Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
José Antonio VILLAR
Oso gustura hartu nuen José Mari Arzuagaren omenez egiten dugun ekitaldi honen aurkezpena egiteko erronka, berarekin bizi izandako garaien irudia eta garai horietan gozatu ahal izan nuen zoriontasuna gogora ekartzeko aukera ematen didalako besteak beste.
Joxe Mari Arzuaga.
Oroitzapen horiek aipatzean badakit hainbat gauza interesgarri albora geldituko direla eta aipatutakoak ere zehaztasun handirik gabe emanak, baina argi eta garbi dauzkat, eta biziki gogoratzen ditut oraindik, urte haietan nire lagunekin batera bizi izandako historia berezi eta atseginari buruzko sentimenduak.
Izan ere IRRINTZI izeneko taldeak kultura eragile moduan izan zuen arrakastaren lekuko eta partaide izatea tokatu zitzaidan, eta arrakasta izate horrek eskatzen duen ahalegin eginkorrak benetan balio izan zuela, eta herritik kanpoko ospea ere lortu zuela egiaztatzeak ematen zigun poztasuna ez da berehala ahaztekoa.
Horrelako gauzak, nola nahi ere, ez dira inoiz berezkoak eta bat batekoak, eta sortzaileak edota eragileak beharrezkoak dira kasu guztietan bezala, geldotasuna mugiarazteko eta ezkutukoa argitaratzeko...
Eragileen artean bere burua IRRINTZI kuadrilla moduan izendatzen zuen taldea jarri behar dela uste dut, ohizko kuadrilla bat izatetik haratago joanik hainbat jarduera kulturaletan partaide zelako, eta besteak beste kanturako zaletasun paregabea erakutsiz hainbat ekitalditan protagonista izaten zelako, Parrokiako abesbatzaren partaide izatetik hasi eta herriko jaietan antolatzen ziren emanaldietan gutxienez kidetza eta askotan aitzindaritza eskainiz.
Hirurogeitako hamarkadaren lehenetan, ordea, funtsezko gertaera bat eman zen taldearen lagunarteko lotura areagotzera behartu zuena eta bere aurrean izugarrizko erronka jarri ziona: lehen “Concurso Vasco-Navarro de Otxotes” izenekoa.
Gizakumez osaturiko zortzikoteak bere zuzendariarekin ziren arauzko talde kantariak eta urteetan zehar iraun zuen estilo eta jarduera bat izan zen eta orokorrean ondorio onak izan zituela esango nuke, eta orain zorionez areagotu diren beste era batzuetako lehiaketa koralen aurrekariak bideratu zituela ere bai.
Jose Mari Arzuaga Aita Madinarekin.
Gure taldeak zalantzarik gabe onartu zuen konkurtso berriaren erronkari erantzun bat ematea nahiz eta horrek egitura finkatuago batetara eta ariketa landuago batetara eraman behar gintuen.
Erronkari erantzun ona ematekotan, erabat beharrezko tresna genuen errepertorio egoki bat, eta horretan izugarrizko pribilegioa izan genuen Aita Madina oñatiarraren musika bikaina eskura edukitzeaz.
Maila handiko abestiak ziren eta dira bereak, kantatzeko benetan zailak, eta muga nabarmena jartzen zutenak hainbat aldiz errepikatuz entzuten ziren ohizko kanta herrikoien eta konposizio eta harmonia modernoz eginikoen artean, erreferentzia melodiko eta erritmiko aberatsez osatuz, espresiobide berriak sortuz, euskal kulturak gustuko dituen onomatopeiak erabiliz eta gaiaren esangura dagokion musika doinuaz uztartuz.
Ez dago zalantzarik aukera horrek iraultza bat suposatu zuela gizakumezko taldeen kantatzeko erari dagokionez, eta eztabaida berezi bat ere sortu zen horri buruz: alde batetik baziren zortzikoteen kantua ohizko tankerakoa behar zuela ziotenak, indartsua eta fintasun handirik gabekoa (tabernan kantatzekoa hain zuzen ere) eta bestetik, musikaren xehetasun guztiez baliatutako abestien eta interpretazioen alde zirenak.
Argi dago gure aukera bigarren hori izan zela, musika egokia eta bere egilea ere gurean genituelako besteak beste.
Lanari ekin genion ia eguneroko entseguekin. Lan gogorra zen, baina bide batez oso atsegina, lagunarteko lotura adiskidetsuan, eta laster konturatu ginen emaitza onak lortzeko adina talde trinkoa osatzen genuela.
Lehen aipatutako estilo bien artean, hau da, esaterako tabernarakoa eta kontzerturakoa, azken honek, beraz gureak, jaso zituen irizpenik onenak, nahiz eta gehiegi landu gabekoen zaleak ahots solistarik ederrenetakoak ziren eta izen handiko koral eta orfeoietatik zetozen.
Epaimahaikoek, garaiko musikari eta musikologo ezagunez osaturik, aintzat hartu zuten gure taldearen batura, fintasuna eta espresioa gure interpretazioetan eta gure gain hartutako erronkaren zailtasuna errepertorioa aukeratzean.
Beharbada ez genien aukerarik eman gure banako ahotsen kalitate apalagoaz konturatzeko ahots bakar batean entzunarazten genielako...
Gipuzkoako txapeldun izan ginen lehenengo, eta Euskal Herriko lau probintzietako lehia irabazi genuen gero, jende askoren harridura izugarria sortuz. Ondoren hainbat herritan jarraian antolatzen ziren lehiaketak ere irabazi genituen.
Diskoak grabatzeko eskaria jaso genuen izandako arrakastaren ondorioz eta gure errepertorioaz eta Oñati Koral mistoarekin batera habaneraz Bartzelonan egin genituen egun batzuk lan hori betetzeko.
Esan beharra dago horrelako taldeei dagokionez lehen diskoak izan zirela katalogoan, gerora beste batzuk ere egin diren arren.
Taldearen ospea zabalduz joan zen eta kontaezinak dira han eta hemen, Euskal Herri guztian eta kanpoan ere, eman genituen kontzertuak, eta horietarako egiten genituen prestakuntzak eta antolaketak.
Gaiak bereziki bere tokirako gertatzen ziren kalitaterik onenaren helburuarekin, baina bide batez egin beharreko bidaiak balio izaten zuten nire ustez garrantzi handiko beste lorpen batetarako: talde elkarrekikoan irautea kantarion artean eta lagunarteko atseginean burutzea gurekin batera eta bestera zetozen guztiekiko harremana.
Orain arte aipatu ditut gure nolabaiteko arrakastaren hiru zutabeak izan zitezkeenak, hau da, koadrila bat eragile moduan, errepertorio bat tresna moduan eta talde-lana bide moduan, baina elementu horiek era naturalean osotasun bat lortu arte eta edozein erronkari aurre egiteko gaitasuna lortu arte maisutasunez baterabiltzeko, ezinbestekoa zen lidergoa eramateko gai litzatekeen gidari bat.
Hor kokatu behar da José Mari Arzuaga, gure laguna, aipatutako guztia mailarik gorenera eramateko gaitasunaz eta lan horretarako gogo biziaz.
José Mari han zegoen lehenengo-lehenengotik aipatu dudan guzti horren buru eta aitzindaritzan.
Bera izan zen eragile zuzena garai hartan IRRINTZI izenaz antolatutako mugimendu kultural orokorrean, Oñatiko herriaren ospea nolabait ingurukoen eta kanpokoen ahotan ibiltzearen oinarrian, komunikabideen aipamen goresgarrien iturrian, eta batez ere taldekide edota inguruko izatea halabeharrez egokitu zitzaigulako bizi izan genuen epealdi zoriontsuaren gidaritzan.
Bere eta geroago joan zaizkigun taldekide batzuen falta da oroitzapenei buruz orain erabateko atsegina oztopatzen duen gauza bakarra.
José Mariri buruzko nire erreferentziak ezin izango dira ohituraz egiten den panegirikoa edo nola-hala egiten den laudoriozko historia, idatzietan edota kontakizunetan oinarriturik.
Irrintzi taldea, 1962ko Martxoaren 11an.
Nire adierazpen laburrak zuzeneko bizipenetan eta esperientzia konpartituetan dute oinarri, eta horren ondorioz laguna izanaren eragina erakutsi dezakete, baina ez dut uste inork eztikeria hutsaren kutsurik hartuko dienik, nirekin batera inguruabar haiek bizi izandakoak oraindik badirelako gezurretan utziko ez nautenak.
Zortzikoteen gertaera baino lehenago ere José Mariren lidergoa nabaria zen arlo kultural ezberdinetan: musikagintzan hainbat urrats eginak zituen, elizako organojole eta koruaren zuzendari zen, ekimen ugariren buru egiten zen, ez bakarrik musikarekin eta kantuarekin zerikusia zutenak baizik eta beste agerpen artistikoekin ere: gogoratzen dut adibidez zein arrakastatsuak izan ziren aitzakia ezberdinez aurkeztu ziren antzerki emanaldiak eta bereziki zein hedapen izan zuen “La herida luminosa” izenekoak, orduko obretarik famatuenetakoa zelarik, besteak beste zinean ere egina zelako. Era askotako ekitaldi antolatzean talde egokiak aukeratzeko eta ekintzak zuzendu eta aurrera eramateko José Mariren gaitasuna ondo frogatuta gelditu zen: horretarako ez dago gelditu diren dokumentu grafikoak aztertu besterik, baina uste dut bere lidergoa mailarik gorenera eraman zuela Irrintzi zortzikotearen antolaketan eta gidaritzan, askotan beharbada bere garapen propioari denbora kenduz.
Eragile zorrotza izan behar da gehienbat adiskidetasunean oinarritutako talde bati goi-mailako erronka batetarako gai zela sinestaraztea, kontutan izanik arerioen artean ahots famatuak eta izen handiko koruetatik zetozen taldeak zeudela, eta bere buruarekin eta taldearen erantzun onarekin ziurtasuna behar du batek bera sartu zen eta taldea sartu zuen lan gogorrean sartzeko, baliabideak zorrotz aztertuz eta bilatuz, errepertorioa sakonki estudiatuz, partaideen eta balizko erreleboen inplikazioa lortuz.
Guzti horrek bere lidergo eraginkorra adierazten du, hori gabe ezinezkoa litzatekeelako hasierako abiapuntutik heldu ginen helmugarainoko ibilbidea.
Sekulako oreka zegoen lagunarteko harreman adiskidetsuaren eta interpretazioaren bateratasuna lortzeko lanaren artean, eta horrek eragin zuen gure entseguak erabat atseginak bihurtzea. Tantoa koadrilaren izaera ireki eta elkarrekikoari eman behar zaio, baina ez gutxiago zuzendariaren erlaziozko zentzumenari, zentzumen artistikoaz gain.
Lana egin ahala sinestarazi zigun emaitza onak lortzen ari ginela eta merezi zuela bide horretatik jarraitzea geure mailako baliabideak erabiliz helburu gero eta zailagoei erantzuna emateko.
Bazekien hutsegiteak leunki zuzentzen, baina ahaleginen ondoriozko emaitza onak goraipatzen ere bai.
Bilakabide arduratsu horren emaitza moduan aipatu daiteke gure kontzertuak goi-mailako emanaldi musikal bezala hartu izan zirela behin baino gehiagotan: oso gogoan daukat Soriako Unibertsitate Eskolan eman genuena, abesti bakoitzaren Gaztelaniazko itzulpena eskainiz eta nola bertako entzuleek adierazi ziguten erabateko mirespena. Gure musikaren balio espresibo mugagabekoan sinesteko balio izan zidan emanaldi hark, eta uste izan nuen gure zuzendariaren arauez edonora joateko gai izango ginela gerora ere.
Bere zuzendaritzapean antolatu zen, baita ere, Oñati Korala izeneko talde mistoa, lagunartekoa hau ere, kalitate mailan aukeratutakoa baino, eta Torreviejako Habanera lehiaketara aurkeztu ginen bigarren saria lortuz, eta batera egin genuen gero Bartzelonako grabaketa.
Edo lehiaketak edo emanaldiak zirela, zenbatu ezineko bidaiak egin genituen hara eta hona betiere lagunarteko zabal batez inguraturik, hainbat eta hainbat gertaldi alaitsuz jositako bidaia gogoragarriak, eta atseginez gogoratzen ditudanak. Xuberoako Licq Atherey zen, adibidez, gure urteroko jomuga, han burutzen baizen iparraldeko ardi-txakur lehiaketa eta gure emanaldiak izan ohi ziren jaialdien kontrapuntu kulturala.
Irrintzi taldea.
José Mariren Aita Madinarekiko harremana oso hurbilekoa eta zuzena zen, eta horrek badauka nolabaiteko zergati arrazoitu bat: Madinaren musikaz baliatzen ginen eta berak gu gintuen interpretaziorako tresna. Hain argia da hori, ezen Irrintzi taldearentzat bereziki egin zituen hainbat abesti.
Lekuko zuzena izan nintzen José Marik Madinari gure interpretazioei buruzko bere iritziaz galdetu zion batean. Madinak goraipamenez erantzun zion aldi hartan eta badakit beste batzuetan ere mintzatu zela ildo beretik.
Bien artean aritu ziren behin baino gehiagotan Ameriketara egin zitekeen gure jausiari buruz, bai Argentinara, baita ere Estatu Batuetara, eta José Mari saiatu zen horri buruzko bere ilusioa ameskeria soila ez zela guri sinestarazten, nahiz eta bazekien guztiontzat korapilatsu izango zela epe batetarako lanuztea eta ondoriozko arazoa.
Ez daukat inolako zalantzarik José Marik, Aita Madinaren kidetasuna lagun, lortuko zuela baliabide guztiak bilatu eta abian jartzea itsasoz bestaldera joan eta Ameriketan gure agerraldi musikalen testigantza uzteko, uste baino lehen bere bizitza galdu ez bazuen, asmo guztiak ezinbesteko gidaritza gabe utziz.
Bere faltak eta halabeharren poderioz joandako beste taldekide eta lagun minenak bere garaian gogor samindu ninduten arren, ez didate oztopatzen eurokin batera izandako zoriontasunaren adierazpena egiteko.
Familia bere beharrik handiena zuenean utzi zuen ezbeharrez, eta gu ere, esandako moduan, noraezean gelditu ginen zori txarrez, baina bere garaian izan ziren negarrak eta doluminak, eta orain, berarekin eta askotan berari esker bizi izan genituen garaiak gogora ekarri eta ospatzea tokatzen zaigula uste dut.
Beraz, bere izana berreskuratu ezin dugun honetan, bere eginen oroitzapena ekarri nahi izan dugu, eta izanaren betikotasunik ez balego ere, eginaren betikotasuntxo bat jarri nahi izan dugu eskura, eta gure biziraupena gaindituko duten euskarrietan jarri.
Asmo horrekin antolatu dira ekitaldiak, idatziak eta grabaketak, orduko bizipenak berreraikitzeko baliagarri izango diren elementuak nahi dutenen eskuetan jartzeko, hain zuzen ere.
Ekitaldi hauetarako antolaketa burutzean sortu diren dokumentu eta argibide berriek orain arte egindako lan atseginari jarraipena ematearen konpromisora behartzen gaituztela uste dut, eta adorea izango dugulakoan nago behar den adina astiro eta arretaz erabateko osagarria argitara eramateko.
- Choritua, nurat hua (Jose M. Arzuaga)
- Zortziko (Jose M. Arzuaga)
- Bihotz baten ordean (Jose M. Arzuaga)
- Beti eskama kentzen (Fco de Madina)
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus