Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Asier OIARBIDE GOIKOETXEA
Mendi zeharkaldi, aerobic eta futbolaren etnomotrizitateen istorioetan parte-hartzaileen sentimenduak eta emozioak tapakirik gabe agerian azaltzen zaizkigu. Ikuspuntu subjektibo hori kontuan hartu behar dugu, pertsonen identitatea horren gainean eraikitzen baita. Aktorea eta sistemaren arteko harreman horretan, jarduleen bizipenak giza egitura bezain garrantzitsuak dira.
Aerobiceko irakasleek, ez dute futbola maite; eta zer esan Ordizia futbol taldeko entrenatzaileak aerobica, bere buruan ez baita sartzen jokalarien beroketa burutzeko dantza erabiltzerik. Batzuk eta besteak, soka berdinaren muturretan daudela dirudite. Ez da pertsonalitate arazoa soilik, desberdintasunak handiak baitira bi bizipen istorioen artean. Gizonezkoek egiten dutena ez dute emakumezkoek burutzen, eta alderantziz. Bi mundu dirudite; bi gizarte desberdinetan egindako etnomotizitateak direla esateak, ez luke inor harrituko.
Garatzen diren emozioak oposizioan agertzen zaizkigu. Futbolean taldekide guztien aurrean kidetasun finkoa adierazi behar da zintzotasunez eta aurkako taldearen kontrako areriotasuna. Golek ekartzen duten poza eta tristezia, horren erresumina bihurtzen da. Gizonezkoen eredua, esparru sentimentala, oposizio horretan gauzatu edo gorpuztuko balitz bezala. Ez dago futbola baina garrantzitsuagoa denik: ez familia, ez lagunak, ez harreman afektiboak; partida da gazte horien zentro eta aisi mamia. Emaitza aldekoa denean bizitzen den pozak jokalariek burutu duten esfortzuaren seinaleak estaltzen dituen arren, partida galtzen denean, kolpeen minak ere areagotu egiten dira negarra azalduz.
Argazkia: rahego.
Aerobiceko emakumeek musikaren perkusioaren danbateko errepikakorrean murgiltzen dira astegunez. Beraien egunerokoan eginiko tarte horretan, dantza pausoak eginez koreografiak burutzen saiatzen dira. Irakaslea eta kideen laguntzarekin, norberak bere eremuan marrazki batzuk baliran bezala dantza pausoak “marrazten” ditu. Astean bi edo hiru saio eginez aretoak osatzen duen mundu itxi eta isolatuan eta publiko guztietatik ihesi, koreografia egiteak eta esfortzuaren ondoriozko izerdiak ere pozten ditu, sentsazio horiek une guztietan modu berean errepikatuz. Irakaslearen agindupean, sufrimendu kexak bide uzten diete burutu berri duten ariketak beraien gorputza nola hobetuko ote duen galderei.
Mendian dabiltzan ibiltariek ere, zerikusirik ez dute aerobic jardule eta futbolariekin. Beraien bizipenak beste testuinguru batean ematen dira: mendian, natura gordintasun eta errealitate guztian agertzen den lekuan. Mendizaleak baso, bailara eta sapalda mugagabeetan barrena ibiltzen dira. Bide egokienak hartuz, kide guztien laguntzaren bidez naturan aurkitzen diren eragozpen guztiak gainditzen dituzte. Batzuetan lainoak orientazioa galtzea eragiten die eta beste batzuetan amiltzeko arriskuak pozoidun ziztada batek bezala blokeatzen ditu. Bakoitzaren oporrak izaten dira abentura bide horren une. Begi-bistan heldu daitekeen paisaiaz gozatu, sarrioek grabitatearen aurrean mantentzen duten erronka behatu, erreka edo laku batetako ur garden eta izoztuetan bainatu… gizon eta emakume diren mendizaleak naturaz estalitako bidaia horretaz gozatzen dute, guztien artean ibilbidean topatzen dutenaren aurrean erabakiak hartuz.
Baina hiru kirol praktikek, desberdintasunen gainetik oinarrizko esanahi bat erakusten dute. Zalantzarik gabe gizarteak kirolari ematen dion zentzua da hori eta nola kirol hori gizarteak dituen ezaugarrien ispilua den. Kirol praktikek hiri, herri eta ingurune naturalak, espazio egonkor eta ez egonkorrak, dituzte gune. Gizakiok natura eta ingurunearen kontrola bilatzen dugu. Opor, lanegun eta aste bukaeratan irabazle eta sailkapenezko linealtasunean eta memoriarik gabeko ziklikotasunean egiten dira; gure bizitza lana eta aisiaren arteko banaketan sustatzen da. Jarduleak sexu banaketa ezarrita dagoen kooperazio oposiziozko harremanean edo genero aukera askeko kooperazio hutsean erlazionatzen dira. Eguneroko jarduerak generoaren araberan banatzen dira, bai lanean, baita aisian ere; lan handia dugu gizon eta emakumeen arteko botere oreka lortzeko. Eta agindutako objektuak edo norberaren aukera askekoak erabiltzen dituzte; gure kultura materiala kontsumoan oinarrituta dago, bai kirolean eta baita gizartean ere. Kirol praktikak gizartearen isla dira. Hiru kirol praktiketatik abiatuz euskal gizartearen ezaugarriak azaleratzen dira, eraiki kulturalak direla adieraziz.
