Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Azken urte hauetan malgusegurtasunaren —flexicurity, flexiseguridad— kontzeptuak indarra hartu du lan merkatuaren inguruko eztabaidetan, gehien bat arlo europarrean. Bere izenak zehazten duen bezala, eredu honek lan-malgutasuna eta gizarte-segurtasuna lan harremanetan uztartu behar direla defendatzen du. Horrela, malgusegurtasunaren bidez, malgutasuna eta segurtasunaren artean ematen den ohiko eta orain arteko areriotasuna gainditu egingo litzateke eta bataren zabalpenak ez luke bestearengan ondorio ezkor edo kalterik sortu beharko. Horrela, gaur egun lan harremanetan ematen den egoera gainditu eta nolabaiteko zirkulu bertutetsua sortuko litzateke. Laburbilduz, kontratu eta kaleratzeetan malgutasun gehiago, langilearen enplegutasun gehiago eta bi hauei estaldura egokia eskaintzen dien gizarte segurantza aldarrikatzen duen eredua da malgusegurtasunarena.
80. hamarkada bukaeran jada eredu honen alde egiten duen proposamenen bat topatu dezakegun arren, adibidez Rehn-en mugikortasuna eta malgutasuna alde batetik eta gizarte segurantza eta enplegu osoa bestetik uztartzearena (Rehn, 1990), 90. hamarkada bukaera eta gehien bat mende honen hasiera arte ez du indarrik hartuko idei honek, gehien bat Europa erdialde eta iparraldeko lurraldeetan hasiera batean eta gero Europar Batasuna osoan. Gaur egun, Europar Batasuneko Enplegu Estrategiaren barruan malgusegurtasunak paper garrantzitsua jokatzen du (Klammer, 2007).
Argazkia: maveric2003.
Horrela bada, 2004. urtetik aurrera Europar Batzordeak jada malgutasuna eta segurtasuna lan merkatuan konbinatu behar direla defendatzen du (European Comission, 2004). Baina 2006. urtea izango da gaur egungo eztabaidari hasiera emango dion urtea. Momentu honetan, hain zuzen ere Europar Kontseiluak enplegurako planteamendu amankomun bat egitea eskatzen dio Europar Batzordeari, azken honek azaroan Liburu Berdea aurkezten duelarik. Bertan, malgusegurtasun ereduaren aldeko apustua egiten da. 2007. urteko ekainean, Batzordeak Malgusegurtasunaren inguruko Txostena onartu eta abenduan Malgusegurtasunerako Batzordea sortzen da, bertan Europar Batasuneko lurralde ezberdinetan eredua nola gauzatzen ari den aztertu egiten delarik, besteak beste. Eztabaida honen instituzionalizazio prozesu honen azkeneko urratsa 2007. urteko abenduak 13an egiten da, Lisboako Hitzarmenean malgusegutasunaren aipamena egin ostean. Hitzarmen honetan bertan esaten denaren arabera, malgusegurtasunak “Enplegurako Europar Estrategia sendotuko du, enplegu gehiago eta hobeagoak sortuko ditu eta era berean lan merkatua berritu eta kalitatezko enplegua sustatuko du malgutasuna eta segurtasuneko testuinguru batean. Hauen bidez, egokitzapena, enplegua eta gizarte kohesioa ahalbidetuko dira (Europar Kontseilua, 2007).
Testuinguru honetan ez da harritzekoa eztabaida honek gero eta eragin eta oihartzun handiagoa izatea eremu akademiko, politiko edota sozio-laboralean, Estatu mailan ere. Honen adibide nabaria da, esaterako, Alderdi Sozialistak bere azkeneko Batzar Federalean —2008. urteko uztailean— malgusegurtasunaren alde egindako hautua. Dena den, asko izan ziren ere eredu honen kontra aurkeztutako emendakinak. Sindikatuei dagokienez, gehienak eredu honen kontra azaldu dira. Ikusi dezakegun moduan, eztabaida interesgarri baten hasieran gaude eta lehenengo momentutik interesgarria ematen du idei honetan sakontzea eta teoriaz gain ondo jakitea zeri buruz hitz egiten ari dugun malgusegurtasunari buruz hitz egiten dugunean. Horrela bada, hurrengo puntuan, eta kontzeptua azaldu eta Europar Batasunean emandako lehenengo urratsak aipatu ondoren, gaur egun arte garatu diren esperientzia edo eredu interesgarrienak landuko dira.
Aditu gehienen iritzian Danimarka eta Holanda dira malgusegurtasuna gehien jarraitu egin duten lurraldeak (Polus, 2005, Klammer, 2007), nahiz eta bakoitzean garapen eta abiadura ezberdinak eman (Keune, 2008). Bi esperientzia hauetaz gain, Europar Batasuneko gainontzeko lurraldeetan malgusegurtasuna garatzeko eman diren programak gaur egun nahiko mugatuak eta ahulak izan dira (European Foundation for the Improvement of Living and Working Conditions, 2005).
Holandaren kasuan, 1999. urtean Malgutasun eta Segurtasun Legea onartu zen. Honen bidez lan-postuen malgutasuna sustatu egiten zen eta honi lotuta segurtasuna eta lan-postu hauek bermatzeko neurriak onartu ziren. Lege honek enplegu malguko hainbat mota bultzatu ditu, gehien bat zatikako enplegua —denbora partzialerako enplegua—. Gaur egun adibidez, okupatuta dauden pertsonen %40 enplegu mota honetan dihardu, gure eremuan baino askoz ere portzentaje handia suposatzen duena hain zuzen ere.
Malgutasunean oinarritutako lan postu hauen hedapenak ez du langileen eskubideen urraketarik suposatu eta zatikako lanaldia eta lanaldi osoa dutenen gizarte eta lan eskubideak berdinak dira (Wilthagen eta Tros, 2004) opor, pentsioetarako kotizazio mailan, langabezi prestazio edota amatasun/aitatasun bajei dagokienez (Wilthagen eta Rogowski, 2002). Guzti honek zatikako enplegua Holandan pertsona askorentzat erakargarria izatea suposatzen du. Estatu mailan, aldiz, zatikako enpleguaren ezaugarriek aukeratua ez izatea eta gehienetan lanaldi osoko enplegu bat ez denean lortzen onartzea dakarte.
Zatikako enpleguaren sustapenarekin batera, eta gehien emakumeentzako eta lan-kontziliazioa bultzatzeko, malgusegurtasunaren eraginpean dauden beste zenbait neurri ere hartu dira. 2006. urtetik aurrera, adibidez, urteko soldataren zati bat —gehienez soldataren %12— aurrezki-kontu batean sartu daiteke, kontu hau langileak erabili dezakeelarik diru edota denbora gehiago behar edo nahi duenean. Honen bidez, sei urtez lan egin ondoren —nahikoa aurreztu bada— langile batek formakuntzarako edota senideen zaintzarako eszedentzia urte bat hartu dezake (Klammer, 2007).
Argazkia: FaceMePLS.
Danimarkak hainbat ezberdintasun erakusten ditu Holandarekin konparatuta eta Europar Batasuneko instituzioek jorratu eta bultzatu nahi duten eredua dela ematen du. Beraz, honen inguruko zehaztapen batzuk aipatzea ezinbestekoak suertatzen dira. Danimarkak, Holandaren zatikako lanaren hedapenaren aurrean, lan arauketa txikia eta gizarte prestazioen estaldura handian oinarritutako lan-mugikortasun baten alde egin du.
Era honetan, Danimarkak urrezko triangelua bezala ezagutzen den eredua jarri du martxan, triangelu honetan hiru alde ezberdin azpimarratu daitezkeelarik: lan babes baxua, langabeziarako diru-laguntza handiak eta enplegurako politika aktiboen garapen handia ere (Madsen, 2006). Lanaren babes baxuaren bidez lan malgutasuna ahalbidetzen da, langabeziarako diru-laguntzen bidez gizarte segurantza garatua eta enplegurako politika aktiboek lan harreman eredu hau erraztu egiten dute. Beste hitzetan esanda, Danimarkako ereduak malgutasunean oinarritutako eredu britainiarra eta lurralde eskandinaviarretako gizarte-estaldura uztartzea lortu du (Zubero, 2007). Eta honi lotuta, formakuntzari —enplegurako politika aktiboak— garrantzi handia ematen zaio eta langile guztietara zabaltzen den eskaintza izaten da. Horrela, formakuntza jaso ahal izateko enpleguetan pertsonen errotazioa ahalbidetzen da, enplegua duen pertsonak formakuntza jaso egiten duelarik eta gainera langabezian dagoen pertsona batek enplegu hori bereganatzen duelarik. Lehen esan bezala, gizarte-estaldura handia da. Zentzu honetan, eta datu batzuk aipatzearren, langabeziarako prestazioak lau urteko iraupena du eta aurreko soldataren %90 jasotzen da. Era berean, lan politiketara zuzentzen den gastu publikoa Barne Produktu Gordinaren %4 da (Auer, Berg eta Coulibaly, 2005: 366).
Laburbilduz, Europar Batasunak malgusegurtasun ereduaren garapena bultzatzen ari du, eredu honek lan-malgutasuna eta gizarte segurantza uztartzeko islatzen dituen dohainak azpimarratuz. Lehenengo begirada batean, teorikoki erakargarria ematen duen eredua bada, dena den bere aplikazio praktikoa nola gauzatzen den oso garrantzitsua da eta ikusi beharko da Holanda edota Danimarkako bezalako ereduak ondo egokitzen diren ala ez beste lurralde batzuen ezaugarri eta bereizgarrietara. Honen bidez jakin ahalko baita gaur egungo eta etorkizuneko lan harremanen inguruko eztabaidan kontzeptu hau garrantzitsua izango den eta epe ertain eta luzera eragina izango ote duen; edota, aldiz, eztabaidaguneetatik azkar desagertuko den.
Bibliografía
AUER, P.; BERG, J. eta COULIBALY, I. (2005): “El trabajo estable mejora la productividad ” en Revista Internacional del Trabajo, 124. bol., 3. zenbakia, 345-372 orr.
European Council (2007): “Council conclusion. Towards common principles of flexicurity”, 2007. urteko abenduak 6-7.
European Comission (2004): Employment in Europe 2004, European Comission.
European Foundation for the Improvement of Living and Working Conditions (2005): “Working time options over the life course changing social security structures”.
KEUNE, M. (2008): Between innovation and ambiguity. The role of flexicurity in labour market analysis and policy making, European Trade Union Institute for Research, Education and Health and Safety, Brussels.
KLAMMER, U. (2001): “On the path towards a concept of flexicurity in Europe”.
KLAMMER, U. (2007): “Flexiseguridad: perspectiva europea” en Revista del Ministerio de Trabajo y Asuntos Sociales, 1. zenbakia, 117-144 orr.
MADSEN, P.K. (2006): “How can it possibly fly? The paradox of a dynamic labour market in a Scandinavian welfare state” en CAMPBELL, J.; HALL, J. y PEDERSEN, O. (Arg.): National identity and the varieties of capitalism: the Danish experience, McGill-Queen’s University Press, Montreal.
POLUS, E. (2005): “Flexicurity, General Framework for Long-Term Social Impact Evaluation of an Employment Stretegy”.
REHN, G. (1990): Ensayos sobre política de empleo activa, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioa, Madrid.
WILTHAGEN, T. y ROGOWSKI, R. (2002): “Legal regulation of Transitional Labour Markets” en SCHMID, G. y GAZIER, B. (Arg.): The Dynamics of Full Employment: Social Integration through Transitional Labour Markets, Edgard Elgar, Chentelham.
WILTHAGEN, T. y TROS, F. (2004): “The concept of flexicurity: A new approach to regulating employment and labour markets” en Transfer-European Review of Labour and Research, 10. bol., 2. zenbakia, 166-186 orr.
ZUBERO, I. (2007): “¿A qué huele en Dinamarca” en Lan Harremanak, 16. zenbakia, 35-58. orr.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus