Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Leire ESCAJEDO SAN EPIFANIO, Konstituzio Zuzenbideko Irakaslea. EHU.
UNESCOk Materiagabeko Kultura-Ondarea babesteko Hitzarmen bat onetsi zuen 2003an. Haren arabera, bada gizakion ondare immaterial bat bizirik dagoena eta gure aniztasun kulturalaren isla dena. Besteak beste ohitura, adierazpen, ezagutza eta teknikek osatzen dute ondare hori, eta nortasun kulturalek duten balore sinbolikoa irudikatzen dute. Giza-elkarte eta herriei nortasun eta jarraitutasun sentimenduak sorrarazten dizkie. Beste kultura-ondareak bezala, planeta mailako komunikazio biziak eta mundializazioak mehatxupean dute ondare inmateriala.
2009ko abuztuan Espainia, Grezia, Maroko eta Italiak formalki eskatu zuten Dieta Mediterraneoa Gizateriaren Materiagabeko Ondare-Kultural horren barruan hartzea. Hautagaitza hori elkartasun bila dabil momentu honetan eta 2010ko udaberrirako espero da azkeneko iritzia. Bidalitako dokumentuetan Dieta mediterraneoa ez da eredu nutrizional soil bezala aurkezten. Bizimodu bat bezala deskribatzen da, jatorriz diaita hitzak gerkeraz duen zentzua hartuta. Laboreak eta nekazal teknikak, merkatuetako ohiturak, errezetak eta sukalde-teknikak biltzen ditu, bai eta saporeak, koloreak eta usain gozoak ere; baina bizimodu honen elementuen artean, elkarrekin mahairatzeko zaletasuna eta mahai-inguruko usadioak ere aipatzen dira. Ondare aberats hau, gainera, bizirik da eta tradizioaz gain, beste kulturetatik hartutako ekarpen eta berrikuntzei leku egiten die ere.
Dieta Mediterraneoa mundu zabalean aitortzeak hura ezagutzera ematea du helburu, baina baita balore bezala babestea, elikagaien estandarizazioak arriskupean jarri duelako. Galdu ezkero, kultura baino zerbait gehiago galduko litzateke, zientifikoki demostratua baitago bizimodu mediterraneoak osasunari ere on handia egiten diola.
Argazkia: Malkav.
Estandarizazioa zertan datzan berehala atzematen da. Merkatu globalak 6800 miloi pertsona kontsumitzaile bakarra bagina bezala hartu nahi gaitu. Duela hamar urte arte, hori oso zaila zirudien elikagaien merkatuaren kasuan. Ekonomikoki oso sektore garrantzitsua da gizarte guztietan eta elikatze-subiranotasuna delakoa ahalegin handiz babestu ohi izan da. Bestetik, elikagaien legeriak herrialde bakoitzeko ohitura eta kulturarekin lotura handia du, erlijio sinesmenak barne hartuta. Azkenik, bada elikagaiengan eta haiekin osatzen diren dietengan bateraezina den zerbait, bakoitzaren behar izan dietetiko eta ahogozoak, bizimaila eta bizibideak emana. Horrek guztiak elikagai kulturen aniztasunarekin batera milioika konbinaziotarako ematen du. Ez zirudien, hortaz, ez, kontsumitzaile ororentzako produktu estandarrak sortu zitezkeenik.
Baina Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) 2009an publikatu dituen zifren arabera, erresistentzia hori apurtzen hasia da. Ur edangarri eta elikagaiak lortzeko arazo larriak dituzten 1000 milioi pertsonak salbuetsita, Planetako beste gizaki guztiez honako hau esan du OME’k. Geroz eta errazagoa da betiko elikagaiak baino onura gutxiago egiten diguten elikagaiak lortzea eta hori dela eta gehiegizko pisu eta obesitatea goraka doaz.1 Badira lehengai batzuk, bai eta tradizionalak ez diren zenbait produktu (snack’ak, zenbait esneki, edariak, zerealak batipat) leku handia hartu dutenak eta badira elikagaien zenbait marka erregistratu Planeta osoan ezagunak direnak.
Argazkia: IRRI Images.