Argazkia: lululemon athletica.
Izaera sozial hori beste ikus puntu batetik ere azaldu daiteke: kirol praktikek gizartearen ezaugarriak dituztenez, hiritarrek ere kirolean parte hartuz gizarte horren mentalitatea bereganatuko dute. Modu horretan kirola gizartekotzeko tresna indartsua bihurtuko da. Kirolariek, batetik, kirolaren barne logika bereganatu behar dute, jokoan zer egin, non egin, nola egin, norekin egin, noiz egin eta zerekin egin; hori guztia kanpo logika baten barnean kokatuz. Eta bestetik, gizarte logika baten barrenean; eginiko galderak: non, zer, nola, norekin, noiz eta zerekin, gure gizartearen barruan erantzun behar dira. Kirol sistema, gizartearen sistemaren barnean kokatzen da. Hau da, kirolari rol soziomotorrari gizarte bakoitzak ezaugarri sozialak atxikitzen dizkio, kirolari rol soziala definituz, rolak betiere aktoreak dituen eskubide eta betebeharrak izanik.
Mendizale, aerobic jardule eta futbolari izateko baldintza beraz mendira joan, aerobic egin eta futbolean jokatzea da. Eta rol sozial horien eskubide eta betebeharrak, kirolen barne logikak, rol soziomotorrek adieraziko dituzte. Mendiko espazioa aztertu, aerobiceko begiralearen mugimenduak jarraitu, futbolean jaurtiketa gurutzatua eginez atezaina engainatu… guztiak, mendizale, aerobic jardule eta futbolari “rol soziomotorrek” ematen dituzten aukerak dira.
Era berean kirolaria kirolari ez denaren aurrean kokatuko da, hiritarren aukera dela adieraziz. Eta Kirolariak bere eskubide eta betebeharrak hautatzerakoan, bi aukera izango ditu: errendimenduko kirolaria edo aisialdiko kirolaria izatea. Ordiziako futbolariek errendimenduko rol sozialaz jabetuko dira jokoa eredua dutelarik. Aldiz Pirinioetako zeharkaldiko mendizaleak eta aerobic jarduleak jolasean ongizateren bila jardungo dira aisialdiko kirolari rol sozialaz jabetuz.
Argazkia: Jon Albeniz.
Bi ildo bereizten badira ere barrenean aktoreak egiten dituen kirol jardueren arabera kirolari azpi-rol desberdinak agertzen dira. Lan honetan hiru kasu aztertu dira: mendizale eta aerobic jarduleek ordezkatzen dituzten aisialdiko kirolariei dagozkien bi kasu; eta errendimenduko futbolariena bestetik, baina oraindik lan handia geratzen da beste hainbat kirol praktika aztertzeko baitaude. Aurkeztutako hiru azpi-rol sozialak ikerketa ildoaren lehen urratsak besterik ez dira; ikerketak aurrera jarraitu beharko luke, gizartearen “mapa” osatu arte.
Ikerlan hau banakoaren aukeretan ere murgiltzen da, azal azaletik bada ere. Kirolarien identitatea rol sozialean oinarritzen dela adieraziz, eta aipatu den moduan, rol soziala, rol soziomotorrean. Aktorearen aukerak, sistemak markatzen duen askatasun multzoaren barrenean ulertu behar dira.
Laburbilduz, norbera asmatu, ez da asmatzen. Futbolaria izatea futbolean jokatzen lortzen da, mendizalea mendian ibiltzen, eta kirolaria aerobica egiten. Kirolari identitatea jokabide motorrean oinarritzen da eta horrek ematen dio jarduleari besteen aurrean gazte, osasuntsu eta eder aurkezteko aukera. Kirola, gizarte sistemaren irudi agertu zaigun bezala, kirolaria banako aktorearen ispilua da. Mendizaleak, aerobic jarduleak eta futbolariak dituzten ezaugarriek identitate sozial baten irudi dira. Kirolariek hartzen dituzten rolek eraikitzen dute beraien identitatea pertsonala.
Euskal gizarteko hiru kirol praktika hauen etnomotrizitateek adierazten dute, kirol komunikazioa, kirol gramatika, gizartearen komunikazio sisteman, semantikan barneratuta dagoela, eta ondorioz giza zientzian barne. Ikerketaren lehen urratsak ematen ari badira ere, Praxiologia motorrak eta orokorki gorputz hezkuntzak, arlo horretan duen bokazioa azpimarratu nahi da.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus