Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Maritxu MURUA
Politikaren munduan aritu direnen artean Nelson Mandela dugu itzal handienetako bat ezbairik gabe gaur egun. Ezagunak dira bere biografiako une adierazgarrienak: apartheidaren aurkako borroka, kartzelaldi luzea, akordio negoziatuaren bilaketan aitzindaria izatea eta, azkenik, Hegoafrikako arraza askotariko demokraziaren lehen presidentea ere izatea.
Lerro hauetan haren nortasun politikoa hezurmamitzen lagundu zuten zumitzak aztertzen saiatuko gara laburki.
Gaztaroa Transkein, xhosen lurraldean, igaro zuen. Urte haiek garrantzitsuak izan ziren Mandelaren heziketan. Aita hil ondoren Thembu tribuko erregeordearen ardurapean gelditu zen Mqhekezwenin. Sasoi hartan Jongintaba zen jarduneko erregea eta haren ondoan ezagutu zituen Mandelak thembuen ohiko gobernu erak eta bideak. Agintaritzari buruz geroago garatu zuen ideian oso eragin nabaria izan zuten, besteak beste, kontseilu tribalek. Kontseilu haietan erregeordea amapakhati-z edo aholkulariz inguratua egoten zen eta bertan edozein gizonezkok har zezakeen parte. Aipatzen ziren arazoak bideratzeko momentuan buruzagiak denen iritziak entzuten zituen, pazientzia handiz, sustraitua zegoen eztabaidatzeko ohiturari men eginez, eta gero jarrera ezberdinak hurbiltzen saiatzen zen gutxieneko adostasun moduko zerbaitetara heltzeko eginahalean. Mqhekezwenin ikasi zuen Mandelak buruzagi baten eginbeharra ez dela jendeari zer egin behar duen esatea baizik eta kontsentsua eta adostasuna lortzen saiatzea. Hortik bereganatu zuen thembuen demokraziari buruzko kontzeptua. Horren arabera, erabakiak denon artean hartu behar ziren, herri gisa, eta ez gehiengo batek gutxiengoari berea inposatuta.
Bestalde, Afrikaren historiarekiko Mandelaren interesa Mqhekezweniko zaharren bilkuretan piztu zen. Haietan Hintsa, Makana eta Ndlambe heroi xhosei buruzko kontakizunez gain beste herritako heroien ekintza gogoangarriak ere entzuten zituen, hala nola, zuluen erregea Dinganerenak, bapedien Sekhukhunerenak edota basothoen Moshoeshoenak. Haien balentriek Nelsonen irudimenari hegoak ematen zizkioten, afrikar epikarekiko atxikimendu senak barrua markatu zion, nolabait afrikar protonazionalismotzat jo dezakegun sentimendu berezia.
Argazkia: K. Kendall.
Gaztaroan, ordea, metodisten misio eskoletan lehendabizi eta ondoren Fort Hareko Unibertsitatean prestakuntza akademikoa ere jaso zuen. Eta horietan ingeles ereduko heziketa kristaua eta liberala ematen zuten. Britainiar zibilizazioaren onura guztien artean gobernu sistemarik onena ingelesa zela irakatsi zioten eta, beste ikasle gehienek bezala, onartu ere egin zuen. Beraz, ez da harritzekoa Bigarren Mundu Gerraren garaian Winston Churchill-ekin erabat identifikatuta agertzea, nazien kontra eta demokraziaren aldeko haren borrokarekin. Bi hamarkada geroago, 1964an, konbentzimendu osoz adieraziko du Rivoniako prozesuan britainiar parlamentua zela munduko erakunderik demokratikoena.
Nabaria da Mandelak sinkretismorako duen joera, tradizioa eta modernitatea uztartuz. Alde batetik xhosen gizarte tradizionalean demokrazia iraultzaile baten hazia ikusten zuen, baina aldi berean garbi onartzen zuen bere horretan nekez bete zitezkeela hegoafrikar gizarte konplexuaren eskakizun guztiak. Hori dena hartu zuten gogoan 1996ko konstituzio demokratiko eta aurrerakoian, 12. atalean buruzagi tribalen aitortza eta rola zehaztuta agertzen delarik. Izan ere gaurko Hegoafrikako nekazari eremu tradizionaletan 14 milioi biztanle bizi dira eta bertan tokian tokiko buruzagitzei eutsi diete, ohiko erantzukizunei berriak gehitu dizkietelarik.
1941ean Johannesburgora heldu eta denbora gutxira bere adineko gazteak ezagutu zituen, maldan behera zihoan Afrikar Kongresu Nazionala berpiztu nahian zebiltzanak. Horien artean Walter Sisulu zegoen, eta honen bitartez Oliver Tambo Fort Hare Unibertsitateko kide ohia eta Anton Lembederekin egin zuen topo 1943an. Lembede abokatu zulua zen eta ANCko gazte erradikal batzuen lider bihurtu zen. Talde horrek erabaki zuen, ANCren barnean, Gazteriaren Liga sortzea erakundea indarberritzeko. Ordurako Lembedek landua zuen afrikar nazionalismoaren teoria, arraza beltzaren baieztapenean oinarritua. Haren ustez, nazio bakoitzak izaera berezia du, beste edozein naziorekin oinarri komunik inoiz izango ez duena. Kontinenteko afrikar guztiek nazio bat eta bakarra osatzen zuten, ingurumenaren izpirituak sortua, eta tribu heterogeneo haietatik nazio homogeneoa eraiki behar zen. Ikusten zuen nazionalismoa zela arma eraginkor eta antidoto bakarra atzerriko agintea eta inperialismo modernoaren aurka. Afrika beltzen lurra zen eta afrikar populuaren patua askapen nazionala lortzea zen, hondamenditik salbatzekotan. Lembederen diskurtso gartsuak eragin nabarmena izan zuen Mandelarengan. Arrazakeria beltzeko kutsuarekin ados ez izan arren, urte haietan Mandela afrikanista erradikala bilakatu zen, beste arrazetako taldeekin —Alderdi Komunistako zuriekin edota Indiar Kongresukoekin— elkarlana arbuiatzen zuelarik. ANCk 1949ko Ekintza Programan garbi adierazita utzi zuen helburu nagusia askatasun nazionala lortzea zela, hau da, zurien menpetik askatu eta burujabetasun politikoa lortzea.
Hala ere, 1948an nazionalista afrikanerrek apartheid izeneko arraza-bazterkeria latza inposatu zuten eta honek bere aurkako talde ezberdinen hurbilketa ekarriko zuen urte gutxiren buruan.
Izan ere, hamarkada berean, Mandelak, bai lan egiten zuen bulegoan eta bai Johannesburgeko Witwatersrandeko Unibertsitatean, lagun indiar eta zuriekin egin zuen topo. Batzuk Ghandiren jarraitzaileak ziren, beste batzuk komunistak. Horietako batzuekin bizitza osoko adiskidetasuna sendotu bazuen ere, politikoki bere afrikanismo erradikalak ANCk beste arrazetako erakundeekin elkarlanari uko egitera bultzatzen zuen. Are gehiago: 1950ean, Gazteriaren Ligaren kideen laguntzarekin, komunisten hainbat mitin lehertzera ere heldu zen.
Argazkia: South Africa The Good News.
Baina, urte beraren erdialdean gobernuak Alderdi Komunista debekatu zuen eta orduan bertako kideak pixkanaka ANCrantz hurbiltzen hasi ziren. Mandela bere aldetik bere kultura politikoa zabaltzen hasi zen, afrikar nazionalisten lanez gain Marx, Engels eta Leninenak ere irakurriz. Onartu zuen materialismo dialektikoak perspektiba zabalagoa ematen ziola arraza-zapalkuntza aztertzeko. Pixkanaka komunistekiko zeukan mesfidantza desagertzen hasia zen. Hasierako nazionalismo baztertzailea irekiagoa bihurtu ahala, beste arrazetako taldeekiko —zuriak, indiarrak eta mestizoekiko— elkarlanari bidea zabalduz joan zen. Komunistek ANCn egindako ekarpen nabariena eta iraunkorrena arraza aniztasuneko gizarte eredua izan zen, 1955eko Askatasun Agiriak egiaztatzen duenez. Agiri hau ANCren programa izango da ondoko 40 urteetan. Arraza askotariko demokrazia politikoa defendatzen zuen, eskubide berdinak pertsona guztientzat, iniziatiba pribatua ere errespetatzen zuen, baina meategiak, bankuak eta industria monopolistak herriaren eskuetan egonik, eta, azkenean, lurraren birbanaketa ere agintzen zuen. Programa honetan komunisten ekarpenak nabariak zirelarik ere, klase guztiak erakartzeko egindako egitasmoa zela zehaztu zuen Mandelak, iraultza nazional demokratikorako programa, alegia.
1964ko Rivoniako prozesuan Mandelak afrikar abertzalea zela berretsi zuen lehen-lehenik, jarraian Marxen pentsaerak bere baitan izan zuen eragina onarturik. Klaserik gabeko gizartearen ideiak biziki erakartzen zuen; alde batetik Marxen izkribuen eraginez, eta, bestetik, bere herriko lehen gizarteen egitura eta antolamenduari zion miresmenaz ere. Produkzio-bide nagusia lurra zen eta hau tribuarena izaki han ez zegoen giza esplotaziorik. Hala ere, Mandelak behin eta berriz ukatu zuen gobernuak leporatzen zion komunista izatearen kargua. Mandelak argi ikusten zuen ANC mugimendu zabala eta irekia zela, ideologia ezberdinetako gizakiak esfortzu komun batean biltzen zituena, boterea herriaren eskuetan ezartzeko asmoarekin.
Aipa dezagun azkenik ANCk berak ere Mandelaren heziketa politikoan izan zuen eragina. 1997an, Mafikeng-eko 50garren Konferentzia Nazionalean erakundearen lehendakaritza utzi zuenean, agur esateko hitzaldian, ANCk bere izaera pertsonala horrela moldatu izana eskertu zuen, halako moldez non bera erakundeak adierazi nahi zuenaren sinbolo bihurtu baitzuen. Atzera begiratuta, militantziako lehen urteak Transvaal-en gogoratu zituen. Orduko presidentearekin herriak bisitatzera joaten ziren eta harexek irakatsi zion inoiz ez dela galdu behar herri xehearekiko harremana. Gero lagun komunistak aipatu zituen, arazoak saihets ezberdinetatik aztertu behar direla irakatsi ziotelako. Luthuli presidente zenduaren esana ere bai: adiskidetzea ez zela borroka iraultzailearen antitesia. Eta orobat Oliver Tambo anaia eta laguna, bere bizitza eta adimena aberastu zituelako. Erraldoi haiek, biziak nahiz hilak, bere ahuleziak osatu zituzten; baina egitekoak ere esleitu zizkioten indarrak berritu eta aurrera egin zezan. “Gaur naizena haiei esker naiz; ANCi esker naiz” aitortu zuen bukaeran.
Nolanahi den, eraginak eta irakaspenak gorabehera, Nelson Mandelak nortasun nabaria izan du lidergorako. Bi une jakinetan ANCk baino lehenago ikusi zuen aldatu beharra heldua zela. Behin 1961ean, borroka armatuaren bidea proposatu zuenean, eta bestea, 1985ean, espetxean zegoelarik, negoziaziorako bidea esploratzen hasteko. Zailtasunak zailtasun, bietan jakin zuen kamaradak konbentzitzen eta bere aldera erakartzen. Zeren, berak zioenez, “zenbait unetan liderrak taldearen aurrean jarri eta norabide berria hartu behar izaten du, herria bide zuzenetik eramaten ari dela sinetsita”.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus