Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Gaur egungo gazteen hizkera aztertzen badugu, agerikoa da gaur egungo gazteek erabiltzen duten euskararen eta edozein lekutako orain dela 100 urteko euskalkiaren arteko aldea. Euskarak bilakaera handia izan du maila guztietan eta, batez ere, hiztegian eta pragmatikan, alde morfosintaktikoa eta fonetikoa baztertu gabe. Gaiak, hiztegi teknologikoaren sarrera, kodearen txandaketa, harridurak, lokailuak eta adierazgailuak nabarmen aldatu dira.
Gazteek egunero euskaraz egiten duten erabilerari dagokionez, berriz, adierazi da euskara gainbeheratua erabiltzen dutela, aditzik, sintaxirik edo azenturik gabekoa eta ageriko hiztegi-urritasuna daukana. Gainera, euskara nahasia, korapilatsua, traketsa eta interferentzia ikusezinez betea sortzen ari garelako ideia oso zabalduta dago. Hondamendi-ukituak dituen irizpide horren arabera, gaztelaniaren eta euskararen arteko pidgina sortzear omen gaude edo sortzeko arriskuan gaude. Zenbaitek euskañol esaten diote horri, umorearen ikuspuntutik
50eko hamarkadatik, gazteek, bereziki hiri handietakoek eta behe auzoetakoek jatorri politiko-soziala daukaten prozesuak jasan dituzte, hala nola langabezia, ezegonkortasun soziala, bazterkeria, etab. Horrek guztiak kultur sistema propioa sortzen lagundu du eta hori hizkuntzetan islatu da, oro har. Euskaran ere nabaritu da, nahiz eta inguruabar zehatz horien eragina izan ez duen.
Bertzaldetik, gazteen arteko helburua komunikatzerakoan argia da: gazteek hurbileko bizipen-harremanak, harreman soziala eta beren arteko komunikazio fatikoa indartzeko hitz egiten dute. Eta horrek soziolekto bat osatzen du.
Eta gazteen soziolekto horren izaera baztertzailea pixkanaka-pixkanaka galtzen doa, zenbait fenomeno hizkuntza komunean agertzen diren neurrian. Horregatik, gazte-hizkera biziraupen laburrekoa den arren, jargoiaren berariazko elementuak oso azkar aldatzen direlako, haren interesa pixkanaka-pixkanaka hizkuntzaren eta gizartearen arteko erlazioan dagoen interesa handitzearekin batera indartzen delako. Bertzaldetik, jakin badakigu umeen eta nerabeen ikaskuntza-prozesuak helduen hizkuntzara pixkanaka-pixkanaka moldatzea dakarrela. Kasu horretan, gaur egungo gazteen ezaugarriei zahartzarora arte helduko zaie eta hizkuntzaren fisonomia zehaztuko dute etorkizunean.
Argazkia: Yo, adolescente: Memorias de mis 16.
Hala eta guztiz ere, adierazi behar dugu ez dagoela gazte-hizkuntza bakarra; izan ere, fenomeno korapilatsua da gizarte- eta komunikazio-eremuan, hainbat aldaerak osatzen dutena. Bereziki, hiru dimentsiok zehazten dute fenomenoa: ahozkotasuna, adina eta gazteen integrazioa.
Jakina denez, munduko hizkuntza guztien gazte-hizkeran jada zehaztu diren prozedura batzuk erabiltzen dira: metaforizazioa, atzerriko hizkuntzen mailegua, delinkuentziatik eta drogaren arlotik datorren hiztegiaren erabilera eta disfemismoen eta zakarkerien baliabidea (hau da, erdi- eta goi-klaseek baztertutako kodeak).
Alde horretatik, edozeini galdetzen badiogu gazte-soziolektoaren ezaugarriak zein mailatan agertzen diren nabarmenen, hiztegian dela erantzungo dute, hein handi batean. Izan ere, maila fonikoan eta esaldien antolaketan ezaugarriak erakusten baditu ere, batez ere maila lexikoan eskuratzen ditu jargoiaren ezaugarriak. Gazteek “argot” erregistroa erabiltzen dute besteengandik bereizteko, nahiz eta hasieran jargoi eta argot hitzak edozein talde aipatzeko erabiltzen diren. Argot propio horrek emandako hizkuntzari aurre egiten dio; gauzak horrela, esan dezakegu argotak eta jargoiak arauak sistematikoki ez betetzetik sortzen direla, talde soziala identifikatu eta lotzen dutela eta, aldi berean, kideak definitu eta nabarmentzen dituzte, taldea osatzen duten aldetik.
Gazte euskaldunen hiztegiaren zati handia hiztegi argotikotik dator, adibidez: muermo, mogolloi, kilo (milioi bat), bokata, enrollatu (sexu-harremana eduki edo hitz egiten hasi), aluzina (harritu, zurtu), kutre (zaharra, zikina), guai (ona, bikaina), kaña (martxa, kemena), kañero (kementsua).
Beraz, uste dugu gazteen hizkuntzaren ezaugarrietako batzuei helduaroan helduko zaiela. Izan ere, ez da arraroa helduei mota honetako esamolde eta item lexikoak entzutea: mobida, kilo (miloi bat), kutre, kaña, pasada, rollo, bale!, benga!.
Hala ere, Euskal Herrian egindako bertze ikerketa batzuetan, Aurrekoetxeak eta Ormaetxeak (2008) eta Esnaolak eginiko ikerketen arabera, helduen-gazteen arteko desberdintasun nabarmenenak sintaxian eta morfologian daude, eta maila txikiagoan lexikoan. Euskara batua-euskalkiaren bateratze prozesuak lehenik lexikoan agertzen dela uste bada ere ikertzaile hauen kasuan ez da horrela gertatzen, lexikoa hirugarren postuan dago, sintaxiaren eta morfologiaren atzetik. Antzeko zerbait ondorioztatu zuen Imanol Esnaolak.
Ahozko kulturaren egoeretan sortutako mintzaira mintzatuaren adierazpen gisa, gazteen aldaera guztiek mintzaira mintzatuaren ezaugarri guztiak dituzte. Gazteak talde baztertuetako kideak badira, maila horretako ezaugarriak agertuko dituzte. Gazte gisa identifikatzeko, beraiek bakarrik erabiltzen dituzten adierazpen propioak sortzen dituzte.
Teorikoki, ezaugarri horiek sistema linguistikoaren edozein mailatan koka daitezke: hiztegian, esaldien egituraketan eta, hizkeraren erritmoan, testu-egituraketan (esate baterako, diskurtsoaren adierazgailuen erabilera), eta baita keinuetan eta adierazpen mimikoan ere. Gainera, ortografia-mailan ere desbideratzeak antzeman daitezke, esaterako <k>-ren erabilpena gaztelaniaz: bokata, bokerones, okupa. Gaur egun, testuetan —bereziki komikien eta graffitietan erabilitako hizkuntzan, besteak beste— gazte-hizkera sartzeko ahaleginak daude.
Horregatik guztiagatik, gure ustez gazte-hizkera aztertu behar da, hori aldaeretako bat delako historikoki garatutako aldaeren barnean. Gazte-hizkera lantzen duten egile guztiek zenbait alde nabarmendu dituzte, hala nola aldaketa azkarra eta etengabeko aldaketak.
Gaur egungo euskarari dagokionez, eztabaida bizia dago gazteek hitz egiten duten euskararen kalitateari buruz, antolatzen diren jardunaldi, publizitate-kanpaina eta mahai-inguruen kopurua ikusita.
Gazteen euskararen gaur egungo egoerari dagokionez, aldiz, hurrengo azalpenak eman behar dira, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordearen arabera (ikusi webgunea):
Kontuan hartu behar da aurreko mendeetan euskara eremu gutxitan erabili dela eta, pixkanaka-pixkanaka, eremu berrietan sartzen joan dela. Baina, aldi berean, beste hizkuntzak gero eta maizago agertzen dira orain arte euskara bakarrik erakusten zuten eremuetan. Logikoa denez, hizkuntza horien eragina euskaran islatzen da eta horrek gero eta interferentzia gehiago sortzen ditu.
Bestalde, gaur egungo gazteen euskara belaunaldi arteko hainbat gatazkaren ondorioa da. Gazteek beren euskara sortu nahi dute, “agintarien” aurka. Kasu honetan, agintariak gurasoak eta irakasleak dira eta, azken batean, pertsona horien euskara bat dator estandar bateratuarekin.
Gure helburua gazte-hizkeraren gertaera linguistiko batzuk, ohiko gramatiketan jasotzen ez direnak, nabarmentzea izan da. Eta aitortu behar dugu giza talde bat maila linguistikoan deskribatzea zaila dela.
Gazteek euskaraz hitz egiten dute eta modan dauden esaldiak erabiltzen dituzte, gaztelaniaz zein euskaraz. Txandaketa hori erabiltzen da, gazteentzat adierazgarriagoa eta esanguratsuagoa delako, eta kode txandaketa, alegia, bi hizkuntza txandakatzea da bertze ezaugarri horietariko bat.
Bestalde, adina da gazte horiek baldintzatzen dituen faktorea da; izan ere, haiek bat datoz beren adinekoekin, ez hizkuntzarekin. Esaldi horietako batzuk mota honetako adierazpenak dira:
Begira tio!, Zelako pringatua zara!, Joe, maja, que fuerte!, Ze kutre da hau, tio!, Super-maintemindua nago!, Zuek ere trakakoak zarete!, Da super guapo!, Ke txolal!, Kutre euskera!, Ze pribada!, Ze pasada!
Aurretik aipatu dena kontuan hartuta, uste dugu gazteen hizkera aldaera interesgarria dela. Uste dugu faltsua dela gazte-hizkera interesik gabekoa dela iriztea, ia egonkortasunik ez daukan fenomenoa izateagatik. Dena den, gure ustez, ezaugarri horrek, hain zuzen ere, interes teoriko handiko gai bihurrarazten du. Ezaugarri hori daukanez, eremu oso egokia da, etorkizunari buruzko zenbait hipotesi aztertzeko, aldaketa linguistikoa hemen egonda. Era berean, aldaketa hori inguratzen duten baldintza sozialak eta hurrengo urteetan euskarak zein bilakaera izango duen jakiteko erabilgarria izango da.
Gazte-hizkeraren azterketa interesgarria da, hizkuntzaren aldaeren barneko aldaera baita. Gainera, bertan aldaketak ziztu bizian gertatzen dira, akademien eta eragile ofizialen arauzko esku-hartzeen mende ez dagoen kultura idiomatikoa delako. Uste dugu, euskara hizkuntza historiko zein bizitzat —komunikazio eraginkorrerako balio duena— jotzen jarraitu nahi bada, azterketa horri heldu behar zaiola.
Aztertutako gazte-hizkera lagunarteko erregistroaren barnean dago: hori berezkoa da eta inolako plangintzarik gabe egiten da. Ezaugarri propio batzuk ditu, zenbait faktoreri lotuta daudenak, hala nola jatorria, bizileku duen herria, gizarte-maila, sexua, arraza, adina, ideologia eta abar. Horiek guztiek linguistikoki zehaztutako idiolektoak eta soziolektoak —edo elkartasun soziolinguistikoak, komunikazio-elkartrukeetan berez islatzen direnak, sortzen laguntzen dute.
Jarraian, hizkuntzaren lagunarteko erabileraren ezaugarri batzuk aipatuko ditugu: intuitiboki bada ere, denek ezaugarri batzuk aurkitzen dituzte: “etxekoa”, “berezkoa”, “informala”, “egunerokoa”. Berezkotasuna, naturaltasuna eta plangintzarik eza definizio horren ezaugarri nabarmenak dira. Bertzaldetik, kontuan hartu behar da gazteak direla, hizkuntza “egunerokoa, arduragabekoa”-ren erregistroaren sortzaileak.
Hizkuntza arduragabeak ezaugarri berezkoak ditu, bertzeak bertze: gaurkotasuna, bapatekotasuna, adierazkortasuna eta akats sintaktikoak. Brizek dioenez:
El lenguaje coloquial, en la medida en que es fruto de la convergencia de múltiples variedades en el uso cotidiano e informal en la lengua, se deja contaminar con facilidad de otras variedades, como los lenguajes técnico, juvenil y argótico. (Briz 2000: 156)
Orain guk gazteen euskararen ezaugarri nagusi batzuk aipatuko ditugu:
- pues.. daude olako gauzak, ez?
- hasten da, ez?
baina eske da guztia oso teorikoa, tio.
Eske da una mierda de carrera.
Dago hiru kilometrotara.
- Baina... como invitado.
- Gero gelditzen zait como una sensación.
- Bai, apunteak artu nittuen bai del menú... eta horrela
- Hori ezin da irakurri... da una mierda de carrera.
- lo ke sea, berdin zait... super berezia a lo grande.
Kode txandaketa ala hizkuntza alternantzia da hiztun gazteen bertze ezaugarrietako bat. Baina ez da soilik haiena, helduek ere egiten dute eta egin izan dute, bai euskaraz eta baita bertze hizkuntza batzuetan ere.
Hasieran genioenez, hizkuntza txandaketa oso fenomeno hedatua da erkidego elebidunetan. Txandaketa da hiztun beraren hizketan esaldiak edota esaldiaren zatiak elkarren gain jartzen direnean, hiztun beraren ahotan.
Kodigo txandaketa gertatzen da halabeharrez, nahiz eta hiztunak izan ahalmen diskurtsibo handia elkarrizketan jarraitzeko, inolako arazorik gabe. Aldaketa hau gertatzen da bertze hizkuntza batzuetan ere. Urrutira joan gabe, spanglish deituriko kodigoa indarrean dagoen feonomenoa da.
Bildutako adibideen ondorioz, argi ikusten da euskaran, hizkuntz txandaketarena fenomeno baztergarria eta kritigarria den arren, ikastetxeetan zuzentzen dena, eta orokorrean arbuiatua, erabat arrunta dela gazte euskaldunen artean. Gisa honetan, txandaketaz josiriko elkarrizketak sortzen dira, mintzatzeko modu zehatz bat irudikatuz.
Honatx adibide batzuk:
Baina, hizkuntz txandaketak balio eta funtzio anitz ditu, lehenik eta behin elebidunen adierazkortasuna eta komunikazioaren efektibitatea errazten baitu. Bertzaldetik, kodigo txandaketak ahalbidetzen dio hiztun elebidunari nahi duen hiztegia erabiltzen. Azkenik, elebidunaren adierazkortasuna sortzeko modu bat da, haserrea, elkartatasuna eta ñabardurak adierazteko erabilia, batzuetan, eta zenbaitetan, kasuan kasu, hizkuntza bakoitzean hiztegi egokiena bilatzeko modua da.
Lehenik eta behin, jargoiak edo gazteen erregistroak egoteari buruzko lehenengo ondorioa nabarmendu nahi dugu. Gure ustez, jargoiak egotea hizkuntza orokorra aberasteko arrazoia da, giza hizkuntzari esleitu ohi zaion sormena berresten duena.
Hori esan eta gero, ondoriorik orokorrenak zehaztuko ditugu, hainbat Nafarroan eginiko hainbat grabaziok osatutako corpusa oinarri hartuta. Hasteko, gazteek beren hizkuntzari buruz uste dutena adierazten duten ohar batzuk aipatuko ditugu.
Bibliografia
AURREKOETXEA, G.; 2006, “Hizkuntza estandarraren eta dialektoen arteko bateratze joerak”, in Studies in basque and historical lingusitics in Memory of R. L. Trask, Lakarra & Hualde (arg.), 133-161.
BRIZ, A & GRUPO VAL. Es. Co. 2000; ¿Cómo se comenta un texto coloquial?, Ariel Practicum. Consejo Asesor del Euskera del Gobierno Vasco: http://www.euskara.euskadi.net
ESNAOLA, I. 1997, “Gazte euskaldunen lagun arteko hizkera hemen eta orain zertan den ulertzeko zenbait argibide”, Soziolinguistika bat 24, 63-75.
ORMAETXEA J.L. 2008, “Otxandioko hizkera: adinaren araberako bariazioa”, FLV 108, 249-262
THOMASON S.; 2001. Language contact, Edinburg University Press.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus