Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Irura. Sabaiko teilak

Juan AGUIRRE SORONDO

Irura

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Baserri-giroa fabrikazko baso baten erdian, zirkulua lerro zuzen baten azkenean... Iruraren nortasun bitxiak Mikel goiaingeruaren plazan du gailurra. Plaza berrituta dago, baina ederki gorde ditu antzinako plaza komunalen ezaugarri guztiak: udaletxea eta eliza aurrez aurre, pilotaleku txiki bat eliz atariaren babesean (1900ko ohar honekin: “Joko oro debekatzen da elizkizunak direnean, 20 pezetako isunaren pean”), herri-elkartearen eraikin xumea eta sahats ertain bat.

Orain mende eta erdi, Irura kokaleku erakargarria zen jadanik fabrikentzat, eta mesede horretaz gozatzen jarraitzen du. Zuzendarien etxe dotoreak hor dira oraindik, agerian edo pabiloi modernoen artean ezkutatuta. Hor da oraindik 1889ko garbitegi bitxia ere, ibiltarien gozamenerako berriturik.

Herri duala, bitarra, belarra eta kedarra elkartzen direna. Plazako harmailetan eroso jarrita, errepideko murmurioa lagun dugula, haurren jolasak ikusiko ditugu, eta zahar herrenei jarraituko diegu begiez, beren egoitza sozialera doazenean. Eta baliteke baserritarren bat ere ikustea, behiarekin beste larre batzuetara doanean, atzean aztarna usaintsu bat uzten duela, ez beti desatsegina.

Goiaingeruaren plazatik haren izena daraman elizako kanpandorrera igoko gara, eta ibar zabala ikusiko dugu. Eraikin ugariek erabat lausotzen dute behiala zabaldi emankor, polit eta aproposa izandakoa. Eta, eskatzen badiogu, sakristauak ganbarako sekretuak erakutsiko dizkigu. Isiltasun garbi eta sakratu batean, galeria zerutar bat osatuz bezala, hor daude prozesioetako Nazarenoaren eta Andre Maria Nahigabetuaren irudiak, Erremedioetako Ama Birjina eta San Pelaio haur motelen babeslea, San Josef bat Haurrarekin, Jesusen Bihotz bat, udal agintariek antzina erabiltzen zuten elizako banku zaharra, eta Aste Santuko karraka baten zur kirrizkatsua. Nekez sinets daiteke denbora aurrera doala hemen goian, Irurako San Mikelen elizako ganga-formako sabaiko teilen azpian.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media