Egoera honen aurrean gobernuek mahaigaineratutako erantzunak anitzak dira. Garapen bidean dauden herrialdeek ikusten dute nola bertoko elikagai tradizionalek lekua galdu duten kalitate gutxiago duten produktu arrotzen alde. Kolonialismo dietetikoaz ari dira. “Coca-colonialism” esaten diote batzuek eta elikatze-subiranotasuna eskatzen dute. Mendebaldeko gobernuek, ordea, ezin dute horrelako jarrerarik hartu. Nazioarteko elikagai-industriek haietan dute egoitza. Bestetik, merkatu askearen filosofiaren arabera, estandarizazioa kontsumitzaileek banaka eta askatasunez hartu omen dituzten erabaki askoren metatzea besterik ez da. Koherentzian, ez litzateke egokia askatasun horren aurka egitea.
Azken gobernu hauek uste dute dietari lotuta doazen gaixotasunei aurre egiteko kontsumitzailearen ahalmena hobetu behar dela, bere aukera askeak aldi berean osasunerako egokienak izan daitezen. Funtsean aditzera ematen da kontsumitzailea obeso dagoela, ez duelako asmatu bere erosketa saskia ondo betetzen. Egin beharreko lana, hortaz, saski hori betetzera doan unera zuzendu behar da. Hezkuntza neurriak planifikatzen dira, epe ertain eta luzera, baina ahalegin gehienak “in-front-of-pack” neurriak dira. Hau da, produktuen etiketen bidezko ekimenak.
Zer jarri, baina, etiketan? Horretarako pentsatu egin behar dugu nolakoa den erosketak egitera doan kontsumitzailea, singularrean. Gizonezko ala emakumezkoa? Gazte edo adintsua? Hezkuntza nutrizional gutxi ala asko izan duena? Ez da erraza, ez, “bat” bakarra, hautatzea. Herrialde anglosaxoietan agintariek nahiko irakurketa katastrofista egiten dute. Helduen belaunaldi hau galdutzat ematen dute eta etiketen jasotzaile bezala oso kultura nutrizional gutxi (edo batere ez) duen kontsumitzaile bat hautatu dute. Estatu Batuetan bada osasunaren kalterakoa den janaria urrunago (lortzeko zailago) eta garestiago jarri nahi duen asko. Merkatuari dagokionean, Erresuma Batuan Food Standards Agency delakoak derrigorrezko bezala bultzatzen ditu semaforo nutrizional bezala ezagutzen direnak. Zirkulazio-argiek trafikoarekin egin bezala, traffic light labelling honek gorri, hori edo berdez markatzen digu produktu oro. Semaforo gorri batek esaten digu produktu batek neurri altu batean duela saihestu behar genukeen osagarrietako bat (gatza, grasak, azukrea). “Genukeen” hori FSAk berak erabiltzen du, gurekin erosketak egitera etorriko balitz bezala. Gero ta berdeagoak, dio ere, osasungarriagoak zure aukerak.
Argazkia: bcballard.
Egia esan, FSAk berak onartzen du, berderantz jo baino, helburua dela dieta orekatu batera heltzea. Etiketez gain, bere liburuxkak irakurtzen duenari esaten dio dieta osasuntsu baten parte direla bihi osoko ogiak, pasta edo arroza, bai eta fruta ta barazki ugariak ere. Horiez gain, proteinatan eduki altua duten produktuak hartu behar dira, hala nola, okela, arrain, lekale, arraultza, esne eta esnekiak. Harritzekoa dena da, zerrenda honetako produktuetatik oso gutxik daramatela semaforoa, normalean ontziratu gabe saltzen direlako.
Europa Kontinentalaren kasuan ordea, Europar Batasuneko erakundeek bultzatutako eredua aurkitzen dugu. Hauek ezin dute batezbesteko kontsumitzaile gisa holako kontsumitzaile ezikasi bat hartu. Ez litzateke politikoki egokia. Izatez, Europako Batzorde, Europako Parlamentu eta Europako Justizia Auzitegiko testu askotan, batezbesteko kontsumitzailearen honako deskribapena egiten da: “normalean informazioduna, erne dagoena eta zorrotza” (besteak beste, ikus EE 1924/2006 Erregelamendua). Konklusio horretara nola eta zergatik heldu diren azaltzeko luzea da, baina europar guztiek dakigu batezbesteko kontsumitzaile adi hori urrun dagoela benetako kontsumitzaileengandik.
Ideia horrekin koherente, Europar Batasunaren helburu da hiritarrari harik eta informazio gehiago eta osotuagoa ematea. Zein eredurantz goaz? Ontziratua izan den edozein produkturen etiketan profil nutrizional zabala adierazten duen eredu baterantz. Ez bakarrik bada, gatza edo azukre asko duen, baizik eta C bitamina, kaltzioa edo bestelakotan berezia den edo. Profil horiek Europako Batzordeak finkatu behar ditu, EFSA (European Food Safety Authority) delakoaren iritzia kontutan hartuta. Prozesu hau, baina, pentsa baino gehiago konplikatzen ari da, zientziak oraindik ez digulako eman elikagai guztiak osasunarekiko klasifikatzeko irizpide sendorik. Harreman hori finkatzekotan, gainera, pertsona bakoitzarekiko egin beharko genuke, elikagai on edo ezegokiak beharrean, beharrizan zehatzetarako dieta egoki edo ezegokiak daudelako.
Hausnarketarako, hiru edo lau eztabaidagai aipatu nahi nituzke. Iruditzen zait, bai, neurri bateraino semaforoak eta horien gisako neurriak baliotsuak izan daitezkeela. Aurreko egoerarekiko onuragarriak suerta daitezke. Baina epe ertain eta luzera irakurketa sakonago bat egin behar da.
Estandarizazioak kalteak ekarri ditu osasun eta aniztasun kulturalari dagokionean. Ekoizpen eta distribuzio eredu berriak, mahaiaren inguruko ohituren galtzea, bazkarietarako denboraren gutxitzea... Horrek denak nortasun sentimendua eta inguruarekiko gure harremanak transformatu ditu, momentuz kalterako.
Argazkia: procsilas.
Semaforoek eta perfilek kontsumitzailea berdintzeko, uniformatzeko merkatu-estrategiekin bat datoz. Berdin du kontsumitzailea azkarragoa edo hezkuntza nutrizional asko edo gutxiagokoa bada, bat bakarra bagina lez jokatzen dute eta hori ez da egokia. Bestetik, kontsumitzaileari berehalako informazioa ematea ona den arren, epe luzeagorako estrategiei laguntza eman behar zaie. Beste testuinguru batzuetan ez al da posible dieta tradizionalek zituzten balioak lantzea? Ezin da berrikuntza eta tradizioen arteko beste erdibiderik topatu?
Azkenik, kontu handia hartu behar da etiketak planteatzeko hautatu diren sistemekin. Argitasunaren bila, elikagaiak klasifikatu egiten dituzte hiru edo lau osagarri kontutan hartuta. Gatza eta batez ere grasak dira erreferentzietako bat eta gainera azken hauen artean sistema hauek ez dutelako inolako ezberdinketarik egiten. Nutrizioan aditu direnek, ordea, jakin badakite grasa ezberdinak daudela eta horietako batzuk, neurri jakinetan, bereziki interesgarriak direla populazio talde batzuentzako. Sinplifikazio honekin, gure merkatuetan diskriminatuak izan daitezke zenbait elikagai, dieta konkretu batzuentzako bereziki garrantzitsuak eta, alde horretatik, interesgarriak direnak. Besteak beste gaztak edo landare olioak perfil nutrizionalen sistematan nahiko gaizki paratzen dira. Informazio argia ematea ona da, bai, baina sinplifikazioak ez luke desinformaziorik ekarri behar.
Eusko Ikaskuntzako “Elikadura, Nutrizio eta Osasunaren IV. Antropologia Jardunaldiak: elikadura eta globalizazio”-an aurkeztutako komunikazioa.
1 WHO, Global Health Risks, Mortality and binden of disease attributable to selected major risks (2009) pp3-4.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus