Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Andoni EIZAGIRRE, Mondragon Unibertsitatea, HUHEZI fakultatea
Zientzia eta teknologiaren gizarte irudikapenak Euskal Herrian ikerketak helburu orokor bat izan du: zientziari eta teknologiari buruzko iritzi sozialen Euskal Herriko mapa bat marraztea. Horri begira egin genituen elkarrizketak adituekin eta eztabaida-taldeak herritarrekin eta unibertsitateetako ikertzaile zein ikasleekin.1 Idazlan honetan, batetik, iritzi sozial esanguratsuenak azpimarratuko ditut, eta, bestetik, horiek esplikatzen saiatuko naiz.
1. Zientziaren funtzio sozialak, bizi-baldintzetan izan duen eragina eta oro har zientzialariak aho batez onartzen dira. Neurri berean, aurrera begirakoan ere zientzia eta teknologia politika publikoen bidez sustatzea eta aurrekontuetan beren lekua aitortzea hobesten da. Herritarren iritziz, baina, ikerketaren kultura bat ez dago errotuta, neurri politikoak atzetik dabiltza eta nekez laguntzen dira hurbileko emaitzak aurreikusten ez dituzten ikerketak, bereziki, oinarrizko ikerketari dagozkionak. Guztiarekin, profesio zientifikoari bagagozkio, irizten da ez daudela egoki aitortuta zientzialarien prestigio sinbolikoa eta segurtasun materiala. Argudio horiekin arrazoitzen dira bokazio zientifikoaren krisia, ikertzailearen desmotibazioa eta ibilbide luzeko ikerkuntzaren aldeko apustu pertsonal urria.
2. Bi eremu zehatzetara zabaldu ohi dira herritarren kritikak, hurrenez hurren, inplikazio sozialei buruzko kezketara eta zientzia-sistemaren kritika egitera. Lehenengoa aurrerapen teknologikoen autonomiarekin lotzen da, alegia, herritarren irudiko azken berrikuntzekin lausotu egin dira zientzia eta ongizatearen arteko harreman argi eta gardenak. Ostera, indarra hartzen du eten bat bizi dugunaren usteak, mugaren bat gainditu izanaren pertzepzioa dago, batzutan teknologiak gure bizitzak determinatzen dituelako eta besteetan aldaketa teknologikoaren bilakaera erabaki arrotz eta ikusezinek baldintzatuta datorrelako. Ikusmin kontrajarriak tartekatzen dira, ontzat ematen direlako aurrerapen zientifikoak eta aldi berean ongizatearen erreferentzia galdu izanaren sentsazioa ere badagoelako, halako anbibalentzia bat berriarekiko irrikaren eta heteronomiarekiko inpotentziaren artean, menpekotasun giroa sendotuz.
Argazkia: Hey Paul.
3. Zientzia-sistema da eztabaida-taldeetan arreta berezia hartu ohi duen bigarren eremua. Hemen lekutu ohi dira, oro har, kezka sozialen esplikazioak. Herritarrek aho batez berresten dituzte gogoko ildoak: osasuna, medikuntza eta ingurumena dira zehazki politika publikoek zientzia eta teknologia alorretan lehenetsi beharreko arloak. Hala ere, hori arrazoitzeko diote bizitza-kalitatea, ongizate soziala eta jasangarritasuna direla beren ustez printzipio-gida inportanteenak, eta eransten dute hori posible izateko bestelako diziplina zientifiko eta teknologikoak ere aintzakotzat hartu behar direla. Alabaina, zientzia-sistemaren jokabideari oso bestelakoa irizten diote, lehiakortasunak erabateko autonomia hartuta datorrelako, gainontzeko balioen kaltetan. Horretan erabaki-guneak lausotu dira, ez dago alde nabarmenik arlo publiko eta pribatuaren artean, eta ondorioz uzkur dira bien arteko lankidetzarekin ere, politika publikoak bigarrenaren mesedetan xurgatuko direlakoan. Horren aurrean, arlo publikoa eta arlo pribatua biak ala biak sustatzea proposatzen da, baina guztiaren lidergoa eta kudeaketa instituzio publikoek gidatuta. Kezkak zehaztu egiten dira ikertzaile gazteen ahotan, ifrentzuen gogoeta zabaldu ahala zientzialarien balio sozialera. Alegia, zientziaren balio publikoa ez ezik, uste da berehalakoaren iparrak ariketa zientifikoa ere desitxuratu egiten duela. Zientzialarien ariketarako printzipio motibagarri modura ezagutza zientifikoaren printzipio teorikoak (koherentzia, zehaztasuna, kalitatea, egiazkotasuna, kontrastatze enpirikoa, errepikapena) eta sozialak (kontrola, ebaluazioa, gardentasuna, kuriositatea, autonomia) aipatzen badira, ikertzaileek eransten dute nahikoa arrazoi dagoela baieztatzeko printzipio horiek estilo zientifiko berri baten ordainetan gutxiesten ari direla. Laburbilduz, beraz: ikerketa-lerro batzuk hobesten dira eta, gainera, lehentasun ekonomikoak ariketa zientifikoa desitxuratu ohi du.
4. Ikusi dugunez, herritarrak uzkur agertzen dira aurrerapenen inplikazio sozialak eta politika publikoak hizpidera jasotzen dituztenean. Hori modu gordinagoan nabarmendu ohi da, bi ildoak harilkatzen dituztelarik. Kasu horretan, hiztegi amankomuna ernaltzen da: arriskuak, ziurgabetasunak eta kontrol-gabezia dira hitz errepikatuenak. Herritarren pertzepzioa da, batetik, alderdi ezkorrak zehar-kalte gisa ulertzen direla, ez dutela merezi arreta berezia eta helburu nagusiak ezeztatu ezean hartzen direla kontutan, eta, bestetik, politika publikoek ere bigarren mailan utzi dituztela, sustapenaz haratago, erregulazioa bermatu eta sendotuko dituzten ezagutza-ildoak, ikerketak eta orobat politika publikoak.
1. Zientzia eta teknologiari buruzko iritzi sozialak askotarikoak eta konplexuak dira. Gure ikerketan bereizketa nagusi bat egiaztatu dugu: bereizi egiten dira zientziaz orokorrean eta zientzia-politikaz partikularrean esaten dena, aldagai esplikatzaile desberdinak erabiltzen dira, eta bataren aldekotasun baikorra talkan dago bigarrenarekiko atsekabe, inpotentzia eta sarritan fatalismoarekin.
2. Komeni da horren zergatiak argitzea.2 Izan ere, herritarrek zientzia eta teknologiari buruzko diskurtsoak artikulatzerakoan zientziaren irudi bi kontrajartzen dituzte. Lehen irudi bat zientziaren irudi arrunta eta tolesgabea da. Honen arabera, zientzialariek laborategiaren barruan lan egiten dute, kuriositateak motibatuta, eta beren azken helburua errealitate naturaleko egia bat deskubritzea da. Bigarren irudi konplexuagoa ere ordea badarabilte. Kasu honetan zientzialaria ez dago bakarrik, agente gehiagok eratzen dute zientzia-sistema, era berean zientziagintza laborategian ez ezik eremu gehiagotan ere baldintzatzen da, eta azken unean herritarren irudiko “ikerketa estrategikoa, ezagutza adierazgarria” printzipioak ezagutza, kuriositatea eta egiaren aurkikuntza ere estandar batzuekin objektibatzen ditu.3 Zientziaren irudi bi horiek aldi berean erabiltzen dituzte, gertakari zeharo desberdinak irudikatzeko errepresentazioak dira, eta beraz ez da egia herritarrek zientziarekiko mesfidantza dutela, ez eta ere herritarren iritziak kontraesankorrak direla.
Argazkia: Milosz1.
3. Zientzia-sistemaren bilakaera da kezka-gune nagusiena. Zientziaren alderdi sozial eta instituzionalek, hazkunde ekonomikoaren iparrak, arriskuen inguruko instrumentu analitiko zein erregulatzaileen ahultasunek, instituzioen ziurtasun-diskurtsoek, eta bilakaera teknologikoaren autonomiak atsekabea eta sarritan fatalismoa eragiten dituzte. Eztabaida-iturria erabaki-guneei, hori osatzen dutenei eta hobetsitako motiboei begirakoa da, zientzia-politiken gaineko aldagai esplikatzaile nagusia erabaki-hartzaileekiko konfiantza-eza da, eta auzitan gobernatze-moduari buruzko iritzien talka legoke. Kezka horiek gainera hezkuntza alorrera irekitzen dira, merkatu eskariek baldintzatua dagoelakoan eta kultura zientifiko integrala (alderdi kognitiboak, sozialak, etikoak) egoki sustatzen ez direlakoan.
4. Ezagutza faktore garrantzitsua da iritzi horien artikulazioan. Status ertaineko eta ezagutza jasoko herritarrekin bilduta, ikusten da badituztela zientzia-politika garaikidearen ezagutza-zantzuak, eta ezagutza horren ondorioa jarrera anbibalentea, kritikoa da. Egiaztapen horrek hipotesi esplikatzaile tradizionala auzitan ipintzen du; luzaroan defizit kognitiboaren azalpenak korrelazio bat ezarri izan du ezagutza-maila eta pertzepzioaren artean, honen arabera, hiztegi eta metodo zientifikoaren ezagutza jasoak zientziarekiko aldekotasuna eragiten du, eta alderantziz. Gure ikerketak ostera erakusten digu status ertaineko herritarrek eta bereziki ikertzaile eta adituek dutela irakurketa kritikoa eta anbibalentea egiteko joera berezia; gainontzean, nazioarteko ikerketa ugarik baieztatu dute sarritan ezagutza urria dela aldekotasun alienatzailea eragiten duena.4
Zientzia eta gizartearen arteko harremanak aldatzen ari dira. Alde batetik, zientzia-sistemek oraindik orain ezagutzaren gizarterako trantsizioari ekin diote, berrikuntzak produktibitatean duen rola da ipar berria, eta globalizazioak zientziaren izaera aldatu eta teknologien berritze-intentsitatea alteratu ditu. Bigarrenik, zientziaren pertzepzio sozialei buruzko kezka politikoa hazten ari da, ikusita iritzi sozialetan posizio kritiko eta anbibalenteek leku berezia dutela. Hirugarrenik, azkenaldian gertatzen ari diren aldaketa sozialek, herritarren exigentzia politikoek eta hezkuntzan, ekonomian zein kulturan emaniko bilakaerek gizarte zibila aintzakotzat hartu beharra zilegiztatu dute. Horrek motibatu zuen gure ikerketa.
Iritzi sozialak eta bere aldagai esplikatzaileak identifikatzen saiatu naiz. Azken urteotan indartze bidean da Europar Batzordeak eta bereziki europar herrialde batzuek gai honekiko duten sentsibilitatea. Hori dela eta, interesgarria da zientziaren iritzi sozialei buruzko diagnostiko on bat egitea, orain artean proposaturikoak auzitan ipintzea, eta ahal dela ekintza-plan alternatiboak ere marraztea.5 Nolanahi den, ez dago zalantzarik ondoko urteotan birpentsatu egin beharko dela zientzia-politiken hitzarmen soziala eta, zientzia “kontu publiko” gisa ulertuz, birpentsatu egin beharko direla orain arteko premisa eta promesa ugari ere. Hori da bederen herritarren konfiantza berreskuratzen hasteko lehen urratsa.
1 AAAA (2009): Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Iritziak eta Irudikapenak Euskal Herrian. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
2 Bauer, M.W., Allum, N. eta Miller, S. (2007): “What Can We Learn from 25 Years of PUS Survey Research? Liberating and Expanding the Agenda”. Public Understanding of Science, 17 (1): 79-95.
3 Jasanoff, S. (2005): Designs on Nature: Science and Democracy in Europe and the United States. Princeton, NJ: Princeton University Press.
4 Leach, M., Coones, I. eta Wynne, B. (arg.) (2005): Science and Citizens: Globalization & The Challenge of Engagement. London: Zed Books.
5 Eizagirre, A. (2007): Zientziaren politika zibiko bateruntz: kultura zientifikoak, arriskuaren errepresentazioak eta gobernaketa. Bilbo: EHUko Argitalpen Zerbitzua.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus