gipuzkoako Oñati eta Nafarroako Otsagi. Lehenengo kasuan, maskara taldea Gorpuzti jaian agertzen da prozesio erlijiosoan. Besteak, Otsagikoak, lekuko izaki zaindariaren omenezko erritoetan parte hartzen du.

Otsagiko boboa (Nafarroa), bere ohialezko maskara bizefaloaz burua estalita erakutsiz (R. Violant-en El Pirineo español liburutik, 629 or., 1943ko argazkia)

Otsagiko boboa (Nafarroa), bere ohialezko maskara bizefaloaz burua estalita erakutsiz (R. Violant-en El Pirineo español liburutik, 629 or., 1943ko argazkia).

Aurreko mendeetan udako maskara askoren informazioa jaso dezakegu, oraingoz, baina zehar-iturrien bitartez. Iraganeko dokumentuetan udako mozorro eta maskarak behin eta berriz aipatzen dira, biak sasoiko erritoei lotuak. Horretarako, testuetara jo behar da, artxibo zein beste dokumentu zaharretako oharrak behatuz. Bide honetatik, esate baterako, Oiartzun, Legazpi, Arroniz, Lizarra, Bastida, Donostia eta beste herri desberdinetako udaldiko erritoetako maskaren erabilera baieztatzen da.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media