Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Tokiko prentsaren garapena. Euskal Herriko kasua

Koldo MESO AYERDI

Azken hogeita hamar urteetan, bide berri bati ekin dio Espainiako tokiko prentsak, eta horri esker, honako hauek lortu ditu: jendearengana hurbiltzeko guneak berreskuratzea, nortasun-ezaugarriak indartzea, erredakzioak berritzea, diseinua aldatzea, komunikazioak dibertsifikatzea, promozioak sartzea, egungo teknologiak baliatzea eta edizio digitalak sortzea. Gainera, produktuaren eredua berriz definitzea eta negozioaren eredua doitzea du helburu.

Demokrazia berrezarri zenetik hona, tokiko prentsak hurreko gertaeren ispilu moduko bat izateko asmoa agertu du. Ez du lortu horrelakorik, bere helburuak errealitatearekin egin baitu topo, errealitate tematiarekin; izan ere, errealitate hori gizarte guneko tokiren batean islatzea edo jasotzea baino gehiago masiboki eta eguneroko ematen da hedabideen eremuan. Baina, hala ere, ez du etsi, eta errealitatearen oinarria den komunitatean parte hartzeko asmoari eusten dio, bizi den eta bere izaera zor dion komunitatean. Estrategia aldatzeko zenbait «sirena-kantu» izan badira ere, industriak aurrera egin zuen kazetaritzaren oinarrizko faktore iraunkorretako bat berreskuratzeko bidean, nekazaritza sortu zenetik iraun duena: tokiko izaera, zeren eta, datuek adierazten dutenez, tokiko prentsaren berezitasunak hurbil egotea eta nortasuna baitira, tokiko prentsa sortu zenez geroztik (Guillamet, 2002).

Irakurleek gero eta tokiko informazio gehiago eskatzeak gidatu du industriaren estrategia, baita birmoldaketa teknologikoak ahalbidetu zituzten aukerek ere. Emaitza onak izan zituzten aldaketen garaia izan zen. Izan ere, 1976tik 1990era bitartean, Espainiako estatuaren eraketa berria sendotu zen, autonomiak erreferente izanik; informazioaren sistema eredu deszentralizatu baten bidez egituratu zen, non tokiko prentsak Madrilekoak baino askoz hazkunde handiagoa izan baitzuen. Harrezkero, tokiko prentsak nagusigoari eutsi dio merkaturik gehienetan.

Argazkia: pedrosimoes7

Argazkia: pedrosimoes7.

1980ko hamarkadaren amaieratik hona, tokiko prentsak bere produktuak indartzea lortu zuen hurbileko gaiei arreta handiagoa jarriz, gizartean izandako kontsumo joera berriek eta sektoreko aldaketek eragindako zailtasunak izan baziren ere. Hurbileko gaiei buruzko edukiak etengabe handitu beharrak, tokiko prentsan eragina izateaz gain, Madrileko egunkariak berak «edizio anitz»eko politika egitera behartu zituen, eta, horri esker, informazio zabalagoa emateko modua egon zen (Bel, 2002). Hots, azken batean tokiko gaiek eremu handiagoa hartu zuten eta haien eragina handitu zen, bereziki 1990eko hamarkadaren hasieran.

Tokiko informazioaren eremua handitzen ari zen bitartean, krisia jo zituen egunkariak, 1980eko hamarkadako azken urteetan ikus-entzunezkoen lehia handiaren eta azken teknologiak erabili beharraren eraginez. Une hartan, enpresaburu asko beren produktuen tokiko izaera indartzeko urrats gehiago egiten ari ziren, diseinu hobeko produktuak bilatu eta espezializazioa sakontzen ari ziren.

Halaxe da, bai: azken hamabi urtean, datuek hedabideen eremuan aldibereko joera bikoitza zegoela egiaztatu ahala, hots, munduko eta tokiko informazioa, tokiko egunkariek berretsi egin zuten beren estrategiak baliozkoak zirela komunitateen inplikazio handiagoa (erabiltzaileek parte hartzeko bide berriak erabiliz) eta eszenatoki globaletan esku hartzeko aliantzak eratzea lortzera bideratuta. Halaxe eman zion erantzuna tokiko esparruari: oro har onartzen zen tokiko esparruak duen garrantzia; izan ere, ordurako ez zen gutxiengo batzuen agertokia, baizik eta funtsezko sektorea komunikazio modernoaren estrategietan (Moragas, 2003). Horren ondorioz, talde handiak tokiko informazioaren inguruan benetako interesa agertzen hasi ziren, eta horri esker, enpresen arteko lehia handitu egin zen eta hurbileko informazioaren sustatzaileak edo haien jarduerak beren sistemaren garapenean eragina izatea handi dutenek beren estrategiak berriz planteatu beharra izan dute.

Euskal Herriko kasua

Trantsizio politikoan herriko informazioa asko hazi zen Euskal Herrian, bai kuantitatiboki, baita kualitatiboki ere. Euskarazko informazioak apurka-apurka ere agertzen hasi ziren (Ramirez de la Piscina, 1998).

Trantsizio politikoaren garaian herriko informazioak izugarrizko aldaketa izan zuen. Kazeta askotan agertzen informazio lokala oso bitxia zen. Hasierako batean, herriko karta deitzen zen informazio hura. 1990ko hamarkadaren atarian, berriz, argitaratzen ziren kazeta gehienek lau, zortzi edo hamabi orriko gehigarriak plazaratzen zituzten egunero informazio lokalarekin.

Egoera aldakor hartan, Euskal Herrian, Deia eta Egin egunkariak (1977) jaio ziren. Egoera politiko berri horretara egokitu ez izanak hainbat egunkariren desagerpena ekarri zuen, dela eredu enpresarial zaharkituari eutsi ziotelako, dela politikoki jokoz kanpo geratu zirelako (Ramirez de la Piscina, 1998).

Garai horretan beste egunkari batzuk ere jaio eta desagertu ziren, merkatu-kuota nahikorik lortu ez zutelako.

Kazeta guztiek garbi asko zeukaten herriko informazioa indartu egin behar zela; eta horrela egin zuten.

Informazio lokalaren hazkunde izugarri hori zertan oinarritu zen ikertzeko Ramirez de la Piscinak (1998) bi aditurengana jo du: Joan Macía Mercadé (1997) eta Jose Mari Caminos (1993). Batak zein besteak informazio lokalak izan zuen hazkundea hobeto ulertzeko honako bost faktore hauek aipatzen dituzte:

Nolanahi ere, tokian tokiko informazioaren susperraldi hori ez da prentsaren eremua soilik garatu, irratigintzan eta telebistagintzan ere antzeko prozesua gertatu baita.

Hala ere, aipatu behar dugu Euskal Herriko egunkarien nortasuna azken 20 urteotan finkatu dela. Kazeta hauen ezaugarriak, zentzu askotan, Estatuko beste egunkarietatik urruntzen dira (Armentia, Camino eta Palazio, 1999). Alde batetik, egunkarien salmentak ikusten badira, nabarmen gelditzen da euskal egunkarien hedapena Euskal Herriko populazioari dagokionez oso altua dela. Beste aldetik, Euskal Herriko egunkariek oso barneratze handia dute. Gainera, beren irakurleen artean nahiko irudi ona dute: Euskal Herrian Madrilgo prentsak ez du beste Autonomia Erkidegoetan daukan indarra. Hori bai, bai El Paisek, baita El Mundok ere, badauzkate edizio bereziak Euskal Autonomia Erkidegorako.

Iturria: EGM

Iturria: EGM

Aipatu bezala, Hegoaldeko prentsak garrantzia handia dauka bere salmentari dagokionez. Adibidez, 2009. urtean Estatu espainiarreko informazio orokorreko 15 egunkari salduen artean 2 Euskal Herrian argitaratzen dira: El Correo (11.garrena), El Diario Vasco (14.garrena).

Beste alde batetik, Euskal Herrian gehien saltzen den prentsa erdara hutsezkoa da. Testuinguru horretan, Berria euskaraz argitaratzen den kazeta bakarra da. 1999ko azaroaren 27an Correo Taldeak (gaur egun, Vocento) kazeta itxurako Zabalik zeritzon astekaria plazaratu zuen, Talde honek ateratzen zuen lehenbiziko euskarazko produktua hain zuzen ere, kontutan harturik El Correo eta El Diario Vasco egunkarietan euskal hizkuntzaren presentzia guztiz testimoniala da.

Honekin batera, aipatu behar da Madrilgo egunkariek gure erkidegoetan hedapen urria dutela. EAEn eta Nafarroan egunkari madrildarren presentzia nahiko txikia da. Hemendik zenbait ondorio atera daitezke. Alde batetik, badirudi Espainiako egunkariei kostatzen zaiela euskal irakurleak bereganatzea; antza, irakurleria bertoko informazio-produktuekin pozik dagoelako.

Euskal Herriko egunkarien beste ezaugarri garrantzitsu bat beren egonkortasuna da, azken urte hauetako salmentak gutxi aldatu baitira.

Euskal Herrian prentsaren kontsumoak beste autonomi erkidego batzuenak bikoizten ditu. Horrek esan nahi du Euskal Herrian egunkari asko irakurtzen direla.

Bibliografia

Armentia, José Ignacio; Caminos, Jose María; Palazio, Gorka J. (1999). Kazetaritzaren hasi-masiak. Bilbo. UPV/EHU.

Bel Mallen, José Ignacio (2002). La información local en la Comunidad de Madrid. Madril: Fundación de la Comunicación Social.

Guillamet, Jaume (2002). «Pasao y futuro de la prensa local». In López, R.; Fernández, F.; Durán, A. (koor.) La prensa local y la prensa gratuita. Castello: Universitat Jaume I.

Macía Mercadé, Juan (1997). «La fuerza del periodismo local en la era de la globalización electrónica». Estudios de Periodística V. Número especial dedicado al periodismo local. Sociedad Española de Periodística.

Moragas, Miquel de (2003). «Do global ó local como referente mediático. A posta polos gratuitos». Zenbaiten artean. Medios locais e prensa gratuita. Santiago de Compostela: Xunta de Galicia.

Ramirez de la Piscina, T. (1998): Kazetari-l@ana Euskal Herrian. Interpretaziorako eta espezializaziorako abiaburuak. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media