Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Ibon PEREZ BARCENA
Sare sozialak, streaming bidezko emisioak, amaraunean txertatutako telebista kateak eta abar luze bat. Digitalizazioaren garapenak punta-puntako eragile komunikatiboak sortu ditu. Teknologiak mezuak zabaltzeko tresna berriak garatu ditu, alegia. Eta ez da gutxiagorako. Atzerabueltarik gabeko unean bizi gara, eta ekintzetara igarotzeko unea da. Etorkizuna iritsi da. Joku-arauak aldatu egin dira.
Egunez egun, gero eta argiago dago teknologia berriek merkatua goitik behera aldatu dezaketela. Telebistaren kasuan, bederen, begi-bistakoa da haren eboluzioak kontsumoan sortu duen iraultza.
Edonoiz eta edonon, nahi dugunean ikusgai, mundu mailako telebista desberdinen saioak —osorik edo piezaka— aurki ditzakegu sarean, eta hori erreboluzioaren hasiera besterik ez da.
Lehen, telebistak eskaintzen zuena grabatzen ez bazen edo eta momentuan ikusten ez bazen behintzat, berreskuratzeko aukerarik izan gabe, galdu egiten zen betirako. Gaur egun, ordea, edukien eskaintza denbora katetik libre geratu da eta modu horretan segi dezake hainbat egunez sarean, asteetan zehar eta kasu batzuetan, betirako.
AEBetan egindako ikerketa baten arabera, herritarren gehiengoak telebistatik baino gehiago ordenagailuen bitartez kontsumitzen ditu ikus-entzunezkoak. Gurean, aldiz, Barlomento komunikazio taldeak ondo erakutsi duen bezala, kontrakoa gertatzen da. Euskaldunok 227 minutu ematen ditugu egunero telebistaren aurrean eta hau betiko telebista maite dugun seinale da. Gure gazteek, baina, zazpi ordu eman ditzakete Interneten konektatuta eta telebistarik ikusten ez dutenez, telebista-kateek beraiek gazteenak erakartzeko bide berriak bilatu behar dituzte.
Edonoiz eta edonon, nahi dugunean ikusgai, mundu mailako telebista desberdinen saioak aurki ditzakegu sarean.
Argazkia: Cory M. Grenier
Orain, streaming bitartez ikusi daiteke telebista, baina diotenez, hurrengo urteetan etxeko telebistetatik bertatik konektatu ahalko gara Internetera. Hau horrela izan dadin, Apple eta Sony enpresak adibidez, lehen makinak prestatzen dihardute lanean, eta aurreikusten dutenez 2012.urterako jarriko dituzte aparailuak jendearentzako merkatuan eskuragarri. Antza, datorren urtetik aurrera salgai egongo diren telebista berri horiek, besteak beste, Google TV bezalako aplikazioak izango dituzte instalatuta eta telebistan betiko saioak ikusteaz gainera, arratoi eta teklatuaren beharrizanik gabe, internetetik nabigatzea egongo da.
Telebistaren etorkizuna Internet eta hiru dimentsioko irudiak izango dira
Antzinean baina, kable bitartez (kable bidezko telebista), satelitez edota lurreko sistemei esker ikus zitekeen bakarrik telebista. Jendeak momentuko emisioak jarraitzen ez bazituen behintzat, galdu egiten ziren. Interneten hastapenetan, testuak ziren sarean nagusi, baina denborarekin emisio horiek piezetan zatituta jarri zituzten, bideo txikietan. Bideo horiek “Video on Demand” sistemari esker ikus zitezkeen, web orrialdeetan edo programa desberdinetan kokatutako zerbitzariei esker hain zuzen. Oraindik gauzak asko aldatu behar zitezkeen.
Garapenean pentsatzean, askori aberastasuna etortzen zaio burura. Onlineko telebistari esker diru asko lortu dezakegu, baina gutxituen tresna bezala baino ez dut ikusten. Mundu honetan, batzuei ez zaie hitzik ematen eta kolektibo txiroaren ahotsa hedatu dadin, interesgarria ikusten dut gizarte hauek Interneteko telebistei esker komunikatu daitezela. Minoriek edota talde alternatiboek, behinik behin, Youtube eta Vimeo bezalako erremintak erabili ditzakete (hori gertatu da Espainian 15M mugimenduari #democraciareal-ekoek eman dioten difusioarekin) eta programazio jarraitua ematen ez badute ere, erabiltzaileek grabatu den informazioa apurra, ofiziala, ikus dezakete.
Goiko sistema horien agerpenarekin, kazetaritzan eta erreportaigintzan joera ezberdin eta berritzaileak agertu dira eta audientzia bera ere baldintzatuta geratu da, gainera. Jada, audientziak ez dauka audientzia izena eta ‘internauta’ deitu behar diogu.
Feedbackaren kulturan bizi gara egun eta jendeak berebiziko garrantzia ematen dio internautaren parte hartzeari. Telebista konbentzionalek, hala ere, ez dituzte interakzioak onartu orain arte eta ingienari, programatzaileek eta Interneten lan egiten duten gainerako profesionalek bultzada bat eman beharko lioke honi (jendeak aparailu modernoetan dirutza gastatu dezala nahi bada behintzat).
Nire aburuz, eduki anitzak ikusteko aukerez gain, aipatutako interakzio hau, onlineko telebistaren bereizgarri eta indar erakargarria izan behar da.
Digitalizioak eta multimediak ekarriko dituen aldaketa hauek, programazioa ere baldintzatu egingo du.
Telebistaren etorkizuna. Eztabaida. (1., 2. eta 3. parteak)
Hemendik aurrera, parrila ez da audientziaren menpe egongo eta errentagarritasuna webguneetan egindako “click” guztien araberakoa izango da (etorkizunean publizitatea web zerbitzuetara bideratua egongo da batez ere).
Ez dut zalantzan jarriko telebistaren etorkizuna sarean ez dagoenik. Hori esaten dute, behintzat, Interneteko merkatuan aditu eta agintari direnek. Nik, ordea, ez dut imajinatzen azken hauek iragartzen duten panorama.
Hemendik urte batzuetara, irrati eta telebistako eduki guztia berriro ere telebista-pantailetara bueltatuko dela pentsatu nahi dut eta ordenagailua, lan tresna soil bat izatera itzuliko dela. Askoz jota, zuzenekoak transmititzen ikusten dut Interneta edo eta edukien biltegi bat bailitzan funtzionamenduan. Telebistak, aldiz, erreportajegintzarekin lotua jarraituko duela esaten ausartzen naiz. Era horretan gertatzen bada, pantaila bakar batekin, informazioa modu errazago batean lortzea izango dugu, beti entretenimenduaz uztartuta.
Telebista analogikoaren garaia bukatuta, emisio digitalen aroan sartu gara bete- betean. Orain, enpresak teknologia berriak garatzen dihardute eta interneteko erabiltzaileek bien bitartean, sarean gero eta pauso garrantzitsuagoak eman nahi dituzte. Blogak, podcast-ak eta web-ak sortuta, nabigatzaileek esperientzia berriak sentitu gura dituzte. Hauek asebetetzea, baina, gero eta zailagoa da. Eta ez da gutxiagorako, internautak gero eta zorrotzago bilakatzen ari dira.
Globalizazioak komunikabideen ugalketa ekarri du eta beste guztien gainetik nabarmentzea erraza ez denez (ezinezkoa ez esateagatik), bere irudia sendotu eta ezagutzera eman behar du hedabide bakoitzak. Horretarako, komunikabide multimedia eta digitalek era askotako komunikazio-inguruneak sortu ditzakete eta baita neurrian neurriko komunikazio dinamikak bultzatu ere.
Eitb.com dugu gurean korronte berrien lekukoa eta adierazlea. Euskal Irrati Telebistaren erreferentzia eta baliokide digitala da, bi urteko bizitzan, interaktibotasuna, bat-batekotasuna eta pertsonalizazioa erabiliz, telebista publikoaren eduki guztiak bildu dituena. Bertako langileek, audioak, argazkiak eta bideoak igotzen dituzte egunez egun webgunera eta punta-puntako sistemak barneratuta, bere eskaintza zeharo hobetu du azkenaldian gainera.
Telebista analogikoaren garaia bukatuta, emisio digitalen aroan sartu gara bete- betean.
Streaming bidezko transmisioei esker, kate handien parean jarri da, baina oraindik hainbat gauza geratzen zaizkio abian jartzeko. Ekainetik aurrera erronka berri bati egin beharko dio aurre: udan, onlineko telebista katea izan beharko du sarean emisioan.
Sistema hau berandu dator, ordea. Estatu mailako telebista kateek, orain dela bi-hiru urte kaleratu zuten eurena. Lehenengo batean, 2009.ean merkaturatu nahi izan zuen EITBk berea, 2010eko irailean eta abenduan geroago. Data batean zein bestean, ez zen horrela izan. Orain, 2011ko uda hasi baino lehen ikusiko dugula diote. Itzalaldi analogikoa aspaldi iritsi zitzaigun eta EITB, bere onlineko telebista abian jartzen, benetan atzeratu da. Diru faltagatik izango zen akaso edota plataformaren ezarrerak estrategia zehatz baten gabezia zeukalako bestela.
Nahierako telebista berandu edo arin webguneratuta ere, notizi ona da dudarik gabe. Abangoardian jarriko du Euskal telebista, ikus-entzunezkoak nahi ditugun eran aurkeztuko dizkigu eta modu interaktibo batean entretenituko gara, gainera. Hala ere, niretzat positiboena EITBren bideo-ondarea ikusteko emango digun aukera izango da. Hori eta onlineko telebistak lau hizkuntzatan —ingelesez, frantsesez, erdararaz eta euskaraz— funtzionatuko duela.
EITBren webguneak mundu mailako difusioa dauka eta hedabide autonomikoaren helburuetako bat euskara sustatzea denez, webtv honek aukera berriak zabaldu dakizkioke euskal hiztunen komunitateari (txat eta foroen bitartez elkarrekin harremanetan jarri, edukiekin berezko unibertso kultural, sozial eta komunikatibo bat eraiki etab).
Gizakiak milaka ahalbide eta aukera ditu eskuartean. EITBk 30 urte bete ditu eta oraintxe hasi du bere aireratze teknologikoa. WebTVa, seguru, hedabide autonomikoak hurrengo urteetan aterako dituen berrikuntzen zati txikietako bat baino ez dela. Hala ere, krisi denboran (eta kateen arteko lehia izugarria den honetan), EITBk lehiakideen eskaintza hobetu beharko du eta formatua kontuan hartu gabe, edukiari garrantzia eman beharko dio, pluraltasunaren eta entretenimenduaren izenean batik bat.
Ikusten duzuenez, Interneten etorkizuna, jaun-andereak, online dago eta zuon erakoa izango da. Ez dago zalantzarik. Ordutegi askatasunean, kalitatean eta, programazio aniztasunean irabazi dugu. Berriro ere, telebistaren kontrola gure esku geratuko da azkenean.
Internet eta telebista, egun, berezita doazen bi plataforma. Geroago baino lehen, bat eginda joango dira; dagoeneko bien arteko mugak lausotuz doaz. Bere bidea sarean aspaldi hasi zuen telebistak baina oraindik ere igarle lanetan dihardute adituek, eredu eta etekinerako modu garbi baten esperoan. Aurretik ezin aurreikusi den etorkizuna du, haren oraina berriz, bi euskarriren batuketa da.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus