Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Radio Vitoriaren 75. urtemuga dela eta, Balconada aldizkarirako literatur ekarpentxo bat eskatu didatenean berehala etorri zaizkit gogora, irrati horrekin izan ditudan bizipen zuzenak, batzuk suzko hizkiak bailiran nigan markatuta eta besteak lan arloko eskarmentuari atxikiak, eta horietako hainbatek arrastoa utzi zuten nire baitan. Arabar lurraldea azalean daukat itsatsita, izaerarekin bat dagiela, eta bertako komunikabide batzuekiko harremana aspaldi-aspaldikoa daukat, zeharkako modu batez eraikitzen abiatua.
Komunikabideek hurbiltzen dizkigute munduko albisteak, eta era berean geureak besteei ezagutarazten laguntzen digute, formula horren bidez elkar komunikatzeko zubiari bizi-bizirik eusten zaiolarik. Gaur egungo teknologiek ahalbidetutako komunikazioak eta horren tamainak garbi asko erakusten digute izaki arrazoidunok informazioa trukatzeko dugun beharra. Nik ez dakit, animalia ez arrazoiduntzat hartutakoek horrenbesteko premia izango duten –norbaitek baleki, arren esan diezadala– baina ez dut uste gure neurrietaraino helduko direnik.
EAJ-62 Radio Vitoria, iltzatuta bezala daukat oroimenean, iragan mendeko berrogeita hamarretan nire etxera heltzen zen irratiaren uhin frekuentziaren koordenada ospetsua da. Aramaio eta Arrasateko nire ohiko egoitzetatik kanpo, senitarterik zuzenenak Agurain, Gasteiz eta Villamardonesen nituen garai hartan eta haiekiko gure lotura irratiak iraunaraziko zigulakoan nonbait, eguneroko emisioa sintonizatzen zuen nire amak, dialaren ardura aitak eskuratzen ez zuen bitartean, behintzat. Hamar urte nituen Radio Vitoriaren egoitzara –Olagibel kalean– lehen aldiz sartu nintzenean, Ama Zuriaren jaietan, desagertze baten salaketa egiteko, desagertua bi urteko nire anaia txikia zelarik, Foruen Enparantzako Azokan galdua, emisoratik metro gutxira, alegia. Aitortu behar dut oso emaitza arrakastatsua izan zela, abisua irratiaren uhinetatik zabaldu eta handik ordubete batera azaldu baitzen anaia, emakume jator baten eskutik helduta... beste eskuan hark umearentzat “La Italiana”n erosi berri zuen izozki goxo bat zeramalarik.
Radio Vitoria-ko F.M. estudioak, 1984an. Argazkia: Roberto O?ederra Ram?rez (emisoen arduraduna 1995ean).
El Pensamiento Alavés daukat beste mugarri bat arabar komunikabideen historian. Nire lanbide frustratuaren kronologian arabar egunkari horren presentzia oso goiztiarra da, udako oporralditxoa Agurainen ematen nuenekoa, hain zuzen. Eta oroitzapen horietako pertsonaia zentrala aitona Jose Maria da. Sarritan pentsatu dut nire aitona izan zela kazetaritzarako hazia nigan lehen erein zuena. Titulu ofizialik gabeko karrera izan badut ere, Jose Maria Azkarragari zor diot komunikabideetan jorratu dudanaren zatitxo bat.
Aitona izan nuen, beraz, akuiluari kazetaritzako ildoetatik, nahiz eta urte haietako samurtasunean nekez antzeman nezakeen idazteko zaletasunak harrapatuko ninduenik. Hark Aguraingo bere etxeko lan mahaira eserita, “Pensamiento Alavés” arratsaldeko egunkarirako idazkiak nola prestatzen zituen erakusten zidan, bazkal ondoko lo kuluxka suspergarri baten ostean. Hizki eder eta garbiz betetzen zituen paperak, eta amaitu ondoren irakurri egiten zizkidan poliki-poliki, nire adineko ume batek behar zuen intonazio egokiarekin. Armando postaria zen kartazalaren helbururako tramiteen enkargatua eta handik egun batzuetara moldeko hizkitan azaltzen zen aitonaren eskuizkribua egunkarian, niretzat magiazko zantzuak zituen ekintza paregabeari nolabaiteko amaiera emanez.
Urrezkoak balira bezala gordetzen ditut oraindik ere idazki haien mozkin batzuk, aitonaren bakezko izaeratik burutuak. Hark bazekien –urtetara jakin nuen nik– “Pensamiento Alavés”ek ez ziola gai korapilatsurik argitaratuko. Motiboak bazituen aitonak bere haserre, sumindura eta kexuak ozen eta publikoki agertzeko... baina hogei urte lehenago gizarte zibilaren nahien gainetik altxatutako faxistek garbi erakutsi zioten nola ihardesten zieten demokraziaren alde zeudenei. Eta “Pensamiento Alavés” frankisten zoko gupidagabea zen. Karlisten pentsamolderik atzerakoiena defendatzen zuen Jose Luis Oriolen egunkariak 1936ko uztailaren 22an. “Alava por España. El movimiento sigue camino del triunfo” izenburuarekin batera, nire aitonaren eta bere seme-alaben kalbario partikularra hasi zen.
Diodan legez, horren guztiaren gaineko argia handik urte bakar batzuetara eskaini zidan, nork eta nire aitak, Uribarri Ganboan, etorkizun profesionala nondik bideratu gura nuen azaldu nion eguerdi batean: “Kazetaria izan nahi nuke”. Orduan aitak –beste inork ez zigula aditzen ziurtatu ondoren– kazetariek Francoren mugimenduaren printzipioei men egin behar zietela argudiatu zidan... eta nire ideia harekin segitzen banuen... ia-ia bere seme izateari utzi beharko niokeela gehitu zuen. Agur, beraz, kazetaritza ikasteko asmoa!
Garai hartako egunkariak.
Sendi aurrekari horiek arren, “Pensamiento Alavés”ek, gizon-emakumeok nekez uler ditzakegun arrazoi psiko-soziologikoengatik, gure etxeko ataria ia egunero zeharkatzen jarraitu zuen, eta horrek ahalbidetu zidan edukiekin nola bonbardatzen gintuzten gero eta garbiago edukitzea. Galtzen ari nintzen, nonbait, Simon eta Garfunkelen “the time of innocence”. Hamazazpi urte bete berriak nituen, Preu ikasten ari nintzen Gasteizko Institutuan, eta neguko arratsalde hotz eta ilun batean zenbait lagunek “Pensamiento” eta “Correo Español”en zenbait ale erre egin genituen –ezkutuan, noski– La Floridako inguruetan, Santa Ageda jaiaren gaineko publizitate nahikorik eman ez zutela amorratuta. Definitiboki, inozentzia guztiz galdua neukan.
“Pensamiento Alaves”i, 1968an, Norte Expressek segitu zion, hura bezain atzerakoia eta 1982ra arte iraun zuena, beti Alianza Popular eskuindarraren orbitan. Bidean, euskal gizartearen eta balioen aurkako gurutzada bat gertatu zen –ikurriña arbuiatuz, 1976an burututakoa– eta Santiago Griño Alianza Popularreko parlamentariaren lehendakaritzapean Euskal Herriaren kontrako kanpaina bat orkestratu zuten 1980an. Felipe García de Albenizen zen egunkariaren zuzendaria eta bere ingurura Solidaridad Alavesa zeritzan iritzi taldea bildu zen. Egunkariaren linea editorialaren atzean, Ramon Sierra Bustamante –El Alcazar, El Correo Español...– eta Lucas María Oriol –El Alcazar, El Imparcial– zeuden. Sierra Bustamantek, hain zuzen, zer ikusirik izan zuen gerrak nire aitona Jose Mariari utzitako zauri sakonetan.
Ez dugu ahaztu behar, noski, “El Correo Español”, arabar entramatuan berrogeigarren hamarkadatik indar handiz ageri dena. Bizkaiko egunkariaren arabar adarra Hilario Doraoren zuzendaritzapean jarri zen martxan, baina nire baitan beste gasteiztar peto batekin dago erlazionatuta, guztiz: Venancio del Valekin. Venanciorekin urte asko geroago izan nituen elkarrizketetan, berak arabar prentsan –Heraldo Alavés, Pensamiento Alaves– eta herrialdetik kanpokoan –Euskadi, Hoja del Lunes...– izandako eskarmentuaz luze hitz egin ahal izan genuen. Esan behar dut, laurogeietako lehen lau urteetan Donostiako Hoja del Lunesen aritu nintzela ni ere, free lance gisa. Juan San Martin euskaltzaleren bitartez Jaime Quesada astekariaren zuzendariak aukera eskaini zidanean, garbi ikusi nuen zertaz idatzi: arabar kulturaz. Gustura aritu nintzen helburu hartan, gehien bat gipuzkoar irakurlegoarentzat, gutxien ezagutzen zen euskal probintziaren gaineko zehazkizunak azalduz. Oso oroitzapen ederrak ditut lan hartaz eta horrezaz gain, artikulu multzo batekin osatua, 1984an “Lainopean kantari” liburua argitaratu zidan Arabako Diputazioak.
Radio Vitoria-ren lehenengo estudioa.
Irratietara itzuliz, agertu behar dut ez nintzela inoiz Radio Alavaren aldekoa izan. Radio Vitoria etxekoagoa iruditzen zitzaidan, sendiaren luzapen bat balitz bezala, pertsonalki hango inor ez banuen ezagutzen ere. Baina ahots batzuk gero eta nireagoak nituen, hurbilagoak. Izenekin hasiko banintz, Jose Mari Sedano aipatu beharko nuke, lehenik. Saio ugaritako gidaria zen arren, etxekoontzat bat zegoen gainerako guztien gainetik eta horregatik igandeetako ezinbesteko hitz ordua genuen Jose Mariren “Fiesta Vasca. Euskal Jaia” izenekoa. Orain justu 25 urte ere idatzi nuen gai honetaz, bere milagarren saioa zela eta, Jose Mariri eskaini zitzaion omenaldirako. Askorentzat, “lealtad inquebrantable” zerioten hainbat irrati-programarekin alderatuta, haize freskoa genuen Sedanoren ekarpena.
“Atención Salinas de Añana: hoy cumple sus años...” esaerarekin bat Judith Coboren irudia datorkit gogora. Oker ez banago oraindik ere bizirik dago saioa: Club de Amigos, jakina beste esatari batzuekin. Judithi Javier Camenok lagundu zion aldi batean. Eta Cameno abizena atera zaidanez, diodan, ene ustez Radio Vitoriako pertsonaiarik multifazetikoena izan zela, irratian aritu izan zen bitartean. Eta langile porrokatua, ezen bere ezkontzak ere ia-ia lanean harrapatu zuen. Javierrek kirola zuen batez ere lan esparrua, –hura zen poza Deportivo Alaveseko partiduak berari entzutea (batez ere Gloriosak irabazten zuenean)!– eta oso oker ez banago bere jardunbide kartsuan mus partida bat transmititzeraino heldu zen, ez dakit nongo txapelketan... Camenok pasatu zion Txerra Diez Unzuetari irratiko zuzendaritzaren testigua 1983an. Ezin dut ahantzi Angelines “Pines” Cobas, dudarik gabe guztien arteko ahotsik goxoena –“Con Vds, amigos oyentes, la emisora EAJ-62 Radio Vitoria”–... balio handiko esatari bati zegokiona. Angelinesek bere tertuliakide bihurtu ninduen orain duela urte batzuk, eta eskertu behar diot aukera, zenbait lagun ahaztu ezinekin aritu ahal izan bainintzen irratiaren uhinetatik.
Izen batzuk aipatu ditut aurreko lerroetan eta noski beste hainbat eta hainbat geratu zaizkit ordenagailuaren teklatuan. Arabar komunikabideen historian daude den-denak, eta horien guztien oinarritik eraiki da komunikabideek sortutako oroimen kolektiboa. Txikia ez dena, edozein herriren bizitza koordenadetan komunikabideek funtzio zabal eta sakona betetzen baitute. Dena den, komunikabideen eta ideologien gainetik pertsonak daude beti.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